KINTSUGI
9. Kapitulua

Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez

 

9


Kazetariei erantzun ezinik, estu eta larri dabil Ilargiberri. Hamaika Agirreri dimisioa ematearen aukera aipatu dion arren, hark berehala kendu dio ideia burutik. «Ezta pentsatu ere, Ilar», esan dio, «Ezin dun amore eman gauzak okertu diren lehen aldian». Elikadura? Klima? Genetika? Egiaz, ez dauka erantzunik. Ez daki zergatik jaiotzen diren haurrak ezpainak josita. Eta izaki garatuagoak balira, hitz gogaikarrien eta hizkuntza anitzen energia dispertsiorik eta alfabetoen premiarik gabeko komunikatzeko modu berri eta isil bat dakartenak, adierazpide eta negoziatzeko modu arinago eta eraginkorrago bat? Kasu gutxi direla eta bakanak, konponbide errazekoak, horixe errepikatu eta errepikatu baino ez du egiten, baina ganibeta ahoan odol bila datoz kazetariak. Neonatoetako fakultatiboek azken ilaratik begiratzen diote, mendeku barearen imintzioa ezkutatu gabe. Aura salatari gisako bat ere badute buruan, amorruaren argi laranjakara, beren txima gorriztak kristalezko beiratearen kontra kiskaltzen ari balira bezala.

Kazetariak ere ohartu dira haien bizkarreko argi bizi horretaz. Beiraterantz jiratu direnean, itsutu egin ditu harridurak, eta itsutu neonatoetako fakultatiboen soslaiak biltzen dituen ezti koloreko argi geruzak. Su-festen bristadak datoz prentsaurrekoa ematen ari diren egongelako beiratearen atzetik. Ez da su-festa sasoia, ordea. Su-festak debekatuta daude aspaldi. Prentsaurrekoa ahaztuta, denak inguratu dira beiratera, kazetari, laguntzaile zein fakultatibo... Izaki-sasoitzerantz-bideratuak ere bai; alegia, Hamaika Agirrek zirtolari dagoenean esango lukeen legez, «euskara jatorrean bizitza guztian gaixoak deitu izan zaien horiek».

—Atentatu bat ematen du...

Tuterako eguzki plaka norvegiarren kontrako ekintza aipatu du norbaitek, Bagenizkio Ekintza Taldeak bere gain hartu zuena. Edota MEHEko Uhin Berriztagarrien kontrako erasoa, oraindik inork erreibindikatu gabea.
Ilargiberriri munduaren zama erori zaio bizkar gainera.
«Gerizpe ez zagon. Bart gauean ez dun lotara etorri».

Bere buruari zutik ezin eutsirik, nahasmena baliatuz, aretoa utzi eta bulegora ihes egin du. Hamaika Agirrek segundo batzuk behar izan ditu adiskidea ondoan ez duela jabetu eta izokinaren gisan korrontearen kontra haren atzetik abiatzeko.

 

KINTSUGI
9. Kapitulua

Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez