Herioren hegala
(literatura bonbapean)

Iņigo Aranbarri

Literatura Eskola, 2012

 

 

Azoka eguna bonben begian

(Arrif, 1923)

 

      Bèlle Epoque zen metropolietan. Artearen eta kulturaren fineziak  Parisetik  nahinora  zabaltzen  ziren. 1921.  urtean  Giulio Douhet koronel italianoak Il dominio dell’aria izeneko liburua argitaratu zuen, aireaz jabetzearen garrantziaz. Gabriele D’Annunzio eta Emilio Marinettiren bidetik, Douhet futurista zen, soldadua eta idazlea, eta haren futurismoaren proposamenik behinena hauxe zen: aire indarren eginbidea arerioari ahalik eta kolpe bortitzenak jotzea zen, erreakzionatzeko ahalmenik gabe uzteko. Han behean nor zegoen ondo bereizi beharrik gabe eta errukirik gabe, gerla suntsitzailea era erabatekoa izango zen aurrerantzean.

      1923ko uztailean ekin zitzaien iperita bonbardaketei. Hurrengo urtean ugaldu egin ziren, eta ohikoak izan ziren 1927ko uztailera arte. Kabila batzuei egiten zitzaien bereziko eraso honela, Ait Uariageli, baina baita Gomara eta Jebalako kabilei ere, Anjerakoari batez ere. Bonbardaketak ez ziren mujadinen kontra bakarrik egiten, etxaldeak eta azokak ere hartzen ziren itutzat. Bereziki estimatuak ziren merkatu egunak, orduantxe batzen zelako inguruetako populazio sakabanatua.

JOSEBA SARRIONANDIA

 

      Hugo Stoltzenberg aleman kimikaria zela tarteko lortu zuen Espainiak iperita edo ziape-gasa Afrika iparraldean Abd el-Krim-en kontra zeraman kanpainarako. Aurrena Alemaniatik, Madrilen bertan fabrikatzea lortu zuen gero. Hegazkinek gerrillaririk gabeko herri gainetan zabaldu zuten, soroak zein iturburuak kutsatu zituzten 1921ean Annual-en espainiar tropek izaniko hondamendiaren ordainetan. Bertakoek arrhash deitzen zuten; pozoia, amazigh hizkuntzan.

      Azken urteotan ikerlariek argitara emandako datuek oilo ipurdia aterarazten dute. Arrifeko kanpainan, 1.680 bonba ere bota ziren egun bakar batean.

 

      Oterik gabe, Beni Urriagelen el-Arbaa azokak gogora ekartzen digu  Gernikako  azoka.  Marokoko  estrategia  afrikar-militarra errepikatuko da hamabi urte geroago, bai Gernikako bonbardaketan, bai Durangokoan. Indigena magrebtarren aurkako garbiketa euskaldunen kontra berriro beteko da 1937an. Rif eta Euskadi eskualde matxinoak ziren bietan, garbiketa militar eta estrategia kolonialistaren pentsamoldetik. Jendetza eta herriak sartuak ziren XX. mendeko gerra totalaren bonbardaketen esperimentu erabatekoan. Horrez gain Gernikako sarraskian teknologia alemaniarra agertu zen eta Rifekoetan ere bai, Alfonso XIII.engandik Primo de Riverarengana, Stoltzenberger teknikariengandik Francoren Legioaren soldaduengana (...)

      Biztanleria zibilaren aurkako gerra erabatekoa hasita zegoen, XX. mendeko sarraskiak heltzear, aurreiritzi arrazista eta genozidak ugarituz. 1920an Gerrarako eta Abiaziorako Estatu-idazkari britainiarra zenak, Winston Churchill-ek bere gobernuak jarritako eragozpenei horrela erantzun zien: ‘Ezin ditut mizkeria hauek ulertu gasa erabiltzerakoan. Tribu ez-zibilizatuen aurkako gas pozointsuak erabiltzearen alde nago erabat’.

IGNAZIO AIESTARAN

 

      Marokoko gerrara behartuta bidalitako soldadu espainol haietako bat da Viance. Ingude, borra eta sutegiko gainontzeko lanabesak bazterrean utzi eta bestelako su baten mendean dabil Aragoiko errementaria. Eleberria da Imán, baina zenbat duen fikziotik, Ramón J. Sender-ek berak aitortzen du: “Irudimenak ezer gutxi egin ahal izan du —egiazki, ezer ere ez—. 1920 eta 1925 tarte hartan handik igaro ziren berrehun mila soldaduetako edozeinek sina zitzakeen oharrok. Eta noski, protagonista hara joan ziren langile edo nekazari gehienetan ‘egiazta’ daiteke, zertara zihoazen aztarrenik gabe, besteren bulkadei men eginda, eta egunkarietan agertzen diren heroien miraz”.

 

      Bonbak ostera ere. Granada-danbatekoak hirurehun, laurehun metrora, ingurua ezin basago desitxuratzen. Isildu dira gure fusilak. Agindu bat. Kanoikadak areagotzen. Hegazkinak berriro. Metrailadore parrastak muino barrena josten. Ordu erdi, ordubete. Eta atzean, itsasorantz, lurra ere jauzika, harkaitza txikitua. (...)

      Gure atzean kalibre handiko baterien kanoi-hotsa gero eta nabarmenago; eta airean, trumoi sakon, aldakor, iraunkorra. Jaima kiskalien keak neguko tximinietako egurrarena dakar akordura. Berehala bestelako sunda bat, errea, garratza, eta hor dator botikaria bere bizar eta oskolezko betaurrekoekin, musualdea zapi lohiaz estalita:

      — Iperita, koño, iperita da. Hor behean bota dute.

      Ikusmina. Jarraituko? Legionario bat —fusila soinean alderik alde, ezker eskumuturra bendatua— atzerantz dator behi eta txahal bati tiraka. Hori du harrapakina. Erretiradan doa, babestu nahi du altxorra gasetatik.

      — Garaiz ailegatu naiz —dio keinu eginaz—. Ez du lantegi erraza izango ezer aurkitu nahi duenak. Ganadu guztia dago apatxez gora, sabelak puztuta.(...)

      Annual-eko oroitzapenak izutzen du Viance. Ihes egin, ihes. Inork ez du oraindik erasorik jo. Nork erasoko digu baina hurrengo hamar kilometroan dena gasa eta metraila bada?

RAMÓN J. SENDER

 

      Arrifeko gerrak oharrez betearazten du memoria:

      Alfonso XIII.a buru zela, Espainiako erresuma izan zen aurrena zibilei hegazkinetatik erasotzen. Eta uste ez bezala, urte batzuk geroago Durango zein Gernikako bonbardaketak aginduko dituzten jeneralak, Arrifeko kanpaina hartan dira.

 

 

 

AIESTARAN, Ignazio, Walter Benjaminen aingerua Gernikako bonbardaketatik, Elkar, 2010.

RADA, Javier; EL IDRISSI, Tarik, Arrhash, Waskarifilms-Films Nomades, 2008. (Dokumentala) SARRIONANDIA, Joseba; Moroak gara behelaino artean?, Pamiela, 2010. SENDER, Ramón J., Imán, Cénit, 1930.

 

Herioren hegala
(literatura bonbapean)

Iņigo Aranbarri

Literatura Eskola, 2012