JOSTAILUAK, SEMEAK ETA GURASOAK
Jose Basterretxea, Oskillaso

Narrazio laburrak
Egan, 1/6-1965 (1965eko urtarril-abendua)

 

         Errege egunetan jostailuak ekartzea, kanpotik etorritako ohitura bat dugu. Gure gurasoek ez zuten hartzen haurtzaroan jostailurik jaiegun honetan geuk geure haurtzaroan bezala, ezta guk ere geure semeek hartzen dituzten beste, beldur naiz bigunegiak garela gure semeekin. Ba ote dakigu gaurko gurasook nola hazi behar diren muttikoak behar den moduko gizonak izan daitezen? Diru gehiegi gastatzen dugu Errege egunetan, eta baliteke handiagoa izatea gure poza jostailuekin muttikoena baino. Ez dira egiten jostailuak muttikoen gustuak aintzakotzat harturik, gurasoen zaletasunak gogoan edukirik baizik. Eta hau ez dago gaizki pentsatua, ez baitira muttikoak, gurasoak baizik, diruak soltatu behar dituztenak.

         Beste gauza askoren arte, cow-boy janzkiak erosi genizkion gure semetto Juan Pedrori joandako Errege egunerako. Ez noa esaten zenbat ordaindu genuen janzkiengatik, gauza benetan lotsagarria delako.

         Hilabete edo pasatuta, behin garrasika etorri zitzaigun gure lau urteko semettoa cow-boy baten antzera jantzita. Aingeruttoak Madalenaren irudia zirudien eta tamala sentitu nuen. Negar malkoak matelatik behera erortzen zitzaizkiolarik, «A... hai... a... hama... ha!... Ai... hama!» zion Magdalena hark, sei tiroko colt bat eskuan, bonba bat ezkerrean, eta arerioen ileak azala ta guzti kentzeko puñala gerrikoan.

         «Zer dozu laztana?» galdetu nion.

         «Ai... aita... ha!... Ja... Ja... Jabiertxuk... huk... huk... hp!... hp!... e'in ddeust!»

         «Minn e'inn ddotsu laztana?»

         «Ba... ha,.. ha... hai... i... i!»

         Bera policia eta Jabiertxu criminala izan ziran jolasean, baina berak criminala izatea nahi zuela eta Jabiertxuk ezetz. Orduan berak ostikada bat eman ziola eta Jabiertxuk berari belarrondoko bat.

         «Hara laztana», esan nion, «zeuk innor joten b'ozu, ezara harrittu bihar bestia'pe joten bazaittuz», eta puñala eta beste jostailuen ilusioa ez hondatzearren ona izateko aholkuekin, «ez e'izu gehija'o negarrik e'inn», erran nion, «on-ona izaten bazara, urtiak paseuta helduko zara nonoz benetako criminal handi bat izatera».

         Eta eskuzapiaz sudurra garbitu niolarik joan zen Jabiertxungana olgetan.

         Pan!... pan!... pan pan!!... zegiten biok tiroka elkarren kontra.

         Eta nik artean, ileak atzaparkatzen nituela, ez dakit ez dakit, esaten nuen nire baitan, uste dut geuk baino hobeki zekitela gure gurasoek nola hazi behar diren semeak Jaungoikoaren beldurrean.

 

JOSTAILUAK, SEMEAK ETA GURASOAK
Jose Basterretxea, Oskillaso

Narrazio laburrak
Egan, 1/6-1965 (1965eko urtarril-abendua)