Inter porcos
Lucien Etxezaharreta

Maiatz, Uhargi 46, 2007ko apirila

 

Biziaren amarauna

 

        Ba dik urte bat nunbeit han Joseba Sarrionaindiak agertu ziela liburu bat, «Eguberri Amarauna». Ez dik berak sinatua baina jakina diat geroztik, leku seguretik, harek zuela egina. «Amarauna» hitz hori ez nian ezagutzen eta arras pollita kausitu diat, «armi armo sare» ere erraiten duk eta badik halako soinu bat, «amauna» erraiten baita ere, eta badik ene ustez halako mahuma, mamu aire bat. Ago, heldu nuk amaraun hortara.....

        Biziki hunkitu nik liburu horek. Presoner bat duk hor mintzo, bere kaztigu gelan, bakarrik. Ari duk hitzen bila... oroitzapenekin koropilatuz, hari batzu gelako punta batetik bestera jartzen! Hari bat, bi hari, eta egunak egunari, gauak gauari, sare bat hedatzen dik. Hitz haundi batekin: itxaropenarekin. Barneko ezinak jabalduz, eztituz, laztanduz. Gelaren hutsean, pairamena sendagarri. Eta berriz ere gogoratu zaitak poesiaren eragin bat (ahatzi ziatak erraitea poema liburu bat dela) eta hori duk hitzarekin dukala espazio bat lantzen eta betetzen, hitzari poesiak indar berri bat emaiten baitziok.

        Ezagutzen duka Jean Lurçat? «Munduaren kanta» berri bat egin zian, dena tapizerian, Erdi Aroko tankera hortan, dena lehenagoko munstro iduri eta hola. Animaleko lan bat, hariz harizka ehaintza lan luze bat. Harrigarria duk holako baten lana. Apokalipsia batetarik hasi zuan, miatzen zitian itxuraldatze batzu, biziaren hari guziak hunkitzen zituenak. Bisionalari bat, guti diren horietarik. Eta zer kolore ederrak... iduri batetaz oroit nauk: «poeta» deritzen duena. Hau duk gizon baten irudia eta badik eskuan arranbel bat eta gezi botatzen ari duk. Suzko geziak. Eta giza itxura guzia geziz inguratua gertatzen duk, iguzki baten pare. Pentsatu nian poeta presuner horri, suzko gezi botatzen ari, bere zoko iluna argitzen, dolorezko izarrak itzaltzen, lan luze batean, berriz hasi, minak ahantzarazi eta hari beste puntatik hasiz... oroimena ezin jasanak gesaldua, beste ezkinatik hasiz. Amaraun urratua arrahartuz. Hari nagusien ardatzei kasu emanez. Poesiaren ehaintza. Amarauna.

        Ikusi duka behin ere nola ari den armi armoa? Nola bizi den? Aitortzen dauiat ez dela aise hori xeheki ikertzea. Behar dik denbora hartu eta bazakiat ez dela gaur egun halako tirria berezirik hortarako. Eta lehenik erran behar dik armi armo edo berdin lipu deitzen diren horik ez dutela fama ona gure etxeetan! Desordrearen marka duk etxe batean omen, hainbat gaixto etxeko anderearen omenarentzat eskaler zokoan holakorik balin bada. Ebe etxe zoko batzuetan batzu amultsuki begiratzen ditiat, ontsa behatzeko gisan... Bainan erran behar dauiat oroitzen naizela haur denboran ene etxe haundiko zerbitzu horietan ziren batzuetaz. Sabel idor nintuan frangotan eta ontsa oroit nauk zer minak nintuen ezin libratuz... Orduan egoiten nintuan luzaz bakar gela hortan, mina ahantziko nuela eta berdin joanen zela pentsatuz.

        Eta borta azpitik jin haizea gatik balantzan ari zen hari bihurrikatu baten puntako argi basoaren xuri distirantak ene begien aitzineko ikusgarriak pizten zitian. Zenbat oren pasatu dituztan hola... Ene gibelean zen leihotik Luberriko orgen karranka bazuan usu, behi edo ardien joarek, xakur xanpakoak, oihu bat edo beste eta berdin gau beltzaren euri uharraren orroa. Han ere, urrun, sukaldeko ene amaren harrabotsak, anai arreben kalapitak edo berdin eskalereko aitaren urrats beldurgarria. Batzuetan ere, amentsetarik tanpez atzartzen ninduela, oihu bat, ene ondotik, nun nintzen eta ernatzeko otoi, zer debru ari nintzen. Ene sekretuak enekin nintian, tripako mina eta buru asmaketa laxoko artean ehain hariekin.

        Gela hertsi hortan jarria nintzela eta, begien aintzinean amaraunak baninitian. Untsa oroit nuk, behatzen nuen sartzeko ate hortaz: eskuin aldetik idekitzen euan eta bazian krisketa bat, eta ezker alde, pean eta gainean, mundu berezi hortako izakiak... Ttitta beltx batzu bezala dituk urrundik ikusten dituzkan armi armoak, sarearen erdian. Beren artean partikatzen die eremua Bakoitxak bere sarea. Egoiten bainintzen aski luzaz, momentu baten buruan mundu hori pizten zuan. Eta lehenik, beti beren sarea arrañatzen, berritzen, azkartzen, haunditzen ikusten hituen.

        Hola hasten zituan. Zer lan ederra! Tripatik dilingan jatzen dituk batzuetan, beren zango alimaleeri kasu emanez. Jauzi eginez, barreatzen bezala die hari bat eta untsa hunen puntta lotzen die. Nolaz ez diren treukatzen holako saretan, ez diat sekulan konprenitu. Ohartua haiz hain segur zortzi zangi dituztela, parekatuak, aintzineko biak eta gibelekoak azkarrenak iduriz. Bakotxak hiru zati juntatuak ditik. Junta horiek arrunt ttipiak dituk, ixkilima buru bat baino ttipiagoak. Zer zalutasuna beren lanean eta nindaigon nun mila debru ikasten zuten holako sare baten egitura muntatzen; jakizak ontsa egiten dutela, hari nagusiak, arraiak, kartuak, erdiko koropiloa, bazter uztaiak, hoinbeste hari perfetuki emanak. Untsa behatzen balin baduk ere, ohartuko haiz sistima hori zume bat bezala dukala: plegatzen duk bainan ez duk aise hauntsiko edo barreatuko. Erdi erdian zegok armi armoa, beha. Edo berdin kurri gelatxoko punta batetik bestera. Ene izialdurak batzuetan, soinerat jinen zaukala! Bainan bakotxa bere lekuan egonen zuan. Aski huen ez mugitzea eta hire ondoan pasatuko zuan armi armoa deus hunkitu gabe.

        Mota asko ere badituk horietan, etxe barnekoak eta kanpokoak. Barnekoetan batzu handiago dituk: beltz beltzak, oi ama zer beldurrak ohe gainean holako bat ikusi eta... bainan ezdiat sekula ausikirik izan. Nagok egia denez ausikitzen duten. Horietan ere badituk amarauna egiteko molde desberdinekin. Funil aire bat die batzuk, sarearen bihotzean eta hor gordetzen dituk, armi armoak, nehork ikusi gabe. Behar duk luzaz egon haien jalitzen ikusteko. Misterio gehiago die horiek ez baitituk ikusten eta hala ere hor baitituzkalakoan. Badituk ere kanpoko armi armoak. Zer gauza ederrak, distirantak, hori ferde, beltzak. Sareak azkarrago ditie; alabainan, haize, euri eta besteri ihardukitzeko.

        Mundu ixil horri beha ta beha egoiten nintuan, mugitu gabe. Ohartu ote haiz hire gorputza geldi geldia atxikitzen balin baduk, nola dabilan mundua? Harrigarri duk, dena haro, bizi, mugimendi. Oroaren xilko bilakatzen haiz, zentru geometriko bat. Mugizkik begiak bakarrik: ezker eta eskuin, gainian eta beherean bizia abian duk. Ez gauza ainitzik hastapenean, bainan kraskako batek erranen dauk etxeko zurak bizi direla, murruetan, taulen arteketan, bizi gorde bat abiatzen duk forradura ikusten ez dituzkanetan. Ehaiz beldurtu behar haatik, hihaurren baitan gauza bera gertatuko baita: foltsua sendituko duk, tripako ibilaldien korrokak ere... bainan buruaren barnean diren horien harrobots xuri edo tximixtaren pare dabilen gogoetek behar bada gehienik haute markatuko.

