Herioren hegala
(literatura bonbapean)

Iņigo Aranbarri

Literatura Eskola, 2012

 

 

Pilotuaren begiak

(hondar hitza)

 

      Bada airetiko bonbardaketen kontu honetan itsutzeraino harrapa zaitzakeen obsesiorik. Neu ere saiatu izan inoiz pilotuen tokian jartzen. George Steer kazetariak argi printza bat bezala utzi zigun txikizioaren lekuko izan zirenen durduzamendua Gernikako arbola liburuan: “hegazkinak hain pasatzen ziren behetik, pilotuak ikusten ziren barruan”.

      Pilotuen aurpegiak. Bururatzea ere. Steerrek tentatuta, Gernikako bonbardaketa bizi izan zutenen ahotsak entzuten harrapatu nau gauak. Egun hartan, Hiroshiman ez bezala, Gernikan umeek gizonak ikusi zituzten abioietako kabinetan.

      Orain nagusiak dira oso. Edo hilobi zulotik mintzo zaizkigu: “hareeran, kristalezko kaixolatan gixonak... kalien ikusi ezkero ezeututeko moduen”.

      Gizon bat botoiari sakatzen.

      Hidalgo de Cisneros, Ettore Muti, Robin Olds, “zeruetako zaldunak” guztiak, botoi bana eskuetan.

      Botoi bat Paul Tibbets-en erpurupean.

      160.000 pertsona hil zituen atzamar bakar batez.

 

Besteek nola ikusten duten lurralde hau, zaila da ulertzen:

herri txiki hau, nirea, sugarretan itoko dela mehatxatua, nire haurtzaroko

mundua kulunka, han urrun. Lur honetan sortua naiz, adar samurrak zuhaitzetatik legez,

eta hala espero dut, egunen batean nire gorputza bertan hondoratzea. Egunen batean

landareak nire azpian etzaten direnean, adiskideak bezala agurtuko ditut,

ezagutzen ditut euren izenak, badakit nolako loreak dituzten. Hemen etxean nago.

Ezagutzen dut bidean dabilen jendea, badakit nora doazen —eta zergatik—,

udako arratsalde batean eguzkiak minez bustitako sugarrez margotzen dituela hormak.

 

      Paul Tibbets-ek hil arte eutsi zion, ez omen zuen egin behar zena baino egin.

      Nola lotsatuko zen. Amaren izenez bataiatu zuen B-29 bonbaketaria Aire eta Espazioko Museo Nazionalean dago gaur egun, Washingtonen.

      Ikusgarri, ez lotsaizun.

 

Pilotuak, zeru gainetik, ezin dio utzi gerra-mapa bat ikusteari,

baina ez daki esaten non den Mihály Vörösmartyren etxea.

Zer identifika dezake? Barrakoi ilunak eta lantegi batzuk?

Nik kanpandorreak, idiak, etxaldeak, kilkerrak eta erleak ikusten ditudanean,

fabrikak eta soroak zelatatzen ditu berak kameraz bestalde.

Baina nik nekazaria ikus dezaket, uzta ikaraz babesten,

kantuan ari den artzaina, mahastiak eta baso bat,

eta hilobi artean amona bat alarguntasunari negarrez;

eta harentzat txikitu beharreko trenbidea dena

bide-aldatzeko seinale bat da, bere orratz-zainarekin,

banderatxo gorria eskuan duela, ume saldoa inguruan;

lantegiko patioan ardi-txakur bat dabil iraulka hauts artean;

eta han, parkean, garai bateko amodioen arrastoa,

eta umetako musuen ahogozoa —eztiarena, ahabiena oraino nire ahoan,

eta bidean, eskolakoak atzeratze aldera,

harri baten gainera igo nintzen goiz batez:

begira! Hona harria, pilotuak ikusi ezin duen magia,

daramatzan tresnek kokatu ezin dutelako.

 

      Hiroshima gainean bonba atomikoa bota zuen hegazkin-formazioko soldadu bakar batek egin zion uko AEBetako gobernuak eman zien heroi trataerari. Claude Robert Eatherly zeritzon.

 

Egiaz, geu gara errudunak, beste herriak bezalaxe,

badakigu zertan egin dugun oker, badakigu nola eta non,

baina bada errurik gabeko bizitzarik ere, poesiaz

eta irritsez beteak, eta haur jaioberriak,

errukirako ahalmen itzela dutenak —haiek zainduko dute

argialdi hau babesleku ilunetan harik eta beste behin

bakeak eriaz gure herri hau erakutsi arte, orduan

erantzungo diete ahots tolesgabe eta argiz gure hitz itoei.

Estal gaitzazu zure hegal zabalokin, gauaren laino babesle horrek.

 

      Tibbets-en begietan Hungariatik sartu ziren. Miklós Radnóti deitzen zen, eta 1944ko urtarrilaren 17an datatu zuen poema hau. Sobietarren aurrerabidea zela eta Serbiako lan esparru batetik erretiradan, alemaniar soldaduen gatibu, ofizial hordi batek hil zuen, “zirriborroak egiten ari zelako”. Abda-n ziren, Györ-etik gertu. Bide bazterrean ehortzi zuten beste lagun batzuekin, hobi komun batean.

      Handik urte eta erdira gorpuak lurrari ostu ahal izan zitzaizkionean, eskuz idatzitako kaiera bat aurkitu zen Radnótiren berokiko poltsikoan.

Tartean, poema hau.

 

 

STEER, George, El Árbol de Gernika, Txalaparta, 2002.

RADNÓTI, Miklós, Marche forcée, Pierre Jean Oswald, 1975.

 

Herioren hegala
(literatura bonbapean)

Iņigo Aranbarri

Literatura Eskola, 2012