www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mireio
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mireio, Frederic Mistral / Nikolas Ormaetxea Orixe. Verdes Atxirika, 1930

 

  hurrengoa

FREDERIC MISTRAL

 

        OARRA. Mistralen bizitzaren argitasun ok, geienak, Kis isclo d'or (Urrezko ugarteeta)tik artuak dira, ta Moun espelido (nire yatorria) deritzaion yabearen azken-liburutik. Lamartinegandik artutako itzak, «40e Entretien» (40garren izketa)tik. Izketa au Mistralen lanetan berriro argitara emana izan zen. Lenengo zatian adaxka tartean dauden itzak, Mistralenak berarenak dire.

 

 

I

 

        «Maillanen, 1830garrengo Urriko Andre Mari egun ederrean» sortu zen XIXgarren gizaldiko olerkaririk aundiena ta zindoena. Gurasoak aitoren seme izanik ere, «landetxean, guraso-ondarea beren eskuz erabilki, bizi ziren». «Leen-urteak bordaldean bakerik igaro zitun, nekazari, segari ta artzai tartean». «Atsegiñez oroitzen zun beti biziaro ua, Adanek Paradisua antzo». Urte barnean begiz begi ikusten zitun «landako bizitzaren eginkizun aundigarriak». Bizitza latza beti, baño beti zintzoa, osasungarria, bere eskukoa ta baketsua. Aita zun eginkizun orien guzien buru: «gizon aundi, eder, itzez bera betekoa, agintari sendoa, beartsuekin onbera; latza ordea bere buruarekin». «Siñismen sendoa zizun». Gau oro, uda ta negu, etxeko otoizak berak ematen zitun aurretik, mintzo ozenez, eta gaualdiak luzatzen asteneko, seme ta mutilleri Ebangelioa irakurtzen zien. Egualdirik txarrenean ere pozik zagon, eta aizeen nigarra edo euri-yasaren otsa entzutean, esan oi zun: «Yende onak, Goiko mutil Ark badaki zer ari den, eta zeren bear garan». Maia ta sakela beti zabal zeduzkan nornairentzat. Aren eriotza —laurogei ta lau urtetan— aitagoi batena izan zen. Elizakoak artu ondorean, etxeko guziak inguratu zuten nigarra zeritela: «enetxoak, esan zien; banoa, ta eskerrik asko, Yainkoari zor diodanaz; nire bizitza luzea, nire lana, berak onetsi dun lana... Ta Yaunaren eskuetan egotzi zun bere arnasa».

        «Beratzi amar urte zitularik» asi zen eskolan, baño «maiz egiten zun piper» eta orregati gurasoak Avignongo aztetxe batera sartu zuten. An gelditu zen ertsirik etxeko ez beste izkuntzarik itzegiten zun yenderekin. Iñoiz biurrikeriz bere izkera egiten bazun, irakasleak maxi egiten zioten. Bai irrikatzen zitula «amak iruin bitartean kantatzen zition» kantu provenzar ederrak! «seaskaren kulunkan entzun zitun olerki ukigarri aiek!». Etsi zun ordea ikas-lanean, eta gogatsu biurtu zen, eta noizpait sartu zitzaion biotzean Homeren, Birgiliren eta beste idazle zar yatorren olerkia. Aietan arkitu zitun Meillaneko lanaldi, gogai, oiturak.

        An ezagutu zun «Anselm Mathieu bizkorra», ta baitipat, an adiskidetu zen Joseph Roumanille irakasle gaztearekin. Bein batez irakasle ark «Miserere» biurtzen ari zela atzeman zun, eta ain zuzen ere «Aspeges me, Domine, hyssopo et mundabor, lavabis me et super nivem dealbador». «Ordun ezagutu zun provenza-eraz bertsuak egiteko mutiko gaztearen uxia ta berak egiñak erakutsi zition beren ariko izkuntza yasotzen bizkortu zedin. Au da, argitara esnatzeko nire gogoak irrikatu dun argi-urratzea»; esan zion, biotza suturik.

