MIKEL ETA ERDALDUNAK
Jose Basterretxea, Oskillaso

Narrazio laburrak
Egan, 4/6-1962 (1962ko uztail-abendua)

 

        Joan den udazkenean, munduko azken lan-modurik onenak jarraiturik ohi duen bezala, Instituto Nacional de Estadística delakoak, «Primer Censo Agrícola de España» deritzona egiten ibili da. Euskal Herriko bazter ezkutuenetan dauden baserrietara heldu dira hau dela-eta Institutoak argitaratu dituen orriak, galdera osteko hutsuneen betetzeko.

        Anitz dira España osoan Institutoaren xedeak ulertu ezin dituzten lur-langileak eta toki askotan hartu dituzte ergelkeriatzat orri haietan egiten diren galderak. Hau jakinezaren ezaupide ziur bat dugu. Baina ez gara harritu behar baldin gure arteko euskal baserritarrik jatorrenek ere ez badute ulertzen Instituto honek itauntzen dituen galderen zergatia, eta berak bidaltzen dituan gizonen lepotik barre egiten badute, honelako jakintza guztia erdaraz bakarrik zabaltzen baita, baldin inoiz zabaltzen bada.

 

         Indarrez tiratu arren, bere pipa zuriak ez du kerik ateratzen. Ia itzalirik dago noski. Eman maiteki hamar edo hamabi musu eta keak azkenean burua inguratzen dio. Pipa zaharra eskuan, Mikel etxeko jaunak ibar zabal bat ikusten du bere azpian Ibargarai-etxeko atartetik.

         Euritsua da egunaldia. Udazkeneko euri aldakorra ari da. Batzuetan badirudi atertu eginen dela, baina langarra baizik ez bada ere, ez da gelditzen euria. Berriz zaparrada gogorrak noizik behinka eta berriz langarra. Egunaldi ona denean, Euskal Herriko zati eder bat ikusten da Ibargarai-etxetik baina, hodei eta lanbroen gerizpetan estaldurik, ez dira ikusten orain urruneko mendi urdinak. Bai ordea lau edo bost herri ttiki, bakoitza bere elizaren inguruan, basetxe asko mendietan barreiatuta, eta bospasei mila biztanleko hiri eder bat han behean hurbil-hurbil.

         Ibargarai-etxerako bidezidorrean, errege bidean hasi eta Errotazahar deritzon etxetik igarotzen den bidean, gizon bat ikusten da aldapaz gora euritako baten azpian txapel urdin eta oinetako meheekin. Mikelek ez du ezagutzen, baina erdaldunen bat izanen dela susmatzen du.

         Sei seme-alaben aita, bi dauzka erdaldunekin ezkonduta, seme bat eta alaba bat. Mikelek ez du ia erdararik ulertzen, baina suhia eta errainaren konprenitzeko erdaraz jakitea baino gehiago behar da.

         (Irrist egin eta gutti faltatu izan zaio erortzeko zapata meheekin datorren kanpotarrari. Badirudi biderik txarrena hautatu nahi duela gizon horrek. Ia lehorra du bidea ezkerreko aldetik, baina eskumara jotzen du.)

         Itzultzen dituzte euskarara bere seme-alabek suhi eta errainaren hitzak berak ulertzen ez dituenean, baina Mikel orduan aho zabalik eta aitaren egiteko moduan gelditzen da. Isilak izan dira beti bera eta bere etxekoak familiakoen arte, baina batez ere kanpotarrekin.

         (Aiii!!!... Orain egin du bai labainkada handia!... Baina, tira, ez da erori Jaungoikoari eskerrak.)

         Kopeta ilunik gabe eta errespetu handiarekin, baina isil-isilak. Ez da sekula ausartu bere etxeko emakume bat, anitz seme-alaben ama izan bada ere, haurdun dagoenik amari esaten, eta berez susmatu behar izan du beronek alabaren egoera ohi ez bezalakoa, ezaupideak azaldu direnean. Ahizpen artean bere, ahalkeak eta lotsak debekatzen zuen beti honelako gauzez mintzatzea. Baina Juana, bere errain erdalduna, ez zen ezergatik ere lotsatzen.

         (Eee!!!... Zer egiten du orain gizon horrek? Erotuta dago? Horra non sartzen zaigun basatzarik handienean.

                  Basatzara erori da gure Tontopito

                  Pozik egon ginean ez zenean ito.)

         Emazteak erran zion Mikeli nola kontatzen zion Juanak bere ezkon ahizpei, bere haur-galtze baten zehaztasun guztiak ezertarako lotsarik gahe. Baina handiagoa izan zen behin gertatu zena. Mikelek orain ere aitaren egiten du oroitzen denean. Galde egin zion behin Juanak Mari-Joxepari, Mikelen bigarren alabari, ea zerbait egiten ote zuen seme gehiagorik ez izateko.

         (Ooo!!!... Laprast egin du gaixoak!... Jaiki da azkenean buztinez zeharo lohiturik.)

         Mikelen andrearentzat, halako gauza bat buruan darabilena ahalke gabe zikin bat baino ez da. Mikelentzat ez zen hau harrigarriena. Hor konpon bakoitza bere kontzientziarekin. Baina honelako gauza bat aipatzen duena, munduko berritsurik handiena da eta ez dago erremediorik beretzat. Eta ez uste izan Pepe, bere suhi erdalduna, hobea zenik.

         (Ooo!!!... gizajo hori!... Buelta eman dio haizeak euritakoari!) Zerbait esan behar ez denean, seguru hitz eginen duela Pepek. Igande batez, denak sukaldean zeudelarik, etortzen da menditik Erramon, semerik gazteena, kopeta ilun batekin, eta uzten du eskopeta bazter batean eta ehiza-sarea hutsik mahai gainean. Agerian dago eta denek ikusten dute ezer ez duela ekarri, baina ezer ez erraitea gehiegi da Peperentzat. «Qué, ¿no traes nada?», galdetzen dio alfer-alferrik. Erramonek begirakada haserre batez ihardesten dio. Horra nola ezagutzen den berritsua. Denentzat agerian dagoena, inork ere ez du erraiten berritsu bat ez bada. Ez digu eman Jaungoikoak hitzaren dohain ederra alferrik erabiltzeko.

         (Kanpotarra Errotazaharren sartu da... Ez! Arraioa! honantz dator!)

         Galdetu behar ez dena galdetzeko ere, ez dago Pepe bezalakorik. Igual galdetzen dizu ea zenbat irabazten duzun, edo zenbat diru daukazun, igual galdetzen dio osagile bati ea zenbat gaixo hil zaizkion, edo abokatuari nola elkar zirikatzen dituen bezeroak auzien sortarazteko, edo galdu duen pilotariari ea zenbat eman dioten galtzeko, edo neska zahar bati zenbat urteko adina duen, edo Euskaltzaindiko jaunen bati ez dela idatzi behar «h» letra berak dioen tokietan, edo honelako gauzaren bat edonori. Alferrik denean beharrezkoa denean bezala, komeni denean komeni ez denean lez. Pepek eta Juanak ez diote bakerik ematen mihiari, eta Mikelentzat hau da erdaldun guztiek daukaten akatsa. Euskal Herrian gaur euskaraz baino erdaraz gehiago egiten dela erraiten dionari, «hori ez da harritzeko» ihardesten dio arin Mikelek, «erdaldun batek esaten dituen beste hitz esateko, hamar euskaldun behar dira.»

         Hona non agertzen den kanpotarra.

         «Qué asco de caminos, qué asco de tiempo y qué asco de barro. Hay que ver cómo me he puesto el traje. Buenos dias», dio erdaraz kanpotarrak.

         Mikelek, baita berari be. Sukaldera eroan eta aulki batean esertzeko.

         Eseri eta paper batzuk ateratzen ditu kanpotarrak.

         «Traigo un cuestionario del Instituto Nacional de Estadística para hacer el censo agrícola y ganadero de este caserío.»

         Mikel isilik gelditu da. Berak ez daki erdaldun honi ulertzeko behar den beste erdara. Ez daki Instituto zer den. Nacional bai, hori erraza da, movimientokoa nahi du adierazi hitz honek. Baina Estadística... zer ote da Estadística?... Censo ere hitz berria da beretzat. Ganadero bai ulertzen du. Ganadua saltzen duena da ganadero...

         Oro har, ez daki zer esan ote duen erdaldunak.

         Orain klaruago mintzatzen da. Pepe nola dagoen eta ondo. Kanpotarra herriko sekretario berria eta Peperen adiskidea da. Beste ahaide guztiak ere ongi. Mikelen emazteak baso handi bat esne bero ematen dio. Eskerrik asko eta pixkaka-pixkaka edaten du.

         Mikelek eta emazteak ez dakite, baina Pepek eskatu dio kanpotarrari mesedez Mikelenera etortzeko, paperak bidali beharrean. Bidali ezkero, Peperi tokatuko zitzaion orri haien betetzea, erdaraz gehien dakiena den ezkero. Beldur da Pepe Mikelek ez ote lukeen ontzat hartuko berak hainbeste gauza galdetzea.

