KINTSUGI 4. Kapitulua
Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez

 

4

 

—Aurten oporretara joango gara, Gerizpe.
—Oporretara, nora?
—Lanzarotera, Kanarietara.
—Irla batera? Zuek zoratuta zaudete! Debekatuta dago.
—Lanzarote Europa da. Baimenduta dago bidaia interkontinentala ez bada. Salbuespen bezala.
—Ez barrerik eragin: Kanaria uharteak Afrika dira.
—Espainiako estatuaren parte, edozelan ere… Askotan hitz egin dugu horretaz…
—Lurralde kolonizatua…
—Kontua da baimena eman digutela, Gerizpe.
—Baimena zertarako? MEHEtik (Mendebaldeko Euskal Herrien Erkidegoa) atera eta legea urratzeko?
—Ez da legea urratzen, baldin eta bidaiatzeko baimena badaukazu. Gainera, hamar urte daramatzagu kanpora irten gabe.
—Eta horregatik merituaren domina ematea nahi duzu?
—Gerizpe, faborez…
—Kimu ere etorriko da?
—Ez. Zure arrebak tesia amaitu behar du.
—Jakina, Kimuk beti dauka aitzakiaren bat. Kimu berezia da. Kimu…
—Hara, Geriz: Ilargi burn out koadro baten atarian dago… Baimena eman ez, medikuak derrigortu egin du oporrak hartzera…
—Derrigortu, horixe... Eta nik sinetsi! Zuen alderdia Osasun Sailaren jabe egin denean, kasualitatez, kanpora joateko baimena lortu duzue… Ederra pagotxa! Ez esan susmagarria ez denik…
—Ez duzu zertan gurekin etorri, nahi ez baduzu…
—Horixe ez naizela joango! Familia Unitateko Mantxa disparatu egingo zaigu hirurok Kanarietara bagoaz.

Atera du betiko gaia. Familia Unitateko Mantxa. Bere mantxa ttipia baino ttipiagoa izatea aski ez, eta familiarena ere ttipi mantendu nahi… Harrokeria hutsa iruditzen zaio matraka hori Doltzaneri. Karbono dioxido madarikatua. Nerabe madarikatuak. Eta Ilargiberri? Non arraio sartu da? Borrokarik latzenen erdian, eklipsea. Sasoiguneko zuzendari izendatu zutenetik, denbora gehiago pasatzen du han etxean baino.

—Ilargik eta biok pentsatu dugu aukera polita izan zitekeela elkarrekin denboratxo bat igarotzeko.
—Ez kontatu nirekin. Badakizue hegazkinak hartzea nire printzipioen kontra doala.
—Elektrikoa da, Geriz.
—Hibridoa, esan nahiko duzu.
—Hori esan nahi nuen.
—Okerrago oraindik. Hibridoak eta argindarra… Puaj! Izurri elektrifikatua!

Elektrizitatea killer isila da.
Izurri elektrifikatua. Elektrizitatea killer isila da… Nondik ateratzen ote zituen mukizuak lelo biribil haiek? Mende hasierako musika talde baten kantuen izenburuak ematen zuten. Lekutan geratu ziren perreo sotil haiek, reggaetoi klasikoaren sedukzio fina, pornobeat festa iradokitzaileak… Orain gazteek climaxbeata baino ez dute entzuten. Lardaskeria zabarra.

—Gasolioa gutxienez usaindu egiten zen.
—Gasolioa? Gasolioak zer usain duen ideiarik ere ez duzu zuk, Gerizpe.
—Zuk zer jakingo duzu…

Zartako bat emango lioke batzuetan semeari, baina Doltzanek bi falta etiko xahutu zituen Gerizperen aurrenerabezaroan, eta eskuak lotuta dauzka: hirugarren batek TTIPa (Tratu Txarren Ikuskaritza Protokoloa) aktibatuko luke. Seme nerabearekin leunegi jokatzen duela iruditzen zaio batzuetan, hala ere. «Ilargi, non hago, zer larretan?».

—Opor laburrak izango dira. Astebete baino ez...
—Sentitzen dut, ama: beste plan batzuk dauzkat uda honetarako.

Doltzane dardarka dago pentsatze hutsarekin. Beren semeak «beste plan batzuk» dauzka udarako. Gutxienez oraindik «ama» esaten dio. Ilargiberriri hori ere ez. Ninigailuari kliska egin dio, Ilar semearen eta bien arteko elkarrizketara azaluhindu ote den ikusteko, baina phoneskina deskonektatuta dauka emazteak. Grabazioa eskatu baietz gero, egunero egiten duen bezala. Eztabaida guztiak diferituan bizitzeak ama hobea sentitzen laguntzen dio, baina ez du gauzak hobetzeko ezer egiten. «Zeharkako komunikazioa… Hori bai dela killer isila», otu zaio Doltzaneri, etengabe harremanaren autoebaluazioa egiteaz nazkatuta.

 

KINTSUGI 4. Kapitulua
Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez