Gaine
Katalina Eleizegi

El Día — 1932-02-09/1932-04-23

 

 

LENENGO EGINTZA

 

        Antzerkizun au, emendikan berrogein bat urtera gertatuko balitzake lez antzeztuko da, irudimenak garai ayetan izan litezkean erako jantzi ta tresna sortuaz.

        Negu biltzean gaude. Modak eta diruak, lezatekean askoren aspertzea nolabait betetzeko, Europa barruan ezarrita dauzkan “Hotel” bateko batza-gel ustel-apainduan. Aurez aurre, leyar-ate zabal batzuek, elurrez jositako zugaitzak, erakutsiko dituzte; ezker alderdian beste leyartegi aundi batek dantzokira emango du; eskubi alderdian berriz malladi zabal asiera, bere ondoan “gorakaya” daukala. Non nai, argi ontziak, landutako burni ta oyalak, landarak... itz batean, aberaztasuna.

        TRESNAK. Mai-aulki batzuek, garayari dagozkionak.

 

 

LENENGO ATALA

 

(Arratsaldeko bostak. Tea artzeko aitzekian, emakumeak jantzi polit ikusgarrriz beren [...]tasuna, eta gizonezkoak ere, garaiari dagokion giza lege jantzian beren liraintasun-jauntasuna, azaltzeko une berezia. Bi ta irunaka, lora usai atsegingarriz, ontzi disdi politez eta aboak eskatu ditzakean goxoketa jan bakanez estalirik dauden mayetan exerita, guztiok zoriona dariote. Dantzokitik datorren ereskintza-dantzaren susmurra entzungo da.)

 

MAI BATERA MILDE, RAGOTA, TZEDAR

 

TZEDAR: Orduan zure ustez Ragota...

RAGOTA: Pakea amets eder-polita baizik ez da; gizon irudimen sutsuan, urtze maitagarri, zoragarri, baten antzera bizi dana. A! Ederregia, gure artean, gizon txiki, zital, beralduen artean, bizitzeko.

TZEDAR: Asketsi, gogora erakartzen badizut Ragota, zure itz egintzak azaldu dutenez etzerala beti iritxi orretakoa izan.

RAGOTA: Zuzen diozu. Izan da nere bizian, amets ori egia izatera iritxiko zala uste izan nuan garaya, ta orrela izan zeyen alegiñak nere aldetik egin nituana. (Sutsu) Garai zorionekoa! Ene Bleda maitea, batzuek eta besteak, bere seme zoroak iltzeko zorian zekartela, Jaungoikoak orrela nairik eta gizon burutsu, kemen, biotz-dun, bero, sutsuen lagundakaz (lagundagaz, laguntzagaz), seme buru-gabe, ero oyen atzaparretatik atera, pixtu ta gure Bakaldun aundiaren esku zuzenetan ipiñi nuan garai zorionekoa.

MILDE: Luniatarrai Ragota izenean, ainbeste ta ainbeste eramankizun erakutsi ziñiguten garaya! Nork esango zidan orduan, gizon gorrotatu aren adizkidea izatera irltxiko nintzala?

RAGOTA: Esker aunitz! Dantzudanez, onez edo txarrez, Ragota izena zualako andre zoragarri baten buruan beti bizitu da-ta..

MILDE: Leguna da zure mingaña...

RAGOTA: Andrearentzat beti; gizonak ori zor bai-dizutegu. (Tzedar'i begiratuaz). Eta gure adiskide, Tzedar onek, zer egiten ote zuen orduan?

MILDE: Aur-zayen bat aspertu, asarretu... Aurra baida oraindik gure ondoan.

TZEDAR: Andrea, ez Ragota izena nere aitak maiz aitatzen zuala, ez oroitzeko ainbeste.

RAGOTA: (Parrez). Ez goratuaz, ongi dakit. Zure aita ta zure aitak lez, Lunia maitatzen zutenak, gure agintz garayetako lehengo egintzak, alde txarrera jo bear zituzten eta.

MILDE: Lunia, erri zar bakan orretaz ain gogorkiro egin zenduten!

RAGOTA: Nai ta naiezkoa zan, bada izanik gure eginbearra Bleda Laterri osoa pixtu ta goraltzea, osatzen duten erri bakoitza, garbitu, tajutu ta legetu bear genduen.

MILDE: Etzan Lunia'n zuzendu bear aundirik.

RAGOTA: Ez, orrela da. Zuek ere gañerako gizonak lez, ordea zuen obenak badituzute, eta gure sendagayakaz berexi ziñituzuten biotz-il, ustel, galera txikienaren bildurrez, atzera dagiten gizonak, sortzen zaizkioten eragozpen guztien gañetik, bide zuzenari jarraitzen dakitenengandik; errex zanean, ojuka, zalapartaka, karriketan nabarmentzen ziranak, ixil-ixilik bere erria aintzatzen lan egiten zutenak baño errizale aundiagoak etzirala argiro ikusirik.

        Tardets jauna, andrea, ta zure aita, Tzedar, ziran oyetakoak, zure aita orri, Lunia'tarrak berak ez ezaguturik, naigabearen-naigabez, eriotza erakarri bazioten ere...

        Gizon aundiaren semea zera, gazte!

 

 

BIGARREN ATALA

 

LENGOAK, KEYA TA LETI

 

(Keya ta Leti, biak, dantzokitik sartuko dira, mai batera exeriaz).

 

LETI: Badakik beti gauza bat entzuteaz aspertua natxiokala. Ederra natxiokala! antzikurrak aspaldi esan zidaken.

KEYA: Nere burura ainbeste gogorapen erakartzen ditun, emakumea, guztiak nastuta, bat bear dan bezela esateko gauza ez naun.

LETI: Nola? Nola? Jakin naiko nizkikek ire buru orretan darabilzkikan maratillak. Esango al dizkidak, Keya?

KEYA: Esan gabe, badakizkin, ene Leti.

LETI: Ara! Aztin bat ote nauk ala?...

KEYA: (Sutsu). Bai, ori, oraintxen esan den. Aztia, azti zoragarria, ni erotzeko almena denan aztia, erokeri oeri bear bearrekoa, nere biziari, aur-egazkiari aizea igotzeko lez bazayon ere. Irekin Leti, gora, gora dua...

 

(Kaya'k izketan sutsu jaraituko du. Leti'k bitartean, begirik kendu gabe Tzedar'i begiratzen diola).

 

MILDE: Gomuta ederra daukazu altxia Ragota, bizi zirala, areriotzat eduki zenituzunakatik.

RAGOTA: Berak ta berak lez, Bleda Laterria zeraten errien izaera, goratu, jeikitzeko lana zegiten, gizon jakintsu biotz-dun askok, areriotzat eduki nindutela gogoratzeak, tamaltzen nau geyena. Bada arextean esan detan bezela, aurren artan, batzuek eta besteak, joaz azaldu izan bear bagenduen ere, gero, guztia legetu, paketu gendunean, Bleda laztana Ludi Laterri aurreneko malletan ipintzen, gizon autu oyen ikaskintzak erakutzi zigutelako, azalduaz, ez bestien izatean, bakoitza gerean baizik obetu ta goraltzen gerala.

TZEDAR: Egi argi disedia.

RAGOTA: Zuentzat, oraingo gaztentzat bai; besterik ikusi ez dezutelako. Guri ordea asabengandik zetorkigun, zure gauzak baztartu, ta erbestetarrenak ezin antzerturik bizitzea, orrela beti ayen atzetik gelditurik.

MILDE: Noski, Antzerkiak, antzeztua gutxitan arrapatzen bai-du.

RAGOTA: Bleda ordea eunka urtietan bide orreri jarraitzen oitua zegoan, eta etzan bestera erabilli azitzea, egun bateko lana. A! Bere aintza, bide zuzena, ikusi zuten gizon bakan argiak, geyenak, beren egiñal sutsuen ondorengoak ikusi gabe, gugandik joan zaizkigu.

TZEDAR: Berak zerutik eta beren semeak lurrean, dakusgu zuk egindakoa, Ragota.

RAGOTA: Nik bakarrik ez, nerekin Bleda'tar guztiak, danok bakoitza geren aldetik alegindu giñan, gure Bakaldun argi-zuzen aundia, bere sendi-eder osoarekin, burua genduela. Oroitzen zera, andrea, orduan egin ziran Batza-jai ederraz?

MILDE: Nola ez? Ordurarteraño nere sendian, abertzaletasunaren emaitzat, nekea, lorra, espetxea, atzerrira joan bearra... oyek izan ziran. Eta orduan? Bleda uri nagusian azke giñan, eta gurekin osatzen duten gañerako erriak, gure kirol, dantz, oiturak, zein baño zein ederragoak, ainbeste ta ainbeste izen omengarri, atezenduta, ikastegietan obiratuak zeudenak erriaren begien aurrean ipintzeaz... ezin sinistu genduen! Batza-jai omengarriak! Guztiok sutu-gartzen ginduztenak, ikusten genduelako zein aundiak izan giñan, sumatzen genduela zein aundiak izateko gayean geunden.

TZEDAR: (Milde'ren eskua estutuaz). Ongi esana andrea.

