A. LARRAMENDIREN BIZITZAREN BERRI LABUR BAT
Domingo Agirre

Donostiako euskerazko itz-jostaldien batzarreak sariztatua,1890
armiarma.eus, 2016

 

A. LARRAMENDIREN JAIOTZA ETA LEHENENGO URTEAK

 

      Gipuzkoako probinzia txit leinargian, (Noble) hainbeste gizon handi, argitsu eta hilezkor jaio diran lur hontan, Andoaingo huri polita menderatzen duala ikusten da baserri bat Garagorri deitzen zaiona. Baserri honetan, Garagorriko etxe purubean (Solariega) jaio zan A. Manuel Larramendi, mila seirehun eta larogeita hamarreko Abenduaren hogeita bostean. Bere gurasoak ziran Domingo Garagorri eta Manuela Larramendi leinargiak, odol garbi eta aidetasun zabalekoak; zeintzuek zaintu eta hazi zuten, orduan semeak zaintu eta hazitzen ziran erara, Jaungoikoaren maitasun eta beldur santuan, ezagutu balute bezela bere sasoian alort (Fruto) ugariak emango zituala sorterriarentzat. Eta ez zan izan begitanzio bat.

      Baina aurrera jarraitu baino lehenago, ona izango da hemen jartzea nola dagoan ipinia bere bataioa Andoaingo eleizako liburuetan. Erderatik euskerara bihurtua, hau da esaten duana:

      «Mila seirehun eta larogeita hamargarrengo Abenduaren hogeita bostean bataiatu nuan Manuel Garagorri, Domingo Garagorriko eta Manuela Larramendikoren semea, izanik apaidinak Juan Etxagoiengoa eta Maria Zumetakoa, eta ohartu nien espirituko ahaidetasuna. Oarkera. Manuel Garagorrikok, sarturikan Jesusen Lagundian (Jesuita) aldatu zuan bere izengaina Larramendirena harturik.»

      Ziur ez dakigu zergatikan izango zan bigarren izengaina lehenengoari aurreratutzea: aitatu degun izkribu orretatik ateratzen dan gauza da Jesusen Lagundira sartu artean deitua izan behar zuala Manuel Garagorri, izen horretako baserrian jaio zan seme argidotarra; baina Loiolako liburutegian arkitzen da beste eskuzkribu bat, iritsiz A. Manuelen lagunen batek egina, eta han dio Larramendi deitzen ziotela Hernanin, nora izan zan eramana, umetxoa zala, eskolan ikastera, eta izengain honekin jarraitu ziotela deitzen gerora ere, bere aitaren eta honen aldeko ahaideen sentiera handi batekin. Askozaz ese ezagutuago daukagun gauza da, bere lehenengo urteetatik erakutsi zuala aditza argia, jakin-nahi neurri gabea, eta bere galdeerakin lortu zituala gauza askoren ezaguera sakonak.

      Hala ikusi zutenean bere guraso eta ahaideak Manuelen ekarria, jakintasunarentzat zeukan maitasuna, moldatu ziran eta ipini zuten bidean jakintasuneko mendira igo zezan, biraldurikan lehenengo ikaskizunen bila Bilbora; bada han zeukan osaba bat Jesusen Lagundian. Iluntxo badago ere A. Larramendiren bizitzako lehenengo zati hau, ezkutuan badago ere gauza txiki eta hutsak ohi diran antzera, dakigulako gerora agertu zituan ziadi (Ingenio) eta jakindea, esan genezake beldurrik gabe, erakutsiko zuala sasoi onetan Manuelek ziadiaren txinparta, ikasle guztiak erakusten duten bezela zer gerora izango diran.

      Jakina da gurasoak beren semiai dioten maitasun samurra; jakinak dira semetxoentzat egiten dituzten handi-amesak. Garakorriko baserrian ere egingo ziran, ikusten zutenean Manueltxo hain azkar eta argia. Nork pensatu neguko gauaren lehenengo orduetan Manuelen aita eta amak sutondoan idukiko zituzten asmoak? Baina ordurako bazebiltzan hark ere bereak: ordurako ikasi zuan zala kea bezela, hutsa zala munduko handi izatea, eta ez zan bere bihotz leinargia gauza hutsarekin betetzen zana.

 

A. LARRAMENDIREN BIZITZAREN BERRI LABUR BAT
Domingo Agirre

Donostiako euskerazko itz-jostaldien batzarreak sariztatua,1890
armiarma.eus, 2016