APURKA ZAHAR ETA BERRI AHURTARA BAT ESKUARAREN ALDE
Martin Landerretxe

armiarma.eus, 2016

 

Eskainia,

dena denarentzat,

nire jaun Intxauspe

eskualzale hautukoari.

(Otsailearen 28an, 1902garrenean)

 

   Eskuarak baditu, ohart dakiokenarentzat, dohain berezienak. Bertzerik ez aipatzeko, mintzairetan zaharrena da eta ederrena.

   Aitor dugu ordean ez gaitezkela dohain horietaz gure baitarik mintza. Egin dezakeguna, eta bihotz osoz egiterat goazina da, lekuko goretsienen erakartzea.

 

I

Mintzairetan «zaharrena» da Eskuara

 

1

   Gutiegi laiteke, Babelgo dorretik datorrela erraitea. Uholdea baino ere  lehenagodanik, gure lehen burasoetarik datorkigu. Huna hemen Eskualtzale hautukoen lekukotasunak.

   Nere Jaun Inxauspe, apez aintzindari, Eskualdunen lore narraiorik gabea, mintzo zaroku dioelarik: «Jakintsunok begien aintzinean hartua dute Eskuara... zoinak lehen burasoetarik datorrela baitiduri» (Le Verbe Basque, 185 (5, p v.).  Eta dio halaber: « Bertze mintzaira guziak apaletsiaz doazilarik, adimendua zorionekin beha dagokio eskual mintzairaren edertasunari... oraidino ere

   ezagutarazten baitarokigu, nolakozaitekeen gizonaren mintzaira, bekatua egin ez zelarik» (Ibidem, p. 508). Eta dio bertzalde: «Ez ote da, oi zu, Berbo egin gabetakoa, mintzaira hortan agertzen, nola zindioen hastapenetik gizonari mintzatzen irakatsi!» (Ibidem).

   Huna zer zioen 1827an Darrigol, bertze apez buruzagi, eskuatzale ezin aski miretsiak: «Mintzaira batek, naturalezaren arauerako eta gizon izatearen hastapenetik delako itxurapenak baditu, bere Hitz Berezkuntza (Classification des mots), asmatu den laburrena eta ikus errexena balin badu. Eskuarak, bada, berezkuntza hori, mintzaira guzien artean, laburrena du ota ikus errexena, ezagut dezakeena bat bederak, Izenaz (Substantif), eta Eraskitzaz (Verbe)  emaiterat, deramazkagun xehetasuneri ohartuz.». (Dissertation sur la Langue Basque. p. 22). Eta, horri darraikiola, xehetasun hek emanik, berak ederki derasa: «Eraskitzaz kanpoko hitz mota guziak, Izen xoilera sartzen eta bihurtzen ditu Eskuarak; ez ditu, beraz, ororen buru, bi hitz mota baizik, Izena eta Eraskitza: hortan delarik agertzen, Eskuarako Hitz berezkuntzaren laburtasun eta ikus-errextasun berdinik gabekoa» (Ibd., p. 55-90). Hortarik dator, naturalezaren arauerako eta hastapenetik delako itxurapenekin dakusagula Eskuara.

   Darrigol berak begietan hartu zuen, Dom Calmet XVIIIgarren mendeko beneditanoaren errankizun bat: «Mintzaira hebrearen naturalezak, zioen Don Calmetek, erakusten du, munduaren hastapenetik datorrela. Laburrenak eta errexenak dire ezen naturalezaren harat-hunatak, eta hebreako Eraskitzak hirur ahapaldi (sillabes) xoiletako hitz buruak (radicaux) agerian baditu». (Dissertation sur la prem. langue). «Bainan, dio Darrigolek, Eskuarak hortarik ere garaia badu, ahapaldi bakarreko bitz buruak bere Eraskitzean baititu: hala nola har, has, hel, hez, hets, hil, jan, jar, jo, eta zenbat bertze. Trenka dezagun beraz erranez, hebreak baino hobeki, Eskuarak badituela, buru hortarik ere, naturalezaren arauerako eta hastapenetik delakoaren itxurapenak», (Dissert. sur la Langue Basque, p. 16-18).

   Dom Calmetek, berean bere, bazerasan oraino: «Hastapeneko mintzairak, izate guzien zoin bere naturalezaren arauera izendatzea, baitezpadako zuen»  (Dissertation sur la prem. langue).  Hitz hortaz orobat jabetzen delarik, Darrigol bihurtzen zaio, erranez: «Horrelakoxe da betidanik Eskuararen urraspidea» (Dissert. sur la Langue Basque, p. 25). Eta Jainkoaren izen soberanotik hasiz, zeruko argizarietan behera jausten delarik, urte, hilabete, aste, egun, hala nola ibai, mendi, herri, izaite ohartgarrienak erakusten ditu, eskual mintzairan, bere naturalezaren arauera izendatuak direla (Ibid., p. 25-39). «Hortan ere, beraz, Eskuara, naturalezaren urratsari badarraikio, eta hastapenetik delako seinale garbienak baditu». (Ibid).

   Xaho, gure oroiteko eskuatzale, Eskualduneri ota Eskuarari behatzen zaizkoten zortzi liburu argitaratu dituenak, zioen: «Hastapenaren bura gorenetik datoz Eskualdanak eta Eskuara». (Grammaire Euskarienne, 1836, p. 4).

   Nere Jaun Darrikarrere, hirur mintzairetako hiztegi bat (Dictionn. basque, franç., esp.) argitaratzen ari duenak, Eskuara deitzen du «Mintzairen arbaso arrozterat utzia, mende suntsituen lekuko goresgarria» (La Lanque Basque et les Idiomes Aryens, p. 3).

 

2

   Bainan Eskuara hastapenetik balin badator eta mintzairen ama zahar edo arbasoa balin bada, mintzaira guziak behar dire, arartekoz bederen, Eskuaratik ateraiak izan.

   Jaun Darrikarrere hor aipu dugunak zioen: «Eskuarak baditu mintzaira zaharrekilako barnatasunak, noizbeit ezagutaraztekoa dugun bezala» (Ibidem).  Eta agindu zuen lan horri buru emanez, zioen: «Sanskritak eta mintzaira indo-uropanoek Eskuararekilako hitz buru beretarik badituzte, eta dadukagu, hitz buru hekien iturburu gorena Eskuaratik daritzala». (La Langue Basque et les Idiomes Aryens, 2e. Sssai d’analyse, 1898, p. 55).

   Huna nola mintzo zen, bere aldetik, A. Th. d’Abbadie bertze eskualzale berezia: «Mintzaira lapones, bongroas, finnoas, latin, hebrea, araba, eta jeorjianoak badituzte Eskuararekilako hitz buru berak» (Etudes gramm., 1836, p. 22). Eta zioen oraino: «Uropako mintzaira gutiz gehienetan aurkitzen ez dugun moldura berezi bat Eskuarak eta Amerika zaharretako mintzairek, elgarrekilakoa badute» (Ibid., p. 2).

   Beaudrimont frantses irakastun aipatuak, orobat zioen: «Frantsesak baditu Eskuaratik baizik ez datorzkioken hitzak. Lurreko mintzaira guziek, Eskuaralikako hitzak badituzte» (Vocabulaires comparés, 1854, p. 271).

   Espagnolle deritzan jaun apezak Parisen argitaratu berri du liburu bat, zointan baitio Eskuarari eta Grekari kausitu diozkatela, zortzi ehun bat hitz, bati bertzearenak, eta, Eskuara harek baino trebeago dutenek, kausi detzoketela gehiago (Origine des Basques, passim.).

   Hurbil-hurbilean ere, ikusia badugu, moldiztegirat abian duten eskutitz bat. Badakar harek ere,mintzairetan zaharrena eta mintzaira guzien itburburu gorena dela Eskuara. Damurik ez baitetzakegu haren arrazoinak erakar.

   Guzien buru bada, Eskuara ote da, hizkuntz-ketari mintzaira guzion ondotik ibilia? Ala bertze mintzairak dire Eskuararen iturburutik jariatu?

 

II

«Eskuara» da mintzairetan «ederrena»

 

1

   Atseginekin dakarragu, buru-buru huntan, gure Axulak gogoragarriaren hitza: «Badirudi bertze hitzeuntza eta lengoaia komun guztiak bata bertzearekin nahasiak direla; baina euskara bere lehenbiziko hastean eta garbitasunean dagoela» (Gueroco-Guero, 1642, p. 20).

Harriet, Larresoroko notariak, bere Gramatikan, noiznahi begietarat dakarzka Eskuararen aberastasun ederra eta frantsesaren eskasia murritza. (Gram. eskuaraz eta franceses, 1741).

   Guillamu de Humboldt alamanak, Harriet horren Gramatikan eta Aita Larramendi jesuita aipagarriaren Hitztegian ikasirik Eskuara, anitz mintzaira zahar eta berritan trebe zelarik, Eskuara deitzen zuen «Mintzaira bat, bertze mintzaira guziez goragokoa» (Berechtigunehen... oder Baskische Sprache, 1817) [Voir Etudes gramm., par A. T. d’Abbadie, 1836, p. 34).

   Lecluze frantses jakintsunak eskual gramatika bat moldaturik, hartan zioen: «Eskuararen oraiko edertasunak ezagutarazten du, nolako zaitekeen hastapeneko haren distiradura» (Gramm. basque, 1826, p. 32).

   Xaho, erran denak, ederki bazioen: «Eskuara da mintzaira bat gizonez goragodanikakoa, gizonak dabilkeen aberatsena». (Gramm. Eusk., p. 3). «Lurreko jendekia guziek balukete zeren ikas dezaten» (Ibid. 184).

   Nere jaun Julien Vinson, Parisen, Iguzkialdeko mintzairen irakastun goretsia da, eta, diotenaz, ez Eskualdunotarat ixuria. Jaun horrek ere bazioen: «Eskuara, latinarekin, grekarekin, frantsesarekin, eta kide hortako bertze mintzairekin, bekoz beko jar dezagun, eta harritua dagoen ikuslierrari badiduriko, gizonetan ederrena dakusala, ñaño itsusi bazuen aldean» (Mélanges de ling., p. 216).

 

2

   Bainan, mintzaira baten hitz nagusia Eraskitza balin bada, eta Eraskitzaren molduratik balin badator haren edertasun gutiagoko edo gehiagokoa, zer erran gure Eruskitzaz?

   Don Arturo Campion, eskual herrietan aipu eta maite dugunak, bere Gramatika prezagarriaren hastetik dio: «Eskual Eraskitza eraskitz aberatsenetarik da, ez bada ere guzietarik aberatsena» (Gramática de la Lengua Euskara, 1884, p. 19).

   Eta Lecluze aipu ginduenak, gure Eraskitzaz zioen: «Eskuarak ez balu ere, bere distiradura zaharretik, Eraskitza baizik begiratu, merezitzen luke ikasia izaitea» (Gramm. basque, p. 86).

   Gure Darrigolek agerian ezarri du eskual Erazkitzaren moldura. Nere Jaun Inxauspek eta Don Arturo Campionek hedatu dute eta daitekeen ederkiena goretsi.

   Nere Jaun Inxausperen eskutik ateraia badugu Le Verbe Basque, 1856an argitaratua, liburu bat in-4ª, 508 plama edo orrialdetakoa, zoinaren Aitzin Solasean baitio: «Eskual Eraskitza Eskuararen edergailu nagusia da... Erdara guzietako eraskitzak baino goragoko da, hala nola oihaneko haritza, bere oinetako brana edo ilarraskia baino gorago baita» (Le Verbe Basque, p. VIII).

   Huna azkenean lekukotasun bat, ez naski arbuiagarria: «Institut de France deritzon jakintsun aipagarrienen bilkurak, KondeVolneyk fondatua zen Garait-Saria, eman zioen, 1830garren urtean, gure Darrigol ezin aski miretsiari, hemen hastetik aipu gintuen eta Eskuarari behatzen zaizkon xehotasunentzat, bainan eman zioen, oroz gainetik, Eskual Eraskitzari behatzen zaioenaz, argitaratu zituen xehetasun gogoragarrientzat» (Etudes gramm., par A. T. d'Abbadie, 1836, p. 13).

   Ezin akabatuko ditugu Eskuararen alde atera ditugun argitasunak, erran gabetarik nola zorionez zoratu zuen Eskuarak gure Bernard Detxepare, Eiheralarreko Erretor ezin ahantziko dena. Eskualdunetan harek lehenik, 1545ean, Bordeleko moldiztegirat egorri zuen neurtitzetazko bere Eskutitza. Ez zuen hau ordukotzat utzi, azken buruan eratxiki gabe, zazpi kobla ederretan,

   Eskuararen laudorio bozkariagarria. Huna kobla hetarik biga hobekienik doazkigunak:

 

Euskara,

Ialgiadi kanpora.

Bertze jondek uste zuten

Ezin iskriba zaiteken;

Orai dute forogatzen

Enganatu zirela.

Euskara,

Ialguialdi kanpora.

 

Euskara,

Ialgiadi mundura.

Ezein ere lengoagerik,

Ez frantsesa ez bertzerik,

Orai ez da erideiten

Euskararen parerik.

Euskara,

Ialgiadi mundura.

 

Horiek eta holakoak ziren, Eskuararen Sortze-berriari zeratxizkon laudorioak.

Erranak erranik, bada, nori ez lakiguke behar iduritu,

mintzairetan zaharrena eta ederrena dela Eskuara?

 

APURKA ZAHAR ETA BERRI AHURTARA BAT ESKUARAREN ALDE
Martin Landerretxe

armiarma.eus, 2016