ABESTI EUSKOTAR BATZUK
Erramun Astibia

Erramun Astibia «Errenderi Aba» (1881-1916) Idazlanak
(edizioa: Elixabete Perez Gaztelu)

 

 

SABIN!

 

Ezautzen dezu, Sabin!, etortzen ohi dana

urtero zintzo malkoz urtua zugana

malkoz urtua zugana?

 

Zu hil zinanean, hura nere min zorrotza!

Geroztik daukat porrokatuta bihotza

porrokatuta bihotza.

 

Poza aldendurik, heldurik erruz negarra

negarra da nik dagikedan gauz bakarra

dagikedan gauz bakarra.

 

Zerori zinan, zeror-zerori, Arana

ene bihotzeko Aba maite eta laztana,

Aba maite eta laztana.

 

Zuk baitakizu Jaunan ondoan egia:

nik zure aldez gogoz ein duten guztia,

gogoz ein duten guztia.

 

Baitakizu, bai hil-hurrenean zinala

heriotz eske zinez ibili nintzala

zinez ibili nintzala.

 

Txadonan ahozpez otoi ein nion Urtziri:

bertan ni hil nadin, bainon inolaz ez Goiri

bainon inolaz ez Goiri..

 

Aberriak zer? Euskerak ere zer egin

gaixo-gaixoak galtzen badute gaur Sabin?

galtzen badute gaur Sabin?

 

Entzuten ditut gure Euskadiren marruak;

ditut aditzen eusko guztien uluak

eusko guztien uluak.

 

Beltzaren beltzez goibeldu zaigu ortzia

datorrelarik gau-arrats izugarria

batere argirik gabia!

 

Bira-biraka heltzen zaizkigu hodoiak

ortotsak ditu dardaizten beheak ta goiak:

guztiok egin otoiak!

 

Hauxen nekea! Hauxen barrengo beldurra!

Tximist-juzturi, haize, ur eta elurra

nahasturik ortze eta lurra...

 

Menditik datoz marraska-didar uzuak

itsasaldetik zemai ankerren zantzuak,

arramak eta oihuak.

 

Zuhaitz-enborrak, enbor gogorrak izanda

dariz bihurtzen garrasiz kirrisk-karraska

minaren minez negarka.

 

Ortze zabalan iurtzuriak orruka

beheko gauz orok nahasturik elkar burruka;

Zer ote Euskadik dauka?

 

Hainbeste intzira, burrunba, aunka eta orrobi

nonahi entzunik dardar-ikaraz nago ni:

Zer degu, Goiko Jaun hori?

 

Haizetzar horrek botatzen ditu zuhaitzak;

Jaun indartsua! Oinazkarrezko ekaitzak

iraultzen ditu harkaitzak.

 

Hau gau arratsa, Urtzi Jaungoiko sendua,

ez zaigu isiltzen erasoaren txistua

ezta ere itsaso-marrua!

 

Euskadik mina, oinaze dauka zorrotza,

gogo barrenen sartu diote aihotza,

erdibiturik bihotza...

 

Hiltzen ari da Erkaba Sabin, ai Ama!

Sabin maitea herio beltzak darama

herio beltzak darama.

 

Hodei baldarrak, laino narrasak ere erruz

horgatik datoz beltz-ilungiro aokuz

beltz-ilungiro aokuz.

 

Erauntsi hotsak, ortzantz zakar ilunak

ez dira baizik negar-elitto itunak

negar-elitto itunak.

 

Hiletariak alde guztian ditugu

Goiri dalako azkenez, ene!, hiloztu

azkenez, ene! hiloztu.

 

Zardai enborra, zartaturikan leher zadiz,

eta Aba hilaren negar egizu garrasiz,

negar egizu garrasiz!

 

Eusko mendiak, estali lainoz zaitezte,

alarguna lez ez agertzeko behinere

ez agertzeko behinere.

 

Lurrikaratu, Ama Euskadi samina

Aba hil ezkero bertan bota azken zotina

bota, bota azken zotina.

 

Arana, Arana, hil omen zera betiko!

Nola naiz orain, Arana, Arana biziko?

Arana, Arana, biziko?

 

Hauxen nekea! Hauxen barrengo negarra!

Negarra da nik dagikedan gauz bakarra,

dagikedan gauz bakarra...

 

ABESTI EUSKOTAR BATZUK
Erramun Astibia

Erramun Astibia «Errenderi Aba» (1881-1916) Idazlanak
(edizioa: Elixabete Perez Gaztelu)