ERRAUTS
Eneko Aizpurua

Erein, 2011
armiarma.eus, 2020

 

—2—

 

Igandero legez, lanean hasi baino lehen, Gorka eta Albertorekin elkartu nintzen erredakzioko kafe makinan. Lankideak pentsakor zeuden. Berriketarako gogo handirik gabe.

      — Horra, Administrazio Kontseiluaren burua —esan nuen isiltasuna hautsiz.

      — Non? Ez diat ikusten —Gorkak, begiak zabal-zabalik.

      — Hi, Egileor, gezurrik ez kontu hauekin! —Albertok, mesfidati.

      Lehor eta enbustero fama nuen egunkariko lankideen artean —erredakzioan aspaldi jarri zidaten “Gezurregi” goitizena—. Auskalo zergatik! Eta, egia esatera, bost axola zitzaidan. Zeren, besteren begian edozein samar ikusteko gauza baziren ere, ederki ahaztua baitzuten beren begiko ezpala. Gezurti profesionalak ziren gehien-gehienak.

      — Zuzendariaren bulegoan sartu duk tximistaren pare —erantzun nion.

      — Irabazleen zerrendan ote gaudek? —galdetu zuen Gorkak arduratuta.

      — Hik ez al dakik kontu hauetan azkenak izaten direla beti lehenak? —nik, irri maltzurra eginez.

      — Ez ezak izorratu —nerbioak airean zeuzkan Albertok.

      — Zoritxarrez, arrazoi dik —begirada goibela zuen Gorkak.

      — Guri egokitu zaizkiguk txartel guztiak loteria honetan —bota nuen—. Bi urte ere ez zeramagu egunkarian lanean. Hutsaren hurrengoa gaituk haientzat.

      — Hoa antzarak ferratzera —Albertok, haserre.

      — Bai, martxa honetan, kazetari lanbidea utzi eta ferratzaile ofizioa hartu beharko diagu —Gorkak, etsita.

      — Kazetari lanbidea utzi? —nik, harridura erakutsiz—. Aspaldi utzi genioan kazetari izateari.

      Lankideak barrezka hasi ziren nire ateraldiarekin.

      — Begiratu ingurura —erredakzioko bulego eta mahaiak erakutsi nizkien—. Ordenagailuak, Internet, sateliteen bidezko komunikazioak. Denetarik zegok hemen. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien aroan bizi gaituk. Albiste-agentzien teletipoen iturritik edaten diagu ito arte. Eta, hala ere, inoiz baino urrunago gaudek errealitatetik.

      — Hasi haiz betiko kalakarekin —aspertu zen Gorka.

      — Kalean zer gertatzen den geure begiez ikusi beharrean —erredakzioko leiho estuak seinalatu nizkien—, egun osoa satorzulo honetan ematen diagu. Eta zertan? Beste norbaitek gure lan mahaian utzitako gezur puska maneatzen, gero herritarrek hobeki digeri dezaten.

      — Tira, banoak —Albertok, niri bizkarra emanez.

      — Bederen, kalera botatzen bagaitiztek, ez diagu egiteko gogaikarri hori gehiago bete beharko —esan nien ozen.

      — Egon hadi lasai, hemendik aurrera kalean nahi adina ibiltzeko astia izango duk —une batez geratu zen Alberto.

      — Xentimorik gabe, ordea —erantsi zuen Gorkak.

      Kafea hurrupaka edan eta nor bere mahaira itzuli zen goibel samar. Ez ginen, ordea, egunkariko erredakzioan burumakur zebiltzan langile bakarrak. Egunkariaren egoitzak ehorztetxe bat zirudien. Oso denbora tarte laburrean, bolo-bolo zabaldu zen Administrazio Kontseiluaren burua iritsi berria zela.

      Beraz, une batetik bestera jarriko zuten jendaurrean irabazleen zerrenda. Alegia, enplegu erregulazioko espedienteak eragingo zien behin-behineko langileen zerrenda. Hasiera batean, sei hilabeterako etengo zitzaien kontratua. Arazoak konpondu ezean, kalera eta hor konpon. Ohi ez bezala, kazetarioi ez zegokigun albiste txarra ematea, ezpada jasotzea. Aspalditik genekien enpresak arazo ekonomiko larriak zituela. Artean ongi gogoratzen nintzen zuzendaritzako kide bat azalpenak ematera etorri zitzaigun egunaz.

      — Lankideok, egunkaria hilzorian dago —esan zigun astiro, Arias Navarrok Franco hil zen egunean zeukana baino bisaia ilunagoarekin.

      Egun hartan, erredakzioko zutabeek dar-dar egin zuten. Negozioa erreka jotzeko zorian zegoen. Berripaperik ez zen saltzen. Iragarkiak kontratatzen zituzten enpresen kopurua nabarmen jaitsi zen. Interneten edizio digital berriak ateratzen ziren egunero. Kalean doako egunkariak nonahi ikusten. Lehenbailehen neurriak hartu ezean, hondamendia zetorren.

      Bada, esan eta egin. Egunkaria gainbehera zihoala aitzakia hartuta, zuzendaritzak enplegu erregulazioko espedientea aurkeztu zion enpresa batzordeari. Behin-behineko langile guztiak eta finkoen erdiak bota nahi zituen kalera urte erdirako. Antzezlana hasi zen, eta hurrengo ekitaldian, sindikatuen txanda zen. Langileen ordezkariak lozorrotik esnatu ziren, agertokira igo, zegokien papera gogotsu antzeztu zuten, espedientearen aurka kementsu hitz egin.

      — Beharginen interesak defendatuko ditugu —errepikatzen zuten papagai batek bezala, harik eta, borondate ona erakutsiz, antzeztokitik negoziazio mahaira jaitsi ziren arte.

      Zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko negoziazioak luzeak eta gogorrak izan ziren. Hainbeste, non adostasunak ezinezkoa baitzirudien. Baina, inork gutxik espero zuenean, hara non bi aldeek akordioa lortzen duten. Abenduaren 28a zen. Inozente Eguna.

      Inozente Eguneko Hitzarmenaren arabera, langile finkorik ez zuten kaleratuko. Bai, ordea, aldi bateko kontratupeko ia langile guztiak. Beraz, enpresako beharginen erdiak kalera botako zituzten sei hilabeterako. Gero gerokoak.

 

 

Igande arratsalde hartan, kezka-aurpegiak ziren nagusi. Bai gertaeren ataleko bulegoko nire lankideen artean eta bai erredakzioko gainerako lankideen artean ere. Administrazio Kontseiluko burua egunkariaren egoitzara iritsia zen. Kaleratzeen mamua eskutik zuela. Inork ez zuen zirkinik ere egiten. Nor bere ordenagailu aurrean zegoen.

      Albiste-agentzien teletipoak irakurtzen ari nintzela, azken orduko berri bat iritsi zen. Zutitu eta aldameneko lankideari esan nion:

      — Lana diagu.

      — Zer gertatzen duk? Zerrenda jarri ditek?

      Buruaz ezezkoa egin nuen.

      — Gizon bat hil ditek Lazkaon.

      — Hilketa bat Lazkaon? Hori ere gaur behar genian.

      Zehaztasunak eman nizkion:

      — Labankadaka hil diate. Astotxo egunez, herriko plazan, egun argitan eta ehunka pertsonaren aurrean. Horrela esanda, Reality show bat zirudik.

      — Teknika oldarkorregia Reality show baterako, ez zaik iruditzen?

      — Garai hauetan? Motel, motel... —irribarre egin nuen—. Orain ez zegok bromarik bazterretan. Edozer gauza egiten ditek jendea ikuskizunera erakartzeko.

      Lanari ekin genion. Nire idazmahaira itzuli, telefonoa hartu eta Herrizaingo Sailaren Prentsa Bulegora deitu nuen. Norbaitek erantzun bitartean, begi kolpe bat eman nien beste behin albiste agentzien teletipoei. Izenburuak irakurri nituen laster batean.

      — Ikus dezagun, Markets undfinancial world in turmoil, New anti-terror strategy warns ofchemical attack threat, Environmental disaster in Australia, Matan a navajazos a un magrebi en la localidad guipuzcoana de Lazkao. Hemen zegok mairua.

      — Bai, esan? —ahots gozoko emakume bat zegoen telefonoan.

      — Kaixo, Mikel Egileor naiz, kazetaria. Eguerdian Lazkaon izan den hilketari buruzko informazio eske deitzen dizut.

      — Saileko arduradunek ez dute adierazpenik egingo gaur. Dena den, prentsa-oharra zintzilikatu berria dugu gure webgunean.

      — Primeran.

      Emakumeari eskerrak ematen nizkion bitartean, Lazkaoko udaletxeko telefono zenbakia markatu nuen. Inork ez zuen telefonorik hartzen. Udaltzaingora deitu nuen. Zaintzaldiko udaltzainak gertatutakoari buruzko xehetasun gutxi eman zidan. Lanpetuta zebilen. Mugimendu handiko goiza izan zuten herrian.

      Telefonoa gakotu, Herrizaingo Sailaren webgunean sartu eta Prentsa Bulegoaren oharra irakurri nuen. Albiste agentziek bidalitako teletipoek bezala, gertatutakoaren kontakizun laburra egiten zuen.

      Ez nekien zer egin. Lazkaoko adiskide on bati deitzea otu zitzaidan. Xabier Goikoetxea zuen izena. Xabier freelance kazetaria zen. Eta, beste gauza batzuen artean, Lazkaoko albiste-artikuluak idazten zituen nire egunkarirako astean behin. Txikitatik ezagutzen nuen. Gurasoekin Atauna joaten nintzen garaietatik. Berak ere ataundarra zuen ama. Auzo berekoak ziren. Gure baserriak bata bestearengandik oso gertu zeudenez, elkarrekin ibiltzen ginen maiz. Asteburu eta oporretan batez ere. Gero, batera ikasi genuen kazetaritza Leioan.

      Hilketari buruzko informazioak egiaztatu eta, bidenabar, argibide gehiago eskatzeko deitu nion. Herrian bertan bizi zenez, ez nuen zalantzarik egiten gertakarien lekura joan eta hilketaren gaineko xehetasun gehiago bildu zituela. Kazetari sen handia zuen. Egia esan, gehiago fio nintzen berataz, agentzien teletipoen eta prentsa bulegoen oharrez baino. Bete-betean asmatu nuen. Gertaerari buruzko zuzeneko informazioa eta ikerketari buruzko datu baliagarriak zituen.

      Atalburua urduritu baino lehen, albistea korrika eta presaka idatzi eta edizio digitaleko lankideei bidali nien. Honela zioen:

 

      Erredakzioa. Donostia 

      LAZKAO. Herrizaingo Sailaren arabera, 45 urteko gizon bat hil dute gaur eguerdian Lazkaon labankadaka. Egunkari honek jakin duenez, droga trafikoarekin lotutako kontu garbiketa da Ertzaintzak eskua artean darabilen ikerketa-ildo nagusia. Antza denez, ertzainak hamazortzi bat urteko gazte baten bila dabiltza herri inguruetan, hilketarekin zerikusia izan dezakeelakoan. Horrezaz gainera, haxixez eta kokainaz betetako bi maleta atzeman ei dituzte hildakoaren autoan. 

 

      Arratsaldeko zortziak aldera sekulako zalaparta sortu zen erredakzioan. Zerrenda atera zuten. Giza Baliabideen Atalaren ondoko iragarki-ohola erle zaratatsuz betetako erlauntza handi bat zen. Lan mahaitik altxa eta harantz abiatu nintzen erabakitasunez. Garaipenaren eztia dastatu ordez eztenkada jasotzeko prest.

      Bidean, Josebarekin topo egin nuen. Kopetilun zetorren. Galdetu nion:

      — Zer berri?

      — Espero bezala, irabazi diagu loterian. Gurea duk zenbaki saritua.

      Iragarki-oholaren pareko jende-ilaran jarri nintzen. Zerikusirik batere ez Eguberrietan loteria bulegoen aurrean sortzen direnekin. Gure ilarako langileen aurpegiak tristeagoak ziren zalantzarik gabe. Nire txanda heldu zenean, paper zuriei heldu eta zerrenda luzean begiratu nuen. Bingo. Lehenengo zutabean zegoen, txukun asko jarrita, nire zenbakia. Nortasun agiri nazionalarena. Bigarren zutabean, berriz, nire izen-abizenak. Hauek letra larriz. Ongi ikusteko.

      Buelta erdia hartu eta mahaira itzuli nintzen. Pentsakor. Sentimendu kontrajarriak zebiltzan igerian nire baitan. Zapaburuak putzu lohitsuan bezala. Kale gorrian nengoen. Berriro. Sei hilabetez bederen. Gero, ikusiko zen. <>, pentsatu nuen. Kezkaturik egoteko arrazoiak baneuzkan bai. Egiako apartamentuaren alokairua, argindarra, janaria, arropa. Gastuak berehala pilatzen ziren. Sosik gabe ezin bizi.

      Aldi berean, ordea, ezin nuen ukatu, halako askatasun sentsazio batek betetzen zuen nire bihotza. Ez nuen gehiago zapaldu beharko erredakzio gris itsusi hura. Puska batean bederen.

      Lanaldia amaitzeko artean ordubete geratzen zen.

      — Aski da —esan nuen besaulkitik altxatzen nintzen bitartean.

      Nire gauzak mahaitik bildu, bizkar zorroan sartu eta erredakziotik lekutu nintzen.

      — Nora arraio hoa hain azkar? —orro egin zidan atarian atezainak—. Etor hadi hona, ohar bat diat hiretzat.

      — Banoak, hemengoak egin dizkiat puska baterako.

      — Ez nekian zerrendan hengoenik —gizon lodikote bizarduna totelka hasi zen—. Nik zera..

      — Tira, utz hitzak konplimenduak behingoz. Zerk duk niri esateko?

      Lankideak paper zuri txiki bat eskuratu zidan.

      — Joseba Rodriguez izeneko gizon batek deitu dik higatik galdezka.

      — Joseba Rodriguez esan duk? Ez diat izen hori duen inor ezagutzen.

      — Abokatua duk. Hirekin hitz egin nahi dik munta handiko konturen bati buruz.

      Zer demontre nahi ote zuen nigandik abokatu batek? Bere zerbitzuak eskaini nahi ote zizkidan trafiko-isunak kentzeko? Clioan sartu eta oharra irakurri nuen motorra abian jarri baino lehen. Hitzordua hamarretan zen Alde Zaharreko pintxo taberna ezagun batean. Ez zuen besterik jartzen.

      Autoa Paseo Berrian aparkatu eta Alde Zaharrean barneratu nintzen. Kaleak erdi hutsik zeuden. Asteburua azkenetan zen. Taberna Konstituzio plazatik bi urratsera zegoen. Sarrerako idazkunak itsasargi batek bezala egiten zuen diz-diz. Begien itxi-ireki batean iritsi, ostatuko atea erabakitasunez ireki eta barrura sartu nintzen.

      Lokala mukuru beteta zegoen. Astelehenean goiz jaikitzeko presarik ez zuten bezeroz lepo. Bero egiten zuen. Eztarria lehor nuen. Barrara hurbildu eta garagardo bat eskatu nuen. Nor ote zen Rodriguez jauna? Neure buruari galdezka ari nintzela, gizon bat gerturatu zitzaidan. Berrogei bat urte. Aurpegi estua. Beltzarana. Gomina ilean. Gabardina luzea soinean.

      — Egileor jauna?

      — Bai.

      Bostekoa luzatu zidan irribarretsu. Urrezko ordulari distiratsua zeramana eskumuturrean.

      — Joseba Rodriguez naiz.

      Berarekin joateko keinu egin zidan.

      Mahai zabal batean eseri ginen. Pintxoz betetako plater zuri zabal bat zegoen gainean.

      — Arren, heldu beldurrik gabe. Goseak amorratzen egongo zara honezkero.

      Sekulako tripa zorriak nituen. Eskua luzatu eta itsaski krepe bat osorik irentsi nuen.

      — Oso gozoa.

      — Esku ona dute sukalderako —esan zuen Rodriguezek harro.

      — Kobratzeko ere bai —ihardetsi nion.

      Buruaz baiezkoa egin zuen hizketakideak.

      — Kalitatea ordaindu egiten da.

      Zerbitzaria etorri zen. Adeitasunez hitz egin zion nire solaskideari.

      — Kazolatxoak eta ardo botila, Rodriguez jauna.

      — Eskerrik asko, Gorka.

      Bezero ona zen.

      — Txerri mutur eta tripakiak. Etxeko berezitasuna, Egileor jauna —kazolatxoetarik bat inguratu zidan.

      — Errioxako ardoa, 2004ko uztaldikoa —esan nuen ozen, botilari begiratzen nion bitartean—. Garestia. Ez dirudi gaizki doakizunik.

      — Ez pentsa. Egun osoa lanean ematen dut —esan zidan tripaki bat ahoratzen zuen bitartean—. Finantza, zerga eta kontabilitate aholkularitzako bulegoa daukat foru aldundiaren egoitzatik gertu. Aholkularitza juridikoko zerbitzuak ere eskaintzen ditut. Abokatua naiz. Zuzenbide Ekonomikoko ikasketak egin nituen Deustoko Unibertsitatean.

      Sardexka mahai gainean utzi zuen.

      — Azken aldian, hainbat etorkin elkarterentzat ari naiz lanean.

      — Lanik ez zaizu faltako haiekin, ezta?

      — Aberasteko adina ez du ematen, ordea —esan zuen erdi txantxetan—. Nire irabaziak elkarte bakoitzaren egoera ekonomikoaren araberakoak dira. Tira, hala ere, ez nago kexatzeko.

      Sardexka berriz ere kazolatxoan sartu eta ahora eraman zuen gero.

      — Zein da zure egitekoa? —galdetu nion.

      — Elkarteen kontu ekonomikoez eta ordezkaritzaz arduratzen naiz. Tira, egia esatea nahi baduzu, denetarik egiten dut. Esaterako, kideei aholkularitza juridikoa eman, aurrekontuak prestatu, kuotak kobratu, jarduerak antolatu, diru-laguntzak eskatu.

      — Lan burokratikoa, beraz.

      — Eta, horretaz gainera, elkarteak gizartean duen irudi ona zaindu. Era guztietako erakunde eta entitateekin ditugun harremanak bideratuz. Eusko Jaurlaritzarekin, aldundiekin, udalekin, beste herrialde batzuetako enbaxada eta kontsuletxeekin. Bilera bileraren atzetik nabil beti.

      — Zorionekoa zu. Irabazi-iturria ziurtatua duzu bederen.

      Edalontzia altxatu zuen.

      — Egin dezagun topa.

      — Ardoaren, kazolatxoen eta bezero leialen alde?

      — Zergatik ez.

      Abokatua algaraka hasi zen. Edalontzia mahai gainean utzi eta gero, hitz beste egin zuen.

      — Tira, Egileor jauna, hel diezaiogun hona ekarri gaituen gaiari.

      — Zuk esango didazu zergatik eskaini didazu abegi on hau...

      — Lazkaoko hilketari buruz hitz egiteko deitu dizut.

      — Lazkaoko hilketa? —esan nion harriduraz.

      — Egunkarian esan didatenez, zuk idatzi duzu edizio digitaleko albiste laburra.

      — Zuzen zaude.

      — Irratiaren bidez izan dut gertaera lazgarriaren berri. Atsekabe handia eragin dit Rachiden hilketak.

      — Ezagutzen zenuen hildakoa?

      Ahopeka erantzun zidan, begi-bazterraz aldameneko mahaietara begiratzen zuen bitartean.

      — Aholkularitza ematen diedan etorkin elkarteetako batean zegoen. Horregatik nator zugana.

      Gero gorago hitz egin zuen.

      — Egunkarian argitaratu duzun albisteak aho bete hortz utzi nau, Egileor jauna.

      — Zer ba?

      — Irakurri dudanez, Ertzaintza droga trafikoarekin lotutako kontu garbiketaren hipotesia ari da ikertzen.

      — Hala da. Nire iturriek baieztatu didatenez, Ertzaintzak ikerketa-ildo hori lehenetsi du.

      Abokatuak harridura-aurpegia jarri zuen.

      — Ezinezkoa da.

      — Autoan droga atzeman badiote.

      — Berriz diotsut, ezinezkoa da Rachid droga trafikoan sartuta egotea.

      — Zertan oinarritzen zara hori esateko?

      — Nik ordezkatzen dudan etorkin elkartea erakunde serio bat da, Egileor jauna. Beraz, pentsa dezakezunez, kontu ilun hauek guztiek elkartearen irudi ona lohitzen dute. Horrek dakartzan ondorio txar guztiekin.

      — Ulertzen dut.

      — Gure esku dauden neurri guztiak hartu ohi ditugu gisa horretako arazoak ekiditearren. Orain arte ez da sekula halako saltsarik izan gure elkartean. Eta lepoa egingo nuke elkarteko kide bakar bat ere ez dagoela droga-trafikoan nahastuta.

      — Oso ziur zaude horretaz.

      — Bai. Rachid ongi ezagutzen nuen, Egileor jauna.

      — A, bai?

      — Nire adiskidea zen.

      — A, adiskidetasuna. Froga eztabaidaezina, dudarik gabe.

      — Bera ezagutu izan bazenu, zuk ere ez zenukeen sinetsiko droga trafikoaren asmakeria hori. Tipo ona zen.

      — Askotan gutxien uste duguna egoten da saltsa handienean sartuta.

      — Tontakeriak.

      — Zer dio bere familiak?

      Rodriguezek besaburuak altxa zituen.

      — Egia esan, gauza gutxi dakit Rachiden bizitza pribatuari buruz —isilik eta pentsakor geratu zen une batez—: Donostian bizi zela. Hori besterik ez.

      — Ez zenuen ba adiskidea?

      — Bai, baina inoiz ez zuen kontu pertsonalei buruz hitz egiten.

      — Arraroa, ezta? Adiskideen artean.

      — Ez pentsa. Ohiko jokabidea izaten da hori etorkin askoren artean. Ezkutuan baleude bezala bizi dira.

      Arnasa sakon hartu zuen. Ahoskatzen zituen hitzak banan-banan azpimarratuz.

      — Lehen ere esan dizut, Egileor jauna, nire zereginetako bat da elkartearen eta elkarteko kideen izen ona gordetzea. Ororen gainetik, haiei zor natzaie. Eta, zer esanik ez, adiskideei. Beraz, Rachidi benetan zer gertatu zaion jakin nahi nuke, haren aurkako esamesak bazter guztietan zabaltzen hasi baino lehen.

      — Horretan ari da Ertzaintza.

      — Zuk argitaratutako informazioa egia bada, ez dute ikerketa ongi bideratu.

      Zuzen galdetu nion:

      — Zer nahi duzu nigandik?

      — Agian esku bat bota zeniezadake gertaera argitzen. Informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duzu.

      Besaburuak altxatu nituen.

      — Zure informaziorako, egunkaritik kalera bota naute naute gaur bertan.

      — Zer diozu?