        Aixen ikasi zun eskubidezkoa legegizon atera arte, ta agiria sakelan zularik, bere bordaldera itzuli zen, apaltzen ari zirela, ain zuzen ere. Atari zabalean, eguratsean, mai-inguruan zeuden, illunabarreko urre-dirdaiean bildurik. Etxeko guziak atsegin biozkorrez eta zorionka artu zuten. Bere artantxe guzien aurrean esan zion aitak: «oraintxe, seme, nire eginbearra bete diat. Niri erakutsia baño askoz geiago dakik... Erorri dagokik bidea aukeratzea; ere eskuko uzten aut». «Bertatixe —dio Mistralek— oiñak aitaren landetxeak, begiak Alpilla mendietara, nire baitan eta nire buruz artu nun erabaki au: lenik, eskola guzietan bear ez besteko azibidez betiko galtzen nekusan yaiterri-gogoa Provenzan piztea; gero berpizte ori izkuntzaren eta istoriaren bidez aurreratzea eskola guzietan gerra gogorra ta eriogarria egiten baitiote; ta azkenik, Proventzerari gaiñak ematea, yainkotar den poesi txingar bidez».

        Ta gaztezaroaren oiñean, osasunez, gorpuz ta arimaz eder, adimen-burrukarako gai ta bizkor, ta poesi goienaren arnasez biotza gaindiro, arrano-egaldi bizkorrez, agur egin zion uriari, ta yakiñaren gaiñean, gizauren erritar au, bere landako zerua besterik ez ikusi-bearrean gelditu zan, eta yaiterriko lurriñ irakiña artuki, atsalde batez, goldearen atzetik nekazariak ildoaren atzetik azaroan kantari ari zirela ekin nion, Gora Yainkoa —dio Mistralek— Mireio-ren leen-kantuari. Gauzak ez du beste itxurarik poema ori irakurri ezkero.

 

 

II

 

        Lamartinek barratu zun mundu guziko letrazaleen artean, Mireio azaltzekoa zela, ikuskarrizko gauza zela-ta. Gaurgero esan dezakegu ark esan zuna poema au ezagututakoan.

        «Berrion bat dizuet gaur, zion. Gudu-eresi edo poema epiko bat agertu zaigu egunotan. Olerkari lenengotar bat gure egun doakabe otan; Greziko olerkari bat Avignonen; bere erriko izkuntza mordoillotik izkuntza yatorra atera du, iduritasunez eta mintxotasunez yantzia iduripenaren eta belarrien zoragarri».

        «Provenza osoa olerkari orren gogora aldatu da. Mireio, izadiaren eta giza-biotzaren antzaldatze bat da, Provenza barrenetik asita Marsellarañokoan».

        Gero bere buruari galdegiten dio, «zergatik ote-ta lan onek zaustada edo biotzondoko zoragarrigoa ematen dun, gizaldi artako olerkaririk bikaiñenenak baiño; arean, Byron, Goethe, Schiller, Lamartinen beraren leikideenak baño; ta onela erantzuten du: gu landuketa gera, ta Mistral bezalakoak etorria; gu gogoetalari, ua biozti; gure olerki edo poesia barnerakoa da ta aiena kanpora barratzen da; gu geren buruari begira ari gara geren lanetan, eta aiek Yainkoari begira; guk etxeko ormatartean ditugu geren gogoetak eta aiek atari zabalean; gu argiontzi batetik sortzen gara ta aiek eguzkitik...».

        Ta ber-bertan sotu zen olerkariari dagola, dio azkenik: «Bizialdi batean eziñ egin buruen buruko bi lan; ik erea egin duk, eta esker egiok Yainkoari... ire eresi epiku ori, buruen buruko lana duk. Ongi etorri gure kantarien eguaroan; beste zerukorik eta beste izkuntzakorik aiz, baiño erekin ekarri diguk ire eguaroa, ire izkuntza ta ire zerua. Ez diagu galdegiten nongo aizen, ezta nor aizen ere: Tu Marcellus eris.

        »Ots, Mellaineko olerkari! I aiz Provenzako zumintza! Egun batean iru ukondo azi aiz, ogeita bost urtetan loreak eman dituk... ire olerkari-gogoak urrin gozoa barratzen dik Avignonen, Arlesen, Marsellan, Toulonen eta laister barratuko dik Prantzi osoan. Hyeresko zugatza baiño zoriontsuago aiz; ire liburuaren urriñ ona ez duk aizatuko mila urtetan».

        Are geiago. Mistral da agizko, mundu guzian olerkaririk miretsiena ta maitatuena XIXgarren gizaldian. Ta dioten maitasun ori, batez ere Mireio-ri zor dio, maite-eresi negargarrizko orri, bere ogeita bost urtetako lan arrigarri orri.

 

 

III

 

        Mireio Prantziko Akademiak sariztu zun eta Gounodek opera biurtu. Lan orren urrena Calendau atera zigun, Provenza-erria berriro olerkiz edertzeko. Zazpina urte eman zitun bi lan oetan. Bigarrena, balio aundikoa ta begi onez ikusia arren, etzuten lenbizikoa bezain aunditzat etsi. Mistralek berak ezagutzen du, ta bidez azaltzen: «Mireio-n izadia edo naturaleza nagusi, ta Calendau-n iduria».

        Andik urte batzutara atera zun olerki-sail bat Lis isclo d'or (Urrezko ugarteak), oraintsuko edozein literaturetan azaldu den gauzik onena bezain ona. Urrena Nerto, La Reino Jano, antzezki ituna, ta Lou pouemo dou Rose (Rodanoko eresia), beraren betekoak. Atzeneko liburua, aren ederrenik ederrenetakoa, Moun espelido (nire yatorria), izan zen. Andik artuak daude aren bizitzarekiko xeetasun ok geienak.

        Gaiñera izkerazale bikaiña izan zen Mistral. Gai ontan egin zun lanik bizkorrena Tresor dou felibrige da, Provenza izkeraren araudia, ta iztegia, ta baita erri-yakintza edo Folk-lore ere. Ola sortu zen. Mistral, Mathieu, Roumanille ta beste lau, Giera zelako batekin eta onen egurastetxean bildu ziren 1854garrengo Orrillaren 21garrenean. An antolatu zen lenbiziko ta erabat felibre edo «zazpien sailla», naiz idazle naiz olerkari zirela, Provenza erriaren izkuntza lantzeko ta zabaltzeko. Felibre izenak «legeirakasle» adierazten du. Izen ori eman zien Mistralek bere laguneri Tresor edo Tegi artan.

        Bere lanbidean, errizale ta kristau on, aurrena Maillanen bizi zen aunitz maite zun amarekin; urrena, 1888garrenetik emaztearekin, bere gizaldiko gizonik aundienak aipatua: Aita Santu, Erri-agintari, ta ainbeste ta ainbeste gizonek, yubileura bezala etxera zetozkiola.

        Kartegiñean lan gogorra artu zun eta egoalez eraman, yasotzen baitzitun urteko ogai millatik gora, ta guziei erantzuten. Erabidez bizi zen, aitak utzitako ondaretik. Liburuen irabaziak beartsuei banatzen zitien, eta Nobel-saria Arlesko enda-Museua eraikitzen txautu zun oso osorik. Prantziko akademitar izatetik alde egin zun, lendanik Provenzako akademitar zela-ta. Eraiki zitioten oraino bizi zelarik, zenbait oroitzarri; baño esker onez ikusi ta ere, bere il-arria zitzaion kutunenik arako idazpuru Yainkoti arekin:

 

No nobis, Domine, non nobis

sed nomini tuo et provinciae nostrae

da gloriam.

 

        1914garrengo Epaillaren 25garrenean, Andre Mari egunez, yaio bezala, il zen sainduki emaztearen besoetan eta gogoko Aitaren ondoan, Elizakoetaz indarturik, eta Aita Saindu Pi amargarrenak bialdutako onespen berezi batekin, iru Mari santaeri Mireiok bezala bere burua goraintziz.

        Mistralen sortzetik eun urtegarrenean emen duzu euskeraz gizon aipatu onen Mireio poema nagusia. Euskeratzea etzait beste munduko lana izan, baño baditu bere oztopoak, batez ere idaz-tankera berri-antza nasten dunean. «Loreak eta ugiñak eta eguzki-izpiak» apainkeri ordez ez ditu erabat utzi bere gizaldiko gizon onek; ez darabiltza, ordea, ugari. Nere ustezko geiegikeri bakar oriek euskerari ongi ez datozkiola-ta, besteen iritzia beste, soildu egin ditut eskuarki. Gaiñera berrikeri oriek itzik itz euskeratzea lan gaitza baitzen, eta lan alperra, diodanez.

Ormaetxeatar Nikola

 

  hurrengoa