Herioren hegala
(literatura bonbapean)

Iņigo Aranbarri

Literatura Eskola, 2012

 

 

Herri martiririk bada

(Gernika, 1937)

 

      Sinbologia aldetik baina, gerora Txekiako Lidice legez, Gernika izango da “hiribildu martiria”. Gernika esatea heriotza esatea da, sua eta kea, hegazkin militarren hegalpean hauts bihurtu nahi den jendea. Noiz eta, Arrifen legez, azoka egun batez ostera ere. Gernikan, Durangon bezala, esneketaria da biktima, tipula erosten den etxekoandrea, zapatariaren haur jaio berria… Bonbak erruten dituzten hegazkinak herri xehearen zeru gainean. Ordutik, Gernikaren izena haizea bezain arin zabalduko da munduko idazle antifaxisten artean.

      Durangori bezalaxe, goitik beherako poema eskainiko dio César Vallejok Gernikari ere.

      Gerora Nobel saria izango den Miguel Angel Asturias guatemalarrak, Gernika akorduan, olerki hunkigarria eskainiko zien 1937an Asturiasko meatzariei, Pasako gara:

 

Gernika suntsitzetik zetozenak

geure haragi-mamitan birrindua, geure mamitan

geure mamitan;

Inperioa gasez deuseztatzetik zetozenek

gure bularrak aurkitu zituzten

 

      Poeta amerikarrak hona begira kantuz!

      Bi ditu izan ere ikurrak Gernikak sufrimenduaren sinbolo izaten lagundu diotenak. Bata, aurreko mendean William Wordsworth ingeles poeta erromantikoa liluratu zuen arbola santua (“Gernikako Arbola”, 1810). Bestea, Picassoren Guernica koadroa, 1937ko Parisko Erakustazokan Espainiako Errepublikaren pabiloian aurkeztu zena.

      Hala, arbolaren bueltan bildutako herriari kantatuko dio nostalgiaz Gabriela Mistralek “Berriz izango da berde eta zabala/ haritza, gure haritza/ metrailak horzkatua…”; arnas emale Miguel Hernandezek: “Euzkadin jausi dira nik dakit ba zenbat lehoi/ eta hiri bat, inbasioak suntsituak./ Haren isil-hatsak indartzen gaitu”; lekukotzaren indarrez Gabriel Celayak: “Hain erraza zirudien bakeak! Ez ziren han aditzen/ ez gezurra ez herra”…

      Picassoren koadroa min honen guztiaren lagungarri dator. Zezenak, zaldiak, gudariak, emakumeak, haurrak, txoriak... liluratuko ditu Rafael Alberti, Jose Angel Valente, Fernando Lamberg, Blas de Otero edota Carlos de Oliveira...

      New Yorken, “Gernikako aingeruen” gorpuek ez diote Norman Rosten-i lotan uzten. Poema xaloari Peter Schickele-k erantsiko dio musika. Eta Joan Baez-ek ahotsa 1968an:

 

GERNIKAN

 

Gernikan espaloi gainetan txukun

soinez soin haur hilak

euren soineko zuri almidonatuekin

euren soinekotxo errukarriekin.

Bular eta bekokian zulotxoak

bertatik sartuta herio

trumoi bat bezala, uda-jolasetan

olgetan zebiltzala.

Ez egin negarrik haiengatik, ama,

betirako joan dira santuen zerura

Jainkoak beteko dizkie

bala-zuloak goxokiz.

 

      Frantzian, urteak dira Gernika suntsituaren irudiek poetaren barrenak inarrosi zituela. Paul Éluard-ek 1937an bertan eman zuen argitara Gernikaren garaipena poema, Cahier d’art aldizkarian, Georges Auric-en partitura zuela lagun. Handik urte batzuetara, Alain Resnais-ek eta Robert Hessens-ek hitzotan oinarritutako hamahiru minutuko filma obratu zuten, Guernica (1950). Maria Casarès-ek ezarri zion ahotsa Éluardi.

 

GERNIKAREN GARAIPENA

 

I

Mundu ederra etxolak

gaua eta soroak

 

II

Aurpegi onak sutarako aurpegi onak finean

Errefusentzat gauarentzat iraintzeko kolpatzeko

 

III

Aurpegi orotarako on

Hara hutsa duzue so

Etsenplu izanen da zuen heriotza

 

IV

Heriotza bihotz-ikara

 

V

Ordainarazi dizuete ogia

Ortzia lurra ura loa

Eta zuen bizitzaren

Miseria

 

VI

Elkarkidetza desio zutela zioten

Indartsuekin zeken eroak epaitzen zituzten

Eskeko zebiltzan sos bat bitan banatuz

Gorpuak gurtzen zituzten

Gizalegearen zamapean

 

VII

Tematzen dira neurriz kanpo ari dira ez dira mundu honetako

 

VIII

Emazteek haurrek altxor berdina dute

Bedatseko hosto berdekoa eta esne garbikoa

Eta iraupenekoa

Beren begi gardenetan

 

IX

Emazteek haurrek altxor berdina dute

Begietan

Gizonek ahal bezala defendatzen dutena

 

X

Emazteek haurrek larrosa gorri berdinak dituzte

Begietan

Odol ikur bana

 

XI

Beldurra eta ausardia bizitzeko eta hiltzeko

Heriotza hain zaila eta hain erraza

 

XII

Gizonontzat altxor kantatua

Gizonentzat altxor alferrikaldua

 

XIII

Gizon zinezkoak zeinentzat desesperantzak

Esperantzaren su ireskorra elikatzen duen

Zabal dezagun elkarrekin etorkizunaren azken kimua

 

XIV

Pariak herio lurra eta higuina

Gure etsaiena dute kolore

Bakarra gure gauarena

Gurea izanen da garaipena

 

(Itzulpena: MIKEL ANTZA, Lyon-Corbas, 2011)

 

      Uztaritzeko apaizgaitegian, Ganix Dihartzek kantu aireko poema idatzi du Hegoaldetik datorkion erre-usainak amorrarazia. Hamazortzi urte ditu. Amaitu duenean, lehenbiziko aldiz sinatu du lana handik atzera utziko ez duen izenez, Iratzeder.

 

            GERNIKA!

            Zure kantu sarkorra

            Entzun dut gau huntan:

            Aditu izan nuen

            Jadanik askotan:

            Bozkarioz bihotza

            Gainditzen zitzaitan.

            Gaur egin dut gogotik

            Nigar ilunbetan...

            GERNIKA!

 

            GERNIKA!

            Ikusten zaitut hilen

            herria iduri;

            Etxe aurtikitz baizik

            ez zare igeri...

            Udaberria irriz

            dago munduari:

            Harri beltzetan lore

            guti zait ageri.

            GERNIKA!

 

            GERNIKA!

            Orai datza ohiko

            Kartago bezala,

            Paret beltz handi batzu

            baizik ez dauzkala.

            Jazko Euskaldun-iri

            haren gorputz hila

            Nigarrik egin gabe

            nola ikus, nola?

            GERNIKA!

 

            GERNIKA!

            Xoratzen iluntzen daut

            hitz horrek bihotza.

            Mendek jakinen dute

            haren zorigaitza...

            Numanze ta Kartagoz

            ez gaitezke mintza,

            Goraki erran gabe

            Euskadin, han, datza:

            GERNIKA!

 

      1937ko apirilaren 26az geroztik Gernika dioenak apokalipsia dio. Gerora mundu zabalean lurrarekin berdindutako edozein hiri da, Santi Onandiak ez zukeen bestela idatziko Hiroshiman:

 

            Zabor, arri, zirpil, ondarrez kalea,

            Aizetan eriotz dabil arramaka...

            ta, umea besoan, zelako irudia!,

            garrasi bizitan, nora oa, neska?

                  Euskal uriaren

                  miñaz oarturik,

                  negar zotin-eunez

                  estaltzen dau goitik.

 

      Izango da aire eraso gehiago, Bilbon-eta. Oskar Kokoschka-ren Lagundu euskal haurrei (1937) urgentziazko akuarelari begira, txekiar margolariak Onaindiaren berbak bildu nahi izan zituela dirudi. Hondar artean, animalia lehertuak atzean, ama bat ageri da, ume bat besoetan, handixeago bat duela eskutik. Ezkerreko ertzean, hegazkin bat, su eta herio zerutik. Euskal imajinariotik aldenduko ez diren herioren hegalak dira:

 

            —Ama, eztot gaur ikusten

            geure ikurriña

            goiz gustitan bezela mendi ganian.

            ¿Zer jaso ete da?

 

            —Ene seme egazkiñak

            atzo ixan dira ainbeste

            bai, ain sarritan!

SORNE UNZUETA

 

 

 

AA, Susa-20, 1987.

ATXAGA, Bernardo, Markak, Gernika 1937, Pamiela, 2007. IRATZEDER, “Gernika”, Pindar eta lanho, Ezkila, 1947.

IRIARTE, Jose, Bikila, Picassoren Gernika” (Imanol&Klabelin Komik, IZ, Sentimentuen auspoz), 1979.

MANCIET, Bernard, Lo didier de Guernica, Maiatz, 2005.

MONZON, Telesforo, Gudarien egiñak, Graf. Moderne, 1947.

ONAINDIA, “Euria ta uria”, Goiznabar, Karmel Idaztiak, 1971.

TAPIA, Joseba, Agur Intxorta maite, Gaztelupeko hotsak, 2001 (CDa eta liburuxka) UNZUETA, Sorne, “Artxanda”, Euzko Gogoa, 1952.

 

Herioren hegala
(literatura bonbapean)

Iņigo Aranbarri

Literatura Eskola, 2012