KINTSUGI
11. Kapitulua

Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez

 

11


Gorputzarekin egindako soinu, txalo, igurtzi, txistu, doinu eta hots bristadak baino ez. Kantuak, ulu modulatuak, ezpainak ia ireki gabe jaulkitako hasperenak eta xuxurlak. Oihuak eta oihuen oihartzunak; hain antzinakoak izatearen poderioz etzidamukoak diruditen letania hipnotiko eternalak. Uhinak anplifikatzeko prestatutako dardarteka berezietan gauzatzen diren climaxbeat jai guztiak bezala, erabat organikoa da hau ere. Dardartekan ez dago argindar beharrik, ez norberaren arnasketak eragindako dioxidoaz haratagoko mantxa iturririk. Ez da guztiz baztertzekoa ekintzatik zetozela ekarri duten gasolio usainak eragin haluzinogenoa izatea aire garbia arnastera ohitutako dantzarien gorputzetan. Buzoa kedar usainetan bilduta dakarten arren, errearen sunda jaialdiko gazte guztien izerdiarekin nahastu eta xukatu da, erantzukizuna izerdi kolektibo batek xurgatu eta azalaren pean ehotu ondoren ekintzaileenak ez diren gorputz arrotzetatik iragazi eta berriz lurruntzeko. Haiek ez beste inork identifikatu ezin duen usain sekretu hori ote da elkarrengana bildu, bultzatu eta pogo erotiko zorora imantatu dituen droga? Alexdei, Siri, Gerizpe eta gainerakoak trantze geldoan dantzari zebiltzan buzodunekin integratu dira jaialdiko jendetzarekin nahastu orduko. Inoiz ez bezala, elkarren azalen ferekak sexu desiraz haratagoko sugar iraunkor bat sortu du, energia eroale agorrezina, jarraitua eta urgentziarik gabea. Organo bakarra osatzen dute; guztien burutik pasatzen den hari komun bat baino ez da lidergoa. Airean dabiltzanak ez dira endorfinak, euren isilpeko hizkuntza duten garun zati mikroskopikoak baizik, hormona pentsalariak. Bata bestearengana makurtu eta besarkatzen diren soin kurbatuak, betazala begiari bezala itsasten zaizkie elkarri. Betazalek olatu batek legez miazkatzen dituzte begi mintzak, eta, uhina pasatutakoan, harea leun geratzen da, eta erabakia irmo azaleratzen.
Eskumuturrak agerian utzi dituzte guztiek, nork bere Karbono Mantxa lotsarik gabe erakusteko. Intimitate askatua, ego desjosia. Orbanetako batzuek tintarenak dirudite; garatxo ttipiak dira beste batzuk; badira planeta biribilak eta badira erabat irregularrak, izar izateko bokaziorik gabe jaiotako orban errizomatiko kamutsak. Ninigailuak desaktibatu eta elkarren eskumuturrak laztandu eta musukatu dituzte, eskumuturrak baino ez, baina inorenari muzin egin gabe. Orban guztiak ezberdin, orban guztiak eder. Argi biziegiarekin minduta ixten diren ninien eran, orbanak ttipitzen eta uzkurtzen hasi zaizkiela iruditu zaio Gerizperi. «Badator ekaitza», xuxurlatu du norbaitek. Hodeiak lodi eta beteta datoz. Zerbait lehertzera doa, baina, ninigailuak kenduak dituztenez, zail da noiz gertatuko den aurreikustea.

Lehen tximistak gaua pitzatu orduko, bistan geratu da, istant batez, arimak hezurren azpian duen argi urdina.

 

KINTSUGI
11. Kapitulua

Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez