ARESTI ZANA DALA ETA
Uxola

La Voz de España, 1975-08-24
armiarma.eus, 2015

 

     Gabriel Aresti olerkaria hilik da oraintsu. Bilbotar olerkari honek, inondik ere, bazuan bere barruan zerbait eraginkor jendea eztabaidan ipintzeko, hitz-gai izateko. Eta uste degu hilik geroztik ere bere izate borrokalariaren hats eraginkor hori hilobietako harri zolaren azpitik aterako dala, eta ez indarge.

      Hil guztiek izaten dituzte nola-halako goralmenak hilik geroz, nahiz eta bizirik asto beltxarenak esan berarengatik. Aresti ere hilda gero salda bero ez zaio faltatu eta haginka eta luma-eztenaz zerabilkiten zenbait idazleren intzentzu eta hitz onen iturri izan dugu olerkaria betiko isildu danean. Beraiek jakingo dute aldaketaren berri, zer dala eta iluna argi bihurtu duten, baina ziur nago berpiztuko balitz hauek izango zituala lehenengoak beren zigorrak astintzen. Sarri, batez ere liderkeria gaitzaz jota daudenei gertatzen baitzaie aurreregi eta gogorregi hitz egitea, eta gero hitzez aldatu beharra soin izerdituak alkandoraz aldatzea eskatzen duan arabera.

     Nik inoiz ez nuen izan eztabaidarik berarekin. Bakoitza geron bidetik gindoazen, elkar errespetatuaz. Bakoitzak geren iritziak genituan, ez nuen ezer txarrik esan berarengatik, eta orain, alkandoraz aldatu gabe, aske gelditzen naiz orduko eta oraingo diran iritziak azaltzeko.

      Lehen ere esana det erdalduna jaio eta euskera ikasi dutenen aurrean txapela kentzen detala, agur dagietela. Eta Arestik ere hontan nire agurrik bazuan, bai beste edozeinek ere. Baina horrek ez du esan nahi ontzat hartzen detala berak baino euskera hobekiago  ezagutzen dutenei erakusten jartzea. Norbaitek esango dit euskaltzaina zala, eta zerbaitegatik izango zala. Nik erantzungo nioke gaur egungo akademian "nomala" dala batzuek euskera ongi ez ezagutzea. Eta hauxe gertatzen zitzaion gure gizonari.

      Hau egiaztatzeko irakurleak ez du besterik haren irakurgaietan murgiltzea baino. Horrelakoak irakurri baititzazkezu: "Eta inork entzun nahi ez badit berdin dit", berdin zait hobekiago legokeenean; edo "Ez dira oraindik konturatu zerura fariseoen fabriketako keak igotzen dutela, ez haien otoitzak", igotzen dira behar lukeenean.

      Erne baina! Ez det esan nahi honekin idatzi behar ez dutenik, ez. Euskera dana beharrean aurkitzen da. Iparragirrek ere "Zibilak esan naute" esan zuan, esan didate esan behar zuanean, baina abestia hor dabil euskal aho guztietan. Gu baino idazle hobeagoentzat, gu bezelako traketsentzat, eta baldarragoentzat ere, zer egina badago. Beraz, gauzak garbi eta goazen aurrera.

      Aresti olerkari hain ona al zan? Ez dezagun konparaziorik egin. Askori, eta olerkietan asko dakitenei entzun izan diet ona zala. Neri, egia esan, ez zitzaidan atsegin. Irudi aberatsen tokian irudi ausartak ipintzen zituan. Argibiderako ipini ditudan bi zatiek balio dute ere. Sozial gai garratzak eta bizitza aranzdun orriak zizkizun maite. Gai hauek eta esakera hauek batzuei atsegin izatea ez naiz batere harritzen, dihoaztela bada beren gogoen araberan bakean. Nere gazte denborako Mendaro Txirristakaren ateraldi pipertsuak baino atseginago zitzaizkidan, bertsolari bezela, Txirrita edo Frantsesa baten bertso ongi taxutuak eta irudiz aberatsak. Azkenean bihotzak erakusten digu buruko ileak nola orraztu. Batzuek, beraz, gogozko izatea ez naiz harritzen, zaletasunean ez baikera guztiak berdinak.

