KARRANTZAKO IZPIAK
Paben Loidi

Txiruliruka
Kardaberaz Bazkuna, 1977

 

 

I. PASIEGOA

 

Pasiegoa da gizon pobre-aberatsa

saltzen dabil soineko, hari eta orratza...

Urri eta hotza janez, bizimodu latza

baina diru-altxorra lan horretan datza.

 

Etxez etxe darama lepoan fardela

zulo denetan sartuz txingurri bezela.

Bere bizigarria diru hotsa dela

ez du inoiz hustuko bete dun sakela.

 

Hormazulo batean sartu du dirua

inork ikusi gabe, aztertuz lekua.

Haren usaian dabil emazte gaixua

leundu nahi eta ezin koipetan eskua.

 

Bizkiak jaio ziran auzoko etxean.

Aitabitxia behar bataio legean

eta ospe haundiaz dirala pontean

Pasiegoak hartu ditu besartean.

 

Kristautu diranean biai laztan bana

emanda gero min du hartu duan lana.

Eska diotelako legez behar dana

galesti dala, dio, apaizen sotana.

 

Ez da gogo onez joango elizara bihar

bi ume jasotzera berriz zeinek bial..?

Ordaintzaren minez du geroztikan diar:

Gaspara eta Gabina hoitasei errial!

 

 

II. APAIZA ETA SAKRISTAUA

 

Apaiz berria pozik dator irriparrez

buruz jantzia baina ekintza beharrez.

Aldeacuevan dena egingo du errez

Pedro sakristaua eta maixu ona danez

ohituren neurri ona emanez.

 

Errira etorri da biharamunean

bataio santua du meza ondorean.

Krisma ontzietatik argi bereiztean,

Aizken igurtziena jarri du pontean.

Sakristaua farrez bitartean.

 

Aizken igurtzia guk aingeruai jarri..?

Olio santu hori ez beza ekarri!

Apaiz jaunak orduan esan dio larri:

beharrik ez du baina, beti da ongarri.

Esku eman zioten alkarri.

 

 

III. EPAI ZORROTZA

 

Bazan Aldeacuevan artzai beltxarana

itzal haundiko gizon fedeai emana

erabakiak hartzen ongi zekiana

buruz jantzia baitzan Pedro Sakristana.

 

Eztabaidan zirala pakea eta gerrak

jaso nituan hango erantzun ederrak:

Nagusiak errudun..? Hainbatsu alperrak..?

Nondikan datoz gure munduan okerrak..?

 

Pedrok esan dezala berak dakiena.

Nik eman behar badet iritzi aizkena

horra gaurko munduan ikusten detena:

gizonak eta andreak jende gaiztoena.

 

 

IV. APAIZ GORRIAK

 

Karrantzan egin zuten bilbotarrek jaia;

guretzat gaiztoa zan, haientzat alaia.

Aberatsak har zezan soil-soilean mahaia,

kapitalistek zuten astindua bahia.

 

Zerriaren antzera asetu eta gero,

edari biziakin jarri ziran bero.

Haien haundikeriak, oihuu eta hitz ero

behartsuak entzunda, min du harrezkero.

 

Enparantzan jolasa behar zala eta

egin zuten neskatxen iztar neurketa;

gero txekorrarekin irri-zezenketa

labanakin zulatuz bizkar ta kopeta.

 

Musika lekutikan eginaz diarra,

goraipatu ziguten diruaren farra,

España berria ta Francoren indarra.

Haien zoramena ta gailendu beharra…!

 

Igandean auzoko eliz guzietan

sermoiak egin ziran hoien salaketan

orri bat irakurriz, ederra benetan

argibideak hartuz egiaren setan.

 

Lore onak behar du lurrontzi ederra;

lohikeriak aski du ikulu bazterra.

Uste hortan etorri al zaigu akerra?

Gizabidez zuzendu dezagun okerra.

 

Karrantzatar maiteak, ez arren okildu

izen onaren alde behar degu bildu.

Gauza hoiek ikusita zergatik isildu..?

Hala balitz, pobrea aberatsak hil du.

 

Herri agintariak hasarretu ziran.

Apaiz gorri-gorriak ditugula jiran.

Ezin egongo gera mutu ikusmiran.

Hoientzat atzerririk ez al da lurbiran?

 

 

V. SERMOI POLITIKOA

 

Guda-suak itzaliz ginadela ketan,

herriko jaiak ziran San Bartolometan.

Frankotarren sarrera ospatzea bertan

hautu zuten herriko erabakietan.

 

Mezaren hitzaldigai eta zergatia

izandu zan herriko santu zaindaria

denok behar degula ekite garbia

sendatzeko elkarren bihotz elbarria.

 

Anai arteko guda odoldu genduan

ez goaz esatera arrazoi nork duan.

Bi aldetako hilak dauzkagu goguan,

Jainkoak hartu ditzan lehenbailehen zeruan.

 

Meza ostean denak atarian dagoz

alkate jaunak ez du sermoi hori gogoz:

Estos curas son rojos, que sí, mecauen sos..!

No nombran al Caudillo y a España ni pa Dios..!

 

KARRANTZAKO IZPIAK
Paben Loidi

Txiruliruka
Kardaberaz Bazkuna, 1977