www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azkaine gure sorterria
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1928-1957, 1985

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azkaine gure sorterria, Jean Elizalde Zerbitzari (Piarres Xarritonen edizioa). Elkar, 1985

 

  hurrengoa

AITZIN SOLASA

SALTSA-MALTSA

 

        Lantto hau hastean, badakizue betbetan zer heldu zaukun gogorat? Hiribarren gure herritar jaun kalonje aipatuaren paperetan irakurtu hitz hau:

 

Ez har egiteko

Lan ahalaz goragoko!

 

        Eta ez dakigu hau ez den gure ahalaz goragokoa. Hasten dugu halere, guk bururatzen ez badugu, bertze norbeitek eginen duelakoan. Sekulan ez litake deus has, beldurrari behatzen balitz! Eta gero hain laket zauku maite ditugunez mintzatzea! Virgile pertsulariak latin ederrenez aspaldi erran zuen «trahit sua quemque voluptas». Egia handia...

        Aitzin solas bezala zer erranen dugu? Ez dezon irakurtzaileak hemengo Euskarari hurbilegitik beha. Ez da Azkaine-Azkainekoa. Badu Senpere eta Sarakotik. Badu Lapurdi barnekotik. Orobat Baxenaberrekotik. Menturaz doi bat Xuberokotik ere ba. Saltsa bat da beraz. Agian saltsa ona, haatik!

        Eta orai gure lumak baitu hainbertze erraiteko, zertarik has? Ez da errex hautatzea. Horra zertako gure lanari aitzin-izen hau emanen diogun: Saltsa-Maltsa. «Miscellanea» arras izen egokia izanen zen latinez, bainan iduripena dugu jada beretua duela Arturo Campion batek, eta idazle batzueri laket bazaikote bertzerena hartzea, etzaiku laket eta ez dugu nahi: «Cuique suum!». Eta doala Saltsa-Maltsa...

        Azkain, Azkaine ala Azkaina erran behar ote da? Badire holako purruxkerietan beren denbora galtzen dutenak. Eta beren denborarekin, burua. Etzaiku balio. Egundaino Azkain eta Azkaine erran dugu. Doala beretik. Azkaina ez dugu onartzen haatik, Etchepare jaun miriku jakintsunak han edo hemen hala erran badu ere: herrian sekulan nihork ez dautzu erranen: «Azkainako pilotari bat. Azkainako elizan», bainan ba «Azkaingo edo Azkaineko pilotari bat, Azkaingo edo Azkaineko eliza»...

        Duela ehun bat urte Larresoron norbeit izan da hitz guzien erroaren ondotik ibiltzea maite zuena: Hatan apeza. Ez da harek ateratzen etzuen bitxikeriarik. Ez dugu den gutieneko dudarik Hatan jaunak zartalakoan erranen zaukula nundik heldu den Azkaine. Xuxen edo makur erranen! Hatanen orde huna bertze bi hitz-ikertzale: «Azkain ez da mendia: haste da goratzen», dio Hiribarren Azkaindarrak; «Azkain Azkube gain», dio Jean Sougarret, Larrungo ermitauak. Ez Hiribarrenen ez ermitauaren erranak ez du itxura handirik. Hainitz gehiago gustatzen zaiku Julien Vinson eta Pierre Lafitte apezak erraiten daukutena: «Les noms des villages offrent un intérêt spécial: ils sont de trois espèces: les uns sont de simples lieux-dits, Ascain, qui a la montagne au-dessus» dio lehenak; «Az, mendia da: beraz aise ageri da zer den Azkaine: mendia gainean duena», dio bigarrenak. Eta egiazki Azkainek gainean ditu Esnaur, Bizkartzun eta Larrun, hirur mendi eder.

        Paul Raymondo jakintsuna ez da menturatu holako xehetasunetarat, bainan bertze batzu eman dauzku, onak baino hobeak: mendetik menderat Azkainek ukan dituen izenak: Escan (1140), Scain (1235), Azcayn (1302), Scainh (1450), Ascaing (1552). Eta orai beha bitxikeria huni: Azpareneren izenik zaharrena Hesparrene da; Azkainerena, Escan.

        Milesker handi bat zor digu hemen azken xehetasun balios hauk eman dauzkun Lafitte jaun apez adixkideari.

        Azkaine hamabortz-hamasei ehun arima duen herri tarro bat da. Pollit eta maitagarria gainerat. Pollit eta maitagarrienetarik. Azkaindar batek erraitea itsusi da, bainan badire guk baino lehenago erran dutenak... eta euskaraz, frantsesez eta latinez! Beha:

 

                «Bazoan Angeles bat Larrunat Serrestik:

                Kurrida zuen besta, mundurat geroztik.

                Ikusi zuenean Azkain bere salan:

                Holakorik kaustea, zioen, bada lan!»

                                        Hiribarren

 

                «Je sais un site heurex fait pur la rêverie:

                Du sommet de la Rhune, au sol armoricain

                Il n'est pas de séjour plus ravissant qu'Ascain:

                Du brillant joyau basque il est la pierrerie!».

                                        J.E. Ducourneau

 

                «Me voilà revenu par un beau ciel d'automne:

                Ascain a maintenant un air de majesté:

                La brume du matin antoure sa beauté,

                Comme un voile encadrant le front d'une madone!».

                                        XXX

 

                «Inclytae Ascaniensi civitati, conspectu splendissimaea,

                montibus et mari proximae, divis aedibus hospitum

                virtute comparandae. Adoro te devote».

                                        Marcellus Placens

 

        Bai, Azkaine pollita da. Bai, Azkaine maitagarria da. Gure herrirat heldu direnek ez dute gehiago joan nahi. Ez da beraz batere harritzeko gu bezala ohantze maitetik urrundu behar izan direnek berritz itzuli nahi badute arratsa, arrats handia, heldu delarik ez eta ere Azkainen haurrek berek hain laket badute herriko pertsuen kantatzea!

 

                «Azkaineko xokoan da nere etxea,

                Gune pollit batean umilki gordea.

                Errege urus bada bere jauregian

                Ni enaiz segur gaizki etxeko ttikian!...

 

                Goizean jeikitzen naiz bihotza goxorik,

                Ohean argiraino ongi loz aserik.

                Xoriak ari dire kantaz oihanean:

                Ni Errege bezala, musika aldean!...

 

                Eguna laster doa gustuko zeretan,

                Arrainketa, ihizin, ez bada pilotan:

                Ilundu-eta ez dut deusen urrikirik:

                Erregerik ote da urusago denik?

 

                Zeru gainean baita denen Erregea,

                Goiz-arrats laket diot otoitz egitea:

                Jauna, ez dut galdetzen lurrean tronurik:

                Bat hartuko dut, bainan... hil-eta bakarrik...».

 

  hurrengoa