      — Komunikazio-enpresak arazo ekonomiko larriak ditu.

      — Tira...

      — Ertzainengana jo duzu?

      — Bildu naiz haiekin, baina ezer ez. Kasua sekretupean dago.

      — Itxaron egin beharko duzu epaileak sekretua kendu

      arte.

      Algaraka hasi zen Rodriguez. Gero bekozko iluna jarri zuen.

      — Itxaron? Ezta pentsatu ere. Nik bezain ongi dakizu gauza hauek nola izaten diren. Prozesu judizialak luzatu eta luzatu egiten dira. Bitartean, hedabideek zurrumurruak haizatzen dituzte etengabe. Auskalo zenbat irakurri eta entzun beharko ditugun... Ez naiz, ordea, besoak gurutzatuta geldituko beste batzuek Rachiden eta elkartearen izen ona zikintzen dituzten bitartean.

      — Nik ezin dut ezer egin.

      — Bada, proposamen bat egingo dizut. Ea iritziz aldatzen duzun.

      — Proposamena?

      — Rachiden hilketa niretzat iker dezazun nahi nuke. Ongi ordainduko dizut. Bederatzi mila euro orain, eta beste sei mila ikerketari buruzko azken txostena ematen didazunean. Gastuak nire kontu. Zer iruditzen zaizu?

      Solaskidearen hitzek ezustean harrapatu ninduten. Hilketei buruzko makina bat albiste labur idatzia nintzen lanean, baina inoiz ez zitzaidan egokitu halako eskaintza bat jasotzea. Gogoetan murgildu nintzen. Aitortu beharrean nengoen proposamen tentagarria zela. Zer esanik ez, une hartan lanik gabe zegoen kazetari batentzat. Aukera-aukeran zetorkidan.

      Baina, diru kontuaz gain, proposamenak bazuen niretzat beste alderdi interesgarri bat: kasuaren inguruabarrak neure kabuz, bulego grisetatik urrun eta inoren aginduak bete behar izan gabe ikertzeko aukera izango nuen.

      Lehen begiratuan, Rachiden hilketa kontu garbiketa izan zen. Haren autoan atzemandako haxixak eta kokainak argi erakusten zuen droga trafikoan sartuta zebilela. Bazirudien puzzlearen atal guztiak behar bezala ahokatuta zeudela. Itxura batean, Ertzaintzak zerabilen hipotesia bat zetorren gertatutakoarekin. Polizia-akademia bateko ikasle zozoenak ere ikusiko luke hori.

      Alabaina, Rodriguez ezezkoan zegoen tinko. Ikerketa-ildo nagusia zalantzan jartzen zuen goitik behera. Berdin zion inolako frogarik ez izatea. Bere setakeriak harritzen ninduen gehien. Zergatik tematzen ote zen kontu harekin? Elkarteko kideengatik eta hildakoarekin zuen adiskidetasunagatik? Eta zuzen balego? Zeren, itxura batean, gauzak oso garbi zeuden, baina agian garbiegi ere bai gauza onerako.

      — Tira, ongi da, onartzen dut tratua. Hori bai, adostutakoaren baldintzak idatziz jasotzea nahi nuke —esan nion badaezpada ere. Sekula ez zegoen jakiterik.

      Hizketakideak baiezkoa egin zuen buruaz.

      — Heldu den asterako prest izango duzu kontratua.

      Gero argazki bat eskuratu zidan.

      — Rachiden argazkia da.

      — Beste datu edo dokumentu baliagarririk baduzu?

      — Horrekin moldatu beharko duzu.

      Abokatuak urrezko ordulariari begiratu, zerbitzariari deitu eta kontua ordaindu zuen. Tabernatik irten eta elkar agurtu genuen. Rodriguez etxera abiatu zen. Ni Alde Zaharrean gelditu nintzen. Ikerketa hutsetik hasi beharko nuela pentsatuz.

 

ERRAUTS
Eneko Aizpurua

Erein, 2011
armiarma.eus, 2020