ERRAUTS
Eneko Aizpurua

Erein, 2011
armiarma.eus, 2020

 

“Forget it Jake. It’s Chinatown"

Chinatown 

 

 

—1—

 

Errege egunaren ondorengo igandea zen. Astotxo Eguna Lazkaon. Hotz egiten zuen kalean. Goizean goizetik laino beltz potoloak metatu ziren zeruan. Iragarpenak txarrak ziren. Euri arriskua zegoen. Eguraldi txarrak ez zien, horratik, egun seinalatua hondatuko lazkaotarrei. Ez horixe.

      Antolatzaileek jaiegunerako aurreikusitako programari eustea erabaki zuten. Urtero bezala, hainbat ekitaldi antolatu ziren. Goizean, asto diana eta kalejira. Eguerdi partean, meza nagusia eta txistu-emanaldia. Bazkalaurrean, asto lehiaketa eta kale-antzezpena. Antzinako ohiturari jarraiki, hainbat gazte eta heldu Itun Berriko Egiptoko ihesa pasartea antzeztekoak ziren kalean.

      Eliza inguruak eta Zelaia jendez lepo zeuden antzezpena hasi baino askoz lehenagotik. Adindunak urduri. Berrogeitaka urteko gizon-emakumeak berriketan. Bikote gazteak haur kotxeei tiraka. Bisitariak argazki eta bideo kamerak eskuan. Inork ez zuen huts egin nahi ikuskizuna. Moja etxean geratzen ziren jende apurrak ere bazetozen kanpora. Obleak besapean eta salda beroa urdailean.

      Elizako ezkilak ordu bata jo bezain laster, eguneko ekitaldi nagusia hasi zen. Herodes Handiak Zelaiko elurrezko alfonbra zurian urrats batzuk eman zituen. Lazkao Txikiren estatuak begi bazterraz begiratzen ziola. Bikarioetxe aurreko zurezko eszenatokiko eskailerak astiro igo eta oholtza gaineko tronu erraldoian eseri zen. Besoak eta hankak zabalik.

      Bitartean, zerbitzariek mahats mordo batzuk eta ardo pitxar handi bat ekarri zizkioten prestu. Bere handientza jan-edanean ari zen gogotik, kontseilariak agertu zirenean. Zein baino zein serioago.

      — Aurpegi txarra duzue. Ez al duzue bart ongi lo egin? —galdetu zien erregeak.

      — Berri txarrak ditugu, Handientza —ihardetsi zioten totelka.

      — Berri eta aurpegi txarrak... —mesfidantzaz begiratu zien erregeak—. Zer jazo da?

      — Jesus juduen errege berria jaio da Belenen —esan zioten barkamena eskatuz bezala.

      — Zer diozue baina? —orro egin zuen Herodesek—. Ni naiz Judeako errege bakarra.

      Inork ez zuen zirkinik ere egin kilometro erdiko ingurumarian.

      — Ingura ezazue Belen eta hil itzazue bi urtetik beherako haur guztiak —garrasi egin zuen agintari ahaltsuak.

      Bat-batean, lasterraldiak eta garrasiak hasi ziren. Soldadu erromatarrek haur jaioberriak sastaka hiltzeari ekin zioten. Belengo herritarrak ihesi zihoazen nora ezean. Legionarioak Zelaiko estalpera hurbiltzen ziren bitartean. Hantxe zeuden Jose, Maria eta Jesus haurtxoa. Hotzez dardarka. Ikusleak adi-adi begira zituztela. Bazirudien ez zirela bizirik aterako triskantzatik. Astotxo esanekoari esker, ordea, Herodes eroaren atzaparretatik ihes egitea lortu zuten.

      Zelaitik airean ospa egin eta herriko plaza alderantz abiatu ziren. Agauntza ibaiaren gaineko zubitik igaro. Udaletxera ematen zuen bihurgunean sartu. Herritarrak txaloka zituztela. Dena aurreikusi bezala zihoan. Kale-antzezpenaren arduradunak pozez zoratzen zeuden. Ezbairik gabe, aurtengoa ere ekitaldi arrakastatsua izango zen. Ez ziren alferrik aritu, gero, proba-saioak egiten. Baina, inork espero ez zuenean, gauzak zeharo aldrebestu ziren. Iheslari santuak udaletxe paretik igaro berriak zirela, astotxoak zoruan laprast egin eta hara non joaten diren hankaz gora denak. Jesus, Maria eta Jose!

      Gutxienez ehun bat asto egongo ziren une hartan herriko plazan. Ordu arte, lasai ederrean, egonean, deusekin aztoratu gabe. Baina, astotxoaren zalapartak entzun zituztelarik, ez ziren ba haiek ere arrantza batean hasi. Astrapala galanta sortu zen Euskadiko enparantzan.

      Lehen Judeako legionario erromatarrak atzetik, eta orain Euskadiko enparantzako asto guarnizioak arrantzaka hartu. Hura zen marka! Jesus haurra, plastikozko burua galduta. Maria, herriko monjek okasiorako utzi zioten soinekoa guztiz urratuta. Jose, lurrean, aho bete hortz. Eskimal bat Sinai mendian bezala. Eta astotxoa, errepidearen erdi-erdian, nahierara.

      Antzezpenaren antolatzaileek bridatik heltzen zioten, makilakadak ematen zizkioten. Alferrik zen, ordea. Ahaleginak eta bi egin arren, ezin zuten astoa frontoira ekarri. Harik eta bere kaxa mantsotu zen arte. Lau hankakoarekin batera eraman zituzten Maria eta Jose. Herodes eroa eta bere legionarioak atzetik zituztela. Ekitaldia bukatzear zen ordurako. Frontoi inguruak lepo zeuden. Antolakuntzako kide batek mikrofonoa hartu zuen. Auto, asto, orga, zaldi eta hankabikoen anabasari zuzendu zitzaion irribarretsu:

      — Eskerrak eman nahi dizkizuet Astotxo Egunera etorri zareten guztioi eta kale-antzezpenean parte hartu duzuen herritarrei. Ezbeharrak ezbehar, aurtengoa ere ekitaldi arrakastatsua izan da!

      Inork ez zion kasurik egin. Astotxo Eguneko ekitaldiak amaitu ziren. Jendeak bazkari legea zuen amets. Elkarteak eta jatetxeak laster beteko ziren astotxoaren ohoretan edo aitzakian oturuntza egiteko. Baina Astotxo Egun ezohiko hark beste ezusteko bat zeukan ezkutuan gordeta.

      Bat-batean, plazako errepideaz beste aldean, garrasiak entzun ziren. Zalantza eta isiltasun une batzuen ondoren, jendea zalapartaka hasi zen. Bizpahiru udaltzainek bidea airean zeharkatu eta Agauntza ibai alderantz joan ziren korrika. Eta haien atzetik, trumilka, herritarrak. Zelata tabernaren atzeko aldean gertakari larria jazo zen.

      — Odolusten ari duk.

      — Gruiere gazta bat ematen dik.

      — Labankadaka zulatu ziotek gorputza.

      Sinestezina zen. Tabernaren atzeko aldean, erdi ezkutuan, gizaseme bizardun, beltzaran ilekizkur bat hiltzorian zegoen odol putzu handi baten erdian. Ahoa erdi irekita zeukan. Begiak, gora begira. Bizkarra, ibaiertzeko eskudel zuri izoztuaren kontra bermatuta. Eta besoak, zabal-zabalik, burdinazko baranda gainean. Gurutzean iltzaturik balego bezala. Jesu Kristo bezala. Jesu Kristo mairu bat. Barandan odola bor-borka zeriola.

      Hasierako tentsio-uneak igaro eta gero, ibaiertzera gerturatu zirenak eztabaida sutsuan hasi ziren. Zaurituaren jatorria zuten hizpide. Ez ziren ados jartzen, gauza batean izan ezik:

      — Etorkina duk.

      Ertzaintzaren bi patrulla-auto eta anbulantzia bat tximistaren pare etorri ziren. Sirena hots ikaragarria jendearen zurrumurru-hotsarekin nahasten zen. Gertatutakoari buruzko aieruak nonahi entzuten ziren. Kontu garbiketa zela, droga trafikoa, ekintzaile islamikoen erasoa...

      Zelata eta Alboka tabernen arteko errepidea susmoen ezusteko azoka zen. Taberna aurrean bildutako herritarrak eztabaidan ari zirela, agintari eta ordezkari politikoak agertu ziren herriko alkatea alboan zutela. Jendetzaren erditik igaro ziren airean. Arauzko janzki eta gorbatak soinean, telefono mugikorren hotsean eta aurpegi atsekabetuak erakutsiz.

      Herritarrek harrera hotza egin zieten. Gutxi batzuk builaka hasi zitzaizkien:

      — Nazkatuta gaude lapurretekin eta mehatxuekin!

      — Orain, berriz, hilketak egun argitan! Zer ikusi behar dugu?

      — Gertatuko ez dira ba! Nahi duten guztia egiten uzten diete eta. Noiz hasi behar duzue jendilaje horren aurkako neurriak hartzen?

      — Martxa honetan, gure seme-alabak ikastolara ere ezin izango ditugu bidali laster.

      Jendea urduri zegoen. Ordezkari politiko bat Zelata aurreko espaloira igo eta lasaitasunerako deia egin zuen besoak gora eta behera mugituz.

      — Zaudete lasai denak.

      — Hitzak ez, ekintzak nahi ditugu!

      — Zuen kexak guztiz ulergarriak eta arrazoizkoak dira. Zoritxarrez, denbora gehiegi egon gara besoak gurutzatuta arazo larri honen aurrean.

      Politikariak isilunea egin zuen. Gero, hotsandiz erantsi zuen:

      — Baina neurriak hartzeko ordua iritsi da.

      Biraoak eta kexak amaitu ziren. Herritarrak isildu. Hizlariak hatz erakuslea altxatuz oihu egin zuen:

      — Hitzematen dizuet aste honetan bertan bilduko garela Herrizaingo Saileko arduradunekin. Hiri-segurtasuna bermatzeko neurri zorrotz eta eraginkorrak hartzea exijituko diegu.

      Inork ez zuen zirkinik egiten.

      — Bakean bizi eta lan egin nahi duten etorkinak ongi etorriak izango dira Lazkaon, Goierrin eta Gipuzkoan. Ez, horratik, gure bizikidetza eta lasaitasuna hautsi nahi duten gizatxarrak. Tolerantziarik ez krimenarekin!

      Txalo zaparrada galanta jaso zuen. Nola hautagaiak mitin batean, halaxe. Zoritxarrez, Zelata tabernaren atzeko aldean, ez zegoen berriketarik. Hango argi koloretsu eta zarata gorgarri bakarrak Ertzaintzaren autoen eta anbulantzien sirenenak ziren. Politikaria hizketan aritu zen tokitik hamar bat metrora, gizon bat biziaren eta heriotzaren artean zegoen.

      Iskanbilak suspertuta edo, gizasemeak begiak itxi, hortzak estutu eta lurretik altxatzen ahalegindu zen. Oinazez ezindua zegoen. Ahoa ireki eta hitz egiten saiatu zen. Botaka egin zuen. Ateratzen zituen zaratak entzun zituztelarik, inguruan bildutakoak harengana itzuli ziren.

      Azkenean, hitzen bat edo beste ahopeka ahoskatzea lortu zuen.

      — Haizea behar dut —izerditan blai zegoen.

      — Haizea? —galdetu zuen harrituta jende artetik irten zen mutil koskor batek. Buruari hazka egiten zion ezer ulertuko ez balu bezala.

      Beltzarana arnasestuka zegoen. Mingain odolduak traba egiten zion hitz egiterakoan.

      — Gizon askea naiz.

      Haurra mutu zegoen. Helduak marmarrean ari ziren.

      — Hara bestea. Mesiasa etorri duk Lurrera gure arimak salbatzera.

      — Mesiasa? Egingo nikek tipo hori drogaz ipurtzuloraino egon baietz.

      Hil-hurrenak arnasa sakon hartu eta ezkerreko besoaz keinu egin zien parean zituenei. Aurpegiko zauri eta odol arrastoak denen agerian.

      — Ken zaitezte paretik askatasun haizeak eman diezadan...

      — Hil da —garrasi egin zuen negar batean mutil koskorrak, hildakoari hatz erakusleaz seinalatuz.

      — Non arraio sartu zara? Zatoz hona ume mukizu hori —emakume ilehori ezpaingorri batek haurrari besotik heldu eta airean eraman zuen.

      — Ama, gizon askea hil da —garrasi egin zuen haurrak.

      — Gizon askea? Gaiztakerian dabiltzanei gertatzen zaizkie horrelakoak —amak begiak estali zizkion eskuaz—. Tira, goazen hemendik oraintxe bertan, bestela gauean amesgaiztoak izango dituzu.

      Erizainek hilotza anda gurpildun batean etzan, izara zuri bat gainean jarri, eta anbulantzian sartu zuten. Lazkaotik Polloeko beilatokira eramango zuten autopsia egin ziezaioten. Gero familiakoei abisu emango zitzaien gorpuzkinaren bila joateko. Familiarik ez bazuen, ahaideak inon topatzen ez bazituzten edo inork ez bazuen gorpua eskatzen, Polloen bertan errauts bihurtuko zuten. Edo hobi komun batean hobiratu.

      Anbulantzia herriko plazatik lekutu zenerako, abian zen gertatutakoa argitzeko ikerketa. Herria esamesez eta ertzainez bete zen. Atal Zientifikokoak arrasto bila zebiltzan gertaeren lekuan. Hotsa zabaldu zen Ertzaintza susmagarri baten atzetik zebilela. Hilketa gertatu zen ordu bertsuan, oinezko batek gazte beltzaran bat zoro moduan lasterka ikusi omen zuen Agauntza ibaiaren gaineko zubian. Lekukoaren arabera, mutil hura plaza aldetik etorria zen. Hilketan nahastuta egon zitekeen.

      Zurrumurruak baino ez ziren, ordea. Artean dena baitzen aieru. Dena zalantza dantza. Lehen zantzuen arabera, gauza bakarra zen segurua: erailketa ez zen Herodes eroaren gizonen lana...

 

ERRAUTS
Eneko Aizpurua

Erein, 2011
armiarma.eus, 2020