Hegoaldeko autopista
Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1994

 

HEGOALDEKO AUTOPISTA

 

        Gli automobilisti accaldati sembrano non avere storia... Come realtà, un ingorgo automobilistico impressiona ma non ci dice gran che.

Arrigo Benedetti, L'Espresso,
Erroma, 1946/6/21

 

        Hasiera batean, Dauphine-ko neska iragandako denboraren kontua hartzen tematu zen, baina Peugeot 404ko ingeniariari berdin zitzaion ordurako. Erlojuari begiratzea, edozeinek zeukan, baina bazirudien eskuturrari lotutako denbora horrek, edo irratiko bip-bipak, beste zeozer neurtzen zutela, hain zuzen igande arratsaldez hegoaldeko autopistatik Parisera itzultzeko nahikari ergela izan ez zutenen denbora, ze horiek, Fontainebleautik irten berriak, autoa abiada geldoan jarri behar izan baitzuten, gelditu, sei auto ilara alde bakoitzeko (gauza jakina da igandeetan autopista osoa erreserbaturik izaten dela hiriburura itzuli nahi dutenentzat), motorea martxan jarri, hiru metrotan aurrera egin, gelditu, eskuinetara 2HPko mojekin solas egin, ezkerretara Dauphineko neskarekin, atzeranzko ispilutik Caravelle-a gidatzen zuen gizonezko zurbilari begiratu, Peugeot 203ko (neskaren Dauphinearen atzean) senar-emazteen oilo-zoriona ironikoki inbidiatu, alabatxoarekin jolasean eta txantxetan eta gazta jaten ari baitziren, edota noizean behin Peugeot 404aren aurreko Simcako gaztetxo bien lotsagabekeria erretxinduak jasan, bai eta, tarteka, errepide gaintxoetan, automobiletik jaitsi ere, sekula urrutira gabe egoera aztertu (sekulan ezin baitzitekeen jakin aurreko automobilak noiz jarriko ote ziren berriz ere martxan eta orduan korrika itzuli beharra izango zen atzekoek ez ziezaioten bozina eta irain borrokari ekin) eta, honela, ordua une oro begiratzen zuen neskaren Dauphinearen aurreko Taunus baten parera heldu, eta esaldi etsitu edo txantxazko batzuk trukatu haur ilehoria zeramaten bi gizon haiekin —egoera jakin horrexetan, jostatze amaigabea zen haurrarentzat jolas-autotxoa Taunuseko eserlekuen eta atzealdeko ertzetik korrika askean ibilaraztea— edo ausardia izan eta aurreraxeago jo, ez baitzirudien aurreko autoak artean berriz ere martxan jarriko zirenik, eta nolabaiteko errukiz so egin ID Citroëneko senar-emazte edadetuei, beren autoak more koloreko bainuontzi erraldoia baitzirudien eta senar-emazteak bertan gain-igerian, agurea besondoak bolantean etzanik nekadura egonarritsuaren posturan, atsoa sagar bati koxkada ttikiak ematen, arretaz, gogoz bainoago.

        Horixe guztiarekin laugarren aldiz topo egitean, horixe guztia laugarren aldiz egindakoan, ingeniariak hartua zuen erabakia bere autotik berriz ere ez irteteko, zain geratzeko harik eta poliziak nola edo hala tapoi-gunea askatu arte. Neumatikoen alturako denbora hari, abuztuko beroa gainjartzen zitzaion, eta mugiezintasuna are ernegarriago bihurtzen. Oro zen gasolina usaina, Simcako gaztetxoen oihu petralak, eguzkiaren distira beiretan eta ertz kromatuetan islaturik, eta, errematerako, kontraesan sentipen hori, hain zuzen abiada bizirako asmatutako makina-oihan batean, zer, eta entzerraturik egotea. Ingeniariaren 404a eskuinaldeko pistako bigarren lekuan zen, bi pisten arteko mugatik kontatzen hasita: bere eskuinera, beraz, beste lau auto zituen eta zazpi, berriz, ezkerraldean, nahiz eta benetan garbi ikusi, inguruan zituen zortzi autoak eta bertako bidaiariak ikus zitzakeen bakarrik, ordurako, jakina, asperrerainoko xehetasunez antzemanak. Guztiekin solasean aritua zen, Simcako gaztetxoekin izan ezik, begitan hartuta baitzituen; bitarteetan, egoeraren inguruko zehaztasun guztiak eztabaidatuak izan ziren, eta uste orokorra zen, Corbeil-Essonnes-eraino, oinez adinako abiadan-edo joango zirela, baina Corbeil eta Juvisy artean erritmoa gero eta bizkorragoa egingo zela, behin helikopteroek eta motozaleek tapoiaren gunerik txarrena hautsi eta gero. Inork ez zuen duda izpirik ere, istripu larriren bat gertatua bide zen han inguruan, ez zen beste esplikaziorik halako geldotasun sinestezin hartarako. Eta horrekin batera, gobernua, sargoria, zergak, errepide sarea, topikoak bata bestearen segidan, hiru metro, beste gai ohikoren bat, bost metro, epai antzeko esaldiren bat, edo biraoren bat, nekez eutsitakoa.

        2HPko mojatxoei zortziak baino lehen Milly-la-Fìret-en izatea komeni zitzaien, otar bat bete barazki baitzeramaten sukaldeko andrearentzat. Peugeot 203ko senar-emazteak batez ere telebistako lehiaketa ez galtzeaz zeuden arduraturik; Dauphineko neskak esana zion ingeniariari, berdin zitzaiola Parisa beranduago heltzea, baina printzipioz egiten zuela protesta, zuzengabekeria irizten baitzion milaka pertsona ganbelu-karabanaren errejimenera behartze hari. Azken orduetan (bostak inguru izango ziren, baina sargoriak jasanezinezko erasoa egiten zien) berrogeita hamar bat metro egin zuten aurrera ingeniariaren ustez, nahiz eta Taunuseko gizonetako batek, haur autotxodunari eskutik helduta solasean egitera hurbildu baitzen, ironikoki, platanondo bakarti baten ostraduia seinalatu zuen, eta Dauphineko neskak, berriz, gogoratu platanondo hori (gaztainondoa ez bazen) bere autoaren pare-parean egona zela, hainbeste denboraz, ze alfer-alferrik baitzen eskuturreko erlojuari kasu egitea, eta alferreko kalkuluetan galtzea.

        Arratsa ez zen sekula heltzen, errepidearen eta txaparen gaineko eguzki-dardarak ok eragiteraino areagotzen zuen zorabioa. Betaurreko beltzak, buruko zapi kolonia-urez bustiak, nork bere babeserako, distira kirrinkari batetik edo aurrerakada bakoitzeko ke-hodien bafadetatik defendatzeko inprobisatu baliabideak, antolatuz eta hobetuz zihoazen, elkarren arteko komunikazio eta hizketa gai. Ingeniaria autotik jaitsi berriz ere, zangoak laxatu asmoz, eta zenbait hitz trukatu zituen mojen 2HParen aurreko Ariane-an zihoan bikote nekazari itxurakoarekin. 2HParen atzean Volkswagen bat zegoen, eta bertan ezkonberri ziruditen soldadu bat eta neska gazte bat. Kanpoalderako hirugarren ilara ez zitzaion dagoeneko ardura, hartara, era arriskutsuan urrundu beharko zuen-eta bere 404tik; koloreak, formak ikusten zituen, Mercedes Benz, ID, 4R, Lancia, Skoda, Morris Minor, katalogo osoa. Ezkerretara, bestaldeko pistan, beste sastraka bat zen hedaturik, Renault, Anglia, Peugeot, Porsche, Volvoz osatua, helduezina hura ere; hain zen beti-berdina ze, azkenean, Taunuseko bi gizonekin hizketan izan, eta Caravelle-ko gidari bakartiarekin berriketa saio ustel irtendako bat egin eta gero, egiteko hoberik ez eta 404ra itzuli eta Dauphineko neskarekin lotu zitzaion berriro ordu, distantzia, eta zinearen inguruko elkarrizketa berberari.

        Noizean behin arrotzen bat heltzen zen, errepidearen bestaldetik edo eskuinaldeko kanpoko ilaretatik irtenda, autoen artean ziri-zara mugitu, eta albisteren bat ekartzen zuen, segur asko faltsua, autotik autora kilometro luze-beroetan barrena errepikatutakoa. Arrotza gozatu egiten zen bere berrien arrakastaz, eta atetilen kolpeez, bidaiariak gertatutakoa komentatzera abailtzen zirenean; baina tarte baten buruan bozinaren bat edo motore baten abialdia entzuten zen, eta arrotzak korrikari ekiten zion orduan, eta autoen artean zigi-zaga egin, berera itzultzeko, gainerakoen haserre erabat bidezkoaren erasoaz libratzeko. Honela, arratsalde osoan izan zen berririk: Floride batek Corbeiletik gertu 2HP baten kontra izandako txokea, hiru hildako eta haur bat zauriturik; Fiat 1550 batek Renault furgoneta baten kontra izandako kolpe bikoitza, furgonetak turista ingelesez betetako Austin bat birrindu baitzuen; Orly-ko autobus baten iraulketa, Kopenhageko hegazkinean etorritako bidaiariez lepo egina. Ingeniariak ziur zekien guzti hura, edo ia guztia, faltsua zela, baina, hala ere, zer edo zer larririk gertatua behar zuen Corbeiletik hurbil, edo Paris inguruan bestela, zirkulazioa halako moldez geldiarazteko. Arianeko nekazariek, Montereau aldean abeletxe bat izanik, zonaldea ongi ezagutzen baitzuten, aurreko igande batean gertatua kontatu zuten: trafikoa hantxe izana zen, geldi-egonean, bost ordutan, baina aldi horrek hutsaren hurrengoa zirudien ordurako, eguzkia bidearen ezkerraldera abailtzen ari baitzen, eta autoen gainetan amilkada bana laranjazko jelatina, azkena, iraultzen baitzuen, metalak irakiten eta begiak itsu jartzen zituela, sekulan ere zuhaitz-kaskorik bizkarrean guztiz desagertzen ez zela, sekulan ere urrutira sumatutako itzalik hurbiltzen ez zela, ez behintzat ilara benetan mugitzen zela sentitzeko moduan, nahiz apenas mugitu, nahiz eta gelditu egin beharra izan, eta abiadan jarri, eta braustakoan balezta eman eta lehen martxatik sekulan ez pasa, nahiz eta lehen martxari utzi eta berriro ere egon-puntuan jarri beharra izan, oin balezta, esku balezta, stop, eta horrela behin eta berriz, eta artean berriz ere.

        Noizbait, egonean egoteaz asper-asper eginda, ingeniariak geldialdi bereziki bukaezin bat profitatzea erabaki zuen, ezkerraldeko ilarak aztertzeko, eta Dauphinea bizkarraldean utzita, DKW bat aurkitu zuen, eta beste 2HP bat, Fiat 600 bat, eta De Soto baten ondoan gelditu zen berba zenbait egiteko Washingtoneko turista aztoratu harekin, frantsesez apenas ulertzen baitzuen, baina hala eta guztiz ere zortzietan puntuan Place de L'Opéra-n egon behar zuen falta gabe, you understand, my wife will be awfully anxious, damn it, eta, apur batean, edozer gauzaz hitz egiten zen, eta orduan merkatal bidaiari itxurako gizon bat DKWtik irten, eta kontatu zuen lehentxeago norbait etorria zela albiste batekin: Piper Club batek autopista erdian erori eta lehertua zela, hildako zenbait. Amerikarrari bost axola zitzaion, bost, Piper Clubaren kontua, bai eta ingeniari berari ere, ze bozina saldo bat entzun baitzuen, eta berehala 404ra itzuli, albisteak garraiatuz, bide batez, Taunuseko bi gizonen eta 203ko senar-emazteengana. Azalpen zehatzagorik, Dauphineko neskarentzat gorde zuen, bien bitartean autoek geldo-geldo metro gutxi batzuetan aurrera egina zuten-eta (orain Dauphinea 404aren paretik atzeraxeago zebilen, eta gero kontrako aldera gertatuko zen, baina egitez hamabi ilarak bakarra balira bezala mugitzen ziren, autopistaren hondoan jendarme ikustezin batek aldibereko aurrerakadak gidatuko bailituen, inortxok ere alderik ezin hartzeko moduan). Piper Club-a, zera da, paseorako hegazkin ttikia. Ah. Eta noiz, eta igande arratsaldean, autopista erdian, jo eta lehertzeko burutazio xelebrea. Horrelako kontuak. Auto barruan hain bero ez balego sikiera, eskuinaldeko zuhaitz horiek bizkarraldean geratuko balira behintzat, kilometro zenbagailuko azken zenbakia, behingoan, bere zulotxo beltzean eroriko balitz behinik-behin, hor buztanetik zintzilik, amaigabe, jarraitu beharrean.

        Noizbait, (soseguz iluntzen hasia, autoen gainaldeez osaturiko ortzemuga morez tindatzen ari zen) tximeleta zuri handi bat Dauphinearen beira aurrealdekoan pausatu, eta neska eta ingeniaria haren hegoak miratzen aritu ziren, atsedenaren suspentsio labur eta akasgabe hartan; aienatzen ikusi zuten gero, nostalgia sumindu batez, Taunusaren gainetik hegan, atso-agureen ID morearen gainetik, Fiat 600erantz joan, 404 jada ikustezinaren gainetik, Simcaren aldera itzuli, han esku ehiztari bat alferrik saiatu harrapatzen, nekazarien Arianearen gainean —zerbait jaten ari bide ziren— hegalei eragin maitegarriro, eta gero eskuinalderantz desagertu. Iluntzean, ilarak lehen aurrerakada formala egin zuen, ia berrogei metrokoa; ingeniariak, oharkabean, kilometro zenbagailuari begiratu zionean, baren erdia desagertua zen, eta bazen 7aren muttur bat goialdetik jaisten hasia. Ia mundu guztia ari zen irratia entzuten, eta Simcakoak, berriz, tope arraioan, twist bat koroan abesten zutela, halako astinduez ze autoko karrozeria dardarka jartzen baitzuten; mojek errosarioaren aleak aletzen, Taunuseko haurra, aldiz, lokarturik, aurpegia autoko beirari atxikia, jolas-autoari eutsita hala ere. Noizbait (gaua itxia zen ordurako) arrotzak heldu ziren beste albiste zenbaitekin, dagoeneko ahaztutako lehengo haiek bezalaxe, hauek ere kontraesanez josiak. Ez zen Piper Club-ik izan, planeagailua baizik, jeneral baten alabak gidatua. Baina egia zen, ordea, Renault furgoneta batek Austin bat birrindua zuela, baina ez Juvisyn, ezpada Pariseko atarietan bertan; arrotzetako batek azaldu zien 203ko senar-emazteei autopistako zoladura zartatua zela Ignyren inguruan, eta bost auto irauliak zirela aurreko gurpilak arrakalan sartuta. Hondamendi naturalaren kontua ingeniarenganaino hedatu zen: sorbaldak jaso eta ez zuen hitzik atera.

        Geroago, iluntze hasierako ordu haiek oroitzean, arnasa hartzea librexeagoa izan baitzuten orduan, gogora etorri zitzaion, noizbait besoa leihatilatik atera eta behatzak ttarrapattaka ibili zituela Dauphinearen karrozeriaren gainean, neska iratzarteko asmotan, bolantearen gainean lokartua baitzen, hurrengo aurreraldiaz ez-axola. Gauerdia izango zen agian: mojetako batek urdaiazpiko otarteko bat eskaini zion, erdi lotsak, goserik izango zela pentsatuta. Ingeniariak gizabide hutsez onartu (egia esatekotan, goragaleak zituen) eta baimena eskatu zuen Dauphineko neskarekin partitzeko: honek onartu eta milizka jan zituen bai otartekoa, bai ezkerraldeko lagunak, DKWko merkatal bidaiariak, jiratutako txokolate tableta ere. Jende asko, auto berotuegiak utzita, kanpoan zen, orduak baitzeramaten berriz aurrera egin gabe; egarria ere pizten hasia zen, agorturik ordurako gaseosa eta koka-kola botilak, bai eta untziko ardoak ere. Kexatan hasi, aurrena 203ko neskatila hasi zen, eta soldadua eta ingeniaria bera, autoak utzita, neskatilaren aitarekin batean ur bila abiatu ziren. Simcaren aurrean —han musikaz nahikoa elikagai bide zuten—, ingeniariak Beaulieu bat aurkitu zuen, eta bertan emakume heldu bat, begidardaraduna. Ez, urik ez zeukan baina goxoki batzuk nahi izanez gero, neskatilarentzat... IDko senar-emazteek elkarri begiratu zioten une batez, eta gero atsoak eskua poltsoan sartu eta fruta-zuku lata-ontzi bat atera zuen. Ingeniariak eskerrak eman eta galde egin zien, goseturik al zeuden, bere laguntzaren beharrik ba ote zuten; agureak ezezka egin zuen buruaz, baina atsoak hitzik gabe baietz-edo zioela zirudien. Geroxeago, Dauphineko neskak eta ingeniariak ezkerraldeko ilarak aztertu zituzten, sekula gehiegi urrundu gabe; bueltan bizkotxo batzuk ekarri eta IDko atsoari eraman zizkioten, denboraz justu-justu bozina zaparradaren pean autoetara itzultzeko.

        Irtenaldi nimiño hauek bazter utzita, hain zen gutxi egin zitekeena non orduak azkenerako elkarren gain jartzen baitziren, norberaren akorduan guztiak bat bera eta bakarra izateraino; halako batean ingeniariak egun hura ajendan marra batez anulatzea otu zitzaion, eta barre-algarari eutsi behar izan zion, baina handik gutxira, mojak, Taunuseko gizonak eta Dauphineko neska, kalkulu-kontraesanetan hasi zirenean, orduan ohartu ziren kontua zehatzago hartzea komenigarri zatekeela. Bertako irratiek bertan behera utzi zituzten emanaldiak, eta DKWko bidaiariak zeukan, beste inork ez, uhin laburreko irratia, baina hark, tematuta, burtsaren gaineko berriak ematen zituen. Goizaldeko hirurak aldera, hitzik gabeko akordioa hartu bide zuten, atseden hartzeko, eta ilara ez zen mugitu eguna argitu artean. Simcako gaztetxoak koltxoneta batzuk atera eta auto ondoan etzan ziren; ingeniariak 404ko aurrealdeko jarlekuen bizkarra jaitsi eta koltxonetak mojei eskaini zizkien, hauek onartu ez, baina; lotara jarri aurretik, ingeniaria Dauphineko neskarekin gogoratu zen, han zegoen, erabat geldi bolante gainean erdi etzanda, eta ingeniariak, garrantzirik ematen ez dionaren itxuran, autoak elkarrekin trukatzea proposatu zion; neskak ezezkoa baina: hola edo hala, ez zeukala batere problemarik lo seko-lasai egiteko. Tarte batean, Taunuseko haurraren negarrak aditu ziren: han, atzeko jarlekuan, beroegi behar zuen. Artean mojak errezotan ari zirela, ingeniaria koltxoneta gainean brausta etzan eta apurka-apurka lokartu egin zen, baina haren loaldia oso zegoen esnalditik gertu, eta azkenean izerditan eta urduri esnatu zen, hasiera batean non ote zegoen ere ulertzen ez zuela; zutitu, eta kanpoaldeko mugimendu nahasiak sumatzen hasi zen, itzalen zigi-zaga autoen artean, eta bulto bat ikusi gero, autopistaren bazterrera hurbiltzen; arrazoiak berehala sumatu, eta, tarte baten ondoren, bera ere autotik isilean irten, eta bide ertzera jo zuen, beharrak arintzera; han ez zen ez sastrakarik ez zuhaitzik, belazea soilik, beltza eta izarrik gabea, harresi abstrakto modukoren bat, zoladurako marra zuria eta ibilgailu-ibai geldi hura bereizten zituena. Estrapozo egin zuen kasik Arianeko nekazariarekin, esaldi ulertezina zazeatu zuen hark; gasolina usainari, autopista berotuegian iraunkor, gizakiaren aztarna azidoa gainjartzen zitzaion orain, eta ingeniaria lehenbailehen itzuli zen autora. Dauphineko neska lotan zen burua bolante gainera makurtuta, ile xerlo bat begien parean; 404ra sartu baino lehen, ingeniaria neskaren isla itzalean aztertuz gozatu zen, arnas ttikika zeuden ezpain haien bihurgunea asmatu guran. Beste aldetik, DKWko gizona ere loak hartutako neskari begira ari zen, isilean erretzen.

        Hurrengo goizean apenas egin zuten aurrera, esperantza pizteko adinakoa hala ere, arratsalderako libre izango zela Pariserako bidea. Bederatzietan arrotz bat heldu zen, albiste onak berri: arrakalak berdinduta omen zeuden eta laster zirkulazioa bere onera etorriko omen zen. Simcako gaztetxoek irratia piztu, eta beren arteko batek, auto gainera igo, eta oihu egin zuen, eta kantuan. Ingeniariak bere kautan pentsatu zuen ezen berri hura bezperako beste haiek bezain duda-mudazkoa zela, eta arrotzak, bestalde, taldearen pozaldia profitatu zuela, laranja bat eskatu eta lortzeko, Arianeko senar-emazteek eman baitzioten. Geroago, beste arrotz bat heldu zen trikimailu berberaz, baina hari inortxok ez zion deus eman nahi izan. Beroa gora egiten hasia zen eta jendeak nahiago zuen autoetan gelditu, albiste onak noiz beteko zain. Eguerdi aldera, 203ko neskatila negarrez hasi zen berriz ere, eta Dauphineko neska jolasean aritzera joan zitzaion, eta senar-emazteekin adiskidetu zen. 203koak ez zebiltzan zorte oneko: eskuinetara, Caravelleko gizon isila zuten, inguruko guztiaz arrotz, eta ezkerretara, berriz, Floride baten gidariaren sumin berba-jarioa jasan behar, haren ustez auto pilaketa, berariz, berari eta ez beste inori egindako iraina baitzen. Neskatila berriro ere egarriaz kexu hasi zenean, ingeniariari Arianeko nekazariekin hitz egitea bururatu zitzaion, ziur baitzen auto hartan jan-edatekorik izango zela. Harritu zen, nekazariek oso atsegin hartu baitzuten; ongi garbi ikusten omen zuten halako egoera batean beharrezkoa zela elkarri laguntzea, eta ustea zuten norbaitek taldea gidatzeko ardura hartuko balu (emakumeak biribil baten keinua egin zuen eskuaz, inguruko dozenatxoa auto bilduz-edo), bazen-eta Parisera heldu artean estuasunik ez izateko lain. Ingeniariak ez zuen oso gogoko talde-antolatzaile bihurtzearen ideia, eta nahiago izan zuen Taunuseko gizonei deitu, haiekin eta Arianeko senar-emazteekin mintzaldi bat izateko asmotan. Geroago, taldeko guztiekin mintzatu ziren, hurrenez hurren. Volkswageneko soldadu gaztea bat etorri zen berehala, eta 203ko senar-emazteek artean geratzen zitzaizkien jan-edateko urriak eskaini zituzten (Dauphineko neskak baso bat granadina ur lortua zuen neskatilarentzat, eta berau barrez eta jolasean ari zen). Taunuseko gizonetako batek, Simcako gaztetxoekin hitz egitera joanda, baiezko trufa-kutsukoa jaso zuen; Caravelleko gizon zurbilak sorbaldak altxa eta berdin zitzaiola esan zuen, ongien zeritzotena egiteko. IDko atso-agureek eta Beaulieuko andreak poz-agerian hartu zuten, beren burua babestuago-edo sentituko balute bezala. Florideko eta DKWko gidariek ez zuten ningunorik jarri, eta De Sotoko amerikarrak harriturik begiratu zien, eta zer edo zer esan zuen, Jaungoikoaren borondatearen gainean. Ingeniariak erraz proposatu ahal izan zuen, egitekoak koordinatzeko ardura, Taunuseko bidaiarietako batek har zezan —sen hutsez konfidantza ematen zion hark, hain zuzen—. Tarte batean behintzat, ez zuen inork jatekorik faltan izango, baina ura lortzea ezinbestekoa zen; buru egiten zuenak —Simcako gaztetxoek, jostazale, Taunus izen soilaz esaten zioten— ingeniaria, soldadua eta mutiletako bati deitu eta eskatu zien autopistaren inguruko eremua aztertzeko, eta jatekoak eskaintzeko edatekoen truke. Taunusek kalkulua egina zuen, —bazekien agintzen, bistan zen—, ikuspegi ezkorrenean jarrita ere, gehienez egun t'erdiko beharkizunak izan behar zirela kontutan. Mojen 2 HPan eta nekazarien Arianean bazen tarte horretarako hornidurarik, eta esploratzaileek bueltan ura ekarriz gero, hura ere konponduta. Baina bakarrik soldadua itzuli zen kantinplora bete ur zekarrela, haren jabeak bi lagunentzako jana eskatzen zuen trukean baina. Ingeniariak ez zuen inor aurkitu ura eskaintzeko moduan zegoenik, baina ibilaldia, bide batez, baliagarri gertatu zitzaion ohartzeko, beren taldetik harago, beste zenbait zelula ere eratzen ari zirela, eta antzeko buruhausteekin zebiltzala; noizbait, Alfa Romeo bateko bidaiariak uko egin zion arazoaz berarekin hitz egiteari, eta bere taldeko ordezkariarengana jotzeko esan zion, ilara berean, bost auto atzerago. Geroago, Simcako gaztetxoa ikusi zuten bueltan, urik lortu ezinda, baina Taunusek kalkulua egin zuen bazutela nahikoa bi haur, IDko atsoa eta gainerako emakumezkoentzat. Ingeniaria inguruetatik egindako ibilaldia kontatzen ari zitzaion Dauphineko neskari (eguerdiko ordubata zen, eta eguzkiak auto barruetan inguratuta zituen guztiak), eta halako batean neskak, bat-batean, keinu batez hitza eten eta Simcari erreparatzeko adierazi zion. Bi jauzi eginda, ingeniaria autoraino heldu eta ukondotik ebatu zion gaztetxoetako bati, jarlekuan eroso jarrita dzanga-dzanga edaten ari baitzen jakan ezkutaturik ekarritako kantinploratik. Haren haserre keinuari, ingeniariak besotik estuago helduz erantzun zion; beste gaztetxoa autotik jaitsi eta ingenariari buruz oldartu zen, eta honek hiru pausu atzera egin eta zain geratu zitzaion, ia errukiz. Soldadua korrika zetorren, eta mojen oihuak Taunus eta beraren laguna ohartarazi zituen; Taunusek gertatua entzun, ezkutuko edanean izandako gaztetxoarengana inguratu eta zaplasteko parea eman zion. Gaztetxoak oihu eta protesta egin zuen, negar-mirrinka, eta bestea, bien bitartean, hantxe egon zen, purrustaka, tartean sartzera ausartu ezinik. Ingeniariak ontzia kendu zion, eta Taunusi eman. Bozina hotsa zetorren eta zein bere autora itzuli zen, alferrik halare, ilarak bost bat metrotan baino ez baitzuen aurrera egin.

        Siesta garaia helduta, bezperakoa baino eguzki bortitzagopean, mojetako batek burukoa kendu eta bere lagunak lokiak busti zizkion kolonia-urez. Sarri, emakumeek berehalakoan antolatzen zituzten beren samariar ekintzak, autotik autora, haurren kargu hartuta, gizonezkoak libreago ibil zitezen; inork ez zuen kexarik adierazten baina aldarte ona bortxatuxea zen, ohiko hitz-jokoetan oinarritutako umorea, eszeptizismo atseginaren harian. Ingeniaria eta Dauphineko neskarentzat, jazarpenik larriena zen bere burua izerditsu eta zikin sentitzea; hunkitu egiten ziren kasik, nekazari senar-emazteek, berekin hitz egitera edo azken orduko berriren bat errepikatzera joaten zitzaizkien guztietan, besapeetatik zerien hatsaz erakusten zuten jokaera axolagabea zela-eta. Iluntze aldera, ingeniariak, ustekabean atzerako ispilutik begiratu eta, ohi bezala, Caravelleko gizonaren aurpegi zurbil eta hazpegi zurrunak ikusi zituen, Floride-aren gidari potoloa bezalaxe, hura ere ekinbide guztietatik aparte geratua. Begitartea are zorroztuago ote zuen-edo iruditu, eta gaixorik izango ote zen galdegin zuen bere kautan. Baina handik puxka batera, soldadua eta beraren emaztearekin hitz egitera joanda, hurbilagotik begiratzeko aukera izan zuen, eta bere golkorako esan zuen gizon hura gaixorik ez zela; beste zerbait zen hura, banaketa bat, nolabait esatearren. Volkswageneko soldaduak kontatuko zion, geroago, bere emaztea beldurrak zegoela gizon isil haren kariaz, bolantetik sekulan apartatu ez eta lo esna egiten zuela baitzirudien. Hipotesiak sortzen ziren, geldotasunaren aurkako folklorea eratzen. Taunuseko haurra eta 203koa adiskidetu eta haserretu egin ziren, eta gero berriz adiskidetu; beren gurasoek bisita egiten zioten elkarri, eta Dauphineko neska tarteka IDko atsoa eta Beaulieuko andrearengana joaten zen, nola zeuden ikustera. Iluntze aldera, bat-batean ostaize bolada batzuk jo eta eguzkia mendebaletik sorturiko lainoen artean ezkutatu zela ikusita, jendea poztu egin zen, giroa freskatuko zelakoan. Zenbait tanta erori zen, ia ehun metroko aurrerakada ez-ohiko bat gertatu zen aldi berean; urrutian oinaztu baten distira ikusi, eta beroa are erreago bihurtu zen. Hain zen elektrikoa egurats hura non Taunusek —ingeniariak hitzik gabe miratu zuen zuhurtasunez— taldea bakean utzi baitzuen gaua arte, nekadura eta sargoriaren ondorioen beldur bailitzen. Zortzietan emakumezkoak jan-edatekoak banatzen aritu ziren; erabakita zegoen nekazarien Arianeak egingo zuela biltegi nagusiarena, eta mojen 2HPa, berriz, haren osagarri. Taunus bera joana zen inguruko laupabost taldeen buruekin hitz egitera; gero, soldaduak eta 203ko gizonak lagunduta, jateko zerbaitzuk beste taldekoei eraman, eta ur gehiago, eta ardo apur bat, ekarri zituen bueltan. Erabakia hartu zen Simcako gaztetxoek IDko atsoari eta Beaulieuko andreari utziko zizkietela beren koltxoi neumatikoak; Dauphineko neskak eskoziar manta bana eraman zien, eta ingeniariak bere autoa —wagon-lit esaten zion, burlaizean— haren beharrean zenari eskaini zion. Harritu zen: Dauphineko neskak eskaintza onartu, eta gau hartan 404ko koltxonetak partitu zituen mojetako batekin. Bestea, berriz, 203ra joan zen lotara, neskatila eta beraren amarekin batera; senarrak, ordea, burusi batean bilduta, asfalto gainean eman zuen gaua. Ingeniaria ez zen artean logale eta dadotan aritu zen Taunus eta beraren lagunarekin; noizbait, Arianeko nekazaria inguratu zitzaien eta politikaz mintzatu ziren, zurrut batzuk tartekatuz, nekazariak goizean Taunusi emandako pattarretik. Gaua ez zen txarra gertatu; freskoago egiten zuen eta ostarteetan zenbait izarren distira ikusten zen.

        Eguna argitze aldera menderatu zituen loak, aterbean sartu behar horrek, argisentiko abre gaiztoak sorturikoa. Taunus haurraren ondoan jarri zen lotara aurrealdean, haren lagunak eta ingeniariak atzealdean hartu zuten atseden. Bi amets-irudiren artean, ingeniariak oihu urrunak entzun uste zituen eta argi-distira zehazgabe bat ikusi; beste talde bateko burua etorri zitzaion esatera hogeita hamar auto aurrerago, Estafette-n, sute-hastapen bat izana zela, barazki batzuk ezkutuan egosi guran zebilen batek sortua. Taunus bromatan aritu zen gertatuaren gainean, autoz auto zihoala, ea gaua nola pasatu zuten guztiek, baina inork ez zuen deskuidoan esan benetan esan nahi zuena. Goiz hartan, ilara oso goiz hasi zen higitzen eta korrika eta arin ibili beharra izan zen, koltxonetak eta mantak berreskuratzeko, baina itxura batean leku guztietan gauza bera gertatzen ari zenez, ez zen inor urduri jarri, ez inork bozinei hoska eragin. Eguerdirako berrogeita hamar metrotan egin zuten aurrera, eta errepidearen eskuinaldera baso baten itzalgunea hasi zen antzematen. Inbidiagai ziren une horrexetan eserlekuetaraino joan eta gerizpearen frexkura gozatzeko aukera zutenak; errekatxoren bat izango zen agian, edo iturri bat, edateko ur onarekin. Dauphineko neskak begiak itxi eta dutxa bat ekarri zuen gogora, ura saman eta bizkarrean behera, zangoetan ere labainka; ingeniariak, zeharka begiratzen baitzion, bi negar-malko ikusi zituen haren masailean irristaka.

        Taunus, IDaren pareraino heldua, emakume gazteenen bila itzuli zen handik, atsoa ondoezik zegoela-eta, begira zezaten. Atzeragoko hirugarren taldeak sendagile bat zuen partaide, eta soldadua haren bila abiatu zen lasterka. Ingeniaria, oniritzi ironikoaz ikusi baitzituen Simcako gaztetxoek beren bihurrikeria zuritu guran egindako ahaleginak, haientzako aukera sortzeko unea zela pentsatu zuen. Kanpindenda baten atalekin, gaztetxoek 404ko leihoak estali, eta wagon-lita anbulantzia bilakatu zen, atsoak nolabaiteko ilunbean har zezan atseden. Senarra haren ondoan etzan zen, eskutik helduta, eta balcarrik utzi zituzten biak sendagilearekin. Gero, mojek zaindu zuten atsoa, hobeto sentitzen baitzen, eta ingeniariak ahal bezala eman zuen arratsaldea, beste auto batzuetara bisita egin eta, eguzkiaren zigorra larregikoa zenean, Taunusenean atseden hartuta; autoa hirutan baino ez zuen mugitu behar izan —bertan, atso-agureak lotan-edo—, hurrengo geldialdia arte ilararekin batera aurrera egiteko. Gauak harrapatu zituenean, artean ez ziren baso parera iritsi.

        Goizeko ordu biak aldera giroak hotzera egin zuen, eta manta jabeak poztu ziren nork bere burua haietako batean biltzeko aukera izanda. Nolaz-eta ilara ez baitzen egunsentia arte mugituko (eguratsean senti zitekeen, gauean geldiarazitako autoez osatu ortzemugatik zetorren), ingeniaria eta Taunus eseri egin ziren erretzera eta solas egitera nekazaria eta soldaduarekin. Taunusen kalkuluak ez zetozen jadanik bat errealitatearekin, eta argi eta garbi esan zuen; hurrengo goizean zer edo zer egin behar zen, jatekoak eta edariak lortzeko. Soldadua inguruko taldeburuen bila joan zen, haiek ere esna baitzeuden, eta arazoa isilka eztabaidatu zen emakumezkoak ez iratzarteko. Taldeburuak hitz eginda zeuden urrunagoko taldeen arduradunekin, inguruko laurogei edo ehun autoen sailean, eta ziur zen egoera halatsua zela leku guztietan. Nekazariak ondo zekien herrialdearen berri eta proposamena egin zuen, talde bakoitzeko bizpahiru gizon, egunsentian, inguruko baserrietan jan-edatekoak erostera irten zitezen; bien bitartean Taunusek txoferrak izendatu zituen, ibilaldiaren tartean jaberik gabe geratuko ziren autoetarako. Ez zen ideia txarra eta erraz bildu zuten zerbait diru bertan zeudenen artean; erabaki zen ezen nekazaria, soldadua eta Taunusen laguna joango zirela, elkarrekin, eta ziren poltsa, sare eta kantinplora guztiak eramango zituztela. Beste taldeburuak beren sailetara itzuli ziren antzerako ibilaldiak antolatzera, eta eguna argituta, egoeraren azalpena egin zitzaien emakumezkoei, eta egin beharrekoak egin ziren ilarak aurrera segitu ahal izateko. Dauphineko neskak esan zion ingeniariari atsoa hobeto zegoela eta bere IDra itzultzeko tema zeukala; zortzietan sendagilea heldu zen: ez zuen ningunorik jarri senar-emazteak beren autora itzul zitezen. Edonola ere, ingeniariak erabaki zuen 404a beti anbulantzia gisa atondua gera zedin; gaztetxoek, jolasean, banderatxo gurutze gorridun bat egin eta autoko antenari lotu zioten. Jendeak, aspalditik, nahiago zuen autoetatik ahalik-eta gutxien irten; giroa gero eta hotzago zegoen, eta eguerdian euri zaparradak hasi ziren, eta urrutian oinaztu distirak. Nekazariaren emazteak ura biltzera egin zuen bizkor, inbutu eta plastikozko pitxer batekin, eta Simcako gaztetxoengan algara berezia sortu zuen. Hari guztiari begira, burua bolante gainera makurtuta, hantxe zuen-eta irekita liburu bat interes handiegirik pizten ez ziona, ingeniariak bere kautan galdegin zuen zergatik ote zen esploratzaileak hainbeste berandatzea; geroxeago, Taunusek diskrezioz deitu zion bere autora, eta behin barruan zeudela, porrot eginda itzuli zirela aitortu zion. Taunusen lagunak zehatz kontatu zuen: basetxeak abandonatuta zeuden edo jendeak ez zien ezer saldu nahi, partikularrentzako salmentaren araudia aitzaki, eta susmoz hartzen zituzten, gainera, ez ote ziren ikuskatzaileak izango, egoera hartaz baliatzen nekazarien fede ona probatzeko-edo. Hala eta guztiz ere, ur pixka bat eta jateko zenbait ekarri ahal izan zuten, soldaduak ebatsiak, nonbait, irribarrez ari baitzen azalpen argirik eman gabe. Egia esan, auto pilaketaren konponketak ezin zuen jada luzeegi jo, baina, hala ere, eskura zituzten janariak ez ziren hain zuzen egokienak haur-atsoentzat. Sendagileak, lau t'erdiak aldera gaixoa ikustera etorria baitzen, etsipen eta neke keinua egin, eta Taunusi esan zion ezen bere taldean eta inguruko talde guztietan antzerako zerbait ari zela gertatzen. Irratian autopista libratzeko larrialdi operazioa-edo aipatu zuten, baina ilunkaran tartetxo batean agertu zen helikopteroa kenduta, ez zen han beste prestakuntza zantzurik ikusi. Edonola ere, beroak behera egin zuen, eta jendea gauaren zain zegoela zirudien, mantekin estali eta itxaronaldiko zenbait ordu loaren baitan itotzeko asmotan. Bere autotik, ingeniariak Dauphineko neskaten eta DKWko merkatal bidaiariaren arteko solasaldia entzuten zuen, txiste kontari bata, gogorik gabe barrezka bestea. Harritu zen Beaulieuko andrea bere parean ikusita, ez baitzen hura ia sekula autotik jaisten, eta berak ere kanpora egin zuen, ezeren beharrean ote zen-edo, baina andrea azken albisteen bila zetorren, besterik gabe, eta mojekin sartu zen solasean. Iluntzean, izenik ez zeukan asperdura batek harrapatu zituen azpian; loalditik gehiago espero zuten, albiste beti kontraesankor eta beti gezurtatu haietatik baino. Taunusen laguna isilean heldu zen, ingeniaria, soldadua eta 203ko gizonaren bila. Taunusek iragarri zien Florideko gidaria desertatu berria zela; Simcako gaztetxoetako batek ikusi zuen autoa hutsik, eta tarte baten ostean, jabearen bila hasi zen, asperraldia bete alde. Florideko gizon potoloa, inork ez zuen ondoegi ezagutzen, lehen egunean hainbesteko protesta eginda, baina azkenean Caravelleko pilotoa bezain isil geratutako hura. Goizeko bostetan, ordurako inolako dudarik ez baitzen Floride —halaxe esaten zioten Simcako gaztetxoek, jostazale— desertatua zela, maleta ttiki bat eramanda, eta beste bat, alkandora eta barruko arropaz betea, bertan lagata, Taunusek erabakia hartu zuen, auto abandonatua gaztetxoetako baten kargura geratuko zela, ilara ez geldiarazteko. Guztiak zaputz samartu ziren ilunbean egindako desertzio harekin, eta beren artean galdetzen zuten noraino heldu ahal izango ote zen Floride, zelaiz zelai egin beharreko ihesaldi hartan. Itxura batera, erabaki handien gaua zen hura: ingeniariak, 404ko jarlekuan etzanda, aihen bat entzun uste izan zuen, baina azkenean erabaki zuen soldaduaren eta beraren emaztearen ardura zela hura, azken finean erabat ulergarria, gauez eta halako egoeran. Gero hobeto pentsatu, eta atzealdeko leihatila babesten zion estalkia jaso zuen; izar gutxi batzuen argitan, metro t'erdira, Caravellearen aurrealdeko beira betierekoa ikusi zuen, eta haren atzean, beirari kasik itsatsia eta albo batera okertuxea, gizonaren aurpegi bihurritua. Zaratarik gabe, ezkerraldetik jaitsi, mojak ez iratzartearren, eta Caravellera inguratu zen. Gero, Taunusen bila jo zuen berak, eta soldadua sendagileari abisua ematera joan zen, laster batean. Garbi zegoen: gizonak bere burua hil zuen pozoinen bat hartuta; nahikoa, horretarako, ajendako lerro lapitzez idatziak ikustea, eta Ivette izeneko norbaitentzat, Vernon-en agur egin zion norbaitentzat idatzi gutuna. Zorionez, gaua auto barruan igarotzeko ohitura sendo sustraitua zegoen (gauak hain hotzak izanda, ez zitzaion inori bururatuko kanpoan geratzerik) eta oso gutxi arduratzen ziren beste batzuk autoen artean igaro eta, beharrak arintze aldera, ziri-zara autopista bazterreraino hurbilduz gero. Taunusek gerra kontseilurako deia egin zuen, eta sendagilea bat etorri zen hark proposatutakoarekin. Hilotza autopista bazterrean utzita, atzetik zetozenak ustekabe gutxienez ere lazgarria hartzera behartuko zituzten; urrunago, zelairen batera-edo eramanda, berriz, bertakoen haserraldi bizia eragin zezaketen, aurreko gauean mehatxuka eta kolpeka hartu baitzuten beste talde bateko gazte bat, jateko zerbaiten bila zebilela. Arianeko nekazaria eta DKWko merkatal bidaiariak bazuten Caravelleko ekipailekua hermetikoki ixteko behar zen guztia. Lan hartan hasi eta berehala, Dauphineko neska inguratu zitzaien, eta segituan ingeniariaren besoari heldu zion, dardarka. Ingeniariak gertatutakoa ahopean azaldu, eta autoraino lagundu zion, lasaiago ordurako. Taunus eta konpainiakoek gorpua ekipailekuan sartuta, bidaiariak scotch tape eta kola poteak erabili zituen, eta orobat soldaduaren esku-argia. 203ko andreak txofer egiten bazekienez, Taunusek erabaki zuen Caravellea, 203aren eskuinetara baitzegoen, haren senarraren kargu uztea; honela, hurrengo goizean, 203ko neskatilak ustekabea hartu zuen, bere aitak beste auto bat zuela-eta, eta orduak eta orduak eman zituen jolasean, batetik bestera aldatu, eta bere jostailu zenbait Caravellean egokituz.

        Lehen aldia zen hotza egun argiz sumatzen zena: inori ez zitzaion burutik pasako jakak-eta kentzea. Dauphineko neskak eta mojek taldean erabilgarri zeuden berokien inbentarioa egin zuten. Baziren jertse zenbait, autoetan edo maletaren batean kasualitatez agertutakoak, mantak, gabardina edo beroki arinen bat edo beste. Lehentasunen zerrenda egin zen, banatu ziren berokiak. Ur faltan zeuden berriro ere, eta Taunusek bere gizonetako hiru bidali zituen, ingeniaria ere tartean, bertakoekin harremanetan jartzen ahalegin zitezen. Zergatia asmatzerik ez zegoela, kanpoko erresistentzia erabatekoa zen; autopistako mugak zeharkatu bezain laster, harri zaparrada hasi ohi zen edozein lekutatik. Gau itxia zela, baten batek sega bat bota zuen: DKWaren gaina jo eta Dauphinearen ondoan erori zen. Bidaiaria zurbil jarri eta ez zen autotik mugitu, baina De Sotoko amerikarra (Taunusen taldeko partaide ez bazen ere, estimu handian zuten guztiek, beraren aldarte ona eta barre-algarak zirela-eta) korrika batean hurbildu, sega eskuan biraka erabili, eta kanpoaldera jaurtiki zuen ahalean, madarikazio oihu artean. Ingeniariak, hala ere, ez zuen uste etsaigoa sakontzea komenigarri zenik; bazitekeen artean ere irtenaldiren bat egitea, ur bila.

        Ordurako inork ez zuen egunean edo azken egunetan aurreratutakoaren konturik hartzen; Dauphineko neskaren ustez, laurogei eta berrehun metro artean; ingeniaria ez zen hain baikor, baina dibertigarria gertatzen zitzaion aldekoarekin kalkuluak luzatu eta konplikatzea, tarteka interesa jartzen baitzuen DKWko bidaiariari neskaren laguntza kentzen, hark gorte egiten zion-eta bere lanetik zetorkion moldean. Arratsalde horretan bertan, Florideren kargu zegoen gaztetxoa korrika etorri zen Taunusi abisu ematera, bazela Ford Mercury bat ura prezio onean eskaintzen zuena. Taunusek ezetz hasieran, baina iluntzean mojetako batek ur pittin bat eskatu zion IDko atsoarentzat, kexurik gabeko oinazean ari baitzen, beti ere senarrak besotik helduta, eta, txandaka, mojek edo Dauphineko neskak zaindua. Litro erdi ur geratzen zen, eta emakumezkoek erabaki zuten apurtxo hark atsoa eta Beaulieuko andrearentzat izan behar zuela. Gau hartan bertan, Taunusek bi litro ur ordaindu zuen bere poltsikotik; Ford Mercuryk agindu zuen biharamunerako gehiago lortuko zuela, halako bi ordaindu beharrekoa baina.

        Zaila gertatzen zen eztabaida bilerak egitea, hainbestekoa zen hotza non, nahitaezko arrazoirik ez bazen, inor ez zen autotik jaisten. Bateriak ahitzen hasi ziren eta ezin, beraz, berogailuak etengabe martxan izan; Taunusek erabaki zuen ondoen hornitutako bi autoak, beharrik izanez gero, gaixoentzako gordeko zirela. Mantetan bilduak (Simcako gaztetxoek autoko tapizeria erauzi eta txalekoak eta burukoak egin zituzten, eta beste zenbait ere hasiak ziren haien modura egiten), ateak ahalik-eta gutxien irekitzen saiatzen ziren, beroa mantentzearren. Gau izoztu horietako batean, ingeniariak negar batean antzeman zuen Dauphineko neska. Isilean, atea soseguz ireki eta iluna haztatu zuen masaila bustia ukitu arte. Neskak ia trabarik gabe onartu zuen 404ra eraman zezan; ingeniariak jarlekuan etzaten lagundu, bertan zegoen manta bakarrarekin estali, eta bere gabardina jarri zion gainetik. Anbulantzi autoan, lehiatilak denda-atalek babestuta baitzeuden, ilunbea are sendoagoa zen. Noizbait, ingeniariak eguzki-babesgarri biak jaitsi, eta alkandora eta jertsea eseki zituen bertatik, autoa erabat isolatzeko moduan. Eguna argitze aldera, neskak esan zion ezen, negarrez hasi baino lehentxeago, han urrutian, eskuinaldera, hiri baten argiak ikusi uste zituela.

        Hiri batekoak izango ziren beharbada, baina goizaldeko lainoek hogei metrora ere ez zuten ikusten uzten. Harritzekoa, egun hartan ilarak nahikoa aurrerakada politta egin zuen, agian berrehun edo hirurehun metrokoa. Iragarki berriak eman zituzten irratiek ere (inork ez zituen entzuten baina, Taunus izan ezik, egoerari adi egon beharrean sentitzen baitzen); esatariak anpuloski mintzo ziren autopista askatzeko larrialdi neurrien inguruan, eta errepidezaintzako koadrilen eta polizi indarren lan akigarria aipatzen zuten. Bat-batean, mojetako bat eldarnioan hasi zen. Bere laguna, izututa, begira geratu zitzaion, eta Dauphineko neskak lokiak urrin-ur hondar batekin umeldu zizkion: bien bitartean mojak Armagedon aipatu zuen, eta bederatzigarren eguna, eta mea-gorrizko katea. Sendagilea handik tarte luzera azaldu zen, elur artean, eguerdiaz geroztik botatzen hasia baitzen, eta apurka-apurka harresi egiten baitzuen autoen inguruan. Lasaigarri injektagarririk ez izanaz kexu, moja berogailu indartsuko auto batera eramatea aholkatu zuen. Taunusek eraman zuen bere autora, eta haurra, berriz, Caravellera aldatu zen, han baitzegoen 203ko adiskidetxoa ere; jolas-autoekin jostatzen ziren, eta oso ondo pasatzen zuten, goserik ez zeuden bakarrak ziren-eta. Egun osoan, eta hurrengo egunetan, elurra egin zuen ia etengabe, eta ilarak zenbait metrotan aurrera egiten zuenero, inprobisatu bitartekoekin autoen artean metaturiko elur pilak garbitu behar ziren.

        Harritu, ez zen inortxo ere harrituko jatekoak eta ura lortzeko bideak ezagututa. Taunusek ez zeukan beste aukerarik, guztiek osatutako diru kutxa administratu eta zenbait truketan ahalik-eta etekin handiena ateratzen ahalegintzea baino. Ford Mercuy eta Porsche bat, biak etorri ohi ziren gauero jan-edatekoekin trafikatzera; Taunus eta ingeniaria arduratzen ziren, norberaren egoera fisikoaren arabera, haiek banatzen. Harrigarria bazen ere, IDko atsoa bizirik zegoen artean, emakumezkoak aienatzen saiatzen ziren loantzeko batean murgilduta. Beaulieuko andrea, zenbait egun lehenago goragale eta zorabio ibili baitzen, hotzak ekarri zuen berriz ere bere onera eta bera zen orain aurrena mojari kidearen zaintzan laguntzen, beste mojak beti ahul eta burua beste nonbait segitzen baitzuen. Soldaduaren emazteak eta 203renak, haurrak zituzten beren kargura; DKWko bidaiariak, Dauphineko neskak aukeran ingeniaria nahiago izan zuela-eta kontsolatzeko beharbada, orduak ematen zituen haurrei ipuinak kontatzen. Gauez, taldeak beste bizimodu batean, isil eta pribatuan, sartzen ziren; ateak zaratarik gabe irekitzen ziren zilueta hotzituren baten sartu-irtena ahalbidetzeko; ez zion inork inori begiratzen, begiak itzala bera bezain itsu ziren. Manta zikinen pean, esku azkazal luzatutakoekin, itxituraren eta aldagabeko arroparen usainean, zorion poxi bat, iraunean zen han-hemenka. Ez zen erratu Dauphineko neska: urrunean, hiri baten distira ikusten zen, eta, apurka-apurka, hurbilduko ziren. Arratsaldeetan, Simcako gaztetxoa auto gainera igo ohi zen, zentzaezineko zelatari, tapizeria eta iztupa pusketatan bildua. Ortzemuga ezertakoez hari begiratzen aspertuta, inguruko autoei begiratzen zien, hamaikagarren aldiz; inbidia ukitu batez ikusi zuen Dauphine 404 autoan, esku bat sama baten ferekan, musu baten amaiera. Txantxa hutsez —404aren adiskidetasuna berreskuratua zuen—, oihu egiten zien ilarak aurrera egingo zuela; Dauphinek, orduan, 404tik jaitsi eta bere autoan sartu behar zuen, baina laster aldatu egiten zuen berriro, bero bila; gaztetxoak ere gustura asko ekarriko zuen neskaren bat bere autora, beste talderen batekoa-edo, baina, bertan halako hotza eta halako gosea izanda, ezta pentsatu ere; are gehiago, aurreko taldea Taunusenaren kontrako eraso betean ari zen, esne kondentsatu pote baten gorabehera medio, eta, Ford Mercury eta Porscherekiko hartu-eman ofizialak salbu, beste taldeekin ez zen harremanetarako aukerarik. Orduan Simcako gaztetxoak nahigabe hasperena egin, eta zelatariarena egiteari ekin ohi zion berriz ere, harik-eta elur-hotzak autoan dardarka sartzera behartzen zuten arte.

