A. LARRAMENDIREN BIZITZAREN BERRI LABUR BAT
Domingo Agirre

Donostiako euskerazko itz-jostaldien batzarreak sariztatua,1890
armiarma.eus, 2016

 

EL IMPOSIBLE VENCIDO. DICCIONARIO TRILINGÜE

 

      Nahiustez aitatu ez ditut aurrerago A. Larramendiren lanen artean liburu eder bi hoek: liburu hoek gatikan zabaldu da gehienere jakindun honen izena, liburu hoek gatikan batez ere izan da doanditua A. Larramendiren jakintasuna. Eta arrazoiz.

      Gauza oso gaitzat, ezingarritzat zegoan euskerazko hitzeginda (Gramatica) moldatzea, eta siniste hau osoan egia ez bada ere, zati batean bada, zergatik A. Larramendirentzat ez bazan, beste batzuentzat bai zan ezingarria.

      Horretarako jakin behar da Euskal Herrian inork ez zuala hitz bat izkribatu gai honetan. Herri handi honek seme jakintsu, ziaditsu eta argi asko bazituan ere —mina det esan bearra!— txit gutxik zekizkiten euskeraren, beren hizkuntzaren edertasunak; jakin behar da gauza honetarako inork ere ez zuala eman lumada bat eta lutartea (Terreno) zegoala oso landu eza (Inculto).

      Behar zan, bada, alainzo (Talento) bat zeukana, indarra nahikoa gaiztasun eta neke guztiak goitutzeko; behar zan bihotz bat herriaren maitasunez betea, eman zezan herri honentzat bere jakinde eta argia, nahiz eta beste gauza askotan hobeki erakutsiko zana. Eta sortu ziran alainzo eta bihotz hau A. Larramendin, eta jaun onek lortu zigun El imposible vencido jarri zion hitzeginda.

      Ohi dira gai ez diranak gauza on bat egiteko; baina bai besteen egintzetan hutsaldien bila saiatzen diradenak, edertasunai begiratu gabe. Horregatikan, A. Larramendiren hitzeginda honegatik askok esan dute ez dala lan ongi bukatua, hutsaldi asko dituala. Izan liteke egia,

      egia da benetan hutsegiteren batzuk diradela lehenengo izkribatu dan hitzeginda honetan; baina nor da dina lehenengotikan gai hain astunean egiteko gauza bat amaitua, hobetandua? (Perfecto). Ez da egia lan hau izan dala beste honelako lan guztien iturria? Egia ez da mila gauza ez genekizkienak erakusten dituala? Zer gehiago eskatu liteke?

      A. Larramendi ez zan harrotua geratu egintza hau azkentzean: autortzen zuan gehiago egin zezaketela beste batzuek Gipuzkoako probintziari esaten dionean lotsaz edo ahalkeriaz hartu zuala lan honetarako artapena eta geratzen zitzaiola atsekida, (Consuelo) lan hau berea izateak lagunduko zualako euskeraren izen onerako, bada Larramendiren urrigoak (Cortedad) argitaratu bazituan hizkuntza honen apainduria hain handiak, erraz ezagutzeko zala zer izango zan lehenengo egileak hizkuntza hau egiten eduki zuan manea (Arte) gai honetan hasten zanean ziadi hobe bat, hobeki zekiana sakontzen eta argitzen». A. Larramendik esaten du hitzegindaren hasieran ezagutzen dituala egintza honetan hutsegite asko ezin dituanak zuzendu, zegoalako urruti bere herriagandik, non gehiago ikasi zezakean, baina inork ezin lezake ukatu horregatik hitzeginda hau izan dala ondorengo guztien argia, A. Larramendik egiten ziola herriari inork ordura artean egin ez zion bezelako mesedea, erakutsi zuala bide bat beharbazan euskaldunak ere ez zekitena.

      Txit ederki dio On Jose Larunbe lehen aitatuak: «Eta ni hizkuntzan ekinaritua (Practico) banintzan ere, nintzan gauza hori —hitzeginda izkribatzea— ezingarritzat gendukanetatik bat; eta ikusirik orain egina hain somaro (Acertadamente) eta ederkiro, autortzen det merezi duala daraman izena, eta bere egilearen ziadi izugarriak dakiala goitutzen ezingarriak».

      A. On Juan Domingo Arzakek: «Eta gauza, guztiek zor badiote argiari bere izatearen zati bat, bada argi gabe ez lirake bilatuko bere edertasun eta apainduriak; asko zor dio euskal hizkuntzak A. Larramendiri, zeinen ziadiak agertu eta argitu dituan hizkuntza honen edertasunak».

      Azkenez, Lardizabalen hitzegindaren hasieran On Ramon Gerekakoak esaten badu ere ez dala A. Larramendirena edozeinek ikasteko egina, baizikan euskeraren erantzukia (Apologia) bezela, autortzen du: «Hau ez da esatea A. Larramendi alferrikan nekatu zala egintza hau izkribatzen, kontrako aldera, egin zion ekurte (Servicio) haundi bat askijakindeari (Filologia)

      eta beste bat Euskal Herriari, zergatik bere laguntasun gabe txit gaitza izango zan arkitzea gizon bat hain ukatua eta herri-maitekoa nahiko zana eman jakintza hain lehor eta irabazi gutxikora. Lan honen egileak (Lardizabalen hitzegindarenak) obotande zerbaitekin izkribatzeko begiratu izan behar zuan bestea (A. Larramendirena) bere lan nekatsuan zuzenduko zuan argi bakarra bezela, eta laguntasun hau gabe, beharbada, ez zuan idukiko indarrikan hasteko, eta gutxiago amaitzeko».

 

      Eta zer esan genezake beste egintza, Diccionario trilingüe edo Iru izkuntzetako hiztegiagatikan?

      Euskaldunen bihotza poztutzen da irakurtzean hiztegi honen hasierako erantzukia (Apologia) txit aberatsa, oso betea berri on eta ezjakinakin; miraritzen da ikustean hainbeste arrazoi egoki eta indartsuak erakusteko euskera izan dala Espainiako dierri (Nacion) danaren hizkuntza, agertzeko euskeraren amatasuna; gozatzen da Maians eta Armestori ematen dizkien erantzuera zorrotzakin, jartzen duala euskera hain goi eta tontorrean.

      A. Larramendik izkribatu ez balu ere hiztegi aurreko hasiera handigoi, garai hau baizik, nahikoa zan bere izena hilezkortzeko jakintsuen artean, gehiegi zan bere izena gordetzeko Euskal Herriko izenik maiteena bezela.

      Baina gainera izkribatu zuan euskeraren hiztegia. Nor ez da miraritzen gizon baten neurri gabeko lan honen aurrean? Nork ez du ezagutzen hiru hitzerako hainbeste mila hitz banan-banan zuzentzen, araututzen dagon nekea? Non irakurriko zituan A. Larramendik euskerazko izkribu esleituak? Noren laguntasuna zeukan? Zenbat jira-bira egin beharko ez zituan Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Nafarroan, Frantziako euskal herrietan, hurietan, baserrietan, mendian, basoan? Zenbat galdera alferrikakoak askotan, jakiteko gauza guztien izenak?

      Lan honetan ere A. Larramendik esaten du daukazkiela gauza asko zuzentzeko eta obetandetzeko; baina zeinek lehenengotikan bukatu du osoro honelako egintza bat? Beste hizkuntzetan hainbeste urtean, hainbeste laguntasunekin gizon jakintsuen batzarrak egiten ez badute gauza bat obetandua, nola egin lezake gizon bat bakarrak?

      Ongi dator hemen Mogelek diona: «Denborak obetandetzen ditu egintzak. Larramendiren lanarekin geratu ez bagina lotan eta bai jarraitu lanean, beste irabazi batzuk zeukazan gaur gure hizkuntzak».

 

A. LARRAMENDIREN BIZITZAREN BERRI LABUR BAT
Domingo Agirre

Donostiako euskerazko itz-jostaldien batzarreak sariztatua,1890
armiarma.eus, 2016