KINTSUGI
3. Kapitulua

Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez

 

3

 

Karaktere japoniarrez idatzita dago Kintsugi atelierreko sarreran. Objektuen biziraupenari egindako aldarri ozena da: apurtutakoa konpondu eta iraunaraztea helburu, betiere zauriaren joskurak, pitzadurak eta zainak harrotasunez agerian lagatzekotan. Apurtutako gauzen gorazarre bat, bai, baina baita gauzak nork bere eskuekin egitearen poderioz datorren zorionaren eta orekaren pizgarria ere.

Berreraikitzearen poza konpartitzen dute gazte horiek guztiek, eta nahi lukete egunen batean zorion hori berbera populazio osora hedatzea. Asteroko hamazazpi lanorduen trukean soldata unibertsala ezarri zenetik, bada nagikeriarako astia eta nork bere bokazioa garatzeko denbora. Bada nagikeria bere bokazio bilakatu duenik ere, baina gehiengoak beste bide bat hartu du. Lan fisikorik gabe ez baitago ez bizigarririk, ez atseden beterik.

Kintsugi eskolak amaitzean, ordea, atelierrean geratu diren gutxi horiek beste helburu batzuk dauzkate. Diziplina japoniar berreraikitzaile horrekin lotura adina kontraesan dituzten asmoak. Konspiraziorik gabe ez baita asetze intelektualik.
Kintsugi senseia erretiratu bezain pronto, niniak begiak baino handiagoak dituen gizon gaztearen inguruan bildu dira gainerakoak. Leun-leun hasi da hizketan, baina su baxuan abiatu dena bor-borka hasi da berehala.

—Ez, ez gaude ados gure eskualdea behin amestutako utopia dela diotenekin. 2020ko pandemiaren ondoren etorri zen berdemokrazia olde globalak akaso izan zuen zentzua gure aurreko belaunaldiarentzat. Sortzen duguna baino ez dugu kontsumitzen, ados. Baina aski da hori? Ez dugu zertan gure gurasoek emandako aurrerapausoak gutxietsi... Nekazaritza mundua geure biorritmoen ardatzean zegoela onartu eta baratzez bete zirela gure teilatuak? Egia. Hiriko populazioaren % 20 herrietara itzuli ostean biztanlegoaren fluxu naturalak birdistribuzio zentzuzko bat ekarri zuela? Ez dut nik hori ukatuko. Etorkinei ateak zabaltzeak populazioa gaztetu eta biziberritu zuela?


Ez dago duda izpirik horretaz. Energia zikinen gaineko zerga gogorrek paradigma aldaketa bat ekarri eta industria kapitalista berdetu zutela? Zalantzarik ez. Azpiegitura faraonikoak debekatu eta gobernuak eraikin berriak egiteko lizentzia guztiei hamarkada oso batez uko egiteak birgaitze politika jasangarrien mesedeen ikusgarritasuna ekarri zuela, populazioak inguruan zuenaren aurrean begiak ireki eta kontzientzia hartzea? Jakina! Energia nuklearra mundu osoan baztertzea garaipen historikoa izan zen, halaber. Halatsu esan genezake suntsipen handiko armen desegiteari buruz ere. Munduko pobrezia amaitutzat eman zen 2021ean, Txinan.

2035ean, Afrikan eta Hego Amerikan. Demokrazia algoritmikoari esker, galde-eskeak, premiak eta asetzeak askoz hobeto daude gaur egun doituta. Baina ez gaitezen engaina: demokrazia algoritmikoa ez da saldu ziguten bezain gardena. Diruak betikoen esku jarraitzen du, eta globalizazio berdea killer isila da… Erresistentzia modu berriak pentsatu eta baliatu beharrean gaude, adiskideok… Eta lehen pausoa badakigu zein den: elektrifikazio xahutzaile hau geraraztea, kosta lain kosta…
«Alexdeik bai, bazakik hizketan», pentsatu du Gerizpek, etsita bezain miretsita. Arrazoiz da bera eskualdeko taldeburua.

 

KINTSUGI
3. Kapitulua

Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez