HIZKUNTZALARI HANDI BAT
Jose Basterretxea, Oskillaso

Narrazio laburrak
Egan, 1/6-1965 (1965eko urtarril-abendua)

 

         Badira hogei urte baino gehiago Satur eta Erritta Bilbora bizitzen etorri zirela. Hala eta guztiz ere, barregarria da euren erdara mordoiloa. Berba batzuk esan orduko, urrunetik igartzen zaie euskaldunak direna eta ez dutela erdaraz, ez ohiturarik, ez erraztasunik. Eta hogei urtetan ikasi ez dutena, esan liteke inoiz ere ez dutela ikasiko. Zaharregiak dira. Agurea eta atsoa erdaldun berriak dira, berehalaxe igartzen zaie, eta erdaldun berriak izanen dira hil arte. Ez dago dudarik.

         Euren seme-alabak euskaldun jatorrak dira, eta erdaraz ere, edozein bilbotar baten moduan dakite, erdaldun-berritasun tantarik gabe. Pedro, anaiarik zaharrena izan ezik, denak dagoz euskaldunekin ezkonduta. Eta iloba guztiek ere, ederto egiten dute euskaraz, Pedroren semeak izan ezik.

         Eguneko lanak bukatu ostean, zortzietan inguru, askotan biltzen dira seme-alaba guztiak, euren emazte, senar, eta seme-alabekin Satur eta Errittarenean, eta agure-atso maitagarriek zoriontasun handia sentitzen dute, familia ugariaren biltzarretan, adin guztietako euskaldunez inguratuta aurkitzen direlarik. Badira honelako paradisu antzeko euskal uharteak Bilboko erdal itsasoan.

         Pedro be, sarri joaten da hara emazte eta seme-alabekin, eta orduan denek ateratzen dute euren erdara, nahiz mordoilo, nahiz akats bako, baina bakarrik noizik behin. Eta erdaldunak aurrean daudelarik ere, han ez da egiten ia euskaraz baizik. Hain sakona da denek sentitzen duten aitona-amonenganako maitetasunezko errespetua.

         Saiatu zen Pedro urte batzuetan seme-alabei euskaraz irakasten, baina azkenean aspertu egin zen. Aitaren aldats gorako ahaleginak faltatzen zitzaizkielarik, laster ahaztu zitzaien ikasi zuten apurra.

         Pedroren semerik zaharrenari (mutil zolia bera) Iñaki deritzo. Banku batean egiten du lan, ekartzen du dirua etxera, eta hitz guttitan esateko, seme ona da. Nahikoa litzateke hau gurasoentzat berarekin pozik egoteko. Baina ez da hau dena: egunoro-egunoro, bankutik irten eta, Iñaki ez da joaten ardandegietara; inork agindu gabe, irakasle batengana joan eta ordubete egoten da ingelesez ikasten. Gero etxean gauero egoten da afalostean xixau-xixau ingelesezko ikasgaiak ozenki esaten. Eta bere gurasoak zilegizko harrotasunez beterik bizi dira. Ez da gutti semea hizkuntza bat ikasten hastea halako zaletasunez, inork akuilatu gabe.

         Maisu batek irakasten dio ingelesa. Edozein gai irakasteko, ez dago bere moduko pedagogo zaharren antzekorik. Liburuetan dagoz gauza guztiak, liburuak buruz ikastea da beraz axolarik handieneko zeregina edozer ikastea behar dutenentzat. Gutti dira liburuak buruz ikasteko borondatea behar den bezain tematsua dutenak. Baina ez da axola, maisu horrek saltzen dizu borondate hori, eta oso merke gainera, Iñakik aurrerapen handiak lortzen ditu bere laguntzaz, eta laguntza honi esker, hitz arrotzen misteriozko soinuek etxeko bazterrak betetzen dituzte, bide batez gurasoen bihotzak alaiturik.

         Baina Iñakiren adiskide batentzat borondatea ez da dena. Ingelesezko ikasle bera be, adiskide honek orain duen irakaslea laga eta ingeles jator batengana berarekin joateko eta joateko esaten dio. Ez zen erraz aldatuko gure mutilaren iritzia adiskidearekin ados egoteko, beste egunean gertatu zitzaiona jazo ez balitz.

         Beste egunean Iñaki zapatak erosten joan zen amagaz, eta ingeles batzuk zituen denda batean, senar-emazteak antza, eta dendan zeuden guztiak bezala, ohartu zuen nola zebiltzan gizon ingelesa eta neska saltzailea alferreko ahaleginetan, elkar ulertu ezinik. Ingelesak ez zekien si eta no baizik, eta neskak ez zekian, ezta yes edo no bere.

         «Oye, Iñaki», esan zion amak gure mutilari, «¿Por qué no les ayudas un poco?» 

         Iñaki lotsati samarra da eta asko kostatu zitzaion eurenganatzen ausartzea, baina azkenean, joan eta,

         «Nahi zer zuek?» galdetu zien ingelesez.

         Jende guztia Iñakiri so jarri zen, erdi errespetuz, erdi bekaiztasunez beteta. Ama harrotuta zegoen, semea denek miretsia ikusirik. Turistek bira egin zuten Iñaki ikusteko. Biak zauden harrituta. «Nahi zer zuek?» galdetu zien berriz Iñakik.

         Trukatu begirada bana elkarrekin, eta begiak eta ahoa zabal-zabalik Iñakiri begira, turistek sorbaldak jaso zituzten. Ez zioten ulertu hitzik ere.

         Jende guztia barrezka hasi zen.

         Ahalkez beterik Iñaki gorri-gorri jarri zen, eta berehala atera zen dendatik amagaz ezer erosi gabe.

         Pentsatu eta pentsatu, azkenean bere irakaslea utzi eta esandako adiskidearekin joan zen Ingalaterran jaiotako irakaslearengana. Hogei bat ikasle zeuden klase hartan, denak Iñaki baino askozaz guttiago ikasiak, bi hilabete baizik ez baitziren egon ikasten, eta hara joan orduko berak urtebete eta erdi zigortu baitzituen egunoro-egunoro familia guztiaren belarriak hitz arrotzen soinu garratzekin. Bazekian berak, bere adiskideak esanda, nola klaseko mutilek berrogei bat orrialde eskasak ikasi zituzten. Berak ordea bi liburu zekizkien azaletik azalera, hitz bakar bat ere utzi gabe.

         Ikasteko gogo handiarekin, adi-adi jarri zen klasea hasi zenean. Irakaslea hizketan hasi zen, Iñakirentzat hizkuntza ezezagun batean. Harrigarria iruditzen zitzaion hain diferentea izatea ingelesaren soinua Ingalaterrako irakaslearen ezpainetan... Baina zer da hau? Zelan izan liteke hitz bakar bat ere ez ulertzea?... Etsituta zegoen, ordurainoko lan guztia alferrik egina iruditzen zitzaion. Artean irakaslea xixau-xixau denbora guztian eta klase guztia bere ezpainetatik zintzilik... Hau ezin daiteke izan egia! Oso sarri esaten dira ingelesez hitz batzuk, esate baterako: with, out, in, I, you... eta heste honelako asko, berak oso ongi ezagutzen zituenak. Baina adi-adi egon arren, honelako hitzen artean ere, bat ere ez zuen harrapatzen... Bazirudien errusiera edo txinera edo batek daki zer hizkuntza zen entzuten zuena.... Eta bera izan ezik denek ulertu! Hau da bai handia! Berrogei orrialde eskasakaz, berak baino gehiago ulertu!...

         Irakasleak esandako zerbait entzun eta klase guztia barrezka hasi zen. Bera zen han ezer ulertzen ez zuen bakarra. Jo ukondoaz alboan zeukan adiskidea eta:

         «¿Qué ha dicho?» galdetu zion.

         Ahopetik erranak izan arren, hitz hauek irakaslearen belarriak iritsi zituzten.

         «Khe, nou entiende?... Parua entxenduer el khasteliano khe io habluo txendruá khe venir una semene.»

         Hau bai ulertu zion ondo-ondo. Eta orduan konturatu zen irakaslea espainolez ari izan zela denbora guztian.

         Saiatu zen bere irakasle berriarekin eta lortu zuen espainolez esaten zuen guztia ulertzea. Lau edo bost gauzatto baino ez zituen esaten ingelesez klase bakoitzean irakasle hark.

         Behin agerian ipini zituan bere aurrerakada handiak amerikano batekin. On Felixek deitu zion telefonoz. Amerikano bat zegoela berarekin hizketan eta etortzeko mesedez, ez baitzion ulertzen hitzik ere. On Felix aitonaren herrikoa eta apaiza zen. Askotan etortzen zen aitona eta amonarengana, herriko eta aspaldiko gauzez hitz egitera.

