ABESTI EUSKOTAR BATZUK
Erramun Astibia

Erramun Astibia «Errenderi Aba» (1881-1916) Idazlanak
(edizioa: Elixabete Perez Gaztelu)

 

 

LEKOBIDENEA

 

Antzinako jauregi, haundi izugarria,

mendi muinoan dago lerdenki jarria

haitz gogorren gainean tinketz irasia,

lehen zan gudaletxea, orain saitokia.

 

Arrano eta saimotzen zaramara uzuak

dirudiz sorgin-irrak zoli eta zoruak;

hala txarranak dira zurrunbilatuak

han dabiltzen hegazti saimotz-arranuak.

 

Horlaz ere zartadan ate batetikan

etxetzar haundi hartan laster sartu nintzan.

Txarran, beleak edo... oro isil ziran,

hantxen utzirik neri bakar-bakarrikan.

 

Jauregi zaharra ei da Lekobide etxia:

Gudarako zer etxe Lekobidenia!

Haitza bezin gogorra zan lehen jauregia;

orain, ordean, ene!, jo du goiak bia.

 

Itoginaz dirade sabaiak erori;

hegatzak erroizturik, guztia da ageri.

Horma tartetan huntza, zigu berebizi

lurrean osina eta nahiko lahar ta sasi.

 

Galdua zegok oroz Etxe Nagusia;

makuak lurreratzen, lehertzen harresia,

egetuko da sarri, txarranen zoria!

azoin sakon bertatik jauregi guztia.

 

Lekobide sendoa! Erkaba lazkora!

Hauxen bai dela gutzat ondiko gogorra.

Gudaletxea zana hondatuta, horra

soilik hondope hutsa eta bakarrik zaborra.

 

Gezurtzarra dirudi gauz honelakuak,

antzinan halako eta gaur honen galduak;

zangar-zindo lehen, eta orain kaxkalduak,

ez da lotsagarria hauxen, ene euskuak?

 

Barrezka dari beti hemengo sorgina,

euskelduna ikusirik erdeldun egina:

Gau zomorro itsusien iseka samina

atsekabez bihotza lehertzeko da adina.

 

Lozorroz horrela ere dakust euskotarra;

hauxen bai tamala eta hori bai negarra!

Ernetu dedin bertan, betor oinazkarra,

ortots-orrobia eta luperko dardarra.

 

Lekobide muinoa, egin zak burruka,

erro-barren-azpitik hasirik zabuka.

Esaiguzu, Ortzia, goietan orruka:

Euskoak Aberria, non ote daduka?

 

Ospe ona galduta baitugu gerena

gure erru larria da akatsik beltzena,

lagiak kutsaturik, eta hemen ogena

ekarrerazi dugu Euskadi-guena.

 

Lekobideneako sorgin-ireluak:

utikan! kuku! kuku! Uxu zomorruak!

Gaur ez da izta giroa, orain dute euskuak

ikusiko sumina osoz beldurtuak.

 

               * * *

 

Sargori nazkatuak jotzen du txistua

ipar haizeak dagi hots amorratua

badator oinazkarra, baita ere erasua:

izango dugu guda gaur porrokatua.

 

Oldarrean hodoiak erruz bildu dira,

ekaitz izugarriak biraka eta bira

mendiz mendi datorzte Etxe Nagusira,

ulu-marruak joka, egiten intzira.

 

Ortzantzak orruz dio: Lekobidenia!

Non dugu antzinako Lekobide-Etxia?.

Goietan bat-batean dager juzturia

uxtuz idazten ortots beraren galdia.

 

Ozti zakar korronkaz bete dira haranak:

sutu dira eta izeki sukarrez oihanak,

joanik otoz otoan lehen hemen ziranak:

mamuak, mozorroak, aztiak, txarranak.

 

Bota ditu itsasoak karranka eta oihua

suminduaz dirudi hartz elbarritua:

zauriaren zauriaz otso zakartua

ez da behinere izaten hoin elegatua.

 

Gatazkan arramaka ari dira uhinak

kunkaka kuzkatutzen harkaitzaren oinak.

Laster lehertuko, ondikotz!, ditu gain-erpinak

ur harro oldarkorraren indar ahaleginak.

 

Lehertu zaigu ortzia, istandu da lurra,

astintzen du dardarka mendiak gailurra.

Itaunak baditugu, baita ere beldurra.

Entzun, entzun agudo, euskotar andurra!

 

Euskotarra, non daukak orbangetasuna?

Non edo duk Euskera, euskeldun izuna?

Aberria non ote? Non Goiko hire Jauna?

Euskadi zaharrarekin, non askatasuna?

 

Irahil duk Aberria, hil zaik izaera.

Urtzi-onestasuna jaurti duk aldera

eta Amatzat hauturikan Amaizun Erdera

oinpean lerdekatu heukan gure Euskera....

 

«Euskera», eta burrunban darauntsa oztia.

«Euskera», eta dardaizez ari da mendia.

Gotutsa dabil hemen ikaragarria.

«Euskera», eta gotzon bat jarri da ageria.

 

Zemaketan gotzonak jasorik azkona

haserrez berriz ere hauxen da diona:

Euskaditik hazama, euskotar gizona,

eta habil erdeinatua ludian har-hona.

 

Zatzelkitxidak honuntz nonahiko arrotza;

ez, ordez, eusko lasai, ustel eta apotza;

bestelaz nik harturik iskilu zorrotza

beraxek izango du dzanpez heriotza!

 

Zatzai joazek laster etoiak hemendik:

hemen ez da euskotar gelbera beharrik:

jauregi zaharra nahi du orain gure Euskadik

negarrezka aritzeko seme ume gaberik.

 

Inusturi suzkoak, tximistak etorri,

eta suskuldurikan jarri goia gorri:

Ortzantzak ere hedatu berant hots-orrobi,

zealdukatu arte malda, muino, mendi.

 

Haizeak, erasoak, guztiok batian;

eta hodoiak bildu Lekobidenian:

ta hasi joka eta joka han, hemen, gain, bian,

Euskaditar-hobenak aspertu artian.

 

Euskera galdu da eta Euskadi ere bai

izan lekitxigukek Nagusia nornahi.

Hator, ba, arrotz hori, eta jagoiti egon hai

antzinako euskoen jauregiaren zai.

 

Lekobide zanean agintari hemen

lera lez irristaka girringaz lehertutzen

etsaiak inburuzka amiltzen ziraden

ortzitu arteraino lur zulo barrenen.

 

Orain leize-sorginak eta apotoruak,

txarran bihurri gaizto, bele eta arranuak,

igo honuntz ibiltzeko irraka nahastuak

nausaz irotu arte euskotar-lepuak.

 

Dedik suge gorriak zorroztu geztera,

eta misto zitalez gebendu sarrera

azpitu duenari asaben Euskera,

berenganaturikan arrotzen Erdera!

 

Azkenez, Lekobide, Basajaun ezaba,

ager hadi hire etxean, Lekobide Erkaba,

eta gogor-zorrozki idekirik aba,

birautu zak irainka euskotar bilaba.

 

ABESTI EUSKOTAR BATZUK
Erramun Astibia

Erramun Astibia «Errenderi Aba» (1881-1916) Idazlanak
(edizioa: Elixabete Perez Gaztelu)