GABRIEL ARESTI SEGUROLA (IN MEMORIAM)
Xabier Kintana

Anaitasuna, 1975-07-15

 

      Ekainaren 5ean, Bilbon, Basurtuko ospitalean Gabriel Aresti hiltzen zen, ahaide eta adiskidez inguraturik. Egun batzu lehenago, gibeleko operazio bat egin ziezaioten, bertara joana zen. Hil zitekeelako posibletasuna ongi kontuan hartu zuen Arestik; eta horregatik argiro utzi zituen bere azken nahiak, bere gorpu eta literatur obrez.

      Jadanik bizi zelarik, Arestik toki inportante bat lortua zuen Euskal Literaturaren historian; eta hemendik aurrera inork ez dio hori ukatuko, orain arte egin diotenek berek ere ez. Bere obra hor utzi digu, dastagai eta aztergai, jaiotzeko diren berrien begi-buruetarako.

      Itxuraz, kontraesan handien arteko gizona genuen Gabriel, Treveriskoaren eta euskalduntasunaren bideak elkartu nahirik ibili zena. Horrexegatik, bizi zenean, helburu biok bete ziezazkiokeen alderdirik ezaz, ez zegoen inorekin, independentzia arrabiatu batetan baizik. Euskaldunei beren eskuindarkeria aurpegiratzen bazien, ezkertiarrei beren euskaltzaletasunik eza erakusten zien lazki. Gizona —abstraktua eta konkretua— defendatu nahi zuen zapalkuntza guztietatik. Eta bere aitaren etxea —guztiona— ere bai.

      Hain burruka latzean Arestiri etsaiak sortu zitzaizkion, edo berak sorterazi zituen. Kasurako berdin da. («Esanen dizut egia, / hau ezta usategia. / Erroi artean izan nintzaden / benetan ausartegia»), Baina izterbegien hirak biltzean, haien amorru arrabiatua jasotzean, Gabriel barrutik poztu egiten zen, bere kritika ongi zuzendua zuela igarriz.

      Bilbotar poetaren pentsamendua ulertzeko, nik uste, haren kontrast izateko gogoa ondo kontuan hartu behar da. Izan ere, Arestiren jarrera batzu berariaz ziren extremista, balantza nolabait ekilibratzeko eta bere portaera horrekin beste puntakoena nabari gera zedin. «Ez dago erdibide bakar bat —esan zidan behin—. Hor dabiltza batzu, purismo eta mordoilokeria artean bide bat egin nahirik. Meza Saindua eta Jaupa Deuna artean Meza Deuna aukeratu dute, berau erdibidea delakoan. Nik beste aukera bat egiteko eskubide berbera duket: Jaupa Saindua, alajaina».

      Zerabilan mordoilokeria hura, hortaz, beste bandakoen kontrako arrapostu zirikatzailetzat ulertu behar da zati haundi batez, bere etsaiak senetik ateratzeko modu bat-tzat, ez bestela. Ez da gaitz ikustea, Arestiren poemen euskara eta haren artikulu polemikoena erabat ezberdin direla, literatur hizkuntza eta mintzaira probokagarria ongi banatuz.

      Eta gauza guztietan arazoen okertasuna ab absurdo frogatzeko sistima horrek —sarritan pertsonak eta idoloak barregarri uztera bultzatzen zuenak— behin baino gehiagotan ekarri zion ezbeharrik.

      Hori dela eta, Gabriel Aresti, gure herrian dauden «gaizto ofizial» honetako bat zen, askoren ustez sekula arrazoia ezin ukan zuena. Baina Malgizon Arestiar, funtsean, Bongizon bat genuen, euskal alorran bere kritikaz kalte baino mesede gehiago egin ziona. Argitasunaren, sinpletasunaren eta birjintasun ideologikoen aldekoek portaera nahasi eta susmagarri hori kritikatzen ziotenean, ez zuten aitortu nahi, parterik haundienean beraiek egiten zutela Aresti susmagarri beren azpijan eta etiketismoaz. Harritzekoa da, bestalde, nola halakoen artean Arestiren poemak erabili eta plagiatu izan diren, autorearen izenik sekula aitortu gabe.

      Euskal poesiari hizkuntza eta gai berriak eskaini zizkion Arestik, mintzaira askatu, aberats eta solte bat, garbizaleen antzutasun thematiko eta linguistikoak ezin eman zitzakeen gauzak berauk. Theatro zaharra ezaguterazi eta modernoari jarraipide berriztaturik eskaini zion. Nola ahantz, bestalde, euskararen batasunak Arestiri zor diona?

      Berak proposatu zuen, besteak beste, 1968.ean Arantzazuko batzarre famatua egitea; eta harez gero aditz batzordean parte harturikoa dugu. Urrunera ginderamatzake hemen haren lexik eta aditz azterketa guztiak aipatzeak, Fontes Linguae Vasconum aldizkarian argitaratuak.

      Arestik ttikitan euskara ez zekiela eta hil zenean 41 urte besterik ez zuela jakiteak, perspektiba bat emanen diguke, haren bizitzaren emankortasunaz jabetzeko.

      Gabrielen heriotza, Haranburu Altunak haren hilobi ondoan esan zuenez, ez da ezein alderdiren galtze bat, Euskal Herri osoaren galtze bat baizik. Eta beste adiskide batek, nonbait egin zaion omenaldian esandakoa errepikatuz amai dezadan nik ere: «Aresti hil da. Biba Aresti!»

 

GABRIEL ARESTI SEGUROLA (IN MEMORIAM)
Xabier Kintana

Anaitasuna, 1975-07-15