Herioren hegala
(literatura bonbapean)

Iņigo Aranbarri

Literatura Eskola, 2012

 

 

Ogi zerutik etorria

(Libia, 1911)

 

      Gauak beste ditu egun seinalatuak Historiak.

      Hegazkinetik bonbaz egindako erasoak 1911ko azaroaren lehenbizikoan du txakur-belarria, Giulio Gavotti tenienteak ordura arte inoiz ikusi gabekoa egin zuenean: lau granada bota zituen Ain Zara-ko posizioen gainera, Tripolitik ez urrun, hegoaldera. Turkiarren kontrako gerran zebilen Italia, eta txorien ezin antzekoagoak ziren Libiako zeruan ebakiak egiten zebiltzan Taube monoplano haiek. Gero, norabidea aldatu, hegaztiaren mokoa itsasora bidean jarri eta beste hiru utzi zituen jausten Tajoura oasian.

      Tomate heldu baten neurria zuten Capelli granadek, eta espoleta hortzekin kenduta askatu zituen Gavottik, eskuz. Egindako kalteak ez ziren, itxura, handiak izan. Ez da ez hildakorik ez zauriturik aipatzen. Erasoaren ostean, ordea, irribarre gaiztoagoa loratuko zaio edonon logika militarrari.

      Turkiako gobernuak protesta egin zuen. Ospitale batean sartu omen zen bonbetako bat. 1899ko Hagako Itunak galarazi egiten zuela globo aerostatikoetatik leherkariak botatzea. Horixe erantzun zuen Italiak, leitzeko ondo, hala zioela, globoetatik ezetz... baina hitzarmenak ez zioela ezer hegazkinez.

      Azaroaren 2ko Corriere della Sera-k azalean eman zuen berria: “Aurreneko bonba-jaurtiketa hegazkin batetik”.

      Italia inperialaren poeta nazionala zen Gabriele D’Annunzio-k merezia zuen txokoa gordeko zion Gavotti armakideari:

 

            Dunba-hotsa da zeru zabalean.

            Sai argi baten hegada alderik alde.

            Gavottik leherkariak daroaz aldean.

 

            (...)

 

            Eta zu, Gavotti, hor zoaz terraza arinean,

            makur, haizearen arrisku-gordean

            erasoaren ezjakin den etsaiaren gainean!

 

            Heriok ere badu bere hazia.

            Ez da esku bakarra baino behar,

            tira egin eta hortz artean duzu ziria.

 

            Gero, ehuleak anezka nola,

            edota habailadunak habaila

            (baldituen gainean hegaltzarren itzala)

 

            hegalean behera jare doa leherkaria

            tupusteko hilkintzara arte; eta erre dizula

            dirudi burrunbaren harian bihotz bizia.

 

      D’Annunziok aldarrikatzen duen futurismoak poesia beste maite du gerra.

 

 

 

D’ANNUNZIO, Gabriele, Merope, Treves, 1912.

 

Herioren hegala
(literatura bonbapean)

Iņigo Aranbarri

Literatura Eskola, 2012