        Mundu ixil horren burrunbaz ohartua nuk orduan. Mundu basa, gaixtoaz ere. Oraindanik gogoan diat ­aspaldi duk to hori- nola uli bati behatzen ari nintzelarik zerbitzu horietan, bat batean amaraun bati lotu zuan. Jadanik ohartua nintuan ere nola sarearen inguruan ba dituzten armi armoek beste hari batzu jarriak, abertitzeko zerbait hurbiltzen den ala ez sarerat. Hori gertatu orduko hor duk hire aberea, tente, ikusten ez dituzkan behakoak eta harmak zorrotz. Ulia lotu zuan, beti gertatzen den bezala hegal ezkina batetarik. Punpian jauzi egiten ziok armi armoak; bere gorputzaren buru eta sabelak ulitik urrun atxikiz, bainan bere zortzi anken puntan harrigarrizko dantza batean abia araziz. Ezin sinestsia duk eta zinez ikusgarria. Ni harriturik nindagola ­lehen aldia zuan hori hain untsa ikusten nuela- ene begiek etzitean deus huts egiten. Uliaren oihu etsigarriak harritzen nintian: zalapartaka ari zuan ezin eskapatuz, harrobots zorrotz, bibrazio mingarri batekin. Eta zortziko hori, zortzi zangoek, josten bezala, mekanika bat zinez. Ulia, emeki emeki, oihal xuri batek itzulikatzen zian, ehaintza hilkor bat. Zoin luzea zen, eta uliak etzian harrobotsik egiten ahal gehiago eta beti ehaintza hori, pilota bat ulia. Azken parteak nintian gohaindu zinez. Armi armoak bere gorputz beltza hurbildu zian ulitik eta azkenean huni lotu zuan. Zer egiten zian? Iduriz bere pozoina botatzen zioian nik dakita nora, ez nian untsa ikusten. Ala bizirik jaten zian? Bainan besarkatze hori zikina, ustela ta beldurgarria kausitu nian. Noiz arte iraun zian horrek? Etzakiat. Zonbait denboraren buruan, ulia, paketa bat bezala, zoko batian dilingan ikusi nian. Jatejo erresalbu bat?

        Lotsa batek hartu nintian, holako mundu krudelak biziaren gako batzu salatzen baitzitzaizkiatan. Haur triste bat ere omen nintuan, jostatzen etzena, diotenaz.

        Geroztik, amaraunaren bazter inguruetan beste behako batzu eman ditiat: oroit nuk beha egonik luzaz armi armo familia bati. Udazken guziez emeeri beren sabelak loditzen zitzaie. Trunpilo ttipi bat handitzen dena, aski luzaz, hiru edo lau astez bederen eta egun batez ikusten duk armi armo ama ttitta batzuek inguraturik, amaraun berezi batean, zeru zohardi baten pare. Egunetik egunera, ttitta horiek handitzen dituk eta harritu nuena, amatik urruntzen dituk emeki emeki, ama beti konstelazio horren zentruan delarik. Ttitta horiek forma bat hartzen die: ohartzen haiz ba dutela hexur bat bezala, eta zango batzu emeki hedatzen dituztela, borobil itxura bitxi bat dutela, bi polo eginez, batean burua eta bestean, zortzi zangoen junta. Aste batzuen buruan, eremu aski haundia hartuko die, hogoi bat ume baitira. Eta egun batez ­erraiten deat ikusi dutan bezala- ez duk gehiago armi armorik, bat edo bi salbu. Zer pasatu ote den? Ezteat erranen; dudan nuk ala joan diren tropaka beste leku batetara toki eskasez, ala gaueko sekretu ixilea sarraski zerbait izan denez, biziaren lege dorpeen entrabaleko bat... Gaueko eremu horiekin jotzen die soseguz beteak iduri duten etxeetako armi armoek. Bestalde, itsuak ote direnez batzuetan susmatu diat. Behazak, gauaz dituk ibiltzen kurri, gaua die lagun. Hortakotz die ba emaiten beldur. Aski haiz sartzea etxe abandonatu batean, hire arpegia, eskuak, gorputza zafratzen duten gauza ez deus horiek, gero jauntzietan harrapatuko dituzkan hari xuhail horiek, gizonek utzi bizitegiaren betetzeko beste molde bat izan dituk. Hutsaren ordainak. Bizi geldi baten su haziak.

        Ez duka batzuetan pentsatu nola amodiozko harreman minbera horiek amaraun baten parekoak diren? Behazak nola norbait ezagutzen dukan. Bi begien kurutzatze horiek lehen hari bat sortzen die. Irauten dik ala ez, ahanzdura ebakile duk. Eleek hari batzu lotzen ditie. Mota ainitzetako hariek zerbait lotura die. Lotura horien arintasunez eta libertateez muntatu sarea amodio iturri dela pentsatzea maite diat. Eguneroko ehaintza duk, hari batzu hauskorragoak oroimenaren haizean. Ez ote ditik Lete-k dion desioraen ezpatak horiek oro mozten? Hago Batzuetan hari bat sobera dukalarik hire amarauna ez ote duen horrek funditzen. Behar dik hein bat. Amaraunak preso ezarriak egina dik berea.

        Eta hari hautsien minak... Ezin dukalarik junta barreatzen ari zaukan amarauna. Ondar fin bat bezala johan zaukalarik gaueko gogoeta gogorretan.

        Hor duk ba biziaren amarauna.

 

 

Inter porcos
Lucien Etxezaharreta

Maiatz, Uhargi 46, 2007ko apirila