Herioren hegala
(literatura bonbapean)

Iņigo Aranbarri

Literatura Eskola, 2012

 

 

Edertasuna erre zenekoa

(Dresden, 1945)

 

      Gertaerak eskean zetozen, eman beharra zegoen izena herriak aire-erasoz suntsitzeari. Joseph Goebbels-ek, Hitlerren gobernuko propaganda ministroak, ez zuen nekerik hartu topatzen. Historia bera etorriko zitzaion bila: “coventrizatu”.

      Coventryk bonbardaketa bat baino gehiago jasan zituen Bigarren Mundu Gerran. Estakurua, bertan zirela britainiarren hegazkin-fabrika garrantzitsuenak. Milaka bonba bota zituen Alemaniako aire-armadak hiriaren gainera 1940ko azaroan. Fabrikez gain, lau milatik gora etxe suntsitu zituzten hegazkinek.

      “Coventrizatu aditza desagertu egin zen, ordea”, azpimarratzen du Victor Klemperer irakasle eta filologoak LTI Hirugarren Reicharen hizkera eguneroko-liburuan: “egunez egun etsaien ‘pirata jarduna eta gangsterismoa’ madarikatzen zuen hura isildu egin zen (...) Coventrizatu aditza Alemaniako hirien hondakinen azpian erori zen”.

      Ondo daki zertan ari den Klempererrek. Dresdenen zen naziek unibertsitatean zuen katedra uztera behartu zutenean. Gerra ondoren ere, harri artean loratzen hasitako Dresdenen bizi izan zen. Dresdenen hil zen 1960an.

      1945eko otsailaren 13tik 15era suntsitu zen Dresden. Aliatuek lau mila tona bonba inguru bota zituztela kalkulatzen da. Hildakoen kopurua, herri bonbardatu guztietan bezala, ezin izan da egundo zehaztu.

      “Ez dago arranguratzeko arrazoirik. Azken batean geu hasi ginen Coventry eta Rotterdamekin” irakur dakioke Heinz Czechowski-ri. Dresdenen zen bonbardaketa egunean. Egun ere, arazoa ez da nolanahikoa alemaniar idazlearentzat: nola salatu bizilagunen kontrako erasoa norberaren gobernuak Auschwitz sortu duenean, historiaren bertsio laburtuak herritar guztiak berdintzen dituenean, oraindik urtero naziek bonbardaketa eguna “oroitzen” dutenean.

      Erruaren harra da. Mythos Dresden.

      Haurrei moduan kontatua, samurtasunez idatzi du hondamendi hartaz Erich Kästner-ek:

 

      Bai, Dresden hiri ederra zen. Sinetsidazue. Sinetsi behar didazue. Zuetako inor, aita oso aberatsa badu ere, ezin igo daiteke trenera eta bertara joan egiaztatzera, dagoeneko Dresden ez dagoelako. Hondar batzuk izan ezik, desagertua da lur azaletik. Munduko Bigarren Gerrak ezabatu zuen gau batean, esku-keinu bakar batez. Mendeak behar izan ziren edertasun paregabe hura sortzeko. Nahikoa izen ziren ordu batzuk lurraren gainetik urratzeko. 1945eko otsailaren 13an gertatu zen hori. Zortziehun hegazkin ibili ziren bonba jaurtiketan. Eta han basamortua baino ez zuten utzi. Hondar haiekin, hondora zihoan transatlantikoa zirudien.

      Handik bi urtera, basamortu infinitu horren erdian nintzen, eta ez nekien non nengoen. Hautsez betetako adreilu hautsi artean kale-idazkun bat zegoen. “Prager Straße” irakurri ahal izan nuen, ez nekerik gabe. Prager Straße-n nengoen? Prager Straße ospetsuan? Nire haurtzaroko kalerik ederrenean? Erakusleiho ederrenak zituen kalean? Gabonetan politen egoten zen kalean? Eta ni hustasun hartan, hainbeste kilometro luze, hainbeste kilometro zabal. Adreiluzko lekaro hartan. Ezerezaren begian.

      Oraindik orain, eztabaidan ari dira potentzia handietako gobernuak, ea nork hil zuen Dresdenen. Eztabaidan, ezerez horren azpian berrogeita hamar, ehun edo berrehun mila diren hildakoak. Eta inork ez du horren egile izan nahi. Bakoitzak dio bestea izan zela. Baina, zertarako eztabaida hori? Horrekin ez diozue Dresdeni bizia itzuliko. Ez edertasuna ezta hildakoak ere. Hemendik atzera, zigor itzazue gobernuak, ez herriak. Eta ez beranduegi, berehala baizik. Den baino errazago ematen duela? Ez. Dirudien baino errazagoa da.

 

 

 

VONNEGUT, Kurt, Matadero cinco, Anagrama, 1969.

KÄSTNER, Erich: Als ich ein kleiner Junge war, Dressler, 1975 [1957].

KLEMPERER, Victor, LTI La lengua del Tercer Reich, Ed. Minúscula, 2001.

 

Herioren hegala
(literatura bonbapean)

Iņigo Aranbarri

Literatura Eskola, 2012