GABRIEL ARESTI SEGUROLA (1933-1975)
Juan San Martin

Euskera, 1975
armiarma.eus, 2015

 

      1975eko ekainaren 6an hil zen Gabriel Aresti euskaltzain laguntzailea Bilbon. Hiri honetan sortua zen 1933ko urriaren 14an.

      Euskaldun berri esan ohi denetakoa zen. Hamasei urtekin hasi zen euskaraz ikasten eta hogetabat zituenerako hasia zen Guatemala-ko Euzko-gogoa aldizkarian euskaraz idazten. Ogibidez Profesor Mercantil zen eta hontaz zuen bere lanbidea, 1957an Euskaltzaindiko laguntzaile izendatua izan zen. Euskera, Euzko-gogoa, Egan, Olerti, Zeruko Argia, Anaitasuna eta beste zenbait aldizkaritan idatzi zuen euskaraz.

      Maldan behera (Euskera, 1960), Harri eta Herri (1964), Euskal Harria (1967) eta Harrizko herri hau (1970) poesia liburuak idatzi zituen, eta antzerki sailean beste hauk: Mugaldeko herrian eginikako Tobera (Egan, 1961), Justizia txistulari (Egan, 1965), Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Madalenaren seme santua (Egan, 1963), ...eta gure heriotzeko orduan (Egan, 1964) —geroztik, lau lanok, R. Saizarbitoriak Lau teatro Arestiar deritzan liburuan bildurik argitaratu zituen, 1973. urtean, hitzaurre batekin—, horiez gainera beste bosgarren bat ere bai, Beste mundukoak eta zoro bat (1969an Euskal Elerti 69 bildumazko liburuan, 329/402 orr. Horiez gainera, beste lan berezi batzuen artean Malgizonen abenturismoa (1972), Mundu-munduan (1965) eta Hiztegi tipia (1973) A-tik D-ra arteko hiztegia.

      Azterketa lanik sakonenen arteko zituen Flexiones verbales empleadas por Leizarraga de Briscous eta Léxico empleado por Leizarraga de Briscous Principe de Viana Mintegiaren Fontes Linguae Vasconum-en 11 eta 13 zenbakietan (1972-1973).

      Beste honako lan hauk euskararatu zituen: B. Brecht-en Xixtima zoriontsu bat (1968an Bilboko Kriselu taldeak errepresentatua), T. Meabe-ren 14 alegia (1968an, Meaberen gaztelerazko orijinalaren ondotik bere euskal itzulpena eta baita ere R. Salvat eta X. Alonso Montero-ren katalanez eta galegozko itzulpenez), F. Marcos da Portela-ren Nekazariaren dotrina (1969), Nazim Hikmet-en Lau gartzelak (1971), F. García Lorca-ren Seis poemas galegas (1974an lau hizkuntzaz Madrid-en argitaratua), Castelao-ren Nós (1974an, hau ere Madrid-en lau hizkuntzaz argitaratua) eta V. Paz-Andraderen Pranto matricial (1975ean Coruñan argitaratua, bost hizkuntzatan, portugesa gehituaz).

      Azkenez Asterix-en liburuak itzultzen ari zen, lau kasik bukaturik utzi zituen eta I976an argitaratu dira Jesus Mari Arrietak osaturik.

      Euskal poesia berriaren eragilerik handiena izan zen, eta antzerkian ere ahaleginik asko egin zuen bide berriak aurkitzearen alde. Jaso zituen saririk aipagarrienak hauk ziren: poesian, Loramendi izenekoa 1959, Orixe 1963, Lizardi 1966 eta J. M, Iparragirre 1968; eta, antzerkian, T. Altzaga 1961.

      Langile borrokatua zenez, Euskaltzaindiaren eskariz, nahiz beregandikako eskaintzaz, lanik anitz egin zigun, euskara idatziaren batasun bidearen urratsetan, idazlerik gehienon gogoak eskatzen zuen bidea markatzeko eta bultzatzeko, talde baten eskariz, X. Kintanaren laguntzarekin Batasunaren kutxa (1970) deritzan liburua gertatu zuen. Baina, geroztik, Euskaltzaindiko aditz batuaren batzordeko kontseilarien artetik langileenetako bat izan zen Gabriel.

      Euskal literaturak gure gizaldiko idazlerik hoberenetako bat galdu du; Euskaltzaindiak egiazko laguntzaile bat. Adiskide maitea, bego atsedenean.

 

GABRIEL ARESTI SEGUROLA (1933-1975)
Juan San Martin

Euskera, 1975
armiarma.eus, 2015