A. LARAMENDIREN BIZITZAREN BERRI LABUR BAT
Domingo Agirre

Donostiako euskerazko itz-jostaldien batzarreak sariztatua,1890
armiarma.eus, 2016

 

MANUELEN BURUBIDEA

 

      Gorputz lerden ta lirainekua, indartsua, arpegi ederrekua; baina bere begi eta kopetan distiratzen zala Jaungoikoaganako zeukan amodioaren argi-errainua, aurkeztu zan Bilbon, ikastegiko atarian, Jesusen Lagundiko soindoinaren (Sotana) eske, oraindikan hamazazpi urte ez zeuzkan artean.

      O! Jakintasunezko zer agergarri ederra eman zuan Manuelek, eskeintzean Egile Ahaltsuari bere gaztetasun loratsua, uztean mundua, uztean etxea Jaun eta Jaungoikoa hobeki serbitzeagatik! Txit asko dirade esaten dutenak gaztetasunari eman behar zaiola zor zaiona (ez dakit nola dan zor hau); eta uste dute nahikoa dala Jaungoikoarentzat bizitzaren azken aldera, besterik ezinean, ematea zerbait. Erokeria eranzia! Lotsagabekeria berdin gabea! Horrela hitz egiten dutenak ahaztu dira jaioak gerala Jaungoikoa maitatzeko eta serbitzeko; ahaztu dira zahartza bezela Jaungoikoarena dala gaztetasuna ere; horrela hitz egiten dutenak igaro nahi dute Jaunaren kontra Jaunak emandako bizitzaren zatirik onena.

      Manuelek ezin zezakean iduki eskergabetasun hain itzala, bazekian zeukan guztia zor ziola Egileari. Zor hau pagatzeko ustetan sartu zan Jesusen Lagundian mila zazpirehun eta zazpigarren urteko azaroaren seian. Honetarako agurtu behar zituan betiko gurasoak, ahaideak, baserritxoa, hainbeste oroitz gozo gordetzen zituzten leku eta gauzak, eta agur! egin zien danei. Maitatzen zituan bihotz barrenetikan gauza hauek, baina gogoratzen zan Jesukristoren esanaz: Qui amat patrem aut matrem plus quam me non est me dignus, eta Jesus zan beste dana baino lehenago.

      Izan zitezkean norbaitzuek, lurreko jolasetara emanak, erruki ziotenak Manueli, gordetzera zihoalako bere gaztetasun ikusgarria; baita ere izan zitekean Manuelek bere aldetik idukitzea honelakoen errukia, eta berak gatik eleiz-baztertxoan bake santuan, burua makur eta bihotz isiotuarekin jasotzea Zeruronz orazio bizia.

 

A. LARAMENDIREN BIZITZAREN BERRI LABUR BAT
Domingo Agirre

Donostiako euskerazko itz-jostaldien batzarreak sariztatua,1890
armiarma.eus, 2016