      Neretzat Arestiren dohainik bereziena bere iritziekin leial jokatzea zen. Oraintxe berri, Euskaldunak aldizkariak frantses hizkuntzan esan digu Aresti komunista fina zala. Bere idazkietatik barna horrela zala igartzeaz, irakurle txar askok jabetu nahi bazuten ere leialtasun horrez gauzak agerian jarri nahiak etsai asko sortu zizkion alboan, eskuindar artean, baina ez gutxiago gure ustez iritziz kideko jotzen genituanen artean.

      Eta hona hemen gertakizun bat azaldu, norbaitek bere kondaira idazten badu kontuan har dezan:

 

      Hortxe hamar-hamaika bat urte Tolosako Oargui-n A. Ibarrola margolariak erakusketa bat egin zuan. Erakusketa honen bukaerako, Arestik egin behar zuan hitzaldia. Ordua iritsi zanean presentadorea ez zan etorri. Eratzaile bat, ene lagun bat  etorri zitzaidan eskatuaz presentazioa nik egin nezan.

      —Nik ez diat gizon horrekin inoiz hitz egin —esan nion—, ez nauk hortarako egokiena.

      Esan dezadan neri ez zidatela bera presentatu, norbaitek esan bazidan ere handik hara taldeekin hizketan ari zan huraxe zala, itxuraz, lehenengo sari bat irabazi berria zala esaten ari zitzaien. Sariketara neronek ere lan bat bidali nuan. Nola zekian gizon harek berria, Euskaltzaindiak erabakia argitaratu ez bazuan? (Handik sei egunera egin zuten). Minduta gelditu nintzan Euskaltzaindiarengatik, baina ez zen enegatik lagunari ezezkoa eman niola… Eta jarraitu nuan aretoan begiratu eta aztertu ondoren.

      —Berarekin hitz egiten duan batek egin behar litxekek. Esate baterako, Euskaltzaindian berarekin biltzen den norbaitek. Hor badituk euskaltzain bi, Labaien eta Rikardo Arregi (G.B.).

      —Bai al dek adiskidetasunik Rikardorekin?

      Baietz esan ondoren, honi deitu nion. Eta esan nionean eratzaileen arazoa, ni harrituz txunditurik, hauxe esan zidan:

      —Nik Arestiri presentazioa egin? Horrek ez dik presentatzailerik behar. Nahikoa dek bera bere burua presentatzeko…

      Labaien jaunari esan nion hurrengoz, eta hara nondik iritziz ezberdina zirudien gizonak aurkezpena egin. Hitzaldi labur hartan Arestik ez zuan besterik egin bere olerki liburuan zeuden lau bat olerki irakurri baino.

      Nik, alabaina, bere esanetan zintzo zela esango nuke, horrela uste det. Behin, Agora sariketa zala eta, erabaki bezperan Arestirekin egindako elkarrizketa bat zekarren Unidad-ek. Gutxi gorabehera hau zioen: "Antzerki bat azaldu da, gaurdaino inoiz egin dan mailaz goragokoa, bai idazkeraz bai darabilkian gai ausartarengatik". Nire Askatasun garratza antzerkiari, halaz ere, hitzok itxaropentsu jarri baninduten ere, ez zioten saririk eman. Gero saria emandako antzerkia irakurri nuanean, indartu egin zitzaidan nire ustea. Zer gertatu zen nere antzerkiari —ez da lehenengo aldia— saririk ez emateko? Ez det inoiz honetzaz inorekin hitz egin, baina hitz egin izan banu Arestik bakarrik azalduko zidala egiaz gertatutakoa uste osoa det, askok bezela egia gordetzen ez zekielako.

      Politikaz aparte, dohain honek etsaigoa ekarri zion "progresista" deritzanen artean ere. Idazki hontan ikusi dezutenez, gauza guztietan ez nengoan berarekin, baina leialtasunari leialtasuna zor zaiola iduritzen zait, eta egiari maitasuna. Halaxe nire mintzaira.

      Jaunak eduki dezala bere altzoan.

 

ARESTI ZANA DALA ETA
Uxola

La Voz de España, 1975-08-24
armiarma.eus, 2015