NI ETA NI
Domingo Agirre

Euskal Esnalea, 1917

 

 

II

EZAUPIDEAK

 

      Nola egotzi zaio Laura sotilari Joaneganago maitetasuna? Nola baina, gizakumeen zurikeriak behin ere aintzakotzat hartu ez baditu, Aranzabalgo mutil gazteei, Ubila, Murga eta Berroetakoei, egundaino ez badie jaramonik egin, gizartean beti hain atzeka izan bada, hain menta isila, elurra bezin hotza, harkaitza beste lehorra, nahigabearen gisa iluna, mintzorik gozoenentzat batere oiharzun gabea?

      Gauza danek ohi dute beren aro eta garaia, anima guztiak beren ordu samurra. Lilia zabaltzeko udaberria behar da, iluntasuna uxatzeko eguzkia, elurra kentzeko haize bigun-epela, lehortea euri lanbroak kendu dezake, nahigabea albiste on batek osatzen du eta bihotzarenateak irikitzeko norbere antza duan arima bezelakorik ez da.

      Laurak ezeren kezka gabea zirudian, ezin erne dan hazia, lotan dagoan usoa. Baina Joane idoro zuanean, zeharo esnatu zan, udabe­rria sortu zitzaion, bihotza zabaldu, argiz bete, zeruko ihintzez busti.

      Markinako urian ezagutu zuan Joane. Ondo gogoan dauka.

      Oinaz eta Ganboatarrak, harako bake une baten, Ibarguengo ala­baren eztaietan, Jemeingo zelaiaren erdian, egundainoko jai eta kirolak egin zituzten.

      Nahi al dituzu ikusi, irakurle? Hatoz nerekin batean, ez digu inork ezer eragotziko. Irudimenak ez du hesirik.

      Begira itzatzu: aspaldikoak izan arren, oraingoak dirudite jolasik gehienek, egunoro eta edonon zerorrek ikusiak, baina gaurkoen itxura dutenei begira okitzen bazera, lehenagokoak ohartzen geratu zindezke.

      Hori gizadiz bitu da! Hor daude Lekeitio, Mutriku eta Ondarroatarrez gainera, Zaldibar, Zearrotza, Ibargoi, Barinaga, Berriatu, Asterrika, Amoroto, Mendexa eta Gizaburuko seme guriak. Bertan dabiltz, zahar eta gazte, auzo jauregietako andre eta jaunak, eta gazteen artean Txuri Espila, Mikela Egurtza, Goizalde Otsaran, Ma­ria Bilela, Menda Lasarte, Izartxo Aranzabal, Lorea Iarza, Elurdi Urkizu, Aldonza Murga, Laura Aranzibia eta beste hainbat etxe oneko alaba, oso arretaz orrazturik, garbi eta txukun, zein baino zein lirain eta ederrago.

      Zaldun ezkongaietatik elemena da: Santxo Ibarguen, Otsoa Iarza, Fortun Ubilia, Diego Arostegi, Peru Bilela, Matxin Aran­zabal, Gonzalo Aranzibia, Tristan Berrio, Alonso Likona, Nuño Mendia, Lope Ibainez Okerra, Ernando Murga, Garzia Amallo, Rodrigo Lizardi, Floristan Larreta, Rui Ortiz Urkia, Inigo Diaz Aulestia eta ez dakit nik beste zenbat handiki ernai eta lerden.

      Elizkizuna eta ondorengo betekadea amaitu diranean, hau da, arratsaldeko hiruretan, ikusgarria dakust elizaurreko enparantza. Koipatsuz ondo eginda, txakolinez berpizturik, ezeren lotsa gabe, izerdi patsetan, alkarri bultzaka, zakarkeriak esanaz, bakoitzak bere ustea harro azalduaz, bere ahaltasuna erakusteko lehiaz, dakianak dakiana egiteko asmoz, giza mordo lodia ageri da zelai zabalean.

      —Ikusiko da ni adina zein dan burni jaurtitzen.

      —Ez du inork nik beste zama jasoko, arrania.

      —Nahi dek hik baino zapart hobea egin baietz?

      Orrela diote batak eta besteak, kirolunearen zain oso artega.

      Noizbaiten ere, ez nahi bezin agudo, hasi da tuntuna jolasera deika, eta dei horri ondo erantzunaz, atabal hotsaren neurrietan ea mutilak! azkar, zoli eta bizi, eskuak gerrian dituztela edo besoak zabal jarrita, horruntz-honunzka, gora beheraka, ezker-eskubi zabulunduaz, belaunez lurra jotzeraino edo hankak burura jaso beharrik, izugarrizko bizkortasuna erakutsi dute Lekeitio, Mutriku eta Ondarroako arrantzaleek.

      Gehiagorik ez dakite, lehorrean behintzak. Ez dezateke ezer besterik egin, baina ez da batere behar lasai geratzeko. Norbere gaitasunari begira bagaude eta besteena ikusteko itsu, gu adinakorik ez da. Arrantzaleen ustez berak dira Jemeingo gizonetan aurren eta gorengo. Antxume irudira irridatzea da, nonbait, egitekorik handiena.

      Baina ez dira danak uste horretan. Olagizon bi, Ansotegiko Este­ban eta Eizmendiko Paulo, ganerdikoak biak, tantai luzeak, kankailu zikinak, setakaz beti lardatuak; betondo eta belarri, sama eta esku, ogipideko aztarna, ikatzaren beltzunea behin ere kendu gabe darabiltenak, txanda eldu zaiela-eta, burni-haga banaz enparantzara sartzen dira. Eta entzun adiskideen berehalako deadarrak! Adi lagun guztien irazkinak!

      Orain dek ire garaia, Esteban! Hara hor hire lehiakidea! Gailendu zak behin, arraio hori! Azpiratu zak betiko!

      —Azpiratu? Ahal izan behar! Bere gain baleuka! Nahian baletxiok...! Arkume bat Eizmendin alde! Zahagi ardoa, txekorrik onena, Paulok irabazi baietz!

      Guztiak oihuka dabiltzala, gure olagizonok, isil eta benazki, beren txamarrak kendu dituzte, eskumuturrak zerbait jaso, paparreko aleak askatu, bular hauspoak arnasaz bete, oinak lerro erabakian ondo jarri, eta keinu egin zaiotenean Ea Paulo maitea! Ea hortxe Ansotegi! Behin batak eta hurren besteak, lerrotik batere erten gabe, zankoak beren tokian geldi zauzkatela, soin guztia hiru edo lau aldiz makurtuaz, hankape lehenbizi eta bihurreran gero, zuzen, ahaltsu eta zunburruntsu, jaurtigi dituzte burni astunak, egur arinak ohi diran aisa, Paulok ehun eta hiru oin, Estebanek ehun eta bi t’erdi.

      —Diamotso diamotsoena! Oinerdiz eraman dio, oinerdiz bakarrik!

      —Oinerdiz edo zazpi arraz, galdua eman eta kito.

      —Aupa! Zahagi ardoa irabazi diat!

      —Aupa! Txekor handiaren jabe nauk! Gora gu eta gutarrak! Gora napar beltza! Gora gure laguna! Gora Eizmendi! Paulo, hi bezelako gizonik etziok!

      Ez, e? Zaude apur baten. Izterlodi, gerrizabal, besalabur, lepomotzeko giza motroiloa agertu da: Balzola errotaria. Patxada osoan zelaira ertenda, alderdi guztietara ausart begira, «Datorrela —nahi luke adierazi—datorrela beste gizon bat, nahiz Bizkaikoa, nahiz arabarra, nahiz giputxa». Bere berdinik ez dagoala ziurtu danean, hamar arroako irin zorroari eutsika, «Ipini—mintzatzen da— ipini beste sei lakari», eta gerriko uhala berriz loturik, eskuak txistuz igortzi ondoren, lurrean erdi etzinda, sartzen du ezkerreko eskua irin zamapean, oratzen dio zorroari eskubiz burnikakoz bezela; astiro astiro, pitinga narraska, alderatzen du sorbaldaraino; hanka eta buru ekinaz, ukalondoaren laguntzaz, eskumuturren adorez, indar bai indar, doi doi doi belainikatu da; eta bukaeran gero, zain danak agirian dituala, soin guztia ikaraz darabilela, oreka ezin gordez, etetzeko zorian, lehertu beharrean, gorri-gorri, hantxe-hantxe, Ia! ia! ia! Eeeup!... jaikitzen da zorro eta guzti, eta berebiziko gora eta ogenak entzuten ditu.

      —Beajondaikela, errotari! Hori dek gizontasuna! Hori dek errotsu izatea! Hire indarra nahi nikek soro bazterrean! Ezagun du horrek nahikoa talo jan duana! Gure lepotik alegia, gure lepotik! Horren laka ondo neurtua izan ohi da, bere alde!

      Baina ibil gaitezen arintxoago, bada oraindik zer ikusi asko daukagu.

      Hiru gazte azaldu dira gero, makilaz edo makil gabe, abiadan edo kukubilo hasita, zenbat arrako zaparta egin zitekean erakustera; lasterka zaleak hurrengo, beren azkartasuna bilaldean ikusi zedin; eta beste jolas ohiturik ez dala uste degunean, hara non ekiten dion Arizpe artzainak gaztaina adarrez berak eratu duan txistua joaz, txiribiri-txibiro,  txiribiro-txibiro, beti batean, geza eta barregarri, enparantzako guztiei gogait eragin arte. Bazterrean egotekorik ez da hemen inor.

      Behe mailakoena izan da orain arteko jolasketa, sari eske dabiltzanena; handikiak gerorako berezituak daude. Baina bada horratik haietakoren bat, Lope Ibañez Okerra, bere menak ondo jakinda, inoren ona ezin eramanik, hari eta honi barrez, hau eta bestea urruinduaz, gehien zanari aitzakiak emanaz, zelaira ertengo ez ertengo, txaloen gosean larri egon dana.

      —A ze nolako geldotzarrak! —zion—. Dardarrik ez, moteil, dardarrik ez! Abiada gabe behar dik! Oso ahuldu ala hiz? Gehiago ezin al dek? Horrenbeste bagaituk, horrenbeste bai, alajainkoa!

      Azkenean ere, inola etsi ezinik, beta joanda gero, aldameneko bati burnia kenduta, Arizpe txistu jotzeari jarraika dagola, zaloi eta zardardai, jaurtigitzen du esku-haga Paulok baino bi oin harontzago; eta behin asi danean, asto, kaiku, zentzuge, arrandiz burua galduta, ergelez oso eroturik, zelaiko gizonak harritzearren, belaun gainean, Ara! Ara! Aaara!! burni lodia oker-oker egiten du.

      Zer uste zuten, arraiepola! Jakin zedila noraino zan Lope!

      Baina ez du zaldun horrek nahi adina txalo izan. Gizadirik gehiena, une hartan, beste norbaitek artegatua darabil.

      — Ixo, ixo — diote— Munabe dator, Munabe ipuin zalea.

      Zein da bera? Gazte atsegin bat, betiluntxoa, zurbil samarra, argien alboan txito argia, zintzoen artean zintzoenetakoa. Orube handiko semea bada ere, bera baino lehen jaio ziranak kendu diote jatorrizkoen ondasuna, eta inola ez dan gudazalea izan, Zearrotzako apaizen urgaitziz, jakituriaren eske gogotsu eta luzaro ibilia da. Beste inork ez bezela ikasi du antzinetako gertaeren berri, eta berorrek esan ohi ditu Euskaldunak Erroma eta Godotarren kaltean erabili zituzten esetsaldiak; berorrek azaldu herrikoien mintzo beroan, Lekobideren adorea, Utsin Tamaioren ahaltasuna, Leloren bilaukeria, Altobizkarko egun gozoa; berorrek, jazarraldietan, mendi mutilen anima hotzak astindu; berorrek, atseden garaian, jauntxo askoren jai eta batzarrak alaitu.

      Hara zergatik adierazi duten barreneko poza Munabe ikustean.

      Toki, toki, sartu dedila —diote—, eresi dezala!

      Eta danak ematu diranean, Munabek hasi du eztiro bere jarduna.

      —Ni ez nator, dio, zuen sari bila. Nik nahi nukean saria, ai!, ez det egundaino iritsiko. Ipuin bigun bat esatera nihoakizute: karnabatxoaren ipuina.

 

      Barinagako oihanean sortua zan. Hantxen, gurasoak ainbeste arduraz tajutu zioten kabia epelean, anaien ondoan, ohartu zuan lehenbizi gure lurraldearen izakera; hantxen, lumaz jantzi orduko, bere sorlekutik gora begira, ikusi zuan izar zuri argi bat, gauza guztien gainoetik eder. O, zein ederra! O, zein zoragarria!

      Izar hori zan, geroztik, karnabatxoaren gogo bakarra. Osterantzeko izaki danak, zuhaitzak, zelaiak, abere, piztia, landare, zamorro eta tximeletak, txori lagunak, erreka eta loreak, osoro hutsak zirudizkion.

      Beste senideak, zerbait hasi ondoren, hegaka joan ziran mentsu, sasirik sasi eta adarrik adar, jaki beharra non idoroko, txio berria nola ikasiko, edo, ezeren arreta gabe, txantxangorrien atzetik, txoro jostatzera.

      Baino ez gure karnaba. Alperrik bere amak itundu:

      —Hoa i ere, pitintxo; joari, maite, hiretarrakin batean; uxa, ibili hakit hor zehar; hi bezelako umeentzat egun guztiak dira jai.

      Jolasa baino zeregin obea zeukan. Goizean goiz kabia utzi, ahal zuan adina zeruruntz igon, eta nahigabez itoko ez bazan, bihotza zer­bait arintzearren, moko eta hegoak zabal zabalik, bere nahiera samina isuriaz, eresirik limurienak bidaltzen zizkon izar ezkutuari, lotan dagoan kutunari maitaleak ohi dion gisa.

      Hori zan bere arlo eta zoria. Horrela igarotzen zituan egun osoak eguzkitik iluneraino, eta gauak ostera, maitea berriz agertu ohi zanean, ainube, izu, minbera eta lotsakor, bere bazterretik zerura begira.

      Laster ezagutu zuan amak semearen gaitza, eta gauaren erdian, txorien hizkuntzan, sarri entzun zitekean era honetako hizketarte isila:

      —Lo egin zak, laztan horrek.

      —Ezin det, ordea.

      —Handizale haiz; asko nahi huke.

      —Ez det nik, ama, ezertxo eskatu.

      —Baina beti hago izartegia ikusten: hori etziok ondo.

      —Ezta oben begiak izatea.

      —Zertan jartzen dituk zeruko argietan?

      —Berenez dihoazkit.

      —Ai, seme! Goiko izarra gugandik urruti ziok.

      —O, zein urruti!

      —Ezin dezake hire axolarik izan.

      —O, ez! Egundaino ez!

      —Inozo hago, bada.

      —Inor ez da inozo, eretietan? Abere eta gizonak, inoiz gurari bat erne bazaiete, maitasunaren eztenak bihotzean ikutu badie, berdintsu dihoaz inozokeriara. Utzi zadazu nerean, ama. Izar maiteak ez dit ezer entzungo, ez nau behin ere ikusiko, naizanik ere jakingo ez du; baina nik, itxaropen gabe, izugarrizko behazunak irentsiaz, nere ahotsik emeenak berari joko dizkat eta nere bizitza osoa oparo eskeiniko diot. Hori da nere apeta, hori nere adua.

      —Bai adu txarra!

      Hainbat. Zeruetako izar zuria, aldakorra nola baizan, bere bidean zihoan edetsu, igarri gabeko higian zihoan beti goiertz aldera, eta harako gau eder baten, gailur-mugari musu emanaz, beste argi apainez inguratua, ostendu zan naro eta bare ortz urdinean bidazti.

      Orduan karnabaren lorra! ¡Orduan benetako gaua! Orduan bihotzaren iluntasuna! Jangar eta makar, estu, atsege eta gaixo, sukarrez kiskaltzen, izar maitea ahaztu ezinik, bere leloari eraginaz, negar itxurako espa leun luzea joaz, Txiio, txiiio, txiiio!... zeharo urtu zan karnabatxoa.

      Horra hor ipuina esan.

      O! Jaungoikoak jagon zaitzatela zuen begiak izarrean jartzetik!

 

      Adipenez egon dira zelaikoak Munaberi entzunaz, baina ez die harek inoiz bezela gogoa bete. Emetxoa zan ipuina, samurregia, egokieza. Zer zeukaten zerikusi gizartean txori eta izarrak? Hor ziok ba! Ezin egonoro betatsu izan… Hala ere, nik badakit nori iruditu zaion egoki eta betatsu.

      Baina ez da gizadi hau ipuinak aditzearren edo betiko jolasak ikustera inguratu; beste gauza bat nahi luke garai honetan, ukaldi ospatsua, indarketa berria, gudari gazteek arestian erakarri duten jolasa: zaldikoen borroka.

      Horregatik bitu da gehienbat zenbatu ezin ahala gizon Jemeingo zelaian; horregatik daude soilaru jasoetan iski hainbeste neskatxa eta andre aberats; horregatik, Munabe isiltzean, gizataldearen lazka, marmarra eta irakitea.

      —Zaldunak, betoz behin zaidunak! —egiten dute oihu.

      Badatoz. Buru ankorrak goi dituztela, begi zoliz alderdietara begira, hanka lirainak ondo astinduaz, albo eta paparretan oihal bitxiz apaindurik, abere aukeratuak, zaldi eder bikainak ozar datoz enparantzara, eta beren gainean iaio burnijantziz estalduriko gizon gazteak.

      Zeintzuk? Ugo Iturbe, Beltran Zubiri, Rodrigo Zumelzu, Arnaldo Zamudio, Jordan Mugartegi, Santxo Muxika, Ortuño Berroeta, Joane Abendaino... Soinean eta abere mardulen oihaletan bakoitzak bere jauregiko agiriak dakarzki: batak otsoa, besteak pertza, honek gaztelua eta hurrenak gurutze ongarria, zakurra, zuhaitza, buzoka, basurdea; margo zurian, azpi gorrian, elge urdinean, lurki nabarrean; urrez egina, zilarrez betea, artile horiz eratsu josia edo hari orlegiz oso poliki antolatua, bada horrela eskatzen du asabeen oroitza, gurasoen izena eta norbere burua goratu beharrak.

      Berariaz da sotil jauregitarren agerketa, benetan dakusgu eder, egiaz daude ikusgarri zaldun gazteak eguzki leinuruan dizdiraka.

      Min du Gonzalok hoietakoren bat izan behar eza; baina alboko emakumeak, Lorea otzanak, gozatzen dio barruko samina. Nahigabez dago Lope Okerra gertatu ez dalako, baina hurrengo baten aisa iritsiko ditu ordainak.

      Orain bi eta gero beste bi jartzen dira zaldunok aurrez aurre, hartzen dituzte eskubiko besapean gudamakila sendo luzeak, adiskideen bularretaruntz zuzentzen dituzte, txaranbelaren agindu errea garbi entzuten da, eta bat-baterako zalapartan, abiadarik zorrotzenean, tximistaren antzeko erasoz, jotzen dute alkar erruki gabe, soinari txinpartak atereaz haga lodiak erraz zatitzeraino.

      Eta gauzaren harrigarria! Zaldi belatzak, jazar gogorrean, bultzada zailetan igoturik, bitsa dariotela, ahul eta kemenge, atzeraka hasi arren, zaidikoei ez zaiote ia nekerik ezagutu, beren lekuetan deus zirkinik egin ez dute. Haiek gizonak!

      Lehenbizikoak, Iturbe eta Muxika, Zubiri eta Zumelzu, Zamudio eta Mugartegi, norbere azkartasuna jakin erazi ezkero, hutsalkeriz gainezka galetsi dute zelaia; baina bukaerakoak, Abendaino eta Berroeta, ez dira hain aurki aspertu. Berriz eta berriz eraso diote alkarri; ezingo dute borroka utzi zein gehiago dan ikusi arte. Biak dira gizon trebeak, biak indartsuak, biak Lauraren maitaleak, eta Aranzibiako alaba ukaldia ikusten ohartsu dago. Neskatxa horren begirada bakoitzak kemen berria sartzen die gure zaldunei, harrera lehiatsua, haserre zitala, garaitu nahirik gogotsuena.

      Labea bezin gori, suminez oso itsu, lagun izanik etsai bezela, giza zintzoak petral eginda; besoz jarrosiaz, hitzez urruinduaz, irain eta birao, gajo eta kerten, arrano eta alajain, azpirako haiz, zuzituko haut, birrindu hadi... Azkenean ere, norbaitek erori behar zuan, eta erori zan Berroeta. Zorigaiztoko erortzea!

      Abendainok, dagoan lekutik bere garaipena Laurari eskeintzean, Lauraren arpegian poz andia ikusi du, eta haserre itsupenak behingoz irionik, zinez lurrekoari galdetzen dio:

      —Minik hartu al dek?

      —Ariman.

      —Ba! Hori ez dek ezer. Ahaztuko zaik.

      —Ez nere bizian.

      —Ekatzak eskua.

      —Hiri!

      Ez dute besterik esan. Berroetaren jarkera da oparo esankor.

 

      Kirolak amaitu dira. Gizadiaren deadar-marruak urruti aldeko trumoiaren oihartzuna dirudi, eta egiaz, itsasoetatik jaiki dan hodei beltzak dieonez, ekaitz handia dator.

      Bilerako gizon eta emakumeak, eguraldiari jaramon gabe, zaldiz eta oinoez, ijiji ujuju, bide zidorretatik aurrera, beren etxeetaruntz dihoaz. Danak daramate zerbaiten ustea, norbaiten oroitza, zorigaitzaren hazia: gorrotoa, edo zorionaren lainoa: ametsa. Batak, urliaren hitzak dakarzki burura; besteak, sandiaren indarrak; honek, arako mutilaren gaitasuna; hark, berari jo dizkaten txaloak. Berroetari bere atsekabea oroitzen zaio; Izartxori Munaberen ipuina; Loreari Gonzaloren irudi bikaina; Aranzibiako alabari Abendañoren eskeintza. O! Gazte haren ondoan beste guztiak lotuak, baldarrak eta atsegingeak zerizkion: hura bakarrik zan iaio, ura bakarrik arimako hutsunea beteko dion gizona...

      O, zenbat aldiz Joane eta Laurak esan diote gero alkarri Jaungoiko ahaltsuak bata bestearentzat egin dituala!

 

 

      [Euskal Esnalea, 1917-VII, IX, X, ohar honekin: «Irakurgai berri bat gertutzen ari da Domingo Agirre jauna, irakurgailari bikaina. Auinamendiko lorea, Kresala eta Garoa-ren egileak, Ni eta Ni darabil orain esku artean. Ez du bukatu, baina nolakoa izango dan gure irakurleek jakin dezaten, zati bat eskatu genion, eta bi bidaldu dizkigu: lehenbizikoa eta bigarrena. Bigarrena, laster irakurriko dezute: ona hemen lehendabizikoa».]

 

NI ETA NI
Domingo Agirre

Euskal Esnalea, 1917