         Joan zen Iñaki apaizak esan zion tokira eta:

         «Mira a ver lo que quiere ese joven que no puedo entenderle», erran zion On Felixek.

         Amerikanoa bi metro luze eta argala zen. Ileak artabizarren kolorezkoak zituan.

         Ea eliza katoliko bat non aurki zezakeen nahi zuela jakitea esan zion ingelesez Iñakiri.

         Iñakik, ingelesez berak ere, baietz ihardetsi zion, apaiz hura katolikoa zela.

         Besteak: ez, ez, ea eliza katolikoa non ote zegoan, e-li-za ka-toli-ku-a.

         «¿Qué dice?» apaizak Iñakiri.

         «Pregunta si es usted sacerdote católico» eta amerikanoari ingelesez, baietz katolikoa dela.

         Orduan Iñaki eta amerikanoa elkarrizketa luze batean hasi ziren ingelesez, eta On Felixek harrituta entzun zuen dena, hitz bakar bat ere ulertu gabe.

         Amerikanoak: Ezin zituela berezi kristau elizen artetik eliza katolikoak barruan sartu gabe, eta esateko mesedez non aurki zezakean bilatzen zuena.

         Iñakik: Aa! bai, apaiza katolikoa dela.

         Amerikanoak: Eliza bat behar zuela, ez apaiz bat.

         Iñakik: Apaiz honek, On Felixek, jakin ez ingelesez, baina ezkerreko elizan jakin eta erran non bizi ingelesez dakien apaiz katoliko bat, beregana joan eta konfesatzeko.

         Amerikanoak: Ez zuela nahi konfesatzerik, meza entzutea baizik.

         Iñakik: Ederki, hor bazterra, joan, eta gero ezkerra.

         Amerikanoak: «Thank you!»

         Eta joan zen, Iñakik eskuaz erakusten zion tokitik.

         «¿Qué quería?» On Felixek Iñakiri.

         Iñakik: Ingelesez konfesatzea nahi zuela, eta berak horko ezkerreko elizara bidali zuela, ingelesez dakien apaiz baten bizitokia galde egin zezan.

         Iñakiren aitona-amonekin aurkitu zenean On Felixek amerikanoarekin gertatutakoa kontatu zien:

         «Neuk eneban aittuten eze¡be» erran zien, «eurek ingelesez konpontzen ziran alkarregaz, Iñaki ta amerikanoa, eta eurek bai, ondo aittuten ebezan alkarren berbak. Eztakit nik besterik. Iñakik esa'ustan erderaz zetan ebillen amerikanoa, eta zelan bialdu eban gura'ban lekura».

         Iñakiren aitak adiskide guztiei kontatu zien On Felixek esandakoa, eta batzuei behin baino gehiagotan. Bazekien berak honelako gauzetan entzuleak baino poz handiagoa hartzen duela esaleak, eta gastatu zuen dirua honegatik entzuleei konbidatzen.

         «Erderaz baño hobeto e'itten deu» kontatzen zion bigarrenez Odon bere adiskide mamiari, bere dirutik eskatutako ardoaren aurrean, «On Felixek, gurera etorten dan abade batek, entzun eutson behin amerikano bategaz berbaka, eta amerikanoak baño hobeto e'itten eban berak ingelesez».

         Odonek harrituta, baietz egiten zion buruaz, ardo zurrutada bat hartu ostean. Benetako adiskide on bat zuen Odon. Hirugarrenez, laugarrenez, zenbat-nahigarren aldiz... beti harrituko zitzaion lehendik entzundako gauzez, edaten konbidatu ezkero.

         Iñakiri Pikinglix ezarri zioten gaitzizenez. Bere ospea gero eta handiagoa egin zen. Behin Pedroren adiskide batzuk Frantzia eta Ingalaterratik itzuli bat hartzea erabaki zuten. Urte guztian egon ziren gero dirua aurreratzen eta gordetzen udararako, itzulia egiteko. Euretako batek oso ondo zekien frantsesez, eta asko edo gutti, denek zekiten zerbait Frantziatik konpontzeko, baina inork ere ez ingelesezko hitz bakar bat ere. Eta Ingalaterratik lasai-lasai ibiltzeko, Pikinglix eramatea erabaki zuten. Pedro ez zen kabitzen praketan, eta pozik eman zien baimena. Iñaki be pozik gertatu zen itzuli ederra egitera, dena ordaintzen ziotela jakin zuenean.

         Frantziatik zehar zihoazelarik ez zen gertatu ezer kontatzea merezi lukeenik. Bera zen gizonen arteko gazte bakarra, eta aitaren adineko gizonekin ibili behar izanik, euren gustuak jarraitu behar izan zituan. Hala eta guztiz ere pozik ibili zen.

         Paristik abioiz joan ziren Ingalaterrara. Eurekin zihoan jaun batek seme bat zuen Ingalaterran ikasten, eta lehenengo-lehenengoz ikaslea bisitatzea erabaki zuten.

         Abioitik jaitsi eta HER MAJESTIY'S CUSTOMS edo Douane edo Aduana (edo, euskaraz esateko, gobernamenduaren lapurreta-tokia) igaro behar zuten.

         Muga-diru-kentzaileak ingelesez galdetu zien ea han ikusten ziren lau maletak ote ziren eurek zekarten guztia.

         Iñakik berehala erantzun zion ingelesez. Ez, gu Espainiatik gatoz, ihardetsi zien.

         Besteak, ederki, eta paper bat emanik, agiri hura mesedez irakurtzeko esan zion.

         Oso ongi ulertzen zuen gure mutilak idatzitako ingelesa, sakelatik hiztegia atera eta orrietan hitz batzuk bilatuz gero. Aireportuan bertan hartu zuten taxi bat.

         Taxi-zainak ea nora zihoazen galdetu zienean, Iñakik «University» erantzun zion.

         Taxi-zainak berriz, ea zein etxetara joan behar zuten. Iñakik berriz «University» esan zion.

         Besteak, bazekiela, baina esateko zein etxetara, zein e-txe-ta-ra. Iñakik urduri-urduri: «University! University!»

         Besteak, tira, ondo dagoela, idazkaritza-etxera eramanen zituela.

         Iñakik: «No, no. University!»

         Besteak baietz, unibertsitatera eramanen zituela, baina unibertsitateak etxe asko zituela.

         Harrizko jauregi baten aurrean gelditu zen taxia.

         Iñakik: «University?» galdetu zion taxi-zainari.

         Besteak baietz, eta maletak atera eta kale ertzean utzi zituen.

         Taxi-zainak: hamabi shilling eta zazpi pence.

         Iñakik: hamabi?...

         Besteak : hamabi shilling eta zazpi pence.

         Iñakik billete bat ematen dio eta besteak gehiegizko dirua atzera eman eta alde egiten du.

         Iñaki eta lau adiskideak harrizko etxeari so gelditu ziren.

         Gizon bat igaro zen, Iñakik ez zion galdetu ezer. Presekin zihoan. Mutil bat igaro zen. Iñakik «University?» galdetu zion.

         «What did you say?» galdetu zuen mutilak (ea zer esan zuen).

         «University?» galdetu zion berriz Iñakik.

         «Yes», esan zuen mutilak, eta alde egin zuen. Neska bat igaro zen. Iñakik

         «University?» galdetu zion.

         Neskak baietz, ederra zela, ez al zen egia?

         Iñakik: adiskide estudiatu (bere adiskide batek han estudiatzen zuela nahi zion adierazi).

         Neskak baietz, berak han estudiatzen zuela.

         Iñakik: ez, ez, adiskide, adiskide, esan zion bere bularrari apuntetan.

         Neskak: Aa!... zure adiskide batek? Ederki. Eta alde egin zuen. Azkenean, maletak hartu eta bostak sartu ziren harrizko etxe handiaren ate nagusitik.

         Sartu eta mahai luze baten gainean Information irakurri zuten. Iñakik hartu paper batean hango ikaslearen izenak eta zuzenbidea eta mahaiz bestaldean zegoen neska bati eman zion. Neska telefonoz hasi zen. Ikaslea beste etxe batean zegoen.

         Denbora asko baino lehen han agertu zen mutila.

         Besarkada bat ematen ziolarik, mutilaren aita oso pozik zegoen eta irriño batekin eman zizkion eskerrak Iñakiri bere laguntzagatik.

         Ez zen euren asmoa ikaslearekin ibiltzea, mutilak bere zereginak baitzeuzkan, baina arren eta arren eskatu zion aitari eurekin joaten uztea, eta azkenean baietz esan zion, eta hango irakasleen baimena lortu ostean, joan zen eurekin.

