Herioren hegala
(literatura bonbapean)

Iņigo Aranbarri

Literatura Eskola, 2012

 

 

Gerra psikodeliko hura

(Vietnam, 1964-1975)

 

Andrea, nola duzu izena? —Ez dakit.

Zenbat urte dituzu, nongoa zara? —Ez dakit.

Zergatik egin duzu zulo hau? —Ez dakit.

Noiztik zabiltza gordean? —Ez dakit.

Zergatik egin diozu haginka nire atzamarrari? —Ez dakit.

Ez dakizu ez dizugula ezer egingo? —Ez dakit.

Noren alde zaude? —Ez dakit.

Gerran gaude, aukera egin beharra duzu. —Ez dakit.

Zu bizi zinen herrixka, bada oraindik? —Ez dakit.

Hauek dira zure seme-alabak? — Bai.

WISLAWA SZYMBORSKA

 

      Vietnamen estetika erantsiko zaio izugarrikeriari. Napalmak ikusgarriagoak egiten ditu bonben oihartzunak; gar bizia da errautsaren goibelaren kontra; erre usaina bera, mingotsa da uranioaren aldean. Argazkiak koloretan heltzen diren aurreneko gerra da: ederra da sua oihan berdean gora.

      Prentsa mozkortuko duen gerra da Vietnamekoa. Azal kiskaliaren sunda egunkari paperean, ume biluziak negarrez datozkio irakurleari errepidean barrena. Harrapatu egiten du, une batez despolitizatu eta ulertu egiten du argazkian ageri direnen sufrimendua, ez alferrik, munduan bizi baita bera ere, eta badira unibertsalak diren sentimenduak. Inoiz, amorruak harrapatzen du. Tarteka, zerbait egin beharrak lotzen.

      Seguruenik pop kulturak, basakeria erakusteko zein haren zatarra edertzeko, beretzat hartzen duen aurreneko gerra da Vietnamekoa. Kantautoreek salatuko dute, eta luze gabe, galtzaileek irabazleen filmekin entretenituko dute mundua.

 

            Indotxina munduan,/ itsaso bestaldean,

            han lehertzen da lorea/ genozidio errea.

            Ilargia danbaka,/ mundua deiadarka.

            Bakean bizitzeko eskubidea.

VICTOR JARA

 

      Olerkigintza apainduak kantuari utziko dio tokia mundua etxera sartu zaigun Euskal Herri honetan ere:

 

            Polizi ta harmada/ pentsaturik aski zela/

            Ezin nehurtu izandu zuten/ herrien indarra.

 

            Vietnam etzen bakarra/ guztiok senide gara/

            inperialisten kontrako dena/ gure borroka da.

JOSEMARI `TXATO´ AGIRRE

 

      Eta Vietnamen, Hue deitzen da Gernika:

 

            Hezurrez hezur defenditutako Hue

            Hue xehatua Hue eguzki hil-oihal

            azken garreraino eutsitako Hue

            Hue katu begi hondamendiaren zirritu artean

            Hue orain memoria berdexkan gatzatua

            amesgaizto zeruko putzu hain tristeren batean

            oihuka negar dagien katua izara pozoitsu

            non arroza barik

            odola jausten den

            eta euli buruarekin itzultzen den gizona

            eta ez du ezer gehiagorik ulertzen ez ardoa ez

            bere eskuak gauaren disekzio lazgarrian

ENRIQUE MOLINA

 

      Sentipen bitxia da irakurleak duena. Heldu zaion ia guztia Estatu Batuetatik jaso du, (Norman Mailer, John Irving, Lee K. Abbott, Neil Sheehan…), gainontzekoa —oso gutxi: kanturen bat, saiakeraren bat— aldirietatik. Zerrenda egiten hasi denean ohartu da ez duela vietnamdarren ahotsik entzun belaunaldi oso bat markatu zuen gerraz.

      Bila hasi eta eleberri bakarra lortu ahal izan du, Bao Ninh-en Gerraren mina. Poesian, bospasei izen, guztiak Habanako argitaletxeen bidez heldu zaizkionak: Huy Can, Te Hanh, Nguyen Dinh Thi, Duon Huong Ly, Trang Dang Khoa…

 

            GALDERAK LURPEKO ATERPEAN

 

            Ama, noiz etsiko diote bonbek,

            lur gainera igo ahal izateko?

            (zertarako, semetxoa?)

                  — Zerua nahi dut ikusi,

                  hodeia, berdea da?

                  Eguzkia nahi dut ikusi,

                  gorria du izpia?

 

            Ama, noiz etsiko diote bonbek,

            lur gainera igo ahal izateko?

            (zertarako, semetxoa?)

                  — Zuhaitza nahi dut ikusi,

                  berria du hostoa?

                  Lorea nahi dut ikusi,

                  badu usainik?

 

            Ama, noiz etsiko diote bonbek

            lur gainera igo ahal izateko?

            (zertarako, semetxoa?)

                  — Bidea nahi dut ikusi,

                  nora darama?

                  Gure herria nahi dut ikusi,

                  bada oraindik lorategirik?

 

            Ama, noiz etsiko diote bonbek,

            lur gainera igo ahal izateko?

            (zertarako, semetxoa?)

                  — Osaba-izebak nahi ditut ikusi,

                  nola egiten diete aurre arerioei?

                  Yankia nahi dut ikusi,

                  badu gizakiaren antzik?

TE HANH

 

      Testu naif, xalo edota heroikoegiak guztiak edonola ere, epika era bat baztertu eta helikopteroen erasoa Wagnerrekin eta napalma Jim Morrison eta marine surflariekin nahasten ohitu denarentzat.

 

 

 

AGIRRE, Josemari Txato, “Vietnam 1970” (Imanol, Herriak ez du barkatuko, Le chant du monde, 1976).

MOLINA, Enrique, Monzón napalm, Ediciones Sunda, 1968.

FERREIRO, Celso Emilio, “Digo Viet Nam e basta”, Viaxe ao país dos ananos, Ciencia Nueva, 1968.

SZYMBORSKA, Wislawa, “Vietnam”, Poems New and Collected 1957-1997, Harcourt, 1998. XX, Poesía Vietnamita, Editorial arte y literatura, 1984.

 

Herioren hegala
(literatura bonbapean)

Iņigo Aranbarri

Literatura Eskola, 2012