Gaine
Katalina Eleizegi

El Día — 1932-02-09/1932-04-23

 

 

IRUGARREN EGINTZA

 

        Leyarrez itxitako sabaya. Bertatik Bleda-uri nagusiko etxeak, ibiltokiak, zumardiak, karrikak eta abar; begiak galtzeraño ikusten dirala.

        TRESNAK. Mayen bat, illezkiz jositako aulki luze batzuek, arri ta burni landuak, eta edonun lore ontziak. Ertz batean, lanerako gertu, margolariak erabiltzen dituzten tresnak.

 

 

LENENGO ATALA

 

MILDE TA GAINE

 

(Milde aulki batean erdi etzana. Gaine'k illezkiaz antolatzen dizkiola. Biak beltzez jantziak).

 

GAINE: Ongi. Orain zure eran zaude ala?...

MILDE: Ezin eta obetoago, Gaine; eskarrikasko. Azti eskuak ditun ireak, eroso ingundea dabiltzkianai emateko egiñak.

GAINE: (Irri parrez). Zerbait emango nuke, or ipui urdiñetan azaltzen dizkiguten zorion-azti maitagarri ayen antzekoa izateagatik.

MILDE: Nere seme gaxoa zanarentzat orrela izan itzan eta nerekin arazo bera egin ezan.

GAINE: Nere eginbearra baizik ez.

MILDE: Eta gutxi al derizkion? Askotan, egin bear utsa betetzeko, iñork zabaltzen ez diñala gañera, lerrenak egin bear dizkin gure izate arloteak eta askok, nagi... bide latz ori alde batera uzten diñagu.

GAINE: Diñagu? Zuk, ene, zure bizitz osoa, zeorren buruz aztuta, bestien onari begira igaro dezun orreri ba dagokizu keska orixen.

MILDE: Ongi jartzen ari naun bezela, ire gaztetasuna, nere ondoan, nere gaxo naikeriak betetzen dijoakiñala dakust, ta ez diñat ori zuzen arkitzen.

GAINE: Arren! Ez al gera sendi batekoak? Ez ote dira zure naiezak, nereak?

MILDE: Bai; zuaitz zarrari adarrak moztu ezkero, berriz etortzen ez zaizkion lez, gazteari beste aldera, indartsuago. Eta ire urteagaz ez diten malkoak beti irauten. Izate legiak!

GAINE: Oyek burutazioak! Ez naiz ain gaizki bizi nere ustez, ta gañera... beatzakin oraintxen ikuitzen dezun osasunak, egun alai-argiak ekarriko dizkigu.

MILDE: Osasuna nerea? Izan liteke.

GAINE: Izango da. Sendakiñak diote, oraindaño egindako aurrerapenak dazalte ta. (Parrez). Guztien gain nik onela nai det. Ez det bada azti-maitagarri ongillien almena? (Bekokian muñ emanaz). Norekin erabilliko nuke bada zaletsuago nere gaxo siniskaitz onekin baño?

MILDE: (Irriparrez). Zein bearrekoa zatzaidan!

GAINE: Orain bearrekoa zaizuna da, gaur arratsaldean daukagun giro-epel atsegin au. Eskatua ere ez obea. Zerbait irakurtzea nai dezu?

MILDE: Ez, jarraitu ezan ire lanean, oraintxen ikusteko zaletua natxion.

GAINE: Bai zera!

MILDE: Bai, buruan jarri zaidan, oraingotik zerbait bakan omengarria aterako denala.

GAINE: (Lanean asiaz margotzen). Naya, ala balitz! (Pittin batean ixilduko dira, Gaine'k lan dagiela). Entzun al-zenduen bartarratzean Tzedar'ek, Amerika latetxean egin duan itzaldia?

MILDE: Ez, nekatua nentxion eta loak artu nindunan. Zer den?

GAINE: Zerbait gañezko arrigarria. Ain argiro azaldu ditu, Europa ta Sortalde erriak, sal-eroste trukaketak alkar artean egiteko dabiltzkien legien eskubidea, Amerika'tarrak berak, ontatik datozkioten galeraz aztuta, gartsu-ugari txalotu dute.

MILDE: Gure Tzedar, gizon burutsu argia den. Laguntzen dieten gañerako gure aurkezlariak ere ez ditun motzak. Auzi zala, txarra, zeramaten ordea, diru auzia, gizon arteko iskanbill guda geyenak altxa dizkiñen auzia.

GAINE: Guda? Oraindik gizonak beren arteko ez-baiak erabakitzeko, eraketa basati-buru-gabeko ortara erori litezkela uste aldezu?

MILDE: O! gizon zentsua, argala, utza den, eta sortaldeko abenda, beti saltzalle-azpiaz eduki diagun orrekin bat eginda gure buruak erabiltzea... Ez ordea nere itzai jaramonik egin, zuria denana, beltza dakust eta. Nola dijoakin gaur ire eskua? Ire naya egiñaz?

GAINE: Bai zera! Nik bai au gero ta beltzago ikusten detala. Ainbesteraño ezik, onen onena, tresna danak txirtxill-txirtxill egin eta leyotik bera botatzea izango nukela.

MILDE: (Parrez). Ire lanaz, oso arro ago.

GAINE: Egotekoa det. (Milde alderontz margotan ari dan zapia biurtuaz). Ama gazte arpegi orretan ikusten al-dezu, betiko bere etxeari ta bere erriari agur egiteak biotzean sortu bear zion naigabe samiña? Erbesteak beretzat eta besoan daraman semetxoarentzat zer estaltzen duan kezkak, ezarri bear zion nekea? Inguratzen duan izatean, nik ageri nai detan, eta oraintxen geren buruak aseaz, leyar orretatik ain ugari sartzen dan udaberriko bizi gañezko argia? Ezin, ezin nere margokiaz arrapatu det, emen. (Burua erakutsiko du). Sartua daukatan irudi-antz maitatua.

 

(Milde zoraturik bezela altxa ta margoari begira).

 

MILDE: Betiko agurra!... Erbestea... ene maitea besoetan. An ordea, bion zai, senarra, aita, biok zaituko gaituan gizon zuzen kementsua. Zer oroimen laztanak! Goazen goazen Tardets'era oroimen oyetatik gelditzen dan gauza bakarra. Tardets gure etxera, nere zorion aundienak eta naigabe garratzenak ikusi dizkiñana; nere negar parren aurreko izan denana. Gaine, bearrekoa zaidan inguratzen diten mendi tontorrak ikustea, bertako aizea arnastea, bere Elizetako izkilla entzun eta bertan obiratuak zegozten gure-gurien aldez nere malko otoitzak eskeintzea...

 

 

BIGARREN ATALA

 

MILDE, GAINE TA ELO

 

(Elo'k Milde'ren azkeneko itzak entzuten ditu).

 

ELO: Zorionekoak, bertatik irten gabe bizi direnak.

MILDE: Elo...

GAINE: Zu?

ELO: Asketsi ene andreak, mendekoa naizela azturik, barruan neukana zuen baimenik gabe azaldu badet.

MILDE: (Eskua emanaz). Aspalditik dakizu Elo, guretzat adiskide zar on bat zerala.

GAINE: Onenetako bat.

ELO: Eskarrikasko, andreak; zuen niganako usteari erantzuten aleginduko naiz.

MILDE: Badakigu ori, ta esan orain, Elo, Tardets bidea pozik artuko zenduke?

ELO: Zoraturik.

GAINE: Eta nekerik gabe Bleda uri aundi eder au utziko ote zenduke?

ELO: Andrea, neretzat Bleda bere edertasun guztiakin, utsa, illuna, tamala da, bertan nere burua bakarrik, oso bakarrik arkitzen detala. Ez bai da emengoa, gure izaera!

MILDE: Nolaz egon zera oraindaño ain ixillik eta itxuraz ain alai?

ELO: Zure osasuna, andrea, emen iritxiko zala nenkielako, orain, iritxi degun onetan ordea... Tardets ain da gure...

 

(Telefono trirriña entzungo da, zenbaki argigarri batzuek pixtutzen dirala).

 

GAINE: (Telefonoruntz egiñaz). Latetxetik.

MILDE: Zer ote da?

GAINE: (Telefonoz itz egiteko eran). Bai... emen... Bai... Bostetan?... Ongi da... Eskarrikasko.

