www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gabon zar bat eta beste ipui asko
Alfonso Maria Zabala
1880-1889, 1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gabon gau bat eta beste ipuin asko, Alfonso M.ª Zabala (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1962

 

 

  hurrengoa

GABON GAU BAT
EUSKALERRIKO BASERRI BATEAN

 

 

I
TXOMIN URRETA

 

        Goian-bean euria perradaz bezela ari da; mendi tontor guztiak elurraz zurituak daude; artzaiak euren artaldeak aurretik dituztela zelaietara datoz. Abenduaren ogei ta laua da. Eguerri bezpera.

        Baserritar batzuek, euren diru-errentak eta kapoi gizenak nagusiai pagatu ondorean, erri aldera dijoaz. Eskuiko eskuan daramaten guardasol urdin eta galant bana, eta ezkerrarekin eltzen diote euren makillai, zeñak dakartzkien bizkarrean, eta zulo bat egiñik bakallau bana zintzilika. Au da nagusien erregaloa gau artan apaltzeko. Umore ona dakarte, ez ditu euri-jasak beldurtzen.

        Oen aurretik dijoa agure buru-zuri bat. Ez lioke iñork irurogei urte emango, alakoa da bere sasoia, alabaña, irurogei ta amarrean aspaldi igaro zan.

        —Txomin, —deitzen diote atzekoak—, zaude puxka bat, alkarrekin joango gera.

        Txomiñek begiratzen du atzera eta ezagututzen ditu bere erritarrak dirala, eta itxedoten die.

        —Arratsalde on Jainkoak dizula —esaten diote denak batean.

        —Baita zuei ere, mutillak.

        —Kanpo alde, Txomin, kanpo alde?

        —Bai; lan txiki bat banian, or, auzoan, eta eguna igaro diat nolerebait. Eta zuek errenta pagatzen? Ondo artu zaituzte nagusiak?

        —Ondo artu gaituan? Arraiopola! Ez ginduan bada ondo artuko? Ez al diogu diru-talde txarra eraman! Ez du, ez, zer errenkurarik eduki. Zu, Txomin, orrelako lanik gabe bizi zera.

        —Aizak, nik ere nere gora-berak badizkiat, eta jakin nai badek, zor batzuek pagatzen izandu nauk.

        —A Txomin, Txomin! Zu gora zuaz, gora, ta gu berriz urteko errenta ezin konponduaz. Orain ere ekarri dezu zuk etxera erraiñ aberatsa, eta guri ez bezelako kukurruku jotzen dizu ollarrak.

        —Bai, motell, Jainkoari eskerrak ni ondo bizi nauk, baña gogotik lan eginda. Jakin zak: ni ezkondu nintzanean, Urretarenak milla dukat baño geiago zor zituan, eta uste diat, nere zor-artzekoak ortxe nunbait berdin izango dirala; ordea, ez dezute esango Txomin Urreta alperra eta jokalaria izandu danik.

        —Opa dizugu, Txomin zarra, opa dizugu zure zoriona, eta, ojala etxe-jaun guztiak zu bezin prestuak eta kristau onak balirake.

        Eta batek bat besteak bestea, sartu ziran euren erriko karrika nagusian.

        —Mutillak, —esan zien Txomiñek bere lagunai—. Gaur Eguerri bezpera dek, oraindik arratsaldeko irurak dituk geienaz, eguraldia ere otz-garbitzen ari dek, sar gaitean, bada, Martoloren trabenara; eta baldin zuen poltsak zimurtuak badaude zeren nagusiai eman diozuten azkeneko arditerañokoarekin, Txomin Urretak badik oraindik bost errealeko zar bat, eta arren ardoa erandakoan joango gaituk bakoitza bere etxera, makallau eta gaztaña erreak jatera eta sagardoz asetzera.

        —Biajun daizula, Txomin. Gaur gure sabelak ain gaizki ezpadira ere, zeren nagusiak bazkari ona eman digun, alaz guztiaz ere, estimatuko dizugu zure borondate ona; —eta Txomin aurretik zala sartu ziran ardantegian.

        —Kaxo, Martolo.

        —Kaxo, Txomin Urreta, konpañiarekin.

        —Ekartzak pitxar bat, baña urbagetik, oraindik zintzo gaudek, eta gañera, gaur ez dek ardorik bataiatzeko eguna.

        —Ez, Txomin, ez; gaur urak lodi dijoaz eta iñor ezin engañatu liteke. Ogirik bear dezute?

        —Ez, ez diagu goserik.

        —Zer modukoa iduritzen zaizute?

        —Au bai, au ardoa dek.

        —Zuen Joxepak oraintxe eraman ditu iru arrua; zuek baño gaizkiago norbaitek Eguerriak igaroko ditu; bazaramatzan gañera bakallau aundi bat eta bi bixigu.

        —Guztiak palta egingo ditek.

        —Asko biltzen al zerate apaltzera?

        —Gizona: etxean gaudek bi senar-emazte aldi eta morroi-neskameak, etorriko dituk ere Etxerberriko ama-alabak, eta etzekiat gure soldadua agertuko ote dan gaztigatu zigun bezela.

        —Martin esaten al dezu?

        —Bai, Martin.

        —A! Orregatik esan dezu Etxeberriko andre Mari eta Manuela apaltzen etxean dituzutela! Orain ere, zu, semea etxe aberatsean sartzera zoaz.

        —Baditek gizon baten premia, Martolo.

        —Bai, motz daude Etxeberrin gizon gabe.

        —Baña, gaur gure Martin ez badator, nere atsoa eta Manuela asiko dituk zizpuruz eta negarrez, eta bazekiat oiek gure umore guztia galdu bear digutela.

        —Oraindik ez dago zer esperantzarik galdu; zortziretan allegatzen da goitik datorren azkeneko trena, eta baldin an badator, bederatzi t'erdi edo amarretarako etxean dezute.

        —Jainkoari nai dakiola... Kobra zak, Martolo,... eta gabon.

        —Gabon, Txomin, konpañiarekin.

        —Agur, mutillak, zuek ortik eta ni emendik.

        —Eskerrik asko, Txomin Urreta.

        —Protxu on, protxu on eta beste bat arte.

 

 

II
URRETARENA

 

        Etzegoen urruti Urretarena, Txomiñen baserria, eta ala, oraindik egun argiz allegatu zan bere etxera.

        Andre Joxepa senarraren zai zegoan, eta sartu zan bezin laster atera ziozkan aste-egunetako soña eta oñetako legorra, esanaz:

        —Dena bustia etorriko zera, nere Txomin; alda zaitez, bada, katarro zarren batek garbitu baño lenago; oraindik badago zure palta gure etxean. Bada Martiñen berririk?

        —Ez al da izan kartarik?

        —Ez, nere senar maitea.

        Eta magalaren ertzarekin asi zan legortzen begietara zetozkion negar-malkoak.

        —Baña zeri negar egiten diozu, emakumea? Gaur gabean bederik ez ote zerate egongo negarrikan gabe?

        —A! Neri entzun balit buru gogor arrek, ez genduan orain orrelako penarik izango. Zortzi milla erreal gora bera, or izango giñan.

        —Ez bada neri kulparik egotzi —esan zion senarrak—; entzun zuan makiña bat aldiz ordekoa arkituko giñiola, baña, zer nai dezu? Berak etzuan gogorik dirutza ori guztia Gobernuak eraman zezan; eta joan bazan, or konpon bedi, bere gogoz joan zan.

        —Zorioneko gerrak, eta zorioneko erreboluzioak! —esan zuan andre Joxepak—. Bizitzaren erdia neri beintzat kendu dirate. Seme bat or galdu genduan azkenekoan, eta bestea nun dan eta nola dan ez dakigu Badajoztik Portugalera iges egin zuten ezkero.

        —Baña ez dakizu, Joxepa, andik itzuli eta Guadalajarako batalloian dagoala?

        —Bai, ordea ez dakigu an beste ainbeste egin zuten edo ez.

        —Zaude ixilik, emakumea, zaude ixilik, gaur negar egiteko gaua ez da ta; bestela batere apaldu gabe oera noa. Ez dakizu oraindik gaur etorriko dan ere, zortziretan omen dator azkeneko trena, eta estaziotik etxera ez ditu bi ordu igaroko.

        —Gizonen onerako gaur Belenen jaio zan aurtxo Jaungoikozkoak nai dezala nik emen ikustea!

        —Amen —erantzun zion Txomiñek, eta sartu zan sukaldean esanaz—: Gabon Jainkoak dizutela.

        —Baita zuri ere, aita; baita berorri ere, nagusi jauna, —erantzun zioten erraiñ Iñaxi eta morroi neskameak.

        —Su ederra daukazute?

        —Egunari dagokion bezela, aita.

        Eta ala zan izan ere; gurdi erdi bat egur igar egongo zan erretzen. Eta atzetik zintzilika zegoan pertz ori bat bakallauez beteta, beratu zedin; suaren aurrean ikusten zan berriz marmita aundi bat, eta aza zuriak bol bol egiten zuten. Iñaxi ari zan bixiguak garbitzen, Premiña neskamea iru tipula galant kazuela batera zeatzen bakallaua maneatzeko, eta Migel morroia gaztaña-morkotsak jaulkian anega bat kabituko zuan danbolin batera, eta etxeko nagusi gaztea orduantxe zetorren ukullutik kaiku bat esnerekin.

        —Prestamen aundiak dabiltzkizute, Iñaxi?

        —Urtean bein izaten da gabon, aita.

        —Egia; egun onek ori guztia merezi du.

        —Martiñen berririk, aita?

        —Ez, Iñaxi.

        —Ez ote zaigu agertuko?

        —Izan liteke.

        —Nik ez daukat esperantzarik —esan zuan andre Joxepak—; etortzekotan izkribatu bear zuan.

        —Ama, —esan zion Krixtobal bere semeak—, ez dezu bada esaten «esperantza» galdu zuana inpernura joan zala?

 

                —«Esperantzetan bizi, maite gozoa,

                noizbait kunplituko da gure plazoa»

 

—kantatu zuan Txomiñek, eta guztiak parreari eman zioten, baña Joxepak esan zion:

        —Bai, zu beti Gibel aundi; esan liteke Martiñez aztu zerala.

        —Ori dek —erantzun zion senarrak—; nunbait nik ez det izango biotzik.

        Iñaxik ere, bere amagiarrebak esperantza oso galdu ez zezan esan zion:

        —Nork daki, ama, ez ote zaigun oraindik gaur etorriko!

        —Aparia, beintzat, luzatu amarrak arte —agindu zuan nagusi zarrak—; azkeneko trenean badator garai ori bear du etxeratzeko. —Eta exeri zan aulki bat artuta suaren ondoan.

        —Nere emazte maitea, —esan zion Txomiñek andre Joxepari bi golpetxo sorbaldaren gañean emanaz—, ekarzu onera Martolonetik erosi dezun ortatik, barrendik eta kanpotik berotu gaitean.

        Bereala jarri zion aurrean kuartillo botilla bat, kristalezko edan-ontzi edo baso batekin eta zurrut bat egin ondoren esan zuan:

        —Aspaldian ez da sartu gure errian orrelako ardorik. Eta ardiak, Migel?

        —Denak bordan, jauna.

        —Eraman diek naiko zaldalea? Gaur oiek ere zelebra dezatela gabon-gabari dagokion bezela.

        —Bai, jauna, bai; ez dute zaldale eta pentsu faltarik.

        Onetan zakurra zaunkaz asi zan.

        —Zer du gure Pinttok zaunkaz?

        —Zer izango du? —erantzun zuan Kristobalek—. Asi dira gabonzaleak kantari, eta oiei zaunka egingo die.

        —Ez, Pinttok badik beste zerbait. Ua, Migel, zer duan zakur orrek, eta ezarri ezak katean norbaiti ozkaren bat egin ez dezaion.

        Irten zan morroia, deitu zion zakurrari eta jarri zuan katean, baña iruditu zitzaion atetik kanpora norbait zegoala, eta galdetu zuan:

        —Nor da emen? Eta zer nai dezute?

        —Pobreak gera, eta etxe-legorra nai genduke —erantzun zion urteetan aurreratutako emakume batek.

        —Atozte, bada, ikusi dezadan nor zeraten.

        —Ordea zakurrak beldurtzen gaitu.

        —Ez dizute ezer egingo, lotu det katean.

        Urbildu ziranean, ikusi zuan Migelek zirala ta emakume zar batzuek, mutiko kaxkar batekin.

        Sartu zan sukaldera eta esan zuan:

        —Nagusi jauna, senar-emazte beartsu batzuek mutiko batekin daude atean, eta gaur gauerako ostatua eskatzen dute.

        —Sar ditezela —erantzun zuan andre Josepak—; ez dakizu gure etxean etzaiola iñori etxe-legorrik ukatzen?

        Artu zuan, bada, krisellua morroiak eta argi egin zien sukalderaño.

        —Jainkoak gabon on bat dizutela —esan zuten sarreran.

        —Baita zuei ere —erantzun zuten denak.

        —Gau txarra darabiltzute?

        —Ez on ona —erantzun zuan gizon zarrak—. Oraindik iru orduko biajea genduan aur onen aitonen etxera, eta alde batetik gau otza ta illuna, eta bestetik berriz basa-bideak ikaratu gaitu; orregatik esan diot nere emazte Prantxiskari: «Begira: Txomin Urreta prestuaren etxean emango digute gaur gabeko ostatua, eta goazen ara, bidea galdu eta zer gertatu baño lenago». Eta ala etorri gera.

        —Ederki egin dezute —esan zion Txomiñek—. Iñoiz bada-ta, gaur da bidezkoai ostatua emateko eguna. Entzun izan diot gure erretore jaunari, gaurko gauaz ibilli zirala Joxepe ta Maria Belengo errian ostatu billa, eta etzala aietzaz iñor errukitu erri onetan aide asko bazituzten ere;

ala joan bear izan zutela erritik kanpora arkitzen zan estalpe batera, eta an jaio zala gure Salbatzalle Jesus, —eta kendu zuan buruko txapela—. Egin nai det bada kontu, aien izenean zatoztela gure etxera, eta ez bakarrik ostatua, baita ere apalduko dezute degunetik eta gero jantziko zaizute oe zuria.

        —Eta zuri, Txomin prestua, —erantzun zion Prantxiskak, begietatik esker onezko negar malkoak zerizkiola—, estalpe artan jaio zan Jaungoikoak pagatuko dizu guri egiten diguzun mesedea.

        —Nongoak zerate?

        —Aspaldi alkar ezagutu genduan, Txomin.

        —Nun?

        —Nun? Ez zera oroitzen nor zan Tomas Arrola?

        —Ai arraiea! Orainte oroitzen nauk... bai... bai... Tomas Arrola... Ai lagun! Ordutik onera urte asko on ta txar igaro dizkiagu.

        —Egia, Txomin. Neretzat, beintzat, azkeneko oek ez dira on onak izan.

        —Ordutik laster errira joango intzan.

        —Bai; eta an alkar ezagututa ezkondu giñan biok. Laster il ziran gure guraso zarrak, eta Jainkoak eman zizkigun bi seme. Bietatik bat gerran il zitzaigun. Gerra bukatuta gere basarri-lanakin ainbestean bizi giñan, baña, nolakoa zan gure zoria! Artzen du gelditu zitzaigun seme bakarra tipus gaizto batek eta ogei ta laugarren egunean Jainkoari kontu eman zion. Gure erraiña, Oñatiko alaba, aurdun gertatu zan, baña ainbeste gau galdu eta ainbeste pena igaro ondorean aurgite gaiztoa etorri zitzaion, eta egin zuan alaba eta ama zerraldo batean obiratu ditugu.

        Tomas Arrola onela mintzatzen zan bitartean, Prantxiskari negarra zerion, eta baita ere entzuten zeudenak arkitzen ziran oro kupiturik eta begietan malkoak ezin edukirik.

        Mutiltxoak batean aitonari bestean amandreari begiratzen zien bere begi urdin ederrakin. Andre Joxepari batez ere Tomas Arrolaren itzak biotza bi erdi egin zion, zeren oroitu zan berari ere gerra orretan il zitzaiola bere semea.

        —Orain goaz, bada, Oñatira —jarraitu zuan Arrolak—, bada gaztigatu digute erraiñ zanaren gurasoak, saldurik ditugun ganadu eta trasteak joan gaitezela aietara, eta zartzaroa alkarrekin igaroko degula, alkarri lagunduaz eta palta diranakatik Jaungoikoari erregutuaz. Ara Txomin, adiskide zarra, zerk ekarri nauen nere antziñako adiskidearen etxera.

        —Orrela dituk, lagun, mundu onetako gora-berak. Ez die, ez, gaizki esaten sermoigilleak gure bizitza gerra eta betiko burruka dala, eta mundu au negarrezko ibar triste bat. Baña legortu zaitezte, eran zazute txurrut bana eta laister aparia maneatuko ditek. Ea, Joxepa, oñetako legor batzuek oentzat.

        Andre Joxepak laster inguratu zituan artillezko galtzerdi eta alpargata batzuek Tomasentzat, eta arizkoak Prantxiskarentzat. Mutikoa, berriz, zituan abarka-mantarrak kendurik, gelditu zan oñutsik.

        Su galantaren ondoan exerita, gertaera zarrak kontatuaz, eta emakumeak aparia prestatzen ari zirala, etorri ziran bederatzi t'erdiak.

        Ordu artan sartu ziran ere Etxeberriko ama-alabak.

        Manuelak sartu zaneko begiratu zion andre Joxepari, galdetuaz bezela Martiñengatik, baña laster ezagutu zuan etzala oraindik arren berririk.

        —Badago guretzat lanik? —esan zuan gordeaz bere barrenean sentitzen zuan pena.

        —Ez, Manuela, gaur ez daukagu beste lanik apaldu baizik.

        Eta aulki bana artuik, eseri ziran andre Joxeparen ondoan.

 

 

III
GABON-ZALEAK

 

        —Gaur berandu datoz gabon-zaleak —esan zuan Txomiñek.

        —Ara or nun diran, aita, —erantzun zion bere seme Kristobalek.

        Eta ala zan egiaz, bada mutil-talde bat asi zan kantari ate kanpoan.

        Bozik onena zeukanak kantatu zuan lenengo, eta besteak erantzun zioten modu onetan:

 

                Agur, jente noblia,

                berri on bat dakargu,

                atentzioa eduki beza

                iñork aditu nai badu.

                Adan ta Ebak egin zuten

                paradisuan pekatu,

                gure neke-pena guztiak

                andikan ziran gertatu.

                Ikus zuan Jesus maiteak

                gizona oso galdua,

                Betiko Aitak asarraturik

                itxi ziola zerua.

                Orduan, bada, eskatu zion

                guretzat barkazioa,

                gurutzetikan emango ziola

                Berak satispazioa.

                Eskeñi zuan etorko zala

                gizona salbatutzera,

                gure kulpa ta pekatuak

                bere gañean artzera.

                Jesus emen da Salbatzallea

                munduak bear zuana,

                umil ta pobre larrugorrian

                datorkigu guregana.

                Ez du berezi jauregirikan

                mundura argitaratzeko,

                estalpetxo bat tellatu gabe

                arkitu du jaiotzeko.

                Egon zaitezte, kristau nereak,

                egon zaitezte sosegu,

                Jesus Belenen jaio da eta

                pozkidaz bete bear degu.

                Etxe ontako nagusi,

                itz oek ondo ikasi;

                limosna on bat ekarri beza

                baldin badegu merezi.

                Gabon ontxo bat igaro beza

                pamili guziarekin,

                beste bat arte, bagoaz orain

                zure limosna onarekin.

 

        —Ea, Iñaxi, jatxi zazu goiko aga orretatik lukainka on bat eta emaiezu gabon-zale oiei, bada guri ere orrelaxe eman oi ziguten oien sasoian.

        Artu zuan, bada, Iñaxik lukainkarik aundiena, eta eman zien ateak zeukan leiotik, eta joan ziran kantariak irrintzi egiñaz auzoko etxera.

        Etzuten ondo alde egin mutillak, nun sentitu zan berriz ere atean soñua, eta neskatxa-pillo bat asi zan kantatzen, baña soñu alegeregoan, eta oetan ere lenengo bozik ederrena zeukana. Ara nik entzun eta gogoratzen zaizkitanak:

 

                Belengo portalian

                Maria ta Jose

                aparia prestatzen

                orain ari dire.

                Nazaretik Belena

                oso nekaturik,

                asto baten gañean

                ikusi ditut nik.

                Astoa ta iria

                daude portalian,

                aurtxo bat jaiotzen da

                Gabon gauerdian.

                Belengo portaleko

                nere andre Mari,

                esan zaiezu nor dan

                aurtxo polit ori.

                Laztan bat emateko

                emaiazu neri,

                adoratu dezadan

                Jainko gizon ori.

                Atozte, artzaitxoak,

                atozte Belena,

                ikusiko dezute

                aurrik ederrena.

 

                Jainkoak gizonentzat

                biraldu duana,

                orrentzako daramat

                bildotsik onena.

                Nagusi jauna, ara

                bukatu kantuak,

                berri on bana beza

                gure Jaungoikuak.

                Limosnaren zai gaude

                kanpoko atian,

                ori artuta gero

                beste bat artian.

 

        Oei ere eman zitzaien oitura zana eta joan ziran aurrekoen bidean panderoa joaz.

 

 

IV
MARTIN!!! MARTIN!!!

 

        —Bederatzi t'erdiak dira —esan zuan Txomiñek—; eman presa oraintxe apariari, Errosario santua errezatzen degun bitartean, eta baldin amarretako iñor agiri ez bada, apalduta, oera zarrak eta gauerdiko mezatara gazteak.

        Au esanarekin bat belaunikatu ziran geienak eta asi zuten Errosarioa; eta nolako debozioarekin! Batez ere andre Joxepak eta Manuelak etziruriten mundukoak, baizik aingerutxo batzuek. Manuelak zeuzkan eskuak gurutzatuta, eta Abe Mari bakoitzean jasotzen zituan bere begi beltz ederrak zerurontz, eta esan zitekean erregu bakoitza zala biotzaren erditik irtetzen zitzaion suspirio bat bezela, esanaz zeruko Erregiñari: «Nere Amatxo maitea, oroitu zaitez Martiñez!» Andre Joxepak, berriz, magalaren ertzarekin legortzen zituan noizik bein begietara zetozkion negar-malkoak. Bi emakume aiek leku batean zeukaten pentsamentua, Martiñengatik erregutzen zuten.

        Txomin, errosario aundi bat eskuetan zuala, bere buru zuriarekin, Aita gure eta Abe Mariak garboso errezatuaz zirurien Lege zarreko Aitalen bat.

        Tomas Arrola, bere emazte eta mutiltxoa, edozeñek esango zuan santutxo batzuek zirala.

        Kristobal, bere emazte Iñaxi eta neskamea ari ziran sukalde-lanetan; eta artzai Migel, danboliñari eragiñaz zegoan, eta noizik bein gaztañak egiten zituzten pin pun, zirt eta zart izugarriak. Etxeberriko andre Mari, bere alabaren ondoan belaunikaturik zirurien pazientziaren imajiña.

        Errosarioa bukatzearekin bat jarri zuan etxeko-andre gazteak maia zapi zuri batekin, onen erdian plater aundi bat, ertz batean sei librako ogi erre-berria, eta batean ta bestean labaña, kollara zurezkoak, ardo ta sagardoa eta dozen erdi bat edan-ontzi kristalezkoak.

        «Pekatari gaxoak Jaunagana biurtu ditezen Aita gurea...»

        «Etxe onetan palta diranakatik Aita gurea...»

        «Amabi Apostolu santuen onrarako Kredoa...»

        «Ama Birjiña Arantzazukoaren alabantzarako Salbea...»

        «Bedeinkatua eta alabatua izan dedilla Aldareko Sakramentu Santua...»

        Oek izan ziran Txomiñek Errosarioan esan zituan azkeneko erreguak; eta ziñatuaz altxa ziran denak eta bakoitzak artu zuan bere aulkia exeriaz maiaren ingurumarian.

        Eltzetik atera zuan Iñaxik burruntzali batekin olio-aza, erdian zegoan platera betetzeraño, eta etxeko nagusi zarrak sartu zuan lenengo bere kollara aza tartera, baña oraindik etzuan ondo bete nun asi zan zakurra, ez zaunkaz, baizik irrintzi edo garraxi egiñaz, eta katea ausi naiaz; esan zitekeala eze norbait ezagutu zuala, bada irrintzi aiek ziran barrengo pozak eta atsegiñak ateratzen ziozkanak.

        —Ezagutu al nauk, Pintto? —esan zuan norbaitek atean.

        —Martin!!! Martin!!! —deadar egin zuten denak batean sukaldean.

        Andre Joxepa eta Manuela joan ziran lenengoak illunpean eta itxumustuan atera, ez dakit nork zabaldu zion, baña zabaldu orduko ama-semeak besarkatu zuten alkar esanaz:

        —Ama!

        —Nere seme maite!

        —Manuelatxo kutuna!

        —Martin!

        —Esaten ziran nere biotzak emen izango ziñala.

        —Eta nik ere Errosario santua errezatzean artu det esperantza sendoa gaur emen ikusiko zaitudala.

        Sartu ziran sukaldean. Txomin etzan jaiki bere eser-lekutik.

        —Oraindik bizi zera, aita zarra? —esan zion semeak laztanduaz.

        —Bai, seme, bai, eta oraindik ere bizitzeko esperantza.

        Eta aita semeen begietatik irten ziran biña negar-malko galant, eta esan zuan Txomiñek:

        —Nere emaztea oraindik ez dek ordu asko esaten zirala nik biotza gogorturik neukala, eta ara nun ustez-uste gabean negar egin dedan. Ondo zeok, bada, seme, etorri aizenean, bestela etzekiat zer gabon-gau igaro bear genduan. Or zeokan ire ama aundi ori, Ama Birjiña Doloretakoa ziruriela, eta Manuela berriz, ezpañak zimurtuta esan zitekean okasio billa zegoala negar egiteko.

        —Zaude ixili, Txomin-koplas, orrelako gauzak esan gabe, —erantzun zion andre Joxepak, denak parre egiten zuten bitartean.

        —Zuek ondo zerate? —esan zien Martiñek puska bat sosegatu zanean bere anai, koñata eta gañerakoai.

        —Ondo, Martin; baña penaz geunden —erantzun zion Iñaxik—, zu palta ziñalako, eta ez genduan uste onezkero etorriko ziñala.

        —Ara, bada, ni emen.

        —Ken itzak, ken itzak, seme, praka gorri, txamarreta urdin eta buruko txano ori, bada ikustean ere etzirak onik egiten.

        Andre Joxepa eta Martin joan ziran gelara eta laster sartu ziran ostera sukaldean.

        Martin, mutil liraña, egokia eta galanta zan soldadu joan zanean, baña orain ala ere oso pinduta eta gizenago zegoan, ezpañaren gañean zeukan bizar-gorriak txit ederki ematen zion, etxean lagatako soña estuegi zeukan, eta txapela soldadu txanoa baño obeto zetorkion; batez ere Manuelak bere begi urgulluz betetakoak Martiñengandik ezin alderatu zituan.

        —Azi, edertu eta gizendu egin aiz, seme; ez dek soldadutzan ezer galdu —esan zion aitak.

        —Ama, eta zuri zer iduritzen zaizu? nolakoa dago zure Martintxu?

        —Apaltzak, apaltzak gizajo orrek, onezkero premian egongo aiz ta.

        Bereala Manuelak leku egin zion bere aldamenean, eta eseririk onen alboan asi zuten aparia.

        —Urte bete badek etxean egon bear uala, bear ez bezela asi ez baziñaten or kanpo alde oietan.

        —Aita, aita, uste dezu gu ala ibilli-zale giñala?

        —Zer burutazio izan zenduten, bada, ibilli ziñaten bezela ibiltzeko?

        —Guk? Geiago oroitzen giñan gu etxera etortzeaz; ordea gure nagusiak etzuten egon bear guziz kontentu, eta ardiak bordara bezela, ala eraman ginduzten nai zuten lekura.

        —Eta euskaldun asko ziñaten alkarrekin?

        —Bai; bagiñan makiñatxo bat.

        —Eta surik egin zenduten?

        —Ez, jauna; ez genduan kontrariorik ikusi ere.

        —Zer erabilli zenduten, bada?

        —Nik esango diot, aita.

        —Baña jan zak, Martin, —esan zion amak—, gero ere izango dek denbora, neri asko gustatzen etzaizkidan kontu oiek esateko.

        —Ari naiz, ama, ari naiz; eta zein gozoa dagoan bakallau-salsa au! Ezagun da, Iñaxi, koziñari ona zerala.

        —«Gose onarentzat ez da ogi beltzik», Martin, —erantzun zion Iñaxik.

        —Eta sagardoa? zer iruritzen zaik? —galdetu zion Kristobalek.

        —Ederretakoa, anai; banikan gogoa, gaztelauak burla egiten dioten erari onetatik bete bat egiteko.

        —Esan zak, esan zak, seme, zer gertatu zitzaizuten dalako toki oietan? —galdetu zion aitak.

        —Igaro dan Agorren kunplitu da urtea. Goiz batean, eguna zabaldu baño ordu betez lenago, ixiltxorik eta batere ixkanbillarik gabe esnatu ginduzten sarjentoak, esanaz, jaiki eta bakoitzak bere morral eta armak artu eta presta gindezela martxarako; egin genduan ziotena, eta aien esanak aditu besterik ez genduan guk egin; ala, izan giñan estranjerira eramanak; eta estranjerian, ere, erri batetik bestera.

        Guk genduan Konpañian Zegamako sargento segundo bat, Ibarreta zeritzana, mutil prestua, azkarra eta eskoladuna; au etzan ezertan sartu naspilla artan; bildu ginduan, bada, euskaldun guztiak, eta esan zigun: mutillak, salduak arkitzen gaituk; bearrik egiten ez badegu, etziok emen ezer guretzat; neri jarraitu nai badirazute, uste diat lana arkituko dedala; eman dezagu, bada, aditzera alde guzietan euskaldun prestu eta langilleak gerala, eta ez gaituk galduko; memorial bat sartuko zioagu Españiako Gobernuari esanaz zer gertatu zaigun eta uste diat laster itzuliko gerala malamentean laga degun gure erreinu maitera.

        »Etzan euskaldun bat bakarra gelditu sarjentoaren arrazoiai ondo iritzi gabe. Gure zorionerako etorri zitzaigun ere, erri artan arkitzen zan Españiako bize-konsula, eta onek, ez bakarrik billatu zigun lana, baita ere eskeñi zigun berak iritxiko zigula Gobernuagandik ostera itzultzea, eta batere kastigu gabe beste batalloi batean gure serbizioa prestatzea.

        »Lau illabete justuak igaro genituen alde aietan, eta oroituko zerate nola izkribatu nizuten Españiara etorri nintzala, eta Guadalajarako batalloian soldadu negoala.

        »Uste nuan baño urte bete geiago egon bear izan det etxetik kanpora, baña azkenean ere, Jaunari eskerrak, osasunarekin etorri naiz, nere guraso zarrak, nere pamili eta nere Manuelatxo ikustera.

        »Ara emen, etxekoak, gure gertaerak. Dijoala nai duana soldadu, ni beintzat ondo aspertua eta asea nator soldadutzatik.

        —Soldadua! —esan zuan andre Joxepak—. Amaren seme sobradua!

        —Egia dio, ama, esaera zarrak.

        Ontan apaldu zuten; amaika t'erdiak ziran eta esan zuan Txomiñek:

        —Ea; gu zarrak joango gera bakoitza bere txokora, eta zuek berriz, gazteak, zoazte eta guaerdiko meza entzun zazute.

        »Arrola, oa i ere oera ire emazte eta mutikoarekin; atsegin artuko diat egun oek gurekin igarotzen badituk, bada nere etxean adiskide zarrentzat ez dek ogirik eta borondate onik palta.

        —Milla esker, Txomin; Oñatin guri zer gertatu ote zaigun beldurrarekin egongo dira, eta bigar goizean lenengo meza entzunta bideari ekin bear diogu; baña eskeintzen dizut etorko naizela berriz ere, bizi banaiz, zuek ikustera eta nere antziñako kabo purrielarekin egun batzuek igarotzera.

        —Nai dekan guztian, Arrola. Aizak, emen ikusten ditukan bi gazte oek laster ezkonduko dituk, eta ator ezteietara.

        —Gusto aundiz. Emen izango naiz egun artan.

        Manuelak azkeneko itz aiek ez aditu egin zituan, eta arpegira irten zitzaiozkan kolore gorriak iñork ikusi ez zetzan, itzulita manteliña ipintzen asi zan. Martiñek etzuan orrelako malizirik izan; bada mundu guzia oartu zan arren arpegia geratu zala gerezi gorri bat bezela.

        Joan ziran, bada, gazteak mezatara, ta zarrak, oraindik ere itz aspertu bat egintakoan, ondo berotu ondorean, amabi t'erdietan oean sartu ziran.

 

* * *

 

        Urrengo urteko Gabon gabean bildu ziran Txomin Urretaren baserrira iru senar-emazte aldi. Martin eta Manuela ziran ezkonberriak eta Etxeberriko nagusi-etxekoandra gazteak.

        Onela jarraitzen dute oraindik ere, onraduak, prestuak, kristau onak eta zorionekoak izanaz.

 

Alfonso Maria Zabalakoak

 

«Euskal-festak Donostian ­ OROIMENGARRIA ­ 1887».

 

Euskal-Erria, XXI, 1889

 

  hurrengoa