A. LARRAMENDIREN BIZITZAREN BERRI LABUR BAT
Domingo Agirre

Donostiako euskerazko itz-jostaldien batzarreak sariztatua,1890
armiarma.eus, 2016

 

A. LARRAMENDI ERAKASLE

 

      Ikaskizun guztiak bukatu zituanean, bere nagusien aginduz hasi zan erakusten. Lehenbizi erakutsi zuan hiru urtean jainkokindea Salamancan, laguntzaile bezela. Orduan, jakindezko gudetan hain goi jarri zan ezen, esaten zutenez, ez zan jakinguztiakiko toki hartan ordura arte ikusi guda zorrotz eta argitsuagorik.

      Gero Palentziako probintzian eta Valladoliden izan zan Maisu, erakutsiaz egokindea Jesusen Lagundiko semeai, eta bihurturik berriro Salamancara igaro zituan oraindikan hiru edo lau urte erakusten.

      Izanik ere hain sakon eta entzungarriak bere eskoletako erakutsiak, denbora bilatzen zuan oraindikan Jaungoikoaren hitza sermoitegiko leku santutikan aditzera emateko, eta hain modutakuak izaten ziran bere sermoiak ezen, ikastegi nagusiko maisuak, eleiza nagusiko gizonak, jakintsu danak eta herri guztiak zeukaten maisu gain-gainekotzat bezela.

      Hara A. Larramendiren erakutsi eta sermoiak gatik zer esaten diguten jakintsu bik. A. Juan Agustin Arzak eta Etxebeste, San Bartolomeren ikastegiko nagusiak, dio: «Maisutzako lanetan saiatzen da Salamancak dakizkian eta zabaltzen dituan menandearekin, (Credito, Estimacion) ukatzen ez dala ere sermoitegiko lanetara eta akiatzen dituala honetan poz handiarekin aditzen dioten aditzaile ugari eta erizmatariak.» (Criticos) On José Larrumbek esaten du: «Eskoletako jarrilekuan eta sermoitegian, nora deitzen dioten bere jakinde eta artapenak jairik handienetan, irabazi ditu mundu guztiaren txalo eta dunduria, diralako hain handiak bere dohaiak gauza bat eta besterako, ezen, dudan gelditzen da bat bere burua geidea edo gainezten ote duan bietatik baten». Gainera lehen aitatu degun Loiolan dagoan paperaren izkribitzaileak dirausku: «Hiru ordu laurden edo puska bat gehiagoan esaten zuan hamabost edo hamazazpi orritan letra zeziarekin izkribatutako sermoia hain garbiro, ezen sekula ez zan moteldu eta ez zaigu galdu hitz bat bakarra: hain biziro eta sinisgarri, ezen bere esanak gelditzen ziran luzarorako eleizako horma eta bihotz guztietan, eta eramaten zituan nahi zuan erara aditzaileak. Zan sermoitegiko Espainia guztiko turunta. Barre eta negar denbora laburrean zekian erabiten, eta lan gutxirekin ikaratuko zuan mundua bidalde edo misioetara eramana izan balitz. Egon zan anaiaren bat esan ziona, eta berak eranzun zuan ez zetorrela ongi zeregin santu hori bere boz eta bizitza epelarekin».

      Dohaia oek gatikan zabaldu zan A. Larramendiren jakinde eta esanederraren izena herri eta erbestean, eta bilatu zituan jakintsu adiskide asko leku guztietan.

 

A. LARRAMENDIREN BIZITZAREN BERRI LABUR BAT
Domingo Agirre

Donostiako euskerazko itz-jostaldien batzarreak sariztatua,1890
armiarma.eus, 2016