        (Telefonua utzita, pozik). Emen degu Tzedar... ta gure aurkezlari denak.

MILDE: Egiaz, gure artean ikusteko zaletua nagola esan diñat lenago. Ego aldeko erri oyekin zebiltzkiten joan etorriak nere gogokoak ez ditun. Zer nai den; berak an eta gu emen. Ez da onela Elo?

ELO: Bai, andrea, ni ere iritxi orretakoa naiz; azal ori dun gizon oyekin...

MILDE: Zerbaitegatik antxiñatik saltzalle izena eramango dute.

GAINE: Azal zuridunak, zertaz gabe begiz joak ez baditugu.

MILDE: Ori ere... bañan...

ELO: Gañera Tzedar jaunak ain aurrera egiten daki.

MILDE: Baita ere. Batzuetan geyegi. Ainbesterañoko zorra ote degu Bleda onekin?

GAINE: O! Diozuten maitasunak dabiltzkien gaitz-urreak geyagozten dizkitzutelakoan nago. (Parrez). Entzun dezute emen dirala danok oso-osorik.

ELO: Obe, obe.

MILDE: Eta noiz zetozten?

GAINE: Beriala... gañean ditugu nai ta nai ez. Ordu bitan Paristik irten dira ta. Ez det galtzeko garairik, bostetan Latetxean egotezkero... Beriala joan bearra naiz.

ELO: Orrengatik nentorrela, Latetxe aurrean ain ozte talde aundia ikusi det.

GAINE: Jakiña! Arazo onetan gure aurkezlariak erabilli duten eskutoak, jakin min aundia altxako zutela, ta guztiak, irixten diranean zer esango duten zai egotia.

MILDE: Izutzen naun gaur ibilliko den zalapartagaz. Nola ua?

GAINE: Nola nai, ama. Bertan bai gaude!

MILDE: Alaz guztiz ere, begira beintzat ire buruari.

GAINE: Ez kezkik eduki, ba dakizu gañera nere lekua Latetxea altxiaz dagoela, ta buruz ibilliko naizela agintzen dizut.

MILDE: Otordurako etorriko ote zerate?

GAINE: Uste det bayetz; ordurako Tzedar ere azke izango da ta.

ELO: (Beretzat). Tzedar ere...

MILDE: Zai gatzaizkizutegu. Badakin zuek ikusi arte lasai ez natxiola.

GAINE: (Milde'ri muñ emanaz). Emen gera aldean... agur...

MILDE: Agur...

ELO: (Gaine ateraño lagunduaz). Andere!

 

 

IRUGARREN ATALA

 

MILDE TA ELO

 

MILDE: Ez al zayo okerrik gertatuko...

ELO: Eta zergatik, andrea, gertatu bear zayo?

MILDE: Ozte biltze aundiak, beti izutu izandu naute, onelakuetan zorigaitzak gertatzen oi dira ta.

ELO: Geyeneten ez ordea. Ta zergatik gauzai alderdi txarretik begiratu?

MILDE: Ala da! Gertatu litekeanarekin tamal samiñtzea, ez da buruz ibiltzea oraingo ozteak ain artezi nastezale inguratzen dirala arkitzen det ordea, zorigaitz orrek oso errex, arrapatu ditzakeala. Utzune txikiena eriotza da.

ELO: Ibillera nastezale orretara, oraingo gazteak oituak daude jayotzatik, gu gure Tardets ixil geldira lez... Laxter bertara biurtzen gera beraz?

MILDE: Nere gogoz biar bertan joango giñake bañan... Elo, galdera bat: Gaine andrea bakardade artara gu bezin pozik joango dala uste al dezu? Ez bai da Tardets lengoa!

ELO: Eder atsegiña beti.

MILDE: Guretzat noski! Bizitutako garayak, egin argi-zuriz ta beltz-illunez osatutako garayak... Tardets bizitua da ordea Elo, guretzat, bere ormetan idatziak ikusten ditugu orain oroimen maitagarriak biotzari itz egiten diotenak, oroimen utsak ordea... Tardets etxia il da.

ELO: Nik ez det orrela uste andrea; zure eskuetan dago bera altxatzea, bera pixtutzea.

MILDE: (Zorrotz). Zer diozu?

ELO: Azketsi andrea! Aurreregi joan naiz nonbait.

MILDE: (Altxiaz). Ez, bukatu ezazu asitakoa. Nola pixtu dezaket joandako Tardets izate aintza?

ELO: Ai ene! Non sartu naiz, ezjakin agure au?

MILDE: Ori da nik jakiñ nai detana. Zer esan nai zenduan?

ELO: Gaine, andrea, gaztea dala oraindik.

MILDE: Eta zer? Ez dakit nora zuazen. (Irriparrez). Berarekin nausi berri bat Tardets'en ipiñi nai ez ba dezu beintzat.

ELO: Eta zergatik ez, nagusi ori Tardets gazteluari dagokiona bada?

MILDE: Nere semearen lekuan beste bat ipiñi? Zuri oso burutik egin zaizu, Elo gizagajo ori!

ELO: Eta Gorma nere jauna izandakoaren ordezkaria Tzedar balitzake?

MILDE: Arren onelako erokeririk!

        (Kañoi otsa entzungo da).

        Iritxi dira gure ordezkariak eta beraikin zuk diozunez pozik Tardets nagusia egiña ikusiko zendukeana. Tardets nagusia! Lunian dan etxe zarrenetakoen nagusia.

        Tzedar jauna, egia, gizon zuzen, kementsu, burutsua dala. Nun dauka ordea bere asaben abizenen antza Tardets’en aurrekoak utzi digutenarekin batutzeko? Tardets asabak beren obietatik altxako lirake nere kaltean, orrelakorik egingo banuke.

        Guk nai arren, ezin litekeana ezin liteke, ta Gaine andreak agindu onekin nere aurrera bialdu ba zaitu...

ELO: Andrea...

MILDE: Entzun ongi. Gaine andrea azke da berak dakien bezela, nai duana egiteko. Opa diot gañera, guri, nere semeari ta neri, ain ugari eman digun zorion atsegiña. Gurekin ordea ilko da Tardets gaztelua, bere abizen altsua, ta bere eunkitako kondaira.

        Ene seme laztana! I izango aiz azkeneko Tardets! Ire amak ire ta ire aurrekoen izenari bear bezala azken ori ematen jakingo dik.

        (Joatera dagi).

ELO: Andrea, arren!

MILDE: Oraindik?

ELO: Azketsi. Azaldu dizutana ez da Gaine andrearen aginduz egiña; ez da bere burutik sortua.

MILDE: Zuretik! Asketsia zaude, aundia da zure gureganako nai ona ta.

ELO: Ezta nere burutik ere ez...

MILDE: (Arrituta) Norenetik orduan? Nor sartzen da gure arazoetan?

ELO: Tardets Gorma, zure seme ta nere nagusi izandua andrea.

MILDE: Zer diozu? Nere semeak...

ELO: Bai andrea. Ara! (Eskutitz bat atera ta Milde'ri emanaz.) Nik azaldu dizudana diona.

MILDE: (Artuaz.) Nere semearen idatzia! Nolaz dakizu ordea zer dion?

ELO: Nere nagusi jaunak bere naya, bere azken naya berez betetzen etzala ikusten nuanean, idatzi ori zure eskuetan ipintzeko agindurik, esan nai izan zidalako.

MILDE: (Aterontz egiñaz.) Naikoa! Agindu orain gorakaya igo dezatela, nere gelara joan nai naiz.

ELO: Zure aginduak betetzeko nago beti andrea.

 

(Atetik joan da.)

 

MILDE: Burua nastu bear zaitala dakust. Zer eskatzen ote nauk, ene seme? Elo’k esan duana ezin liteke; zorakeria, erokeria litzake... eta ene Gorma buru argi-zuzenekia intzan.

ELO: (Sartuaz.) Andrea, gertu dago gorakaya. Laguntzea nai dezu?

MILDE: Ez, emen gelditu zaite.

ELO: Andrea!

 

(Milde joaten da.)


 

 

LAUGARREN ATALA

 

ELO BAKARIK

 

ELO: Zama aztuna, nere gain neramana; zuzen edo oker bota det ordea, eta ez naiz asarre. Ez orixen!

        Ezteyak ditugu gañean! O bai, nere etxekoandrea ezagutzen det ongi ta egin bear duana naiz zalla izan, egingo du.

        Gazteak berriz... esan bearrik ez dauka. Zarrak dira nere begiak, ez baño oraindik lausoak. Ezteyak ditugula, ezteyak, eta beraikin Tardets gazteluan, garayetan izan oi ziran jai ederrak. A zer nolako joera eramango duten nere kupeltegiko ardo xarrak! Tamal gure artean Ragota jauna izango ez degula, arretxek ongi nere artezi lana berexten zuan eta.

        Joan zitzaigun ordea goruntz... bai goruntz, nai ta nai ez, gizon prestoa zan eta... Tardetstarrak bezela, antxen daude alkarrekin, gure poz atsegiña onetsitzeko gertu, nun eta emen bean izan etziran berekoi zitalak biurtu ez ba dira.

 

 

BOSTGARREN ATALA

 

ELO, TZEDAR ETA ONEN ZAINDARIA

 

(Tzedar atzian utzita sortaldeko zaindaria sartuko da, baztar guztiak ikustatzen dituala.)

 

ELO: (Tzedar'i.) Bakarrik?

TZEDAR: Nere laguna ez al dezu ikusten?

ELO: Ori, laguna? (Bereala zaindariari). Ez adiskidea! Nor zera zu, gela au onela ikustatzeko?

TZEDAR: Utzi zaiozu bere eginkizuna betetzen, orain, orain bezela bere mende nago ta.

ELO: Onela agintzen dezun ezkero jauna... (Beretzat.) Naiz itzik ulertu ez, itxura txarra ematen diot arazo oneri. (Zaindariari begiratuaz.) Orixen itxurako gizona! Artua besterik jango ez du ain ori egoteko. Ta orren mende zaudela jauna? Bultzako batekin orrena egiña litzake beintzat... Ba... ba... par egiteko gogoarekin dator gaur ene Tzedar jauna.

 

(Zaindaria, Tzedar agurtu, ta atean zutik geldituko da.)

 

TZEDAR: Non dira, andre ta andrea?

ELO: Ene Milde andrea, bere gelan, eta Gaine andrea... zure billa Latetxera joan da.

TZEDAR: Nere billa?

ELO: Ez dakizu Jauna. Zuek or erbestean dabizkitzuten auzitzaz malmetitzen baita...

TZEDAR: Beti, Bleda-Lunia auziz malmetitu izan da.

ELO: Bai jauna, beti, beti; orain ordea... azketsi, zertarako esan bear badizut.

TZEDAR: (Irripar egin ondoan.) Begira Elo, eduki bear dezu orain gogan, ni ez nagoala emen; ez naizela Sortaldetik etorri; an nagoala eta ez zuk, eta ez iñork ikusi ez nazutela. Ulertu dezu?

ELO: Bai jauna.

TZEDAR: Berriz ere dizut Sortaldetik ez naizela iñorentzat etorri.

ELO: Gaine andrearentzat baizik.

TZEDAR: Ori da... ta beta estu neurtua daukatanez, arren! zoaz Latetxera ta Gaine andreari, idazki au estu zayozu. (Idazki txiki bat egin eta emanaz.) Eman zayozu. Berari ordea, ulertzen?

ELO: (Idatzia artuaz.) Geyegi, gizon ori txepetx oyekin dabizkizuten eginkizunak ain egoki ez dijoazkizutela ezagutzeko... Utzi zarren esaerari!

TZEDAR: Tira Elo, zuaz lenbailen ta Gaine andrea erakarri ezazu... bearrekoa zait. Ez aztu ordea, iñorentzat ez nagoala emen.

ELO: Ez jauna ez; nigandik lurrak ere jakingo ez du.

 

(Elo'k aterontz dagi. Tzedar margo tresnak estaltzen dutela, lanari begira jartzen dan artean.)

 

ELO: (Zaindariaren aurrean.) Eta obetan siñetsi? Azal ori orren barruan, zer daukaten ezin ikusi zayoten gizon abetan! Jakintsuak astakeri aundiak egiten dituzte.

 

 

SEIGARREN ATALA

 

ELO, TZEDAR ETA GAINE

 

(Gaine bat batetan, laxterka, larri sartuko da bere burua aulkian botatzen duala. Tzedar ikusiko ez du, zaindaria ere ez, Elo aurrean ezarriko zayolako).

 

GAINE: Ene Elo! Au zorigaitza gurea! Tzedar jauna, ene adiskide on zintzoa, Sortaldean, orien mende gelditu da... Ez etorri... Au lana! Gelditzen zitzaigun laun bakarra galduko degu. Elo... ez ezagutu abenda orrekin...

ELO: Etzenduen andrea arextean bere aldez egiten?

GAINE: O Elo! Ez da txantxetakoa gertatzen dana; Tzedar jaunaren bizitza. Amerika-Europa'k alkartuta zer erabakiko dutenetik txintxilika gelditu da.

ELO: Orduan, andrea... ez daukagu zertaz estutu.

GAINE: Ala uste al dezu?

ELO: Nik bai. Tzedar jauna lako gizon zuzen, kementsu, artezia, uste dezu andrea errex utziko dutela?

GAINE: Ez dakit, gizona edonun agitz berekoya dala baizik, ta arazo au abenda zuria berekoitasun onekin begiratzen, neurtzen badu... ene Tzedar jauna, betiko galdua degu.

 

(Arpegia esku artean negarrez estaltzen du).

 

TZEDAR: (Aurreratu ta Gaine'ri atzetik esango dio). Gaine... ene Gaine.

GAINE: Zu emen? Tzedar... zu?

TZEDAR: Bai ni, zoraturik, entzun dizkitzutan itzakin. (Elo'k zaindaria izketan atetik beste aldera eramango du).

GAINE: Eta Tzedar, baimena nork eman dizu, itz oyek entzuten gelditzeko?

TZEDAR: Azketsi andrea! Zuzen diozu, nere burua azaldu bear nuan. Nere belarriai entzun duten abes atsegiña entzunaz ordea, geyegi eskatzea zan nere gogo arloteari. Ez diozu zure lagun zarrari, aulkeri au azketsiko? Edo erbestean nere zoriona egingo duten itzak entzun dituala jakiteak ainbesteraño mindu zaitu?

GAINE: Eta zergatik goaz? Zergatik ainbesteraño aurreratu zera, zalantz bide illun orretan? Zurekin ziran Bledatarrak orretara, zu baño beartuagoak ez ote ziran?

TZEDAR: Gañerakoak... zerbait zail utzi bearra ba zuten emen... nik... ikusten detanez...

GAINE: Eskergabea! Larri asko zekazkizun zure adiskide lagun abek, zure zai larriago utziko dituzu zure joanerakin orain.

TZEDAR: Adiskidetasuna! Emen lurrean gizon gaxuok daukagun gauzik ederrena, ez det ikusten... Gaine, ene Gaine, ez da ordea, zu ta ni artean besterik? Erantzun arren zu egi ats-atsa zeran orrek...

GAINE: Zertarako,Tzedar? Oroitu zaite joan zitzaizkigunaz, beren oroimenari zor diogun begiramenez...

TZEDAR: Joan ziranak! Leti, Gorma, maite ginduzten; gure zoriona lurrean zirala nai zuten eta, oraiñ naiko ez dute ba?

GAINE: Gañera nere gaiñ gelditu dan ama gaxo au, ainbeste zaindu bear dan au, nola utzi? Naigabeak ilko luke. Ez ez Tzedar, jarraitu zayogun bakoitzak geren bideari, makurtu gabe, aulkeririk gabe.

TZEDAR: Orduan, itxadopenik txikiena ere eraman ez dezaket? O zein gogorra zeran nerekin!

GAINE: Ez al naiz geyago nere buruarekin? Bazeneki...

 

(Malkoak begietatik kenduaz).

 

TZEDAR: Gaine, ene Gaine, goazen ludiaren azkeneko muturrera eta an azke, eragozpenik gabe alkar maitasunak emango digun zorionaz ase gaitezez. Jaungoikoak berak nai du urtietan amestu degun zorion ori. Eskuetan jartzen digula ikasten dezu?

        Zein ederra izango dan guretzako bizia, zein alaya berexten degun ludi baxtarra, zein argi disdia goizetan zabaltzen dan eguzki maitagarria.

GAINE: (Pozik). Ene orrelako zorionik... Geyegia ez ote da?

TZEDAR: Eta zergaitik? Ez da naikoa, gure izate guztia oso-osorik bestien aldez jarri degularik oraindaño egin deguna? Ez da geyenak eta legez artzen duten eskubidea, guk orain eskatzen deguna? Ez da guk nabaitzen degun zoriona bestiena bezin zuzen-bidezkoa?

        Aberria... emandako itza... Abizena, Tardets etxean betetzen dezun lekua... Sortaldean, nik daukatan arazoa... Onek guztiak zerbait aundia dasa... gu gabe sana tajutuko da ordea, norbaitek gure egin bearrak beteko ditu... ta gu Gaine, ene Gaine...

GAINE: Tzedar!

TZEDAR: Azke gera, aurkezten zaigun zoriona artuta, zoraturik bizitzeko.

GAINE: Nik ez dakit, zure itzak zoratzen nautela baizik.

TZEDAR: Gaine maitagarria, bai eztitsua azaltzen zatzaidala!

GAINE: Zein ederra dan bizia, ene Tzedar... (Bat batetan izututa bezela). Zer erokeri da au ordea? Tzedar, zuaz nere aurretik, jarraitu zure bideari, zure izena garbi ta ospetsu gordeaz... Tzedar, zuk, zure itza jai? Nik nere senarra zanen ama bakarrik iltzen utzi? Nora joan zaigu burua?

        Agur, Tzedar, agur... nere eginbearra orain Tardets'en da ta zuria... an, urrutian, sortaldean...

 

(Aterontz dagi Milde'k sartzera egiten duala).


 

 

ZAZPIGARREN ATALA

 

TZEDAR, GAINE TA MILDE; GERO ELO TA ZAINDARIA

 

MILDE: (Gaine'ri). Nora ua? (Tzedar'i). Eta zu Tzedar, zer dagizu ainbeste aldiz ama deitu dezun andrea agurtu gabe?

TZEDAR: (Milde'ri eskuan muñ egiñaz). Asketsi, andrea...

MILDE: Biotz biotzez, ene nereak, eta orain entzun biok Tardets Gorma, zure senarra, Gaine, nere semea, ta, Tzedar, zure adiskide zanaren azken nayak diona zuentzat.

GAINE: Guretzat?

TZEDAR: Guretzat?

GAINE: Bai, zuentzat, zuen buruz aztu to gañerakoenak biotzean dabiltzkitzutela bizitu zeraten ene zuentzat.

TZEDAR: O andrea! Beñere baño arrutiago daude nere izate argal nerekoyetik, zure itz aintzagarri oyek; oso osorik ordea Gaine, arextean nere argaltasun altxatzen jakin duen emakume oneri dagozkio.

GAINE: Ez iñolaz ez, neri ere ez dagozkit, ene ama... Zuk ez dakizu utsean egon dala zu bakarrik utzi ta nere nayaren atzetik ez joatea. Asketsi!

MILDE: Ene nereak, ni ere erruduna naiz, nere seme zanaren agintza-naya zuekin betetzeak, nigan arkitu duan ezetzaz. Nere gogoa altxa da ordea, ta pozik, ene Gorma nere seme maitatuaren asmo ederra ikusi ta bayeztutzen det, zu Tzedar eta zu Gaine, Tardets gaztelu zarraren jaun jabetzaz ezagutzen zaiztuztedalarik.

 

(Elo, giltzak dakarzkiela aurreratuko da).

 

MILDE: (Giltzak erakutsiaz). Ara nun dituzuten Tardets giltzak.

TZEDAR: Nik ikutuko ere egingo ez ditudanak andrea. Tardets nagusitza nere jatorri illunari aundiegia datorkiolako.

MILDE: Zure aitak eta zuk, Tzedar, eunkiz zenbatutzen diran asko baño geyago argitu dezute.

TZEDAR: Ez ainbesteraño.

MILDE: Zure adiskide laztana izandakoaren azken nayari, ezetza emango diozu?