        Baina hotzak baretzera egin zuen, eta, batetik gogoak berotu eta bestetik janariak lortzeko zailtasunak ugaldu egin zituen euri-haize bolada baten ondoren, egun frexko eta eguzkitsuak heldu ziren, eta egon zen berriz ere autoetatik irteterik, elkarri bista egiterik, ondoko taldeetakoekin harremanak birlotzerik. Taldeburuek egoerari buruzko eztabaida egin zuten, eta aurreko taldearekikoak baketzea lortu zuten azkenean. Asko hitz egin zen Ford Mercuryren bat-bateko desagerketaz, inork ez baitzekien zer gertatuko ote zitzaion, baina Porschek etortzen jarraitu zuen, bai eta merkatu beltza kontrolatzen ere. Ura eta kontserbak ez ziren sekula erabat agortzen, baina taldearen diru-kutxa murriztuz zihoan, eta Taunus eta ingeniariaren kezka zen, zer gertatuko ote zen Porscherentzako dirurik batere gabe geratzean. Matxinadaren aukera aipatu zen, alegia, prisoner hartu eta bere hornidura-iturriak esanaraztea, baina egun horietan ilarak aurrerakada dexentea zuen egina eta taldeburuek nahiago izan zuten itxaroten segitu, eta erabaki bortitz bat medio dena pikutara bidaltzeko arriskurik ez hartu. Ingeniaria, azkenean jarrera axolagabe ia atsegina hartua baitzuen, aztoratu samar geratu zen une batez Dauphineko neskaren iragarpen herabea entzutean, baina gero ulertu egin zuen hari ez zegoela kontra egiterik, eta neskaren ume bat izatearena, azkenean, naturala ere egin zitzaion, hain zuzen jatekoen partiketa edo autopista bazterrerainoko bidaia ezkutukoak bezain naturala. IDko atsoaren heriotza ere, ezin ordurako inori harrigarri gertatu. Gau betean lan egin behar izan zuten berriro, bai eta senarra, ez baitzen ulertzera errenditzen, lagundu eta kontsolatu behar ere. Aurre-aurreko taldeetako bi borrokan hasi eta Taunusek arbitroarena egin behar izan zuen, eta gorabeherari nolabaiteko konponbidea eman. Edozer gerta zitekeen edozein momentutan, ordu arau jakinik gabe; garrantzizkoena hasi, ordurako inork espero ez zuenean hasi zen, eta ardura gutxien zeukanari egokitu zitzaion aurrena ohartzea. Simcaren gainean tente, zelatari alaitsuak ortzemuga aldatuta zegoela ikusi uste zuen (ilunkaran zen, eguzki horiztak bere argi zikoitz, lur-ondokoa labainarazten zuen), eta pentsaezinekoa benetan gertatzen ari zela, handik bostehun metrora, hirurehun metrora, berrehun eta berrogeita hamar metrora. Oihu batean iragarri zion 404ari, eta honek Dauphineko neskari zerbait esanda, neska berehala aldatu zen bere autora; ordurako Taunus, soldadua eta nekazaria korrika zetozen, eta Simcaren gainetik gaztetxoak aurrerantz seinalatu, eta iragarpena errepikatzen zuen, behin eta berriz, bere burua komentzitu nahi bailuen baietz, egiazkoa zela ikusten ari zen hura; orduantxe entzun zuten iskanbila, migraldi geldo baina geldiezin hura, luzaz loantzean egon ostean, indarrak probatzen arituko bailitzen. Taunusek autoetara itzultzeko agindu zien oihuka; Beaulieuaren, IDaren, Fiat 600aren eta De Sotoaren motoreak aldi berean jarri ziren martxan, keinu bakar batez. Berehala 2HPa, Taunusa, Simca eta Arianea aurrera egiten hasi ziren, eta Simcako gaztetxoa, harro, garaipen baten modukoa baitzen hura, 404aren aldera burua bueltatu eta besoa batera eta bestera astintzen zuen; bien bitartean 404a, Dauphinea, mojen 2HPa eta DKWa, guztiak ere martxan jarri ziren. Baina zenbat iraungo ote zuen hark, hortxe gakoa; 404ak ere bere buruari galdegin zion, kasik errutinaz, eta Dauphinearen parean mantendu zen, eta irribarre egiten zion neskari, adore eman nahian. Atzean, Volkswagena, Caravelle, 203 eta Floridea ere, martxan jartzen ziren mantso, tarte bat lehen martxan, gero bigarrenean, amaigabeki bigarrenean, jada enbragea askatu beharrik gabe-baina, oina sendo azeleragailuan, hirugarrena noiz sartu ahal izango zuten zain. Ezkerreko besoa luzatuta, 404ak Dauphineren eskua bilatu zuen, behatz mutturrak apenas ukitu, haren aurpegian itxaropen sinesgogorra adierazten zuen irribarrea ikusi, eta pentsatu zuen Parisera helduko zirela eta bainu bat hartuko zutela, norabaitera joango zirela elkarrekin, bere etxera edo neskarenera, zerbait jatera, amaigabeko bainua hartzera eta jan-edatera, eta gero altzariak izango zirela eta bainugela bat, eta bertan xaboi-aparra, bizarra benetan kentzekoa, eta komunak, jatekoak eta komunak eta izarak. Paris horixe zen: komun bat eta bi izara eta ur beroa bular eta zangoetan behera, eta azkazaletarako guraize batzuk, eta ardo txuria, ardo txuria edango baitzuten musuka hasi eta beren burua labanda eta kolonia usainean sentitu baino lehen, izara garbien artean, batak bestea benetan argi betean ezagutu baino lehen, eta berriro ere bainu hartu jolas hutsez, amodioa egin eta bainu hartu eta edan eta ileapaindegian sartu, bainugelan sartu, izarak ferekatu eta izara artean elkar ferekatu, eta apar, labanda eta zepiloen artean amodioa egin; hori guztia, zer egingo ote zuten pentsatzen hasi baino lehen, haurra eta arazoak eta etorkizuna, baldin-eta autoak berriz gelditzen ez baziren, baldin ilarak aurrera egiten jarraitzen bazuen, nahiz eta ezin oraindik hirugarrena sartu, nahiz eta horrelaxe bigarrenean segitu, baina segitu, azken finean. Paratxokeak Simca ia-ia ukitzen zuela, 404ak, eroso eseri jarlekuan, eta abiada bizkortzen ari zela sumatu zuen, Simcaren kontra jotzeko arrisku gabe azelera zezakeela, eta Simcak ere Beaulieuaren kontra jotzeko arrisku gabe azeleratzen zuela, eta haren atzetik Caravellea zetorrela, eta guztiek ere azeleratu egiten zutela, gero eta bizkorrago, eta autoak hirugarren martxan ere jar zitezkeela, motorearen kexu hotsik gabe, eta harritzekoa, palanka hirugarren martxaren hobitxoan sartu zen eta ibilera goxatuz joan zen, eta berriz azeleratu zuten, eta 404ak, xamurtu eta liluraturik, ezkerretara begiratu zuen, Dauphineren begien xerka. Logikoa zen hainbesteko azelerazioa medio, ilarek elkarren parean ez segitzea, Dauphinek ia metro bateko aldea hartu, eta 404ak lepondoa ikusten zion, eta apenas islara, hain zuzen neskak burua beragana biratu, eta harridura keinua egiten zuenean, ikusirik 404a are atzerago geratzen ari zela. Neskari irribarre batez lasaitzeko keinua egin, eta braust azeleratu zuen, baina ia berehala balezta jarri behar izan zuen, Simca ukitzeko puntuan baitzegoen; bozina jo zion, lehor, eta Simcako gaztetxoak atzerako ispilutik begiratuta, ezintasun keinua egin zion, ezkerreko eskuaz Beaulieua erakutsiz, bere autoaren ondo-ondoan baitzegoen. Dauphine hiru metro aurrerago zihoan, Simcaren parean, eta 203ko neskatilak, 404aren parean, besoak astintzen zituen batera eta bestera, eta bere panpinatxoa erakusten zion. Eskuinaldetik, gorriune batek larritu zuen ingeniaria; mojen 2HPa edo soldaduaren Volkswagena ikusi beharrean, Chevrolet ezezagun bat ikusi, eta ia berehala aurrera egin zuen Chevroletak, atzetik Lancia bat zeramala, eta Renault 8 bat gero. Ezkerraldetik, ID bat heldu zitzaion parera, eta metrorik metro aldea ateratzen zion, baina 403 batek haren lekua hartu baino lehenago, 404ak artean ere Dauphine ezkutatzen zion 203 antzeman ahal izan zuen, han aurrealdean. Taldea desegina zen, ez zegoen jada talderik. Taunusek hogei bat metro aurrerago behar zuen, Dauphine atzetik zuela; aldi berean, ezkerraldeko hirugarren lerroa atzean geratzen ari zen, bidaiariaren DKWaren lekuan, agian Citrîen edo Peugeot izan zitekeen furgoi beltz zahar baten atzealdea ikusten baitzuen 404ak. Autoak hirugarrenean zihoazen, batak bestea aurreratzen edo aldea galtzen, ilararen erritmoa nolakoa zen, eta autopistaren alboetara ihesean ikus zitezkeen zuhaitzak, laino matazen arteko etxe zenbait, eta iluntxinta. Gero argi gorriena etorri zen, guztiek aurrekoaren eredura piztu baitzituzten, eta tupustean helduriko gauarena. Tarteka, bozina hotsak entzuten ziren, abiada neurgailuek gero eta gorago egiten zuten, ilara batzuk hirurogeita hamarrean, beste batzuk hirurogeita hamabostean, zenbait hirurogeian. 404a artean itxaropenez izan zen, ilaren aurrera-eta-atzerak Dauphineri berriz heltzeko aukera emango ziola, baina joandako minutu bakoitzak komentzituago uzten zuen alferrik zela, taldea desegina zela, eta ez zegoela atzera-bueltarik, ez zirela gehiagotan errepikatuko enkontru ohiko haiek, errito nimiño haiek, Taunusen autoko gerra kontseiluak, Dauphineren laztanak goizaldeko bakealdian, haurren algarak autotxoekin jolastean, mojaren irudia errosarioaren aleak aletzen. Simcaren balezta-argiak piztu zirenean, 404ak abiada mantsotu zuen itxaropen sentimendu zentzugabe batez, eta eskuko balezta jarri bezain fite, autotik jauzi egin eta aurrera egin zuen korrika. Simca eta Beaulieua kenduta (atzerago, Caravellea izango zen, baina bost axola hura), ez zuen beste auto ezagunik aurkitu; kristal ezberdinen bestaldetik, harriduraz, eta beharbada eskandalu apur batez, sekula ikusi gabeko aurpegiek begiratzen zioten. Bozina hotsa entzuten zen, eta 404ak bere autora itzuli behar izan zuen; Simcako gaztetxoak adiskidantza keinua egin zion, ulertzen zuela alegia, eta, gogotsu, Paris aldera seinalatu zuen. Ilara martxan jarri zen berriz ere, minutu batzuetan soseguz, eta gero autopista erabat libre bailegoen. 404aren ezkerretara Taunus bat zihoan, eta segundo batez 404ak uste izan zuen taldea berrosatzen ari zela, guztia bere ordenara zetorrela, aurrera egin ahalko zutela ezer ere deuseztu gabe. Baina Taunus berdea zen hura, eta bolanteari helduta emakume bat zihoan, beira ketuzko betaurrekoekin begirada aurrealdera tinko. Ez zegoen beste ezer egiterik: besteen martxara errenditu, inguruan zituen autoen abiadara amoldatu, ez pentsatu. Bere jaka larruzkoa, soldaduaren Volkswagenean izango zen. Taunusek zeukan, berriz, berak lehen egunetan irakurritako nobela. Labanda flasko ia hustua, mojen 2HPan. Eta berak, berriz, hortxe zeukan, tarteka eskuineko eskuaz ukitzen zuela, Dauphinek maskota gisa oparitutako felpazko hartz ttikia.

        Zentzurik gabeko ideia bati heldu zion, alegia, bederatzi t'erdietan jatekoak banatuko zirela, gaixoei bisita egin beharko zitzaiela, eta egoera aztertu Taunus eta Arianeko nekazariarekin batera; gero gaua izango zen, Dauphine izango zen, beraren autora isilean sartzen, izarrak edo lainoak, bizitza. Bai, halaxe behar zuen, ezinezkoa zen hori guztia betiko amaitzea. Agian, soldaduak razio bat ur lortuko zuen, azken orduetan urri baitzebilen; edonola ere, hor zegoen Porsche, hori bai, eskatutako prezioa ordainduz gero. Eta irrati antenan banderatxo gorria zabuka zoroan zebilen, eta autoak orduko laurogei kilometroko abiadan zihoazen argietarantz, apurka-apurka handiago agertzen baitziren, ordurako inork oso garbi ez zekiela zer zela-eta hainbesteko presa, zer zela-eta auto ezezagunen arteko gau lasterketa hura, han inork ez baitzekien ezer besteez, han mundu guztiak aurrerantz begiratzen baitzuen, soil-soilik eta besterik gabe aurrerantz.

 

Hegoaldeko autopista
Julio Cortazar

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Milabidai, Erein, 1994