KINTSUGI 5. Kapitulua
Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez

 

5


Eskandalua ez da nolanahikoa izan. AEBko presidente izateko hautagaiak dimititu egin behar izan du bere Karbono Mantxaren argazkia filtratu denean. Lau zentimetrotik gorakoa. «Lau zentimetro! Hautagai berdemokrata batek ez luke sekula bi zentimetrotik pasatu behar…», bota du Ilargiberrik, eguneko laugarren otordua egiten ari direla, behingoz hirurak elkarrekin.

—Lanera bizikletaz joan omen dun beti, bizitza osoan. Eta ez dun Kaliforniako estatutik hiru aldiz baino atera…
—Orduan nola iritsi dun lau zentimetroko orban karbonikoa izatera? Hain zaharra ere ez dun… Hor zerbaitek huts egiten din…

Gerizpe zirikatu nahian dabiltza Doltzane eta Ilargiberri; zerbait esatea nahi lukete, baina hura seitana jaten ari da, etxeko teilatuan hazten duen errukula hostoz lagundua.

—Berdemokratak edo errepublikanoak, denak dira berdinak… —bota du azkenean, axolagabe, bere amei begiratzea saihestuz. Gero, platerak eta edalontziak kubo batean sartu, eta teilaturantz abiatu da.
—Ez dion ezer esan behar, Doltzane?
—Zer esatea nahi dun? Hire semea ere badun…
—Euri ura garbigailu gisa erabiltzea ez al dun gehiegizkoa? Zer egingo dinagu uda iristen denean? Zertarako erosi geninan ZeroKontsumoko ontzi-garbigailu bat? Gero platerak montzoiaren kapritxoen arabera garbitu behar izateko? Zer urtetan bizi garela uste din honek, 2021ean, ala?

Ikerketa bat etorri zaio burura Ilargiberriri, sumintzeko joera ere CO2 eragile uste baino kontuan hartzekoagoa izan litekeela frogatu ei duena. Noiz helduko da haserrerik gabeko mundua? Koipe orban beltz baten eran sentitu du bere Karbono Mantxa eskumuturrean hedatzen.

—Gerizpek zion ez dela nahikoa ontzi-garbigailua beregaina izatea; finean, hura fabrikatzean argindarra xahutu zenez, kutsatutako objektua dela jada…

AEBko hautagai berdemokrataren dimisioaren hurrengo goizean, gimneskolan, lau urteko haurrek eskumuturra erakusten diete elkarri, beren Karbono Mantxak natural-natural konparatzeko. Gazteegiak dira oraindik bataren eta bestearen artean alde handirik egon dadin, baina horixe da errealitatea, haurtzaroan hasten dela estatusaren neurketa eta finkatzea. Orbanik ttipienak ziurtatzen du populartasuna. Hauteskunde kanpainarik handiena herrialderik boteretsuenean: hura ere haurtzaindegian aurreikusi eta ispila zitekeen zerbait zen, funtsean.

 

KINTSUGI 5. Kapitulua
Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez