KINTSUGI
8. Kapitulua

Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez

 

8


Antropologia Museotik lapurtutako gasolio upelak izan dira Gerizperen ekarpena. Sirirena, berriz, nola ez, aitari ebatsitako planoak. Bikote ezinbestekoa izan da operazioa prestatu eta aurrera eramateko. Alexdeiren lidergoa zalantzan geratuko da hemendik aurrera; baldin eta dena ongi ateratzen bada, noski. Eskandinaviarrek eta holandarrek etorri behar izan zuten duela bost hamarkada baino gehiago teknologia hura indarrean jartzera; orain ere halatsu, haiei zegokien behiala ekologikotzat jo ziren gailu toxiko haiek guztiak erretiratu eta energia iturri berriekin ordezkatzea. Erakundeek sustatutako deselektrifikazioa motela zen, ordea, eta deus ez edo hutsaren hurrengoa kontsumitzeko seta erradikal hura —moda bat, askoren iritzian— gazte errebeldeen kontua baino ez zen oraindik, guraso elektrifikatuegien aurreko su ttipiko iraultza iragankorra. Su ttipikoa, orain arte: hori aldatzera zihoan. Eta Bagenizkio Ekintza Taldeari esker aldatuko zen. Ez ziren bakarrak, jakina. Nazioarteko inguruabarrak eta kasuistika oso ezberdinak izanagatik, hainbat talderekin harremanetan zeuden jada; sabotaje koordinatuak hasi baino ez ziren egin. Txinak, AEBk eta herrialde eskandinaviarrek Afrikaren gaineko Eguzki Royalty kontinentalak zorraren zati bat barkatzearen truke erosi izanak berealdiko burbuila espekulatzailea sortu zuen munduko burtsetan. MEHEko eremuan, gobernu autonomoak GoiEner kooperatiba boteretsua desjabetu eta handik gutxira pribatizazio prozesu zalantzagarri baten ostean CaixaDelli saltzean hasi zen gainbehera: kooperatiba horrek lan itzela egin zuen energia berdeen alde, urte gutxian argindar konpainia tradizionalen bezeria ia osoa bereganatzeraino. GoiEnerri esker, kontsumitzen zuen energia guztia modu beregainean sortzear egon zen MEHE 30eko hamarkadaren amaieran, independentzia politikoaren atarian. SEM (Sare Elektrifikatu Minimoa, mundu osoko Herrialde Energetikoki Lerrokatu Gabeek 2029an sustatua) hitzarmen berdeko kide izaki, lekuan bertan sortutako energia eskualdean edo inguru geografikoki mugakideetan kontsumitzearen aldekoak ziren, prezioen liberalizazioaren kontrakoak eta esportazio-inportazioa ahalik eta gehien murriztearen defendatzaileak. Handik gutxira, CaixaDellek funts putreei saldu zizkien, ordea, GoiEnerren akzioak, haien punta-puntako energia iturri berriztagarriak mezzohidrogeno bidezko sistema merkeago eta kutsagarriagoekin ordezkatzeko. Gerizperen eta beraren kideen ustez, derrigorrezkoa zen egoera hura desestabilizatu eta erregimen energetikoa iraultzea, berriz ere zerotik hasi ahal izateko.

«Elektrizitatea killer isila da». «Mundu elektrifikatu bat ez da jasangarria». «Gure argindarra besteen itzalaldiaren kolkotik dator». «Esan OFF». «OFFak ON egingo dizu». «Itzali kontsumoa». «Auzoan geratu, auzoan hausnartu». Antzeko leloak eta jarraibideak erruz hedatu ziren azken urteotan azaluhinetan zein azaluhinaren peko deep skinwave azpimunduan. Ez zen nahikoa gutxiago kontsumitzea; energia gastua zerora ekarri behar zen, «baita horretarako belaunaldi oso batek bere bailaratik atera gabe bizi behar badu ere». Bidaia luzerik ez. Gailu-energetikoki-ez-beregainei uko egitea ez zen nahikoa. Beregainak zirenei ere muzin egin beharra zegoen. Muturreko erabakiak hartu behar ziren. Horixe zen, Gerizperen ustez, Doltzanek eta Ilargiberrik ulertzen ez zutena. Ezkertiar eta berde usteko, eroso bizi ziren ama biak hilero beren doleuro parrastada jasoz; gazteei iraganari buruzko lezioak ematen bata, sasoigune xahutzaile elitista bat zuzentzen bestea. Karbono Mantxaren neurgailua sinbolikoa zela sinesten zuten, isun gehigarri bat ordainduta gain har zeniezaiokeen zerbait. Inor ez zen jada bere kutsatze mantxaren tamainaz lotsatzen. Gazteak salbu.

Gerizpek Siriren mantxa ttipian pentsatzen duenero disimulatu ezin duen desio oldarraldi bat izaten du, baina badaki Sirirenarekin alderatuta bere orbana handiegia dela harekin bikotea osatu ahal izateko. Etsigarria: kasta sistema beti moldatzen da erreproduzitzeko, baita ekoekintzaile ustez aurrerakoienen buruetan ere.
Alexdei pazientzia galtzear dago.

—Zeren zain hago, Geriz! Bota gasolioa!

On Kixote sentitu da Gerizpe une batez errota erraldoiei begiratu dienean. Gaur haize errotak, bihar mezzohidrogenoa, etzi auskalo… Bidoia zabaldu du. Eta gasoliorik ez balego? Eta gezurrezkoa balitz? Zer daki berak kimikaz? Ez da-eta benetako erregaia granada zuku batetik bereizteko gai! Lagunen aurrean barregarri geratuko dela otu zaio. Baina, burua kapusaiz estalita eduki arren, sarkorra da erregaiaren usaina; inoiz lehenago probatu gabeko droga zahar baten abantaila eta kontraesan guztiak biltzen ditu. Euforia eragin die usain bortitz horrek sudur zuloetan gora. «Beraz, hau da gasolioa», pentsatu dute denek batera, arnasten dutenaren izaeraren eta egitera doazenaren gaineko duda izpirik gabe.

Erregaiaren bortxa pizgarriak senidetu egin ditu komandokideak. Erregai hitzak berak beste zentzu bat hartu du tupustean.

 

KINTSUGI
8. Kapitulua

Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez