www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Melitonaren bi senarrak
Alfonso Maria Zabala
1918, 1963

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Periyaren zalapartak..., Alfonso M.ª Zabala (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1963

 

 

   

MELITONAREN BI SENARRAK

 

 

IRUDIGILLEAK

 

        MELITONA'REN LENENGO SENARRA

        MELITONA'REN BIGARREN SENARRA

        KALE-GARGITZALLEA

        DENDARIA

        ZELADORIA

 

        Ona biltokian ikusten dana: zuaiztun zelai bat, kale baten alde. Zuaitz batetik zintzilizka bi ezpata kurutzetuak. Iruditegiaren aurre-xamarrean arrizko potzu bat, ao-putzu ta guzti, ta arri oetako baten gañean karta pare bat. Iruditegiko estalgarria jasotzean, kale-garbitzalle bat, izuzki (eskoba) luze bat eskuan duala agertuko da; garbitzen duan bitartean, Bilintx'ek zaldi zuriari jarritako bertso oek kantatuko ditu, ots aundirik gabe.

 

 

I

KALE-GARBITZALLEA ta DENDARIA

 

                Orra sei berso

                kale garbitzalleari

                zeña bere izenez

                dan Joxe-Mari;

                erreza lezazkike

                iru Avemari

                indarra etortzeko

                zaldi zuriari,

                animali ori

                erruki zait neri,

                palta du ugari

                egoteko guri,

                kartoyakin egiña

                dala diruri.

 

(Dendaria, mutil gazte bat, alde batetik azaldu bedi, ta aserre-aserre kale-garbitzalleari esan bezaio:)

 

DENDARIA: Aizu, don barrekalles, zure kantuen zale gerala uste al dezu?... Zoaz ortik beste alde batera... Utsa litzake tajuz kantatuko balu... baña boz aguardientetsu orrekin itxurarik ere ez dio ematen. Zoaz bada ortik, demonio alproja...

 

(Dendaria badijua beste gabe. Karrika-garbitzalleak ez dio begiratzen ere, eta asten du bigarren bertsoa, ots aundiagoa atereaz. )

 

GARBITZALLEA:

                Goizero bear dio

                eraso lanar¡

                zikiñak bildu arte

                erri danari;

                berriz ere obeto

                bizi ez danari

                nabarmenduko zaizka

                ezurrak ugari,

                eta Joxe-Mari,

                ez naiz txantxaz ari,

                nai aña janari

                zaldi zuri orri

                eman zayozu ia

                jartzen dan lodi. (bis)

DENDARIA: (Bigarren aldiz irtetzen da) Emendik alde egiteko ez al dezu entzun, don kirten? A zer musikoa zu zure kantak gogoz entzuteko! Belarriak puskatzen dizkidazu zure kantu nazkagarri oyekin, eta emendik alde egiten ezpadezu, bizkarra berotuko dizut. Demonio, astaputza! Esan da ere ez du gero aditzen.

 

(Dendaria ezkutatzen da. Garbitzalleak jaramonik ere ez dio egiten, eta dendaria alde egin bezin laister asten du irugarren bertsoa, ordea ots aundia atereaz, edo gero ta altuago.)

 

GARBITZALLEA:

                Lana sobra du baña

                janaria palta,

                errukarria dauka

                dakarren planta;

                gaxuak ez dezake

                luzaro aguanta,

                plakiarekin ezin

                mobitu du anka,

                pensu gutxi janta

                kalian jiraka,

                gaizki bizi da ta

                indarrik ez daka...

                ezin karriatu du

                gurdi bat...

 

(Bertso onen azkeneko itza esan baño len, irtetzen da dendaria irugarren aldiz kana bat eskuetan duala eta dijoakio garbitzalleari amorru bizian jotzera, esanaz:)

 

DENDARIA: Arrayo beltza ta lotsagabea! Ausiko dizkiat onoko kana onekin bizkar ezurra ta burua. Ez diat esan emendik alde egiteko?

 

(Garbitzalleak, dendaria kanaz jotzera datorkiola ikustean, jasotzen du izuzkia ta jartzen dio aurpegian; asitzen dira lasterka biak; garbitzalleak, potzura gerturatzean, bustitzen du izuzkia uretan eta bustitzen du dendaria; garbitzalleak ez du itzik esaten eta dendariak deitzen dio «lapur zikiña», «urdia», «alproja», eta esan al guztiak, eta dabiltza iruditegian bata bestearen ondoan dendaria garbitzallea jo nayan eta bestia izuzkiaz bere burua gordeaz.)

 

 

II

ESANAK eta ZELADORIA

 

ZELADORIA: (Biyon artian jartzen da) Zer gertatzen da emen? (Dendariari) Erriko enpleatu oni zuk zer bear diozu?

DENDARIA: Arrayo ori, ausiko diot bizkarra.

ZELADORIA: Bizkarra ausi? Onen bizkarra zurea al da? Zerea nai badezu ausi ezazu (Garbitzalleari) Gizona, zer egin dezu dendari au orrela asarretu erazitzeko?

KALE-GARBITZALLEA: Garbitu.

ZELADORIA: Zer geyago?

KALE-GARBITZALLEA: Kantatu.

ZELADORIA: (Dendariari) Eta garbitu ta kantatu dualako, bizkarra ausiko diozula diozu?

DENDARIA: Bai; kantatu nai badu esan diot beste alde batera dijuala, ni orren kantu-zale ez naiz ta.

ZELADORIA: Eta kantatu nai badu zuk eragotzi biar al diozu? Zer nai dezu bada? negar egin dezan? Ba, ba, ba! Zoaz ortik zere dendara, nai ezbadezu berealaxe giltzapera joan. Nik jarriko diot oraintxe denunzia bat alkate jaunari modu orretan erriko enpleatu bat erabilli dezulako.

DENDARIA: Ni giltzapera? Ni denunziatua? Zaude, zaude; gure nagusiak biok konponduko zaituzte. (Badijua)

ZELADORIA: (Garbitzalleari) Eta zu auzi billa al zabiltza?... Ea ortik beste alde batera... Jende oekin ezin bizi diteke. (Badijuaz)

 

 

III

MELITONA'REN LENENGO SENARRA

 

(Ogeitamar urte bezela dituen gizon bat, ondo xamar jantzia, eskopeta bat bizkarrian duala; aurpegi tristia dauka.)

 

LENENGO SENARRA: Ai... Nai ta nai ez ill egin bear... Nola biziko naiz?... Ez daukat ez gurasorik, ez adiskiderik, ez dirurik, ez emazterik... Emaztea bai; legez badet, baña nere emaztea, nere il-berria artu zuaneko beste batekin ezkondu zan; nere antzeko beste tonto batekin... Eta ura gaizki, baña ni gaizkiago... A Melitona, Melitona! Obe nuan zugaz ezkondu nitzanian nere burua orroko potzu orretara bota banu... Baña aberatsa zan, eta uste izan nuan portuna egin nuala... A... Ez nuan, ez, portuna txarra... Ezkondutako urrengo egunian esan ziran neskatxa bearrik ez genduala ta oyak astintzeko... Nik oya astindu? —erantzun nion— —Nork astinduko ditu zuk ezta?... —Emakumea, nik oyerik astintzen eztakit; serbitzari bat ekar zazu. —Oyerik astintzen eztakizula? Serbitzari bat ekar dezadala? Ea, ea, egin laister agindu zaizuna, bestela onoko zigor onekin nik astinduko zaitut ederki. Nik senarra zertarako dedala uste dezu ni serbitzeko baizik? —Eta ez nuan beste erremediorik oya astintzea baño.

        Urrengo egunean esan ziran etxea zikin-xamar zegoala ta izuzkia artuta zillarra baño garbigo jarri nezala. —Baña Melitona —erantzun nion— oek ez dira gizonen lanak; etxia garbitzen ikusten banaute, zugatik maxiatuko dute. —Maxiatu bezate nai dutena —erantzun ziran— ea azkar garbitzera, bestela badakizu zigorra nun dagoan; eta nai ta nai ez, izuzkia artu ta etxea garbitu bear izan nuan.

        Beste batean badator ta esan dit: —Tira, nik gaur bisita batzuek egin bear ditut eta ea eltziak egosi ta bazkaria jartzen dezun; ona nun dituzun babarrun, urdai ta aragia... uste al dezu nornaik aragia jaten duala? Nerekin ezkondu ez baziña, goseak ill, edota, or egon bearko zenduan bazterren batean. Ea bada, ea nola jartzen dezun bazkari goxoa ni itzultzen naizenerako; eta eltziak egosten diran bitartian etxea txukundu, ta ontziak garbitu.

        Arrazoi oek entzutean asarratu nitzan, gogoratu zitzaidan gizona nitzala ta kolera bizian esan nion: —Geyago agintzekorik ez al dezu? Kobadarik ez al det egin biar? Zure sudurrak kobada on baten premia badauka ba. —Zer? Ori ere badegu? Goseak illa nere etxera etorri zera ta orain arrokeri oyek? Artu zuan makilla bat eta bazetorren zezen baten gixa nigana. Orduan itxi nion kanpoko atia eta kanpotik esan nion: Atso madarikatua, beste senar bat billa zan; nola ta beñepein inpernuko bi milla demoniok aidian eramaten etzauten, ondo merezia izango den eta. Eta al nuan lasterren irten nitzan etxe artatik eta alde egin nuan emazte deabru arregandik.

        Urrengo egunian billatu nuan adiskide bat Amerika'ra zijuana. Soin bat egin nuan, Melitona'ren ezagun bati gezur eta abar diru puska bat kenduta; eta or, andik bi illabetera, nun ikusten dedan nere buruba Amerikan. Nere laguna andik urtebetera ill zan; bere interes guziak neri utzi zizkidan eta nere izenaz enterratu eragin nuan; atera nuan ildakoaren garbitasuna eta biraldu nion nere erriko alkateari, ta gure Melitona alargun gelditu zan.

        Ainbeste interesaren jabe egin nitzanian, uste izan nuan beti iraungo zutela, baña beti mermatu ta mermatu, ta lanik egin ez, amar urte barru, nere poltsa ustu zan, eta azkeneko milla durorekin ostera nere errira biurtu nitzan, nere baztertxora. Oek ere bukatu dira... nun bizirik arkitzen ez det, eta neretzat beste biderik ez dago nere burua iltzea baño. Onoko eskopeta au erosi det eta bala au izan bear du nere bizia kendu biar ditana... Baña... Bildur ematen dit... Ez al dago iltzea besterik?... Eta gero... Ai gero ikaragarria!... Nere bizia ez da neria... Jaungoikuak eman ziran, eta nere bizitzan Jaungoikuak bakarrik du eskubidea ta nere burua iltzen badet, Jaungoikuak inpernura biralduko nau... Ai, ai, ai!... Baña, orain beldurtzen al aiz? Nola biziko aiz?... Ea, ill adi ta pakea... Ez dek pake txarra izango inpernuko zuloan... Ai, ai, ai!... Ez, tiroz ez diat ill biar. (Potzura gerturatzen da) Mutillak... (potzura begiratuaz) emen ura ziok... (kartak ikustian) Zer da au?... Kartak... Nork utzi ote ditu emen karta oek? Jokalariren batek... Nunbait dira guztiak jokuan galdu ditu ta golpe au ezin eramanik bere burua potzura bota du, ta potzu au da orain bere obia. Beraz i ere or ago? A... laster izango dek or lagun bat. Agur.. Melitona, oraintxe bai egiaz alarguntzen zerala. (Asten da bere burua potzura jaurtitzeko bezela, baña ots bat entzuten du eta dio:) Onera norbait zetorrek, eta ez diat nai potzura erortzen iñork ikusi nazan. (Eskopeta artzen du ta potzuaren aurrekaldean ezkutatzen da.)

 

 

IV

ESANA ta
MELITONA'REN BIGARREN SENARRA

 

(Ondo xamar jantzita, irtetzen da
iruditegiaren alde batetik)

 

BIGARREN SENARRA: Ezkondu ari, ezkondu ari, esaten ziraten; ezkondu ari, ondo biziko aiz-ta. Baña atso bigotedun orrekin ezkondu bear det? Ordea aberats dek. Zer ziok bigoteduna izan edo bigotegabea? Orren aurpegiko illeak gora-bera biziko aiz, bai. Ederki jan, oparo edan, zaldun bat bezela jantzi... motell, andre aberats bat munduko portunarik onena dek; ezkondu ari bada, eta ez ari tontua izan... Ezkondu nintzan bada, ezkondu; ta etxean ez det arkitu emaztearen bigoteak baizik. A Melitona, Melitona! Ez didazu gaizki pegatu!...

LENENGO SENARRA: (Potzuko beste aldetik) To. Ori duda gabe nere emaztearen bigarren senarra dek. Entzun zayodan, entzun zayodan.

BIGARREN SENARRA: Beti bere lenengo senarra aotan zuala: «A gizajoa! Ura zan gizona ura! Ark oya astindu, etxia txukundu, sukaldeko lanak egin, ontziak garbitu..., Txokolatia ere oyera ekartzen ziran... beti nere goguak nundik beteko zituan... Ura zan, ura, gizon piña, senar bedeinkatua, aingerutxo maitia...» Eta negar egiten zuan... A ill ez balitz, Melitona beste moduz biziko zan.

LENENGO SENARRA: (Beretzat) Gezurti paltsoa. Eta nigatik negar?

BIGARREN SENARRA: Baña emen norbaitek itz egiten du. (Alde guztietara begiratzen du.) Nor ote dago emen?... Baña etziok iñor emen... «Zu, alproja zarra —esaten ziran—, alper ustela... zu zertarako zera, nere interesak jateko baño? Ia, zoaz txerriak zaitzera; jango bada, oek ere gizendu egin bear dira, ta etzaye konbeni beti txerritegian egotea.» —Ni txerri zai? —Bai gizona bai. Jaungoikuak aurrik ematen ez digun ezkeroz, benepein txerriak zaitzazu.

LENENGO SENARRA: Ja, ja, ja!

BIGARREN SENARRA: Baña par oyek, nork egiten ditu? Par oyek orroko potzu-zulo ortatik esan diteke datozela. (Potzura begiratzen du.) Baña emen ere ordea ez dek iñor agiri... Ni txerri zai ez nua. Uste al dezu ni zure etxera txerriak zaitzeko etorri naizela? —Ezetz? Orain ikusiko dek, alper zarra. Inpernuko sorgiña diruriala artzen du makilla bat eta otsoa lez or zetorrek ni jotzera; eltzen diot makillatik, biok burrukan asten gera, baña zezen batek baño indar geyago zeukazkian; botatzen nau lurrera, ezur ta mami ebakitzen nau, eta ito bear ninduala uste nuan... eta al nuan bezela iges egin nion... mutillak, ura artza!

LENENGO SENARRA: Ja, ja, ja!... Ori, nik ere bazekiat nere kaltean.

BIGARREN SENARRA: Baña zein arrayok emen par egiten du? Au bai dala sorginkeria... (Begiratzen du eta eztu ezer ikusten.) Etziok iñor... (Ezpatak dauden lekuraño dijoa.) Onoko ezpata oyek nork utzi ote ditu?... To; astakeri bat egiteko ondo zeudek... Ni mundu onetan zertarako naiz? Atso batek burrukatu edo jotzen duan gizona, ez da gizona. Orrelako gizonak bere burua erreka batera bota bear du. Eta ibai batera bere burua bota edo ezpata oyetako batekin bere barrena zulatu, onetan desberdintasun aundirik etziok. Ar dezadan bada oetako bat (Artzen du ezpata bat eta zorrotik ateratzen du.) Mutillak, zorrotza ziok! Tira, asi nadin... Nola sartuko ote det? bat-batean edo poliki-poliki? Polikitxo sar dezadan. (Papera egiten du sartu nai balu bezela.) Ai! Miñ artzen diat. Eta larruari ikututa beste gabe orrelako oiñazeak senti baditut, zer izango ote da gibela, esteak, birikak eta giltzurdiñak zulatzen dituanean? Ez, ez; orrela ez diat ill nai; dagoztela emen ezpata oek lengo lekuan. (Uzten ditu.) Onena izango diat orroko potzu orretara nere burua botatzea; or ez diat miñik artuko, nolata beñepein ura oso bian ez dagoan... Ikus dezagun... (Begiratzen du.) Bai ote dago gero urik or? Ez dezadala gero arkaitzen bat jo ta burua ausi... Bai, bai, ura baziok. Guazen bada... alimo Joxe!... Zer, orain bildurtu egiten al aiz?... Bestela atso zar orrekin bizi bearko dek, eta orrekin bizitzea baño obe dek iltzea... Tira, tira... Lenengo txamarreta ken dezadan. (Kentzen du ta potzuaren ertzera dijua.) Or zulo orretan otz egingo dik, eta ito baño lenago, otzak ilko nauk; jantzi dezadan, jantzi dezadan nere txamarreta. Erleju eta diruai zer egingo diet? Guazen erleju, diru ta guzi; bear bada, or ere erlejua ta diruak ez dituk alperrik izango... Abiara ar dezadan... (Atzeratzen da: lenengo senarrak eskopeta prestatzen du. Bestiak txistua eman, siñatu ta esaten du:) Bat, bi, iru, lau. (ta korrika asten da esanez:) Emen il zan Sanson bere pilisteo guziekin... (Potzuaren gañean oña jarri ordurako, lenengo senarrak tiratzen du tiro bat.) Ai, ai, ai!... Zein dabill emen? (Iges egiten du iduritegiko azkeneraño.) Ia, ia, ill ninduan norbaitek tiro batekin... zein asto ote dago or tiroz gizonak iltzen?

 

 

V

ESANAK

 

(Lenengo senarra, ao-potzuaren atzetik irten da, eskopeta eskuan duala dijua bigarren senarrarengana. Oni ikara sartzen zayo eta negar moduan esaten diyo:)

 

BIGARREN SENARRA: Barkatu, jauna, barkatu... ez det geyago egingo ta...

LENENGO SENARRA: Gizona, zaude sosegu. Ez nijoakezu zu gaitzik egitera... Beraz zu zera Melitona'ren bigarren senarra?

BIGARREN SENARRA: Ta ori nundik dakizu?

LENENGO SENARRA: Dena entzun dizut, gizona.

BIGARREN SENARRA: Bai? Ta zu nor zera bada?

LENENGO SENARRA: Ni? Ni?... Ez dakit ni nor naizen zuk jakitia on izango ote dan.

BIGARREN SENARRA: Zer arrayo misterio dira oyek? Nornai zerala, zer zabiltz or gizonai tiroak botatzen? Leku txarra berezi dezu lapurretan egiteko, beñepein neri gutxi kenduko dirazu.

LENENGO SENARRA: Ta zuri nork esan dizu ni lapurretara irten naizela?

BIGARREN SENARRA: Ez dakit bada zertara irten zeran eta tiroka zer zarabiltzen.

LENENGO SENARRA: Eta zu tiro batengatik ikaratzen zera? Ez dezu bada esan zere burua potzu orretan ito nai dezula? Zuri zer dijoakizu uretan ito edo tiroz ill?

BIGARREN SENARRA: Ori neronek dakit, zuri ez dizut konturik eman bear; nere gogua egiten zuk laga zaidazu.

LENENGO SENARRA: Beñepein, ni izan ez banitz, zu potzu orretan ito ziñan, ta neri etzait konbeni Melitona'ren bigarren senarra itotzia, bigarren aldian alargun gelditu ez dediñ.

BIGARREN SENARRA: Beaz zuk Melitona ezagutzen dezu?

LENENGO SENARRA: Ez det bada ezagutuko, Melitona nere emaztia izan bada ni bizi nitzala?

BIGARREN SENARRA: Orain ez al zera bada bizi?...

LENENGO SENARRA: Bai zera! Ni Ameriketan ill nitzan, eta Melitona'k nere ill-berria jakin zuanian bigarren aldiz zugaz ezkondu zan. Eta orain zuk zere burua uretara bota nai dezu, bigarren aldian Melitona alargunduta berriz ere ezkondu dedin eta irugarren senarraren zorigaitza ekar dezan? Ez, ez; bizi zaite, bizi zaite... eta Jaungoikoak eman zizun emazteaz zaude.

BIGARREN SENARRA: Bai, e? Beraz zu Ameriketan ill ziñan, e? Eta orain emen piztu? Bada piztu zeran kastiguz zereaz karga zaitez. Orain bai nere burua uretara botako ez dedala. Nai duanak bota dezala edo Melitona'ren senar egiazkoak bota dezala, eta berriz ta egiaz iltzen bazera, zaude seguru ni atso orrekin ez naizela ezkonduko... Eta banua, ta juezari aitzera emango diot, Melitona'ren legezko senarra bizi dala ta jabeari berea eman dezayola.

LENENGO SENARRA: Gizona, etzazula egin orrelakorik. Ni ill nitzan; nere ill-berria Españiako konsulak pirmatuta or dago, ta naiz zuk aitortu ez dizute sinistuko.

BIGARREN SENARRA: Ez didatela sinistuko? Bai, sinistuko didate, bai. Emen asko dira ezagutzen zaituztenak. Melitona'k berak lenengo ezagutuko zaitu, baita beste askok ere, ta nik, neronek, esango det zer dala bide Melitona'gandik alde egin dezun, eta beste erremediorik ez dezu izango Melitona'rekin berri-berriro ezkontzea baño.

LENENGO SENARRA: Aizu, adiskidea, seguru joka dezagun guk erabakitzen deguna biyoren kaltean izan ez dedin. Orain gu biok auzian asten bagera Melitona'ren senar egiazkoa nor dan, egundaño, onenian, auzia ez da bukatuko, ta biarbada biok beartuko gaituzte Melitona' ren senar izatea, ta orduan biok ederki supritu bearko degu ta obe da batek bakarrik supritzia.

BIGARREN SENARRA: Eta zer?

LENENGO SENARRA: Zer?... Jokatu dezagun musean Melitona'z nor gelditu, ta Jaungoikoak ematen dionari San Pedro'k beinka deyola.

BIGARREN SENARRA: Gizona, etzait gaizki iduritzen; baña kartak nun ditugu musean jokatzeko?

LENENGO SENARRA: Portunaz, ortxe, potzu orren erpiñean ikusi det karta pare bat, eta esan diteke, norbaitek guretzat laga dituala. (Badijua kartak artzera.) Ona kartak. Orroko aulki orretan eseri gaitean; lenengo sei amarrekotara joka dezagun, eta irabazten duanak irabazi ta galtzen duanak galdu.

BIGARREN SENARRA: Ondo da... Eta portuna duana Melitona gabe bizi dedilla.

LENENGO SENARRA: Ori da. Kartak ematera nua. Ebaki. (Kartak ematen ditu.)

BIGARREN SENARRA: Mus.

LENENGO SENARRA: Zenbait?

BIGARREN SENARRA: Bota iru.

LENENGO SENARRA: Nik bi.

BIGARREN SENARRA: Bost tanto enbido.

LENENGO SENARRA: Nai det.

BIGARREN SENARRA: Paso txikira.

LENENGO SENARRA: Guazen.

BIGARREN SENARRA: Parea bai.

LENENGO SENARRA: Bai.

BIGARREN SENARRA: Sei tanto enbido.

LENENGO SENARRA: Jaso tantoa.

BIGARREN SENARRA: Jokua bai.

LENENGO SENARRA: Bai.

BIGARREN SENARRA: Ogei.

LENENGO SENARRA: Ordago.

BIGARREN SENARRA: Ogei ta amaika eskutik.

LENENGO SENARRA: Nik la real; iru zazpikorekin ogei ta amaika.

BIGARREN SENARRA: Eta zer? Ni nago eskutik.

LENENGO SENARRA: Baña iru zazpikorekin egiten dan ogei ta amaikak, la real deitzen zayonak, geyago balio du.

BIGARREN SENARRA: Zer balio bear du, gizona! Iru zazpikoz egin, iru txotekoz egin, ogei ta amaika beti ogei ta amaika, ta eskua beti esku... eta orain Melitona zuretzat... eta or konpon. (Jaikitzen da.)

LENENGO SENARRA: Neretzat? Ez dezu esaten bada zuk irabazi dezula?

BIGARREN SENARRA: Bai.

LENENGO SENARRA: Bada, gauza irabazten duanarena izaten da, eta irabazi badezu, zere irabaziaz gelditu zaitez.

BIGARREN SENARRA: (Asarratuba) Jokua bai, nik irabazi det; orregatik Melitona da zuretzat.

LENENGO SENARRA: Ederki ziok! Nik jokua galdu ta Melitona irabazi, ta zuk jokua irabazi ta Melitona galdu. Irabazten duanak galdu, ta galtzen duanak irabazi. Kontu ederra da ori! Etzaitez etorri orrelako erauziakin, eta gelditu zaite zure Melitona'rekin.

BIGARREN SENARRA: (Asarratuba) Aizazu: etzaidazula gero neri burua berotu, bestela zugaz ez egitekoren bat egingo det. Guk esan degu musean galtzen duana arrezaz gelditu dedilla ta zuk geldu dezu; legez bada zurea da, ta or konpon zaitia; nai ez badezu beñepein egurren batekin ezurrak ausitzea.

LENENGO SENARRA: Zuk neri ezurrak ausi? Ago puska bat... (Eskopeta artzera dijoa; besteak artzen diyo leenez; apuntatzen dio, baña ikusten du kargatu gabe dagoala.) Tirazu, tirazu. Munizioak nik ditut; zuk eskopeta bakarrik.

BIGARREN SENARRA: Orri eskerrak eman zaiozkazu, bestela illa ziñan.

LENENGO SENARRA: Begira: kontu au bukatu dezagun. Zu edo ni, bitatik bat da Melitona'ren senarra; biok ezin izan giñezke. Joka zagun cara y cruz norentzat gelditu, ta sumatzen duanak bota dezala bere burua orroko potzu orretara; bestela berriz arbola orretan daude zinzilizka bi ezpata; bana artu ditzagun ta bizirik gelditzen dana gelditu dedilla emazteaz.

BIGARREN SENARRA: To... ederki ziok. Ezpata oyek nun dira?

LENENGO SENARRA: Ona nun dituzun. (Bat ematen diyo.)

BIGARREN SENARRA: Ondo da. Tira; atera zorrotik eta asi gaitean; eta iltzen dana zulora, ta bizirik gelditzen dana Melitona'rengana... Tira... Ze ari zera? Jo nazazu; bada nik nayago det iltzea, geyago Melitona'rekin ikustia baño.

LENENGO SENARRA: Baita nik ere; sar nazazu biotzetik ezpata ori eta gelditu zaite zere emazteaz.

BIGARREN SENARRA: (Asarratuba) Ze gizon arrayo da gizon au?... Ea azkar, edo asi zaite edo ezpata au zure bizkarrean ausiko det. (Ezpata jasotzen du.)

LENENGO SENARRA: Nere bizkarrean? (Onek ere ezpata jasotzen du ta gogorkiro asten dira pelian.)

 

 

VI

ESANAK, DENDARIA, ZELADORIA

GARBITZALLEA ta MUTILLA

 

DENDARIA: (Dendatik irtetzen da ta pelia ikustian deadarka asten da.) Zeladoria, Zeladoria!... Bi gizon alkar iltzen dabiltzala...

 

(Zeladoria alde batetik ta garbitzallea bestetik agertzen dira, bata ezpatarekin ta bestia bere izuzki luzeaz. Biak sartzen dira peliatzen ari diranen tartean; garbitzalleak bere izuzkia eramaten die aurpegira.)

 

ZELADORIA: Alto... alto!... Zer da au? Ni zeladoria naiz, agintaria, ta obedezitu neri. Alto... Alto!...

 

(Peliatzalliak ikustean garbitzalleak bere izuzkia aurpegiyetan jartzen dietela, asten dira sablazoka garbitzalleaz. Au igesi asten da ta beste biak onen ondoren alik eta garbitzalleak bere izuzkia potzuko uretan busti ta geldiarazten dituan arte.)

 

ZELADORIA: Asko da. (Ateratzen du paper bat eta lapitza ta esaten diye:) Ea onera zuek, ezpatadunak. Nor zerate? Nunguak zerate? Eta zer dala bide alkar ill nai dezute?

LENENGO SENARRA: Ni aspogillea naiz.

BIGARREN SENARRA: Ni sastria.

DENDARIA: Oso traste politak bata ta bestia.

LENENGO SENARRA: Onoko au Melitona'ren senarra...

BIGARREN SENARRA: Gezurra. Melitona'ren senar legezkoa au da...

LENENGO SENARRA: Ori ez da egia...; edo bestela onoko ezpata onek... (Berriz asten dira peliatu nayian. Ordea zeladoria ta garbitzallea sartzen dira biyen artian, eta garbitzalleak berriz ere bere izuzkia jartzen die sudurren aurrian; biak ostera erasotzen diote garbitzalleari, eta asten dira korrika iduritegi guzian.)

MUTILLA: (Diadarrez) Zuen artean ote dago Melitona Muturbeltzen senar egi-egiazkoa?

BIGARREN SENARRA: Bai, ona, au da.

LENENGO SENARRA: Ni ez; onoko au.

MUTILLA: Bada onoko telefonema au etorri da Melitona'ren legezko senarrarentzat.

BIGARREN SENARRA: Bada emayok oni.

LENENGO SENARRA: Neri ez; orri emayok.

ZELADORIA: Baña zuek biotako bat al da Melitona'ren senarra?

BIGARREN SENARRA: Bai, ori.

LENENGO SENARRA: Ez, au.

ZELADORIA: Ba, ba!... Ekatzu onera telefonema ori, ta zer dion ikusi dezagun. (Telefonema artu, zabaldu ta irakurtzen du.) Gaur goizeko amarretan Jaungoikoari kontu eman dio Melitona Muturbeltzak, eta laga ditu testamentuan bere egiazko ta legezko senarrarentzat, bizi zan etxia ta amar milla duro.

LENENGO SENARRA: E?... zer?

BIGARREN SENARRA: Nola, nola? (Bi senarrak gerturatzen dira zeladorearengana.)

ZELADORIA: Ez al dezute entzun? Melitona Muturbeltz deritzan bat ill dala gaur goizeko amarretan, eta bere legezko senarrarentzat utzi dituala bizi zan etxea ta amar milla duro.

LENENGO SENARRA: Ill al da beraz Melitona? Nere emazte maitea... ai, ai, ai. (Negarrez)

BIGARREN SENARRA: Nere biotzeko kuttuna... Nizaz oroitu zera orregatik azkeneko orduan badere... ai, ai, ai!... (Negarrez)

LENENGO SENARRA: (Bigarrenari) Baña zuk zeri negar egiten diozu?

BIGARREN SENARRA: Ez det bada negar egingo emaztea ill-da?

LENENGO SENARRA: Baña Melitona nere legezko emaztea zan.

BIGARREN SENARRA: Zuria? Bai bizi izan baziñan, bañan ill ziñan ta, zu ill da gero, alargunarekin ni ezkondu nitzan, eta ni naiz Melitona'ren egiazko senarra.

LENENGO SENARRA: Ni ill nitzala?

BIGARREN SENARRA: Bai; ortxe dago gure etxean zure ill-berria, Españia'ko konsulak pirmatuba ta zuk Melitona'rekin zer ikusirik ez dezu.

LENENGO SENARRA: Ori ikusi egingo degu.

BIGARREN SENARRA: Ori ikusia dago.

LENENGO SENARRA: Jaunak. (Besteai begiratuaz) Ni bizirik edo illik nago?

ZELADORIA: Bizirik zaudela esan liteke; makiña bat berriketa egiten dezu beñepein; ta nik ildakorik orrela jarduntzen ez det egundaño ikusi.

LENENGO SENARRA: Onek nola dio bada ill naizela?

ZELADORIA: Ori berak jakingo du.

BIGARREN SENARRA: Egia da; au Melitona'ren lenengo senarra izan zan. Ameriketara juan zan ta andik etorri zan onen ill-berria, ta gero ni onen alargunaz ezkondu nitzan, eta baldin au gaur ill bada, nere egiazko ta legezko emaztea izanaz ill da, ta onen etxea ta amar milla duroak nereak dira.

LENENGO SENARRA: Zuriak? Ez ala zankoa! Baldin munduan legerik bada, ez dituzu gozatuko ez etxe ta ez dirurik. Nere emazte maitea ill, da onek bere gauzak bere senarrarentzat utzi, ta beste bat gauza oen jabe egin? Ori ez da legea. Ai nere Melitonatxo gozo ta eztia! Ai nere aingeru ederra! (Negar egiten du.)

BIGARREN SENARRA: Ai nere negar guzien zapia... nere egarriaren preskura... nere gaitzen sendakaya... nere eziñaren laguntza... nere errayetako emazte maitagarri... nere amorioaren prenda! Zure etxe ta amar milla duroaz nere zartzaroa ondo igarotzea uste det, eta zure animagatik egunero meza atera, errosario santua errezatu, ta egite onak egiñaz biziko naiz, zuzaz Jaungoikua errukitu dedin... Ai, ai, ai!...

LENENGO SENARRA: Zaude ixillik, gizon lotsagabea... Oraintxe puntuan atso madarikatua deitzen ziñion ta orain orrelako paperak?

BIGARREN SENARRA: Eta zuk berriz, ill ziñala ta nerea zala ziozun... Eta orain arren etxea ta dirubak nai al dituzu?

ZELADORIA: Nai badezute, zuen auzi ori nik erabakituko det.

BIYAK: Zuk? Nola?

ZELADORIA: Interes oyek norenak diran erabakitzera juezetara bazoazte, letraduak eta juezak denak irentsiko dizkizute, ta obe dezute adiskide onak bezela biyen artian partitu... eta ala pakia.

LENENGO SENARRA: Badakizu zeladore au zuzen mintzatu dala?

BIGARREN SENARRA: Neri ere ala iduritzen zait.

LENENGO SENARRA: Ea bada; kontu egin dezagun ni ill nitzala. Zu zera orduan Melitona'ren legezko senarra. Jabetu zaitez bada onen etxez ta amar milla duroaz, ta bion artean partitu ditzagun.

BIGARREN SENARRA: Ori da.

LENENGO SENARRA: Baña gezurrikan gabe e? Etzaitez gero etxea ta diruaz jabetu, bestela oek aitortuko dute gure konponketa, eta asmo okerrik badezu, batere gabe geldituko zera.

BIGARREN SENARRA: Ez, ez; etzazula beldurrik izan. Ona guk egiten degun tratua. Etxeak gutxi gora bera amar bat milla duro balio ditu, nai badezu zu etxeaz jabetu zaitez eta ni diruaz; eta etxea obe iduritzen bazaizu, ni amar milla duroakin geldituko naiz. Eta gure konpoketa ala izandu dala adierazteko, oraintxe bertan paper bat egin dezagun.

LENENGO SENARRA: Ongi ziok. Eta orain guazen guziok ostatura eta Melitona'ren bizkar bapo apal dezagun.

KALE-GARBITZALLEA: Zaude puska bat. Entzun, entzun: (Zaldi zuria'ren soñuz kantatu beza)

                Melitona izandu da

                zuen emaztea;

                etzan osoro zarra

                ezta're gaztea.

                Bata auspogillea

                bestea sastrea...

                itxu aurrekotzako

                nolako parea!

                ill da orain tristia

                erruki gabea

                utzirikan biyontzat

                diru ta etxea.

                Au bukatu da eta

                guazen apaltzea. (berriz)