www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Xirristi-mirrixti
Piarres Larzabal
c. 1950

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (I), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

   

XIRRIXTI-MIRRIXTI

 

(Gertaldi bakarra)

 

 

Jokalariak:

        NAUSIA: Adineko gizon leuna.

        BETIRI: Adineko gizon trunkoa.

        KATTALIN: Betiriren emaztea, senarra iduria.

        ESTEFANIA: Atso mehats bat sorgin itxurarekin.

        MAREXALA: Tratulant larri bat iduri.

        MIRIKU XAHARRA: Jaunskila xahar xalaparta.

 

Joka-lekua:

        Euskal herriko edozein sukalde.

 

 

BETIRI: (Kalapitan emaztearekin) Marexala!... Nahi nuke jakin zertako marexala ekar-arazten duzun: Zerria hilez geroz, hila da... Ez du harek piztuko. Ala zer? Ez ote duzu hola-hola aski gastu, marexalari dirua aurtikitzen ari gabe?

KATTALIN: Tristea! Ezkondu baginen, ezkondu, geroago eta haurrago ari zira!... Zertako marexala ekar arazten dutan, zerria hila izanagatik?... Jakiteko zertarik hil den; bertze bat ez dezadan, gisa berean, hiltzerat utz. Eta ikusteko ean, hil horren parte bat bederen ez daiteken balia... Kasko gabe tristea, zu...

BETIRI: Ez da marexala izan behar, jakiteko, bera hil den zerritik ez daitekela jan... Eta, zertarik hil den zerria... Marexalak baino hobeki badakizu zuhaurek: Hoinbertze errana nautzun! «Ez zazula hoinbertze turto saka, zerri horri!...» Ba, bainan nik errana edo jazko haizea, berdin baitira zuretzat... Horra orai ondorioa!

KATTALIN: Ez da ez harritzeko, zerri horrek fin gaisto egin badu!... Ez zinuen bertzerik nahi: Erori aintzin, horren erostearen kontra zinen!

BETIRI: Banituen ene arrazoinak: Gure etxean zerriek ez dute sekulan deus eman. Jaz erosi zinuen umea, hamabortz egunen buruko hil zautzun. Aurten, bargoa behar omen zinuen baitezpada erosi, gizentzeko prest. Bai ontsa gizendu duzu... eta etxea harekin!

KATTALIN: Bakea emazu, xoro ttula, zu!... Ez da, bi besoak kurutze biziz, sortzen etxean neguko xingarra. Entseatzen direnei zaiote bakarrik nahigabea gertatzen, eta ez ezdeusei... Ziren bezalako ilauna, zu!

BETIRI: Erretx baita zurekin, zerbaiten entseiatzea!... Nik errana, eta tu bat, berdin dira zuretzat!... Zurea bertzerik ez duzu entzun nahi... Eta gero, horra zer gertatzen zautzun!

KATTINA: Zuri kasu eman izan behar banu, aspaldi, zaku bat bizkarrean, eske hasiak behar ginuke. Eskuak supazter xokoan berotuz; kontseilu emaiten hartzeko, hauta zira... Bainan, eskuan kailurik baduzun, ez zuri galda!... Nik ez dakit zer gizon ziren zu! Ha!... Galtzak soinean banitu!

BETIRI: Hala dituzu, hala dituzu segur... Zureak eta eneak ere... Eta tink estekatuak... Hilik ere, ez baizinituzke nehori, zure orde, utziko!...

KATTINA: Zuk duzun bertutearengatik, norbaitek ibili behar ditu, etxe honek kurritzekotz!... Zu ziraden barekiarekin!... Ori, horra non heldu den etxeko nausia!... Horrek «San-Martin» galdatzen du... Pazientzia beharko du ba hartu, arrandarentzat. Horrentzat nuen San-Martin sariarekin, haga horiek kargatuko baititut... Ez naiz ni, deus etxean gabe, neguan sartuko... Orai beretik aipatzen ahal diozu nola giren eta pazientzia hartu beharko duela arrandarentzat. (Jalitzen da)

BETIRI: Ba, eta, holako komixionen egiteko, galtzak eni pasa!... Ha!... Hemengo botiga!...

NAUSIA: Agur, Betiri!

BETIRI: Agur, nausia!

NAUSIA: Zuk, egun arpegi hori ilun duzu!... Zer duzu, etxean, bokatako eguna?

BETIRI: Bertzerik ez baginu! Fitsik ez liteke! Usaia baginuke!

NAUSIA: Zer duzue ba?

BETIRI: Hitz batez; zerria hil zauku.

NAUSIA: Zerria hil?... Nolaz?...

BETIRI: Goizean, bazkatzean, ttunttuldua zela, askarat ez zela hurbildu nahi ere, gure horrek erran daut... Handik, ixtant baten buruan, berriz ikusterat joan delarik, hila hatzeman du!... Marexalari, jin dadin, galdea igorria diogu!

NAUSIA: Hori!... Ez duzue ostiko txarra!... Holako zerria!...

BETIRI: Aurten fier ginen... Zerri ederra gizenduz, San Martinetako paga aski goiz bildua! Orai ez dakit!... Beharbada, bortxatuak izanen gira, San-Martinen pagatzeko, luzamena zuri galdatzera.

NAUSIA: Ba, gizona, ba... Badut astia... Bainan, estonatua nago, nola, bain laburrez, zerria hil zautzuen!... Ez zinutena sendi eri zenik ere?...

BETIRI: (Kexu) A, nausia!... Dena gure gobernadore horren falta da!... Hoinbertze erraiten nion: Sobera turto emaiten diozu zerri horri. Barnea erreko diozu... Turtoa emozu neurriz eta perdagailuarekin aldizkatuz! Bertzenaz leher eginaraziko diozu!... «Leher egin dezala, eta guk horrekin!» Horra zer errepostu eman dautan, azkenik oraino!...

NAUSIA: Bainan, zendako uzten diozu hola esku gaina! Zuri da manatzea, eta ez horri!... Zu zira hemen buru!

BETIRI: Hortan dugu ba gure makurra, nausia!... Dena hortan! Erretx duzu erraitea: Mana-zozu... Urteak ditu, onez eta barrez, entseatzen naizela horren manatzerat! Bainan horren kaskoa eta mahain mutur hau, berdin guri dira. Eta badut beldurra, joanago eta gibelago ari den!

NAUSIA: Zuk, zure etxean, manatu nahia ba, baduzu, bainan manatzen ez dakizu!

BETIRI: Zuk bazinakikeia nik baino hobeki manatzen, hori den panpina eztia! Nahi zintuzket ene orde ikusi!...

NAUSIA: Sobera erasia jalitzen diozu! Egiazko manamenduak, ele guti nahi du, bainan hek baliosak izan ditela!

BETIRI: Sahetsetik kontseilu emaitea erretx da... Saltsan denak daki bakarrik penen berri!

NAUSIA: Zure emaztea, banakike nik nola hez!... Egin errexenetarik liteke. Haatik, nik errara segitzekotz.

BETIRI: Ene emaztearen heztea erreusitzekotan, gogotik segi nezake zuk eman kontseilua... Nekea bada nekea... Zer behar dut egin?

NAUSIA: Ba, ez da egiteko bat, hain bortitza!... Zure emaztea nahi baduzu hezi, ez sekulan, haren aintzinean, bertze hitzik jali... Bakar-bakarrik nik salatuko dauzkizudan hitzak...

BETIRI: Zoin hitz?

NAUSIA: Hitz hauk: Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata!...

BETIRI: Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata!...

NAUSIA: Ba... Horiek, bakarrik; eta bertze debru fitsik ez jali horren aintzinean.

BETIRI: Horiek aski badira errepikatzea, haren hezteko segur egin errexak dira.

NAUSIA: Ez beharbada uste duzun bezain errexak! Goizeko bederatziak dira zure orenean!... Hurbildik zainduko zaitut! Hiru orenez, hiru oren laburrez, beraz eguerdi artino emaiten dautzut epea... Eta, hiru oren horietan ez baduzu bertze solasik jalitzen zure ahotik, zure emaztearen bixtan, aurtengo Sanmartina kitorik uzten dautzut!

BETIRI: Hee!... Ontsa konprenitzen duta, ala amets egiten dut?

NAUSIA: Ontsa konprenitu duzu!... Aurtengo Sanmartina kito, hiru orenez, zure emazteari, ez badiozu horietaz bertze deus hitzik jalitzen... Ni, hemen egonen niz, hurbildik zure zain, edo hemen berean, edo sahetseko salan... Bon, senditzen dut Kattalin hor heldu dela... Uzten zaitut!... Berma hor!

BETIRI: (Bakarrik) Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata!... Zer da errexagorik?... Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata!... Ez da segur sorginkeria bat horien erraitea!... Nausi bitxia!... Hobe, hobe enetzat! Aurtengo Sanmartinak aise pagatuko ditugu!...

KATTALIN: (Sartuz, mintzo da senarrari bizkarrez) Zerria ikustea ere ez zautzu balio, ez?... Bizi zelarik jada guti behatzen zinion!... Hil-eta dudarik gabe, baterez!... Mahainean ba, han ohoratzen badakizu, nik hazi zerria. Han, nork atxik gu?... Bainan, harat artino, zerria hire gain Kattalin. Peka-zan hor! (Ixilik apur bat) Ez duzuia pitsik erraitekorik? Zuk, zer nahi dakien maestria baitzira, zure ustez, ontsa egin zinezake, joaiten bazine xolarat, ikusteko ean, ez ote liteken hobe sangratzea, marexