ZERURA JOAN ETA ATZERA ETORRI
Jose Basterretxea, Oskillaso

Narrazio laburrak
Egan, 1/6-1964 (1964ko urtarril-abendua)

 

         Denbora asko ez dela, Barrankako herri ttiki batean, Nafarroan, neskatila bat ibiltzen zen beti bere amonarekin, batzuetan altzoan, atso maitearen espainieratik zintzilik ipuinak entzuten, eta beste batzuetan bere alboan jolasean, amona beste haurtto bat bailitzan.

         Amonarengandik urrutiratzen zen aldietan ez zen ibiltzen oso ongi. Amak batzuetan ipurdia berotzen zion, nahiz auzoko haur ttiki-ttikiei merienda jaten zielako, nahiz eztia giltzapean gorde gabe aurkitu eta plaust! kristalezko ontzia zatitu eta eskua, aurpegia eta soinekoa eztiz oparo zikindu eta ostantzeko ezti guztia lurrean alferrik galdu zuelako, aulki batera igan ostean, nahiz pasata dentifrikozko tuboa jaten aurkitu zuelako.

         Ahal zuenean neskatilattoak ihes egiten zion amari, amonarengana arin joakin. Amonak besarkada batean estutu eta,

         «Eztakio jo biher haurreei!» esaten zion amari. Amak orduan bakean uzten zuen.

         Ihes egiteko betarik gabe amak harrapatu ezkero,

         «Amiñek esan du eztakiola jo biher haurreei» erraiten zion amari, putxurruntzi handi batekin. Baina alferrik izaten zen.

         Honelako gaiztakeriak egiteko ez bazen, ez zen urrutiratzen inoiz amonarengandik, ezta bere beharren egiteko ere.

         Izen asko zituen, Amonak Ne'e Kuttune deitzen zuen beti. Amak batzuetan Ne'e Politte, beste batzuetan Trini, eta beste batzuetan Neskato Gaixtoa. Gehienek Trini deitzen zuten, eta hala deituko dugu guk ere.

         Baina amona, edo han esaten den bezala amiñe, gaixotu egin zen eta hilabete batzuetan bularretik gaizki eta eztulka egon ostean, hil eta zerurat joan zen, Trini gaixoa mundu honetan utzirik.

         Nahiz amonak lo egin behar zuela, nahiz sendagilea edo praktikantea indizioak ipintzera edo apaiza elizakoakaz etorri behar zirela, nahiz beste aitzakia batekin, azkeneko bi hilabetetan guttitan uzten zuten neskatila amonaren gelan sartzen. Amonarekin egun guztia igarotzen ohitua egonik, hau itzela izan zen beretzat. Hil zen egunean bertan, ozta-oztan joan zen apaiza eta ama negarrez zegoen amonaren gelako atea zabalik utzirik, Trini pixontziarekin sartu zenean, eta hantxe amonaren gorputzaren ondoan, buruaren parean, egin zituen bere beharrak.

         Amak koadro hau ikusi zuenean, indarrez ekin zion negarrari. Gero ipurdia garbitu eta izebarenera bidali zuen neba-arreba guztiekin, gorputza hilerrirat eramaterakoan haurrak aitzinean egon ez zitezen.

         Izebarenetik etorri zenean ez zegoen inor amonaren gelan. Zerura joan zen Triniri ezer esan gabe. Etxean egon balitz bai, berarekin joanen zatekeen noski, «Zuuki nehi dut amiñe!» esaten hasi ezkero jakina, amonak berarekin eramanen zukeen, ez baitzion sekula ezetz esaten gauza bat eskatzen zionean.

         Ipuin honetan kontatzen dena gertatu zeneko astean Trini oso ona izan zen eta amak ez zion berotu ipurdia besteetan bezala. Ez zien jaten merienda muttiko koskorrei, koilarakada bat ere utzi gabe jaten zuen porrusalda guztia, ez zen ibiltzen ipurdia agerian gona-azpikorik gabe, eta ez zuen pixarik egiten, ez gona-azpikoan, ez ohean. Oso pozik egonen zen noski amona berarekin, hau dena zerutik ikusten baitzuen.

         Hain ttikia izan arren, bera bakarrik joaten zen batzuetan idiak eta behiak belarretara eroan eta berriz ukuilura joan arazten.

         Egun hartan Trinik gona zuria eta jertse gorria zeramatzan, eta abarketa zuriak lohi samarrak, eta artilezko galtzerdi urdinak. Bidetik zebilen orduan idiak etxera eroaten. Neskatilattoa argala eta luzea zen bere adinerako. Doi-doi bete zuen bost urteko adina hilabete eta erdi aurretik. Ile trentza bi zeuzkan, gariaren kolorezkoak, eta begi urdin ederrak, eta puntaz gorako sudur ttikia. Akuilu bat zeraman eskuan, bera baino luzeagoa.

