ESKUIZKRIBUAREN TRANSKRIPZIOA
(azken eguneratzea: 2004-08-18)

Eskaintzen dugun transkripzio hau ez da zientzi helburuz egina. Zientzilariek eurena egingo dute tokatuko denean. Oraingoan, literaturazaleak Lazarragaren eskuizkribua modu errazago eta arinago batez irakurri ahal izateko baliabidea sortzea besterik ez da gure asmoa. Esan liteke ia hutsean paleografikoa izan dela transkripzioa; ez dugu inongo ohar filologiko, historiko edo literariorik gehitu nahi izan. Zuzenketak eta iradokizunak, ongi-etorriak ezezik, aintzat hartuak izanen dira: hona bidali.
        Orriz orriko transkripzioaren testu osoa, RTF edo PDF formatuetan jaits daiteke. Irakurketa atseginago aldera, testuz testuko berrantolaketa ere, oso behin-behinekoa, eskura daiteke PDF formatuan.
        Bilatzailea ere paratu dugu, bilatutako hitz, hitz-zati edo lema bakoitza bere testuinguruan bistaratzen duena. Espero dugu tresna hau baliagarria izango zaiela filologo, zientzilari eta zaleei.
        Transkripzioa estreinakoz argitaratu genuenetik asko izan dira jaso ditugun zuzenketak eta iradokizunak. Zuzenketok zeintzuk diren jakin gura izanez gero, PDF fitxategi honetan dago adierazia. Azken zuzenketa saldoa Patri Urkizuren Dianea & Koplak (2004ko uztaila) izeneko edizioaren ondorioz etorri da. Ordura arteko geurea eta Urkizurena erkatu ondoren, 849 dira transkripzio bien arteko desberdintasunak eta horietatik 167 aintzat hartu ditugu egungo bertsioan. Badira dudazko franko, baina horiek ohardun bertsiorako gordetzea erabaki dugu.
        Transkripzio honen egilea Iñigo Landa izan da eta berak erabilitako irizpideak irakur ditzakezue ondoren.

Susa literatura argitaletxea

Literaturaren sarean

Transkripzioa egiteko orduan kontuan hartu ditugun irizpideak:
  • Testua ez dugu puntuatu; beraz, ez dugu komarik, punturik edo halakorik idatzi.
  • Transkripzioaren lerro bakoitza testuaren lerro bakoitzari dagokio.
  • Orriak zenbakitzeko, Borja Aginagaldek erabilitako irizpide bera erabili dugu: 1. orr. aur. /1. orr. atz. Zenbakitze horretan 15. orrialdearen ondoren dagoen orrialde puskatua ez da aintzat hartzen eta guk 15. bis orr. bezala izendatu dugu.
  • Guk idatzitako oharrak kurtsibaz idatzi ditugu.
  • Hizkiak, silabak edo hitzak, egungo irizpideen arabera elkartu eta banandu ditugu. Beraz, testuan hitzak elkarturik idatzirik agertzen badira ere, guk banandu egin ditugu gaur egun honela egiten bada. Hala ere, elkarketaren ondorioz bigarren hitzan aldaketa fonetikorik eragin badu idatzi duen bezala utzi dugu. (Adibidez: ezdot testuan > ez dot transkribatu dugu; eta eztot > eztot)
  • Lerroz aldatzean hitza zatiturik geratzen bada marratxoa ( - ) erabili dugu.
  • Kalderoiak eta bestelako ikurrak, marrak eta abar ez ditugu jaso traskribapenean.
  • Ezabatuak agertzen diren pasarteak ez ditugu transkribatu. Hala ere, kasuren batean, irakurgarria eta informazio jakingarria zeukala iruditu bazaigu, traskribitu dugu. Irizpide berbera jarraitu dugu alboetan edota lerroen artean agertzen diren sinadurekin, hitz soltuekin eta halakoekin.
  • Orria hautsita dagoenean kortxeteak erabili ditugu: [...]
  • "n" hizkiaren gainean agertzen denean "ñ" bezala transkribatu dugu. Baita euskarazko testuetan "nn" ageri denean ere. Gainerako kontsonante bikoiztuak modu horretan utzi ditugu.
  • "u" eta "v " hizkiak grafia baliokideak dira. Guk ez ditugu literalki transkribatu eta dagokion balorea eman diogu.
  • Auzi handia dago "c" eta "ç"ren artean. Esanguraren logikari baino, testuan ageri den letra literalari lotu gatzaizkio.
  • Laburdura gutxi agertzen dira. Hala ere, daudenak osorik idatzi ditugu
  • Zalantzazko transkripzioei, galdera ikurra ( ? ) jarri diogu hitzaren amaieran.
  • Maiuskulak egungo ortografiaren arabera idatzi ditugu (izen bereziak, paragrafoaren hasieran...), bestelako kasu guztietan minuskulaz jarri ditugu, testuan maiuskulaz idatzi arren.

Iñigo Landa




Transkripzioaren testu osoa, RTF edo PDF formatuetan
Literaturaren sarean