         Astebete ibili ziren Ingalaterratik, ahal zituzten gauza guztiak ikusten, eta ikaslea Iñaki baino berritsuagoa izanik, gure mutila isilik ibili zen denbora guztian, bere ingelesezko jakintza sakona erakutsi gabe, besteari hitza ez kentzearren.

         Iñaki hizkuntzalari handi bat da. Esan duguna ez da ezer. Ez da harrigarria hain ondo jakitea ingelesez mintzatzen ia hiru urte egunero-egunero ikasten saiatu ostean. Harrigarriagoa da euskararekin gertatu zitzaiona. Oso txarrak dira euskaraz ikasteko liburuak. Esan liteke dena eginda ematen diotela ikasleari ingelesez ikasteko liburuek, dena aurkitu daitekeela liburuetan. Euskaraz ikastea nahi duenak ordea, dena egin behar du ia liburuen laguntzarik gabe. Hizkuntzak ikasteko libururik bikainenak munduan, ingelesez ikastekoak dira, txarrenetarikoak ordea euskaraz ikastekoak. Iñakiren meritu handia norainokoa den ulertzeko ez da galdu behar hau bistatik.

         Hiru hilabete saiatu ostean, bera zen familia guztikoen arte euskaraz hobekien zekiena. Aitona gaixoak, gizon arrunta eta jakituria guttikoa izanik, ez zituen ulertzen Iñakiren azalpen sakonak.

         «Iñakik ingeles asko daki» erraiten zion Pedrori iloba jakitunaren aurrean, «eta ezteutsat meriturik ukatuko. Baña euskerazko esakerakaz hasten danian ixilik egoteko esan bihar jako».

         «Aitxitxa» esan zion Iñakik aittitta esan beharrean. «ez dozu esan bihar hori holan. Esan bihar dozu: euskerazko gauzen ganian berba egiten hasten danian ixilik egon dadin esan bihar deutsagu».

         «Gauzen ganian berba egin?... Eztiñot nik berba egiteko inora igon bihar dozunik!»

         «Aitta», esan zion Pedrok Saturri, «Iñakik arrazoia deu. Zuk erdera gitxi dakizu. Sobre las cosas esaten da erderaz, eta sobre euskeraz ganian da. Gauzen ganian esan bihar da euskeraz».

         «Eta ixilik egon dadin?» itaundu zion Saturrek, «egon dadin, egon dadin... ixilik egoteko esan dogu beti euskeraz... zetako da egon dadin hori?»

         «Iñakik asko daki aitta», erran zion orduan Pedrok, «ixilik egoteko, para estar callando da. Zuk erderaz be hay que desirle para estar callando esaten dozu, eta hori erdera mordoilloa da. Euskeraz be ixilik egoteko esatia, euskera mordoilloz berba egitia da»,

         Hogei urte ingelesez ikasten egon balitz ere, Iñakik ez lieke irakatsiko ingelesei euren hizkuntzaz ondo hitz egiten. Euskaraz ikasten hasi bezain laster ordea, euskaldun jatorrei euskaraz irakasten saiatuko da. Gauza onak etxekoentzat bakarrik gordetzea ez dago gaizki. Baina gauza onak neurtuta eman behar dira, larregi eman ezkero denak baitira kaltegarriak. Gatzatua ona da, baina gatzatuarekin ere ito liteke gizon bat. Ez dakienari irakastea urrikalpenezko egintza bat da, baina beti irakasten dabilena, nazkagarri egiten da. Iñakik gehiegi irakatsi zion Satur bere aitonari denbora laburrean, eta neurritik gaineko erakaspen hauek entzutea, gatzatuagaz itotzea lez zen Saturrentzat, eta Iñaki agertzen zenean nahiago izaten zuen bere erdara mordoiloarekin hastea euskaraz hitz egitea baino.

         Ez ditugu ukatuko Iñakiren merituak. Ados gaude hizkuntzalari handi bat dela diotenekin. Baina bera lako askogaz, agur gure euskara maitea! Berarekin sartu zen sugea Bilboko euskal paradisu hartan, eta lehen inoiz gertatu ez zena gertatzen da orain han: ia inoiz ere ez da egiten euskaraz. Behintzat, sekula ez Iñakiren aurrean.

 

HIZKUNTZALARI HANDI BAT
Jose Basterretxea, Oskillaso

Narrazio laburrak
Egan, 1/6-1965 (1965eko urtarril-abendua)