TZEDAR: Aurrean baneukake, bere asmo nai ona eskertu ondoren, emango nioken bezelaxen.

MILDE: Orduan, Tardets gaztelu eriotza nai ta naiezkoa da, ta bere obi bakardadean, azken egun tamalak zenbatutzen uzten nazute.

GAINE: O ez! Ori beñerez. Arextean aitortu dizudan lez, oñaztargiak une batean begiak itxutzen dituan bezela, gogamen orrek nere burua zoratu badu ere. Ez, zuk ama, eta ene Gorma nere senarra zanak, nere zorionagatik egin dezutena, eskergabekeri beltzez saritzea litzake.

MILDE: Ene Gaine, zein ona zeran. (Biak laztantzen dira).

 

(Zaindaria sartu ta itzik esan gabe Tzedar'en aurrean makurtuko da).

 

TZEDAR: (Zaindariari). Gertu naiz. (Milde ta Gaine'ri) Andreak.. agur...

GAINE: (Oso tamal) Agur... Tzedar...

ELO: (Beretzat). Onek onetan gelditu bear ote du?

MILDE: Tzedar entzun.

 

(Elo ta zaindariak aterontz egingo dute).

 

TZEDAR: Andrea...

MILDE: Ez aztu. Tardets etxekoandre zarraren zai-pean bakarrik, maite dezun emakumea arkituko dezula.

TZEDAR: Ene!

MILDE: Tardets etxekoandre zarrak zuen ezteyak ikusi ospatu nai dituela.

TZEDAR: Arren!

MILDE: Tardets etxekoandre zarrak, bere etxekoandretza lekuan jarraituko duela, gaztearen senarrari dagokiona jakiñaz, berexi eskeinzen diola eta azkenik aitortzen didazun agintza eskubideari elduaz, Tzedar, zai gelditzen natzaizu... Nere eskuetan arrextean utzi dezun agintza eskubideak zuretzako indarrik ez ba du, norentzat?

TZEDAR: (Milde'ren bi eskuak estutuaz) Garaitu nazu andrea! Nere nairik sutsu-biziena, bear zoragarrienaren antzean eskeintzen jakin bai didazu. (Gaine eskutik elduaz) Gaine, ene Gaine, ez al da geyegi au neretzat? Zer egin det ortarako?

GAINE: Tzedar! Nere biotzak ain goi dayardu, itzik asmatzen ez det. (Ama laztanduaz) Ama laztana eskarrikasko.

TZEDAR: O bai... sutsu... sutsua...

 

(Zaindaria berriz ere sartu ta itzik esan gabe Tzedar’en aurrean makurtuko da).

 

GAINE: Zaindaria! (Au esanaz Tzedar'i eskua emango dio).

TZEDAR: Bizitz osoa iraun bear lukean lillura atsegin au purrukatzera datorkiguna.

GAINE: Joan bearra!

TZEDAR: Bai, joan bear tamal illuna.

MILDE: Altxa goruntz nereak, eta eduki gogoan zuengandik uste duana Gorma Tardets nagusi zanak. Etzion berak, zuen zorionagatik bere biotzari gogor egin?

        Etzion berak Tardets tente edukitzeagatik eta zuen zorionagatik bere biotzari gogor egin? Aurrera, Tzedar, bein geyago ludi begietan azaltzera, Ragota agintzari burutsu aundi arrek, gugan ikusi, goretsitu zuana, Bleda Laterri ederrarekin orduraño genbiltzkigun ez-bai, zalantz negar tamalak betiko bukatuaz. Lunia, lurraz txikia izan arren, zindo-zuzen eskerrontasunean aundia dala.

TZEDAR: Ongi diozu andrea! Aurrera, an Sortaldean dago orain Bleda-Luniaren aintza bera irixteko, nere aldetik egin bear lanari gogor kementsu ekingo diotala. Tardets gaztelu omengarrian emazte zoragarri bat ta ama maitetsua, zai dauzkatalako uste eder eztian.

 

ZAPIA JATXIKO DA

 

Madrid’en 1929'en urtian Illbeltzaren 18’an

 

Gaine
Katalina Eleizegi

El Día — 1932-02-09/1932-04-23