RAGOTA: (Era berean). Ongi baño obetoago. Aro disti aretan asko irabazi genduen... ez gutxiena Tardets alargun eder-altsuaren adizkidetasunean.

MILDE: (Irripar egiñaz). Eskarrikasko, jauna, aundiro azaltzen badakizu.

 

(Milde, Tzedar ta Ragota'k izketari jarraituko diote Leti altxa ta Keya'ri esaten diola).

 

LETI: Naikoa diat Keya; ez geyago nekatu ni leunkatzen.

KEYA: Leunkeriz darkin, nik biotz-biotzez zionatana?

LETI: (Asper-itxuraz). Xinisten diat, Keya, orrela nai dekan ezkero. (Irripar egiñaz). Gaur loregia ago ordea...

KEYA: Leti!

LETI: (Eskua emanaz). Eta orain... agur. Ire gaurko lortasun lakoa, nere izebaren mayean nabaitzen diat, eta irearekin egin diatana, egitera natxiak, etentzera erdi-erditik.

MILDE: (Milde mayerontz egiñaz). Ez gero aserretu?

KEYA: (Altxata) Andrea!

LETI: Zein ona aizan!... (Beriala parrez eskuarekin agurtuko du, Milde'ren mayera joango da, Keya, dantzokiratuaz. Erestia).

 

 

IRUGARREN ATALA

 

MILDE, RAGOTA, TZEDAR TA LETI

 

LETI: (Milde'ren mayean). Ja... ja... ja...

TZEDAR: (Altxiaz). Ongi etorria gure artea andere. (Aulki bat erakarriko du).

MILDE: Erokeri berrien bat egingo unan orain ere?

RAGOTA: Nork arrapatu lezakeen egiteko gogo-eskubidea.

MILDE: Ori da; egin orain bere aldez; ederki!

LETI: (Ragota'ri) Eskerrikasko jauna! (Tzedar'ek emango dion aulkian exeriaz) Eskerrikasko! Agitz atsegiñak zerate guztiok; geyegi onenian nere txorakeriakin. Zuzen dago nere izeba!

RAGOTA: Orain erakutsiko dizugu, aitortu bear diguzu-ta Keya gizajoarekin egin dezuna, ain bekoki illunaz bialtzeko.

MILDE: Bialdu? Ez al unan orrelakorik egingo?

LETI: Ene! Guzien artean izutzen nazute. (Tzedar'i) Gañera datorkidan auzi onetan nere aldezkari izan nai al zera!

TZEDAR: Ainbat aintzatua andere!

MILDE: Bañan egietan bialdu al den Keya?

LETI: Bai bada izeba; ez dakit onela artu ote duan, bañan ori izan da nere asmoa. Zer nai dezu? Ni ez-jakiñ, buru-arin, txoro-xamarra naizelako nonbait, gizon sentsu, buru aundikoak zaizkit on, eta Keya...

MILDE: Keya, Lunia sendi altsu-antziñetako semea den.

LETI: Txorakeri asko esaten ditu ordea.

RAGOTA: Zure aurrean nork ez? Aurra, ederra izateak kalte ori berarekin darama.

LETI: Zein utsak diren gizon geyenak!

RAGOTA: Eta zein zallak emakumeak! Zuekin sumatzen...

LETI: (Tzedar'i) Zer dio nere aldezkariak?

TZEDAR: Zorionekotzaz jotzen det, zuk zerbait dasakiozun gizona, zerbait ori atsegiña ez izan arren.

RAGOTA: Ederki! Aldezkari argia.

LETI: (Milde'ri musu emanaz). Eta orain, izeba, zer diozu?

MILDE: (Altxiaz). Eroa, ez besten eroa. (Parrez).

LETI: (Negarti itxuran). Orain berriz eroa! Bai zoritxarrekoa naizela! Erru guztiak nigan dira! Arlotegorik!

TZEDAR: Zoragarrizko apaltasuna zuria, andrea.

LETI: Apaltasuna! Egi uts-utsa. Polita izango litzake utsa izan eta nere burua zerbaitetan edukitzea.

MILDE: Ala ere, ezagutzen zeranean!... (Guztiok agurtuaz). Agur... (Guztiok altxako dira).

RAGOTA: (Altxa ta Milde'ri besoa eskeñiaz). Nire laguntza ontzaz ote dartzu, andrea?

MILDE: (Besoa Ragota'k eskeintzen dionean sartuaz). Atsegin zait.

RAGOTA: Esker aunitz andrea.

MILDE: (Tzedar ta Leti'ri) Zuek oraindik emen gelditzen al zerate?

LETI: Goiz bai-da.

RAGOTA: Noski! (Parrez Milde'rekin dijoala). Orain esku artean darabilkien eginbearrarekin...

MILDE: Ez litzake gaizki. Tzedar gizon zuzena da ta nere illobak biotz ederra du.

RAGOTA: Zoragarrizko marama benetan...

 

(Izketan malladian gora joango dira. Eresia entzungo da).

 

 

LAUGARREN ATALA

 

LETI TA TZEDAR

 

LETI: (Parrez exeritzen dala). Ikusten dezu? Ba,.. ba... (Izututa bezela). Ene! Abek burutazioak nereak.

TZEDAR: (Baita ere exeriaz). Zureak izanik atsegiñak nai ta naiez. Jakin ote ditzaket, andere?

LETI: (Eztitsu). Leti da nere izena ta Tzedar ospatsuari ika azaltzen dan adizkidetasuna, arren eskatzen diot. Ukatuko al dit? (Itz abek eskua emanaz).

TZEDAR: (Leti'ri eskua estutuaz). Eskerrikasko. Maitagarria aiz egiaz!

LETI: Ez, diotenez, Tzedar zintzo kementsuari, zor ainbatekoa (Eztitsu). Ni ere Luniatarra bai naiz!

TZEDAR: Irekiko gaitun zordun andere, ain egoki Lunia edertasuna aurkezten denalako.

LETI: (Lurra oñarekin joaz). Ik ere bai? Onelako zurikeriren bat esan gabe, nerekin itz bi egiten dakin gizonik ez izatea! Guztiak, nonbait marama aizetzaz artzen nazute ta... ez nauk, ez, andretxo zindo-zurra baño...

TZEDAR: Azketsi arren, eta ez asarretu. Eskeñi naun adizkidetasuna, geyegian artu diñat nonbait, buruak eman zidana argiro azaldu badiñat. O! Aztu nere itzak.

LETI: (Parrez). Ezadi estutu gizona, adizkidetasun oso-osoa eskeñi diat eta. Bakarrik zein alderdira jotzen ukan ikusi nai nikan... ja... ja... ja...

TZEDAR: Andere!

LETI: Zer, bekokia illuntzen al dek? Nik ez diat ba nai ta par egin dezakan, arexteko nere burutazioa azaldu nai diat. Pozik ago?

TZEDAR: Ire nayarekin beti.

LETI: (Eskatze aundiagaz). Ixilik edukitzekotan ordea... Ragota jaunak eta Tardets andre aundizkiak ez al litekek senar-emaztetza egokia egingo?

TZEDAR: Ori ateraldia! Ixilik edukitzeko obia!

LETI: Ain itxura gabekoa arkitzen al dek? Bazekiat ba beste izan leiken gauz bat, ik, urrean eduki arren, iñoiz ere asmatuko ez ukena. Ez al didak erritik emango?

TZEDAR: Nik? Zer eskubide diñat ortarako?

LETI: Nik ematen diatana. (Ixilik). Gorma nere lengusua, iñorekin itz egin nai ez dikan otso ori, Gaine'z txoratua ziok.

TZEDAR: Ezin liteke!

LETI: Ezetz? Arritzekoa al dek Gaine eder, lirain, atsegin argi-zuzenak, Gorma'ren nayak pixtutzea? Bere soin elbarriak, gañerako gizonenak bezelako biotza estaltzen baitik.

TZEDAR: Ori bai. Orrek zer erantzunik ez din. Gaine'k ordea, Gaine'k naiko ote din?

LETI: Goi-bakan emakume oyek, doai guztien gain, burua zeukatek, bean gabiltzan arin zirtzillak biotza bezela ta.. Tardets etxea Lunian aurrenekoa dek.

TZEDAR: (Sutsu). Ez, ori ez; aundia den Gaine, bere biotza iñongo etxe-abizengatik saltzeko.

LETI: Ala dek, zuzen diok; ain txikia nauk nonbait une onetan. Gaine'ren gogo aunditasuna neurtzen ez diat jakin (Pittin batean ixilduko da. Gero bat batetan). Eta aunditasun orrekin berarekin, nere lengusuaren gau beltz-illunean, argi disdi zoragarria izango dekala ba-dakuskik, beti lurra zapaldu ta gorantz begiak altxata bizitu dekan emakume autu orrek, zer egingo duk?

TZEDAR: (Zerbait beti ikusten asiko balitzake bezela). Zer dion, emakumea?

LETI: Izan litekeana! Gaine, naikeriak alde batera utzita, berak sortzen dizkidan bearrak beteaz bizi dek beti, eta... nonbait, bere izebaren otoitzak entzunaz, emakume bakan ori eman zietek.

TZEDAR: Bai ona aizela, Leti. Eta bai biguin egoki Gorma gaxoaren aldez egiñaz, nere bidean ezarri didanela. (Beretzat bezela). Ene adiskide on, naigabetua! Ire oraindañoko egun tamal illunak bukatu dituk, zorion meatz jabe egin aiz eta...

LETI: (Negarti). Zenbatean daukakan emakume ori, eta au uts-arlotetzat jotzen nauk bere ondoan!

TZEDAR: (Arritua). Leti, ez den ire burua ezagutzen, eta ez ezagutze orretxek zoragarria egiten au.

LETI: (Alaiturik) Iretzat ere bai, Tzedar?

TZEDAR: Besterik burutu ote zezakenan, ene Leti?

LETI: Etzekiat, ene, i aizela neri parra ta negarra batera egin-arazteko almena dekan gizon bakarra, baizik?

TZEDAR: Egietan?

LETI: Ez arren geyago galdetu, naikoa dakik eta. (Eskuarekin arpegia estaliaz). Au lotsa! Iñork ez lako parragarri-negartibera ikusi nauk.

TZEDAR: Neretzako eukanan nonbait, egokiera atsegin au.

LETI: (Altxiaz) Naikoa! Ixil adi, artu ezak ire lera ta... goazamak Gaine billa, nere buru au bidez eguraztu ta zentzutzen ote dekan.

TZEDAR: Zoraturik, ene Leti, goazaman. Gau argi-disdir ertze izartu garbia.

LETI: (Iseka parrez Tzedar besotik artuta sarrerako aterontz egiñaz). Illargi oso-betea, edur zuri garbia... zuri-zuria.

TZEDAR: (Larru berogarria jazten lagunduaz) Eta i, Leti, edertasun aben azti zoragarri-maitagarria...

 

(Biak, berogarriak jantzita, sarerako atetik parrez sartzen dira).

 

 

BOSTGARREN ATALA

 

ELO TA GORMA

 

(Atal au irixterako, batza-gelan bilduta zegon ostea, bi ta irunaka joanak izango dira, dantzoki eresia ixilduta. Tzedar ta Leti juaterakoan, malladi ondoko atetik sartzen da Elo).

 

ELO: (Tzedar eta Leti'ri begiratu ondoan). Orra txoratu Tzedar gure jauna, diotenez Bleda oso-osoa, gaur, gaur bezela, eskuetan daukan gizon ori. Izan ere, emakumeak nastuko luke naiz eta argia izan, inpernuko deabrua bera ere! Noe'k aztuta, bere ontzian sartu-gabe utzi izan balu, makiñak irabaziko genduen. Ut, pitxi gaxtua dek!

        Begi urdin petral maltzar arrek erakutsi zizkidanak! Ara! Surtan kixkal-kixkal egin, eta ez dira ordaintzen. Orain arrapatuko ninduke! 

        (Eskua burura ta arpegira eramanaz). Jarri bearra mutill zar-kaska soill, zimurtuaren atzaparretan... Eta zer? Obe. Bera nere gose aña ni bere egarri.

        (Gorma sartu, ta oso illun, itzik esan gabe, exeriko da).

        (Gorma'ri begiratu ondoren beretzat). Ekaitza gañean degu. (Nabaitzen duan itxura egiñaz). Eta zorigaxtoko emakumeakatik. Guztiak ito balira!...

GORMA: (Zorrotz). Elo! Egi aundi bat esan bear didak.

ELO: Jauna!

GORMA: Zer deritzak, nik nere soin baldar-itxuragabeko onekin, emakume bat maitatzea!

ELO: Nork esan dizu, jauna, ain itxura-gabekoa zeranik?

GORMA: Antzikurrak egia dasa.

ELO: Zure begiak geyago dakuste jauna. Ta gañera etzeran bezela baziñake ere, zuek dakizutenak diozutenez naiz nik nere ez jakiñean bestera ikusi, buruan beñere sartuko etzait eta. Bleda adiskidetasunak, zerbait on Lunia'ri ekarri lezayokeala.

GORMA: Nora ua naspilla orrekin?

ELO: Azketsi, jauna, nere bidean. Esan nai det alegia Lunia'k, Bleda adiskidetasun orreri gañezka, zuzen, osoro erantzuten jakin diolako...

GORMA: Bukatuko dek... ala?

ELO: Orregatik galdu dituzula zure lerden-liraintasuna, ene nagusi.

GORMA: Eta zer orrekin?

ELO: Autuko zaituen andreak, berexi-gelduko duala zugan, antziña-asabak lez Lunia aintzatzen, goratzen, jakin duan Tardets jauna.

GORMA: (Altxiaz) Naiz ik ez uste, naikoa esan dek, agurea.

ELO: Zer, jauna?

GORMA: Emakume orrek ez lezakeala Gorma maitatu, Tardets jauna geldu-berexi baño. Naikoa!

ELO: Bañan...

GORMA: (Isekan bezela) Tardets jauna! Antziña asabak gallur asko altxa ditzakete, buruak beren obietan, ludian ain goyan beren sendi altsu, aundi, onen izena daraman sengi disdi egokia ikusi-agurtzera.

ELO: Bañan...

GORMA: (Isekan bezela). Tardets jauna! Antziña asabak gallur asko altxa ditzakete buruak beren obietan, ludian ain goyan beren sendi altsu, aundi onen izena daraman sengi disdi egokia ikusi-agurtzera.

ELO: Ene nagusia!

GORMA: Nagusia? Norena? Zerena? Gizon arlotienak duana, bere burua azke, gañerakuen begiratze kupigarria altxa gabe azaltzea ere ez ba-diat? (Beretzat). Eta soin elbarri onetan, au da zorigaitza!, barruan, azaldu gabe, ixil-ixilik egotera jarri ezin den biotz sutsua daramat. Atzera! Geldi! Izateko eskubiderik ez dek. (Elo'ri besotik eldu ta aztinduaz). Eta zergatik ez, tira, zergatik? Gizon galduai, izate oker, loi, urde, beralduari, ematen diozuten eskubidea, nik, neretarren aldez nere soña elbarritzeko obena, nere gain daramatela ta, izango ez-diat?

ELO: Jauna, arren!

GORMA: (Tamal Elo utziaz). Ez, neretzat ez da besterik, zakur atzdun, nardagarri baten antzera, baztarrean, iñoren zurrean azaltzeko lotsaz bizitzea baño. (Eskua zerurontz egiñaz). Ain zoritxarrekoa egitezkero, zertarako Jaungoikoa, egin, sortu ninduzun!

ELO: Ene nagusi: Itz oyek... ene ba...

 

 

SEIGARREN ATALA

 

ELO, GORMA TA RAGOTA

 

(Ragota'k Gorma'ren azkeneko itz abek entzungo ditu, pittin bat lenago malladian goyan azaltzen dalarik.)

 

RAGOTA: (Laxterka Gorma'rontz egiñaz). Ixo zentzu-gabe ta geldi mingain ori! Nor da gizona Jaungoiko baten egintzak neurtzeko? Zertarako egin zinduan? Donokirako, gazte, betiko zorionerako, Bere jakinduriak guretako bakoitza, bide zuzenean ipiñi gaitualarik.

GORMA: (Muzker). Zu lez, Ragota, argi goikoetan ibilli denak illun bekoez, zer daki?

RAGOTA: A seme! Entzun eta eduki gogoan, urtez betetako agure onek, erakutsi nai dizuna. Dana dala, jarraitu degun bidea arkituko degu beti, ta guztiok, gure oñak zulatuko dituen arantz zorrotza. Ontantxen bai ikusten da, gizon arteko egiazko berdintasuna; eramankizun aundirik ez duana, txikiak berdin samintzen dute-ta.

GORMA: Ez dezu noski, daramatan zama arintzat joko?

RAGOTA: Ez, egiaz aztuna daramazu; gudatean zin kementsu, zuzen, erabiltzera beartu zinduan zure abizen zaldun izateari dagokio ordea orain, ez zama orren azpian etsita, zapalduta gelditzea, bizkarrean artu ta arin, alai, berarekin aurrera! egitea baizik.

GORMA: Aurrera, zertara?

RAGOTA: Urte labur abetan, darabilkigun guda gogorrean irabazten degun sari betikoari eltzera.

GORMA: Betikoa! Gero! An goyan! Nik orain nai det, orain, Ragota, gaztetasunak eskatzen duan bidezko zoriona... gañerakoak dutena, eta neretzako, ez dakidan zer bidegabekeriz, eragotzi-gebendua dagoena.

 

 

ZAZPIGARREN ATALA

 

LENGOAK ETA GAINE

 

(Sarrerako atetik, bidazte jantzian eskuetan artarako tresnatxoa duela sartuko da Gaine. Ragota billa joango zayo. Gorma'k ere bere alderontz urrats batzuek egiten dituela).

 

RAGOTA: Aintza gure Gaine ordezkari bikain ederrari.

GAINE: (Ragota ta Gorma'ri eskua emanaz). Ene adiskide laztanak! Lenengo dakuskidan arpegiak zuenak izatea, eztakizute zenbateraño poztutzen nauen. Ain atsegiñak zaizkigu naitasun ageriak!

RAGOTA: Zure zai geunden Gaine, ni beintzat. Bazenekike zu gabe amabost egun abek zein luzeak egin zaizkidan.

GAINE: Nik ere beti gogoan eduki zaituztet guztiak. Ta alik laxterren etorri natzaizute. Ain ederki gagoz emen, bizi iskanbillatatik urruti!

RAGOTA: O!... ortan ez gatoz bat andere. Utzi neri Bleda uri nagusiko bizi erabilli alaya, edo beintzat, nere jayot-erriko negu epel bigun disdiak, eta ez emen satorriak lurpean bezela, sudurra leyotik ateratzeko bildurrez bizitzea. Eskerrak, sator-zulo au, zu lako emakume atsegin zoragarriak argitzen dutela!

GAINE: (Parrez) Ja... ja... Sator zuloa! O, ego aldeko irudimen bizi-sutsua! (Gorma'ri) Eta eizez nola gabiltza, Gorma? Entzun detanez, giro sutua eiztarientzat.

RAGOTA: Bai? Ille-lumik ez degu bada ikusi. Ez dakigu gure adiskide onek or edurretan zer dagien.

GAINE: Egietan Gorma?

GORMA: Egi-egietan, andere. Norbait nere gañerako nai guztiak lez, ori ere, besteren eskuetan ikusi utzarekin gelditu bearra naiz.

GAINE: Zureak ere arrapatuko dute. Txandaka izan oi dira aldi txar onak.

RAGOTA: Noski! Orretaz nago ni, zuritasun motel aben artean egokituko detan gaztearo txandaren zai. Senda jakintzaren esana dan!

GAINE: Nola darkikezu galdu ez dezuna, Ragota?

RAGOTA: Galdu ez detana! Orain dala berrogei urte ezagutu ba-ninduzuten... Bañan ez naiz ni, ta ez dira nere urteak, zuri orain dagokizun itz gaya. Nere zoriona, andare. Zuen asmotan garaille bano garailleago irten zerate.

GAINE: Jakina zegoan! Bide-bidezkoa baida eskatu deguna! Ez da zentzundun gizonik, atsegin eriotz lege negargarri ori bayeztu dezakenik.

GORMA: Ba! bere biziz aspertu ta kentzea erabakia daukanak, olan edo alan egingo du. Ta... lege orrekin, azkeneko eginbear ori atsegintzen badiote.

GAINE: Ez-da ori zure iritzia, Gorma, naiz eta nonbait neri itzegin erazteagatik, onela azaldu. Nik baño obeto ta argiago dakustzu, atarramentu negargarri orretan beren naigabien azkena ikusten duten gaxoak, naigabe oyen gañetik jartzeko biotz ill, ustel, kemengabekoaren jabe izanik, asko ta asko ugarituko lirakela eriotz laztasunak, leguntzeko zerbait sumatuko balitzayoteke ta... Gero? Zer da zuen artean, gudak berarekin daramaizkien nai-ez, gose, egarri, neke, otz-bero, larritasunakin eztututa, berezi zayon lekua utzi, ta atzera! dagien gudariak irabazten duan saria?

GORMA: Guda-legiak gogorrak dira.

GAINE: Gidari ustel ori, bere agintarien aurrean bezela, aurkezten da bada, bere Jabe ta Egillearen aurre-aurrean, bere eskuz eta nayez, ludian berezi zayon lekua utzi duan gizajoa. Betikoak baigera!

RAGOTA: Zorionean! Oraintxen ezerezera biurtu bearrak...

GAINE: Eman, min emango liguke, ez da? (au parrez).

RAGOTA: Eta ez txikia! Nagoenetik aldatzea ere, naiz eta zerbait obeagoko ustean, gogorra da ta... Ain ederra da lurra, eguzkiak egurero, goizero, argi dizdiz, an eta emen baztar ezkutatuenean biltzen diran gelga arrigarrizkoak, gure begien aurrean dituenean!... Ez nua ordea betiere bukatuko ez nukean bide au artzera, bakarrik esan nai det, ezin buruan sartu zaitala beren gogonayez, lur eder au utzi ta pozik ezerezea biurtuko liraken gizonik izan litezkenik. O nai ta nai-ez eroa bear orrelako ori!

 

 

ZORTZIGARREN ATALA

 

LENGOAK, LETI TA TZEDAR

 

(Sarrerako atetik, Leti ta Tzedar sartuko dira. Leti'k zalaparta osoan Gaine laztanduko du).

 

LETI: Ene laztana, etorri aiz? Entzun diñagu ire aldekoaren otsa, ta i orduko emen izateagatik egin dizkiñagunak, ez ituken zinistuko.

GAINE: Zergatik ez Leti? Bazekiñat neri ez dagozkidan añako lagun adiskideak zeratela, nereak!

LETI: Arritzekua den elbarritu ez gaitunala. (Tzedar'i eztitsu begiratuaz). Tzedar ordea, lera eramale egokia, trebea, izaki, bestela...

GAINE: Bestela ezer ez...

LETI: (Eskua guztioi erakutziaz). Ara, ara, orain dakust. Begira Gaine, begira guztiok. Geixeago lera aretan baguaz. Leti'k Lunia aldez nere zañetako odola ematen du, ikusten, ikusten...

 

(Gorma'k ez gañerakoak par dagite).

 

RAGOTA: Ene gaxoa! Ori da zauria.

LETI: Ez da ez ain urruti...

GORMA: Beti lako ergela. (Leyar alderontz dagi).

LETI: Otsoa ez bestena. (Ragota'rekin izketan).

TZEDAR: (Gaine'ri eskua emanaz). Nere zorion sutsua andere! Ingietan irakurri degunez oraingoz beñepin Lunia lotsagarrizko ta kaltegarrizko “Eriotz atsegin lege” orretaz azke da, garbi da.

GAINE: Bai, Luniatar guztiak poztutzekoa da; aguro ibilli ezpagiña ordea, aurrerapen izenean, eden ori sartzen zaigu gure errian, zorigaxtoz, gure artean, gauza berriz, berrriak diralako bakarrik txoratzen diran itxu asko dago-ta, on ala txarra izatea berri zarrean balegoke bezela.

TZEDAR: Ala da; antziñan dana bear lakoa etzan, berrian ez da guztia txarra.

LETI: (Ragota utziaz). Tira, asi zerate biak beti bezela; zarra ta berria, antziñakoa ta oraingoa, au izango zala ta etzala. Ez al da izan bildur ziñaten kalte ori? Ez al da izango? Alaitu ta poztu gaitezen bada, gaur gabean guztiok alkarrekin champagne ontzia altzatzen degula, lenengo gure ordezkari Gaine burutsuaren aintzaz, gero Lunia gorapenagaz ta gero... zergatik ez det esan bear? etzerate guztiok gure egiazko adiskideak?

RAGOTA: Esan, esan. Zer da?

LETI: (Tzedar'i eskutik elduaz). Ta gero Tzedar eta nere zorionerako.

TZEDAR: Umea zera gero!

LETI: Ez al nuen esan bear? Azketsi (Eztitsu). Nere buru biotzean ez baidago i besterik! (Tzedar'i par egiten dio).

RAGOTA: (Biai eskua emanaz.) Urte askoko zoriona zuen artean izan bedi.

TZEDAR: Eskarrikasko jauna.

RAGOTA: (Leti'ri). Gain-gañeko senarra daramazu.

LETI: Ez naukazu ni bera añakotzat e? Etzait batere ajolik, orain azalduko det eta ni nor naizen.

GAINE: (Beretzat). Ene ametsa! Nola purrukatu zeran!

LETI: (Gaineri). Ik ez digun zorionik eman bear ala?...

GAINE: (Leti laztandu ta Tzedar'i eskua emanaz). O bai! nere txanda zai negonan. Biotz biotzez odei gabeko bizitz-luzea opa dizutet.

TZEDAR: Biotz-biotzez eskertzen dizugu.

LETI: Asi da. (Besotik elduaz). Orain, jaunak, agur... mayerako jazten asi bear gera...

RAGOTA: Ez gero zuen buruak apaintzen luzaro jardun, alde guzietara ederrak zaudete ta...

LETI: Ori ba-dakigu... Batez ere Gaine... Non darabilkizu buru ori? (Gaine'k burua urruti baleuka bezela agertuko da). Orain ere eriotz atsegin legean?

GAINE: Baita ere.

LETI: Orain bada Tzedar nigana makurtzea nola izan den entzutea nai diñat... ba zekiñat arrituta agoala ta... Jazten aizen bitartean esango diñat. (Malladian gora egiñaz). Nik uste niñan i autuko unala... Txoraturik natxion.

GORMA: (Beretzat). Gaine, Gaine, nere begiak zure ezkutua arrapatu dute. Zuretzat ere badago naieza, ta naiez gogorra naiz gaztea ta ederra izan. Zure gogapen altxien bearra ba-dezu orain. Bizitzaren iseka-gogorrak... Ja.... ja...

 

(Ero algara egin ondoan negar leyar atetik sartuko da).

 

Gaine
Katalina Eleizegi

El Día — 1932-02-09/1932-04-23