A. LARRAMENDIREN BIZITZAREN BERRI LABUR BAT
Domingo Agirre

Donostiako euskerazko itz-jostaldien batzarreak sariztatua,1890
armiarma.eus, 2016

 

ERREGINAREN ERAITORLE (Confesor)

 

      Omenaren (Fama) turuntak eraman zuan A. Larramendiren izena erregearen jauregira ere. Zan orduan erregina Ona Ana Maria Newburgokoa, Karlos I garrenaren alarguna, zeinak ezaguturikan A. Larramendik zeukan jakin zabal eta zogiaren (Prudente) izena, nahi izan zuan eraman autortzailetzat bere aldamenera. Eskatu zuan, bada, mesede hau Jesusen Lagundira, nagusiak agindu zioten A. Larramendiri joan zedila ,eta bere etxe, herri, guraso eta ahaideak utzi zituanak Jaungoikoaren borondatea egiteagatik, Jaungoikoak nagusien bitartez erakusten zion borondatea berriz betetzeagatik utzi zituan poz-pozik Salamancako huria, ikastegia, ikasleak, hitzaldiak, lagun jakintsuak, eta, harturikan agintarien bedeinkazioa, joan zan Toledora 1730eko urte aldera.

      Behin gehiago ukatzen zuan borondatea, bada ez zan berea jauregiko gizonakin laguntzea, ikastegi eta sermoitegietan bere burua argitzea ez zan bezela.

      Erreginaren eraitorletzako zeregin arduratsua bete zuan zogiro, batzuek diotenez (Vidas de algunos esclarecidos varones guipuzcoanos de la Compañia de Jesus, 266-ko orri aldean)  Jaungoiko guztien Egile, Errege eta Jabeak kontu ematera deitu zion artean; beste batzuek esaten digutenez (Loiolan dagon aitasun gabeko eskuzkribu Euskal-Erria-n argitaratuak dio: «Lo que es cierto y sin duda es que él mismo se despidió, y le costó mucho la licencia ó el permiso de S. M.; y que el amor del retiro y de sus libros le obligó a la despedida». Hau berau A. Fitak), bakartasuneko maitasunak utzi eragin zion. Dana dala, bitarteak ez zituan alferrikan galdu. Autortzen ziran A. Larramendirekin, zuzenbidetzen zituan beste asko ere, txit poz handi bat hartzen zuala lan santu honetarako ematen ziotenean gaia pobretxo laguntzitu (Desvalido) eta zikinez beteak.

      Hau bere lekua ez bada ere, sasoi honetan zeukan arantzazko ardura honetatik zetorrelako hemen jarri behar det gerora A. Larramendiri gerta zitzaion gauza bat, non erakusten duan jaun honek bere arimako beregandea (Serenidad). Baionako ostatu baten zegoan behin Espainara bihurtzeko bere gauzatxoak araututzen (Arreglar), aurreratu zitzaiozkanean esatera pagatu behar zuala ordu batzuen barruan diru pila handi bat, zor zuana, esaten zutenez, erreginaren eraitorle izan zan denboretatik. Esan zioten gainera, pagatzen ez bazuan berehala diru hura katigatuko ziozkatela bere burua eta ondasunak, eta zeukala ordu hartatikan etxea edo huria presondegitzat.

      Esakera hauek aditu zituanean, batere aldandetu (Alterar) gabe eman zituan behar ziran arrazoiak, agertuaz zor ura erreginarena zala eta txit zaharra; inork ez ziola egun hartara artean erakutsi, baina egingo zuala ahalegina Espainako Gorteak pagatu zezan zor hura, egiazkoa bazan. Ez ziran horregatikan baketu frantses haek eta orduan A. Larramendik irribarrez esan zuan: «Jaunak, ondasunik ez det, jantzi puska hauek baizik; juezak egin beza nahi duana nerekin eta nere gauza hauekin. Katigu naiz, eta uste det mantenduko naizala eskale bezela, nere erreginaren denboran huri onetan egin nituan mesedeaz inor gogoratzen ez bada ere».

      Erregutu zitzaionagatik, etzizaion atera arrengura (Queja) bat, ez alkate, ez Obispo, ez bere ezagun probinziako Agintari, ez beste adiskiderik ikustea bitartekotasunerako: egin zuan gauza zan betiko erregua bake oso-osoan.

      Azkenean ere, berarekin zegoan Lagundiko Aita batek joan behar izan zuan probinzia guztiko Agintariagana, zeinegandik, ainbeste errieta edo haserre eginda gero, lortu zuan urratutzea katigatzeko agindea zeukan papera. Baina A. Larramendik ez zuan erakutsi azken honekin ez pozik, ez saminikan; batere gorabehera gabe ikusi zuan gertaera honen hasiera, batere estu-nasai gabe hartu zuan bukaera.

      Gertaldi honen dakirasak (Testigos) izan ziran A. Domingo Patrizio Meagher, Salamancako maisua, euskal-bihursari jostailua, eta A. Pedro Zabala Pontevedrako ikastegiaren nagusia.

 

A. LARRAMENDIREN BIZITZAREN BERRI LABUR BAT
Domingo Agirre

Donostiako euskerazko itz-jostaldien batzarreak sariztatua,1890
armiarma.eus, 2016