         Ez ziren ordu asko atertu zela eta bidea zatika lehor eta zatika busti eta basaz beterik zegoen, baina Trinik ez zuen behar begi-begira egoterik espartinak ez lohitzeko, esku-barnea bezain ongi ezagutzen baitzuen zapaltzen zuen lurra.

         Txuri, behirik politena, atzeratuta gelditu da, belar goxo-goxoak bazter batean aurkitu eta. Trinik akuiluaz egiten dio ipurdian eta behia besteen atzetik hasten da arin-arin, belarrak utzi eta.

         Bidearen azkeneko zatia arineketan igarotzen dute abelgorriek. Ukuiluko atea erdi zabalik dago eta rast rast rast... sartzen dira denak.

         Gurdi bat dago hutsik etxe aurrean eta Triniren ahizpak eta beste neskatila eta muttiko batzuek zabu bezala dindilin-dandala darabilte jolasean.

         Oilo batzuk dabiltza inguruetan lurra aztertzen hatzaparrekin apurren bila.

         Euskal Herriko gurdi zaharren itxurazkoa izan arren, gurpil beteak eta dena, gurdi honen gurtardatza ez da zurezkoa, burdinazkoa baizik. Badirudi bentaja handiak dituztela burdinazko gurtardatzekin egiten diren gurdiek, ez baitute negarrik egiten besteek bezala, axola gutti norainoko zarata astunak eraman behar dituzten.

         Trini gurdira abiatzen da, beste neskatilattoekin jolas egiteko asmon, baina arineketan doala, txori ttiki bat altxatzen da bere ondoan eta hegakada laburtto bat egin ostean, belar gainean gelditzen da. Gaixoak ez daki oraino hegaz egiten. Trinik apurrak botatzen dizkio, ogi zati bat sakelatik atera ostean, baina txorittoa beldurregi da jaten hasteko eta ez du nahi ezer.

         Neskatila errukitua dago. Muttikoek aurkitu ezkero gaizki ibiliko da txori gaixoa. Hartu poliki-poliki eta gora jaurtitzen du sasi batzuen gainetik.

         Zati eder bat egiten du txorittoak airetik hegaz, eta sasiz bestaldean gelditzen da. Han ez dago arriskuan, muttikoak sasiaren honaindian gelditzen baitira beti. Bestaldean mendia hasten da zut-zut aldapaz gora.

         Artean joan dira neskatilattoak, baina Trini gurdira doa.

         Oilo batek, bere bila doalakoan, ihes egiten dio, txita guztiak atzetik eroanik txio-txioka.

         Erdiko gurterrailetan eserita oso ongi ikusten da txorittoa, baita gurdi gainean etzanik ere, eta azkenean lo gelditu da hegaztittoaren ikara urduriak zaintzen gurdi gainean etzanda.

         Orduan txorittoa handitu eta handitu, andre eder bat bilakatzen da. Beregana etorri eta,

         «Trini» erraiten dio andre honek, «ni naun o'aixen lasatu honen txooye. Nehi niñen jakittie ona 'o geixtue hintzen. Banekiñenen purrusalda guzie jaten hubela eta ez hubela pixik eetten, ez kuleruen ez ta guatzien e'e. Eta oso ona izendu yeizelakoz, zeru'e e'eman biyout. Nehi dun zeru'e etorri ne'eki?»

         Trini harrituta dago. Andrea bere herriko jendea bezala mintzatzen da, ez berak ezagutu dituan andre kanpotarren antzera, nahiz Lekunberri, nahiz Goizueta, nahiz Gipuzkoa aldekoak zirela.

         «Zeru'e? Amiñengana?» galdetzen dio.

         «Bai, amiñengana.»

         «Bai, bai!!! Goazen guazen amiñengana!!!»

         «Ekartzan eskube».

         Trinik pozik ematen dio eskua eta airean igotzen dira biak, gora eta gora, hodeietatik zehar eta izartto ttikien ondotik.

         «Andrie! hartuko'ot bat?» galdetzen dio andreari.

         «Bai, hartzan, hartzan» ihardesten dio.

         Trinik izarrik politena hartu ta sakelan gordetzen du. Oso ttikia eta distiratsua da.

         Izarrak bukatzen direnean zelai eder bat agertzen da. Han dago zerua, eta han, enparantza erdian, etxe zuri polit bat ikusten da.

         «Hemen bizi hun amiñe. Joaan gaittun be'arrengana?» galdetzen dio andreak.

         «Bai, bai, guazen amiñengana!»

         Etxearen ederra! Atetik sartzen direlarik Trinik azukrezkoa dela ikusten du.

         Orain isil-isilik doaz etxe barnetik. Baliteke lo egotea amona. Andreak atea zabaltzen duelarik amonaren eztula entzuten da.

         Trîni atean gelditzen dela, andrea isil-isilik sartzen da gela ilun hartan. Leihoa zabaldurik argia sartzen uzteko, etortzeko keinua egiten dio Triniri eskuaz.

         Barrura sartu eta han ikusten du amona ohean, azkeneko denboretan etxean egoten zen bezala.

         «Amiñe, amiñe!» esanik, arin-arin doa beregana besoak zabalik.

         «Ne'e kuttune!» erraiten dio amonak besoekin laztandu eta musu asko emanik.

         «Zeru'e etorri nintzenien ez hindduten ikusi itxien eta ezi ekarri hindduten ne'eki» esan zion.

         «Zuk lo eeñ bi'ziñubela, eta amak biyeldu ninduben izebaangana soñu asko ata'atzen nubelakoz.»

         «Horra zerengatik ez hindduten biletu, geixue, ne'e kuttune!... Beiño ezti inporta. Amiñeki biziko yeiz beti, ez ne'e kuttune?»

         «Bai amiñe, beti zuuki!» eta berriz hasi ziren besarkadak eta musuak.

         «Amiñe!»

         «Zer, ne'e kuttune?»

         «Egiye da zuk zeruti ikusten gaittuzule nehi duzunian, e'ozin tokiten gaudela?»

         «Bai ne'e kuttune bai, e'ozin tokiten zaaiela.»

         «Nola izen dettike hori amiñe?»

         «Nehi dun ikusi ama?»

         «Bai bai bai! ie ikusi!»

         «O'aixe ikus'ko'oñea'u» eta ohe ondoko telebistako tresna eder bat biztu eta «Hara!» erraiten dio amonak. Arraiak ikusten direnean botoiari bira eman eta hara non agertzen den ama sukaldean «Triniii!!!... Trini!!!» neskatila deitu eta deitu.

         «Nehi dun o'ai Ma'alen ikusi?»

         «Bai, bai!»

         Amonak orduan bira erditto bat botoiari eman eta han agertu zen Madalen, erreka batetik zehar salto egiten ligak erakutsirik.

         «O! Maalen bai gaixtue dela! galtza-sokak iaakusten! Pekatu mortala!» dio amonak.

         Gero sendagilea etorri zen, eta gero praktikantea indizioak ipintzera, eta gero apaiza elizakoekin.

         Orduan amonak lo egin behar zuela eta andreak Trini kanpora atera eta leihoa eta atea itxi zituen.

         «Ator ne'eki» erran zion gero, «lehenbiz'ko komuniyue eeñ biaun-de».

         «Lehenbiz'ko komuniyue?»

         «Bai zeruben egune'o eetten den lenbiz'ko komuniyue» eta andreak eskutik oratu eta beste etxe batera eramaten du.

         «Ator! Soñekue eman biiñet».

         Eta soineko zuri ta polita, eta zapata zuri berriak eta enparauak ematen dizkio.

         «Etorri yei ta ikus'ko'on zeiñen poleki hagon» eta ispilu handi baten aurrera joan eta bere irudia ikusten duelarik.

         «O! zein poleki na'o!» erraiten du, «Guazen amiñeengana».

         «Ez, amiñeengana ez, amiñek lo eeñ biin».

         «Noiz joaan ga'a amiñeengana?»

         «Ge'o, esnatzen denien».

         Eta Trini, ispiluari begira dagoelarik, hasten da pixa egiten soineko ederraren gainean.

         Hau ikusirik, hasten da, andrea haserre-haserre:

         «Neskato zikiñe! Pixe eeñ din soñeko berriyen geñien? ekartxan soñeku hoi ta zapat'hoik. No soñeko ta espartiñ zahar hok!»

         «Ez ez!... amiñe, amiñe!!!»

         «Ze amiñe ta ze istillu! Orden zeruti! Eztun ikusiko amiñe, neskato geixtue! Orden ei toki'e mundu'e!»

         Eta andreak esan zion bezala, Trini gurdiaren gainean esnatu zen bere arropa eta espartzin zaharrekin, negarrez eta oraindik pixa egiten.

         «Amiñe amiñe! Eztut gehiyo pixik eeñen!» zion Trinik negarrez. Baina alferrik. Andreak ez zion jaramonik ere egiten eta amonak ez zion entzuten, orainan lo baitzegoan.

         «Triniii!!!... Triniii!!!...» egin zuen amak sukaldetik.

         Berehala igarri zion amak sukaldean sartzen ikusi zuenean pixa egin zuela gona-azpikoan, gonak busti-bustirik zeuzkan-eta.

         «Amiñee!!! amiñee!!!» esaten eta negarrez zetorren Trini, eta amak, ipurdia berotu beharrean besteetan bezala, hartu besoetan, musu batzuk eman, eta umea eskumarekin heltzen zuelarik, negar-malko handi bana kendu zituen ezkerraz begietatik.

 

ZERURA JOAN ETA ATZERA ETORRI
Jose Basterretxea, Oskillaso

Narrazio laburrak
Egan, 1/6-1964 (1964ko urtarril-abendua)