         «Vamos a ver... mmm... Sí, aqui está. ¿Quiere hacer el favor de decirme cuántas vacas tiene?»

         «Arraioa!», dio Mikelek bere baitan, «Pepe honen aldean listoa da!»

         Ez asko, baina oso gutti ere ez, baina, tira, bizi gara Jaungoikoari eskerrak. Eta berori, sekretario berria, nola bizi da herri honetan? Atsegin al zaio? Lan asko ote du?

         Bai, atsegin zaio eta ez da gaizki bizi. Lana ere ez zaio falta. «Pero no me ha dicho cuántas vacas tiene.»

         Mikel isilik dago eta bere emazteak, bera hain ongi ezagutzen duen betiko lagunak, igartzen du haserretzeko prest dagoela eta,

         «Mikel, ez zaitez haserretu», erraiten dio euskaraz, «ez dizu esan atsekabe emateko. Erantzun iezaiozu gezurren bat, baina ez zaitez haserretu.»

         «Etortzen da gurera, sartzen dut gure sukaldean, eta ezin egon gure gauzetan sudurra sartu gabe? Galdetu ote diot nik ea zenbat irabazten duen? Berdinak dira erdaldun guztiak.»

         «Bost behi!!!» erantzuten dio erdaraz, zazpi izan arren.

         «Zenbat idi?»

         Mikelek begirakada bat botatzen dio bere emazteari. Beronek eskuak zabaldu eta burua alde batera okertzen du, patxada galdu behar ez dela adierazteko.

         «Lau!!!» ihardesten dio, bi baizik ez izan arren.

         «Zenbat txahal urtebete baino gazteagoak?»

         Mikel zutundu eta leihora joaten da. Emazteak erantzuten dio kanpotarrari mila gezur erranez, baina irriñoa galdu gabe.

         Berriz pipa bete eta sukaldeko ilinti bategaz bizten du. Hodei ttipiak atera eta burua gora ta behera eragiten du. Sinetsi ere ezin liteke, dio bere baitan.

         «¿Cuántas vacas se ordeñaron ayer?», jarraitzen du kanpotarrak. Ez al dute irakasten eskoletan ez direla galdetu behar inoren etxeko gauzak? Hau al da lotsa inoren etxean egoteko?

         «¿Cuántos litros obtuvo ayer?», jarraitzen du kanpotarrak. Emaztea bera be harrituta dago eta begirakada bana trukatzen dute elkarrekin berak eta Mikelek. Baina emazteak ez du galtzen patxada honegatik, eta bere gezurrek egiaren usaina dute.

         Hain ergel handiak, handiki soinekoz jantzirik, hiri handietan bakarrik aurkitzen dira. Han dago andreak erraiten dizkion gezurrak lapitz bategaz paperetan idazten bere esku zuri leunaz. Agerian dago esku haiek ez dutela behin ere lanik egin. Baina honelako ergelak nekazariak baino hobeki bizi dira, aitzurra eta goldea zer den ere ez dakitelarik.

         «¿Cuántos huevos pusieron sus gallinas ayer?»

         Sinets ote daiteke? Ba egia hutsa da. Ea oiloek atzo zenbat arrautza egin zituzten ere galdetu zuen kanpotarrak.

         Ordu erdi baino gehiago egon zen gizona bere galderekin.

 

* * *

 

         Han doa kanpotarra bere euritakoaren hondakinekin. Amaitu dira bere galderak Jaungoikoari eskerrak.

         Zorionez atertu da, eta kanpotarrak ez du behar euritakorik. Han doa basatzarik basatza, irrist hemen eta labain han.

         Mikel eta emazteak kanpotarraren ibilaldia zaintzen dute. Laprast egin eta ipurdiz behera erortzen da kanpotarra lokatz erdian.

         Mikelek eta emazteak, elkarri begiratu, burua gora eta behera, ezpainak tinko barregura aguantatzeko eta isil-isilik dagoz.

         Berritsu pare bat arratsalde guztian egonen litzateke esku bete kontu kanpotarraren lepotik, baina eurek nahiko erran diote elkarri begirakada bakar batekin.

 

1962.eko udazkenean

 

MIKEL ETA ERDALDUNAK
Jose Basterretxea, Oskillaso

Narrazio laburrak
Egan, 4/6-1962 (1962ko uztail-abendua)