TXAPELERDI
Ramon Intzagarai

1921
armiarma.eus, 2017

 

            Mutil ederra dala edonork esan dezake; langilea ere bai, zintzo eta garbia; baina ez da osoa txapelez behintzat, txapelerdi deitzen baitiote.

            Beste akats bat ere badu: euskerari zaletasunik ez dionena; eta hauxe bai gezurra dirudila. Etxean ez du beste hizkuntzarik entzuten; amak euskeraz, aitak euskeraz, senideak ere bai; baina berak euskera gutxi ibili ohi du ahoan, eta darabilkina erdi lotsaz bezela, pitin eta mordoilo. A kirtena, alaen kirtena!

            Txapela omen da euskaldunen ezaugarria, eta txapelerdi esanda, horti-hortitxek dabil euskaldunerdi izatea ere noski. Gure txapelerdi honek txango haundiak egiten omen ditu, ispilu aurrean. Ile adatsa sarri eta galanta badu, oraingo tankeraz, luze-luze uzten dan antzekoa, eta hainbesteko burugaineko kalparra behar bezela leundu eta orrazteko, nahi eta nahiez, txango haundia egin behar da ispiluari begira. A zein ederki! A zein txoralda!

            Zenbat bexuxa eta kuttuxka egiten ote dizkio ile mototsari! Orraz eta orraztuz, batzuetan zelai jarri, bestetan sasia bezela tente eta nahaste, hurrengo txandaz nahaste-borraste, eta azkenerako garondoa soil eta murri, eta buru kankarra ile mordotan, trikutzar bat balitzaio bezela.

            Amak gogor ekiten dio, aita aspertuta dauka esan eta esanaz, horrenbesteko txoralda haizerik mutil euskaldun batek ez duela behar, senideak muxinkor agertzen zaizkio; baina bera, seta eta seta, beti buru-sasi hura ezin apaindurik.

            Orrazi haundi bat darabilki, jo eta hautsi, etxeko apainketan, eta kalerako noski, eten litzazkioken ile-mintzak bideratzeko, orraxi txiki polita sakelan ba omen du. Ispilu haundi bat etxean, pitxi bat kalerako.

            Soinaz ere lerden ibiltzen da, beti zutitsu; gaztea da-eta, konkor gutxi izan diteke bizkar eta sorbaldetan, horretxen adinaz.

            Hainbesteko adats hoiek ukendu eta urinez lixibatzen ditu; diranezko urnigar goxo eta usaintsuek badute kaskar gaineko baso hartan zer hezatu: krabelinarenak, xarpotxarenak larri ibili ohi dira mutil honen baratzalde guziak usaintzeko.

            Usaintsu da mutil hauxe, baina txapelerdi. Ez da inongo dendan honek behar duen txapelik; hainbeste egur eta zendor sortzen zaizkio basoan, eta txapelak ezin dizkio erdirik ere estali. A txapelerdi!

            Lehengo egun batez begira egon nintzaion, etxetik irteten zan garai batez. Huraxe zan pragata! Haren abiada, haren haizea, haren usaina, haren ilea; eta orraztu berria zalako, eta orrazketa eder hura zirriborrotzea nahi ez zuelako, garondoaren azalaren mintzaren mintzean txapela zeraman, txaplaxta balitz bezela, eta txamarraren erpinaren puntaren puntatik goruntz.

Esan ere banion: A txapelerdi, txapelerdi! Porru ederra joko diagu hi bezelakoekin. Sartzak txapela buruan oso-oso, alderdi batera pitin bat okerturik, euskaldun jatorrak bezela...

            Ta uunka, uunka joan zitzaidan.

 

TXAPELERDI
Ramon Intzagarai

1921
armiarma.eus, 2017