KINTSUGI
2. Kapitulua

Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez

 

2

 
—Aireportuetan, hala ibiltzen zen jendea garai batean; galdetu zuen guraso edo aitona-amonei, bestela: argindar-sarrerak non, kablea han. Kargagailua non sartuko, entxufeen bila itxurak galduta, gailuak bateriarik gabe geratzear zeudenean ostera ere kargatu ahal izateko. Inork badaki zer den smartphone bat?
Isiltasuna.
—Inork ez? Bota lasai, ez izan hanka sartzeko beldurrik, zerbait izango duzue buruan… Ez duzue hitz hori sekula entzun?
Ikasleetako batek besoa altxatu du.
—Bai?
—Zer da entxute bat?

Doltzanek irribarre egin du. Gustatzen zaio gazte eta berdeekin lan egitea.

—Egia, barka. Entxufe bat… Batzuetan, adarretatik joan, eta ahaztu egiten zait oinarrizkoenak azaltzea... Entxufe bat, gailu-energetikoki-ez-beregainek funtziona zezaten hormetara atxikita egoten zen lotune ttipi bat izan ohi zen, argindarra hartzeko. Etxeak entxufez josita zeuden hainbeste urte ez dela, eta entxufe bakoitzean tresna bat lotzen zen.

Doltzane «hainbeste urte ez dela» ahoskatzen duen bakoitzean ohartzen da urte askotxo daramatzala gauza bera errepikatzen. Egiari zor, badira, bai, «hainbeste urte». Mordoxka bat. Eta bizi itxaropena erruz luzatu den arren, urteek 365 egun izaten jarraitzen dute. Apur bat zentzugabea da denbora neurtzeko modu horri eustea; eskala hori ez da jada naturala, urteek galdu dituzte jada zenbaketaren poza eta bete ahala sortzen zuten estimua.

—Kableak sartu eta handik zurrupatzen zuten energia, nolabait adierazteko… Azaluhin teknologia ez zegoen garatua oraindik. Grafenoa zen eroale erabiliena, azkarrena…
Algara egin du norbaitek.

—Grafenoa? Eta janaria nola prestatzen zuten, Nikoro robot batekin, ala?
Barrez lehertu dira guztiak ateraldiarekin, baita aspertuta eta lo ziruditen ikasleak ere.
—Nikoro robotak eta gailu-energetikoki-ez-beregainak 2033an debekatu zituzten Europan, nahiz 2039ra arte legezkoa izan haiek fabrikatzea AEBn eta Txinan. Egun, dakizuenez, pertsona bakoitzak halako bi etxetresna baino ezin ditzake bere izenean eduki.

Besoa altxatu duen ikasleak jarraitu du hizketan:
—Smartphone bat, orduan, phoneskinaren aurrekaria-edo izango zen, ala?
—Horixe da, Ikerbis. Bururatzen zaizue zer itxura izan zezakeen?
—Arropetan integratutako komunikazio tresna bat, 3Dko film zaharretan ikusten direnak bezalakoa?
—Ez, horiek dressphoneak dira. Geroago etorri ziren. Smartphoneak are lehenagokoak dira, eta ez zeuden integratuta: jendeak oraindik patrikan eramaten zituen…
Zurrumurru bat zabaldu da gazteen artean. Berriro ere bere adinak salatu du.
—Zer da patrika?

Doltzanek ez daki nola jarraitu. Zer esango die? Koaderno baten tamainakoak zirela telefono haiek? Petaka baten neurrikoak? Koaderno. Petaka. Gazte hauek ez dute sekula begien bistan halakorik izan; objektu eta hitz arrotzak dira haientzat. Ez da erraza nerabeei Antropologia Museoa erakustea. Arreta jartzen duten bakanek exotismoarekiko jakin-minez so egiten diote; gehienek, disimulurik gabeko errukiz. Dinosauro hezur batekin tinbal bat kolpatzean datzan komunikazio sistema arrotza azaltzen ari balitzaie bezala. Ulertezina zaie nola bizi zitekeen gizakia hain modu primitiboan, «hainbeste urte ez dela».

Goxone Salas artistaren Horma terapeutikoa instalazioa dator hurrena, baina konplexuegia iruditu zaio adin horretako ikasleei azaltzeko. Edo gazteegiak bisitariak instalazio horrentzat, nondik begiratzen den. Unibertsitateko azken urtekoek ere doi-doi harrapatzen dizkiote erreferentzia horiek. Hobe ez saiatzea. Bere betiko speecha botatzeko gogoz geratu da, hala ere.

 

«Imajinatu hau: jende saldoa txabolara heltzen da, nork bere kargagailua daukala, eta ordu asko daramatzate jada basoan barrena eta mendian gora oinez. Akituta daude, baina ez dira akituta dauden bakarrak... Patrikako telefonoak (“zer da patrika?”, “zer da telefono?”, “zer da…?”), barka, smartphoneak, bateria agortuta edo bateria oso urriarekin dauzkate. Txabolara heldu orduko entxufatu dituzte guztiak, kargatzeko asmoz. Arnasa lasai hartu dute. Baina berehala jabetu dira entxufeak ez dabiltzala, karkasa hutsak direla, ez daudela argindar sareari loturik. Kablea ongi dagoen ziurtatu dute; elkarri begira daude. Ez dago entxufe bakar bat ere funtzionatzen duenik. Gezurrezko entxufeak dira. Izu-laborria, kezka, ezina, bertigoak eta izerdi hotzak. Abstinentzia sindromea. Dependentziaren onarpenaren aurreko amildegia zabaldu zaie oinen pean... Entxufeak dauden hormaren bestaldean ez dago ezer, goroldioa eta landare igokariak baino ez, arrosa ederrak tarteka, sasia arrosadiaren ederra orekatzeko; horma faltsua da, eta faltsuagoak entxufeak. Goxone Salasek mende honetako 20ko hamarkadaren amaierako tekno-detox zentroak hartu zituen oinarritzat instalazio hau sortzeko, tekniketako bat huraxe baitzen, adikzioak jotakoek hainbat egunez gailuak baztertu eta naturarekin elkarbizitzan bolada bat pasatzea, beren menpekotasunaz jabetu eta hura kontrolatu bitarte. Tekno-detox zentroak, tamalez, ez zituen herrialde gehienetan osasun publikoak finantzatzen, eta, aseguru pribatuen esku zeudenez, oso garestia zen halakoetan egonaldi bat egitea: dirudunek eta izar mediatikoek baino ez zituzten eskuarki baliatzen ahal…».
Hori eskuarki esaten zuena. Eta gaur gehiago ez esatea erabaki duena.

 

KINTSUGI
2. Kapitulua

Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez