www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak eta beste 1932
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1932, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak eta beste 1932, Esteban Urkiaga Lauaxeta (Agurtzane Mallonaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

  hurrengoa

JAUN ANDIJA...

 

        Gabonetako loterijak urten eutson Joseba eritxon geure erriko bateri. Dirutxu orreikaz, ibilketa bat egin biar ebela ta urten ziran emakumia ta bera. Pozik juan ziran uri batzuk ikusten, ezkon-barrijak bailitzan.

        Zelako poza igaro eben Joseba ta bere emaztiak, aberatzen antzera! Nork uste ez areik, dirudunak ez ziranik? Ene bada, ta emakumiaren arrotasuna etzan gero edozelakua be!

        Madrid be ikertau eben. «Puerta del Sol» deritxon tokijan egon ziran luzero yente gustijai begira. Jatetxe ederren baten egon ziran eta margotokijak ikusi ebezan. Baita Cibelesen iturrija be. Bein Madridera juan ezkeruan iturrija ikusi barik etorriko ziran ba.

        Geure Josebak txokor galanta erabillan abuan, amerikano bat bailitzan. Loterijan urten eutsoena askorik be etzan, baña arein arrotasunak ez eukon neurririk. Dagonian bon-bon, eztagonian egon. Orixe egiten eben senar-emazte areik. Gerokua albuan itxi ta barre egiten eben.

        Bilbaora atzera etorteko orduba be eldu zan. Tamal andijagaz baña itxi eben uri andija. Bultzijan ez eben txartelik txarrena artu, onena baño. Euren onduan etorran beste emakumetxu bat be. Liraña tan benetan. Arekin izketan asi ziran, «txitxi-putxu».

        — Eta nora dua ba-edo?

        — Bilbaora nua...

        — Orduban toki batera guaz. Alkarrekin juango gara ederto. Poztuten gara zeurekin bide au egitiagaz.

        — Bibuliña joten dot bai? eta Bilbaoko gixon batzuk dei-egin dauste ara juateko. Pozik nua uri aretako ereslarijak entzute andikuak dozuz eta.

        — Eztira ixango ba. Neu be ereslarijen batzarrekua nozu.

        — Urte askotarako. Gura dozuna eukiko dozu. Eztaukozu neuri azaldutia baño zer egitia gurako zeunken. Urlia, neure laguna da. Beste jaun a neure adizkide begikua da. Eztaukozu ba zetan ardurarik artu arazu onetzaz.

        — Eskerrak emoten dautzudaz, orrelako laguntza zeugan idio dodalako. Iñor eztot ezaututen uri aretan, eta onela toki ezaun baten sartuko naz zeure bitartez.

        Ixillean etorran Josebaren emaztiak be andiki antza artu gura ebalako-edo, agua zabaldu eban. Bere senarraren goralbenak etziran makalak be! Yente punterenguan laguna zan. Sinfonican ziran gorengoen adizkide ona zan. Bai-ba, areikaz ibilteko diru aña be baeukon eta...

        Bide gustijen besterik ez eben erabilli euren anditasuna ta arritasuna baño. Bibuliña joten ebanak, gustija ziñistu eutsoen, ez eukon zegaitik ziñistu ez be.

        Musika arazoetzaz be zelako izketak egiten ebezan gero. Joseba etzan Sinfonicako morroi bat baño. Arein barriketak ostera, bateko Ravel, besteko Wagner, onako Litz, arako Puicini. Ikeratuta etorran bilbuliñista a.

        Ereslari ospatubenatzaz itz-egiten eutson gixon arek. Emaztiak be baekin ederto berba egiten gauza orretzaz.

        Eldu ziran ba Bilbaoko geltokira. Urruntxutik ikusi ebezan geltokijan Sinfonicako jaun batzuk. Bai-ba, entzute andiko bibulin-jotzalia etorran eta arrera ona egin gura eutsoen.

        Bultzitik beratu ziranian, agur ikeragarrijak ziran. Josebak beste gustijai, neskatil aren aurkespena egin eutsoen.

        Azkenean baña belbillera sartzeko orduba eldu zanean, geure Joseba ospatsubari beste jaun batek esan eutson:

        — Onen bibuliña ekarri egixu. Zeure kontura. Autsik ezdagijela gero euki. Eta bijarko Filarmonica aurrian eukiko dozu amarretarako.

        Bibulin-jotzaliak goitik-beraño begiratu eutson Josebari. Onen emaztiak barriz piperra baño gorrijago zala, ikeragarrizko adikuna egin eutson jaun areri. Euren andikixun gustijak une aretan jausi ziran!

32-I-5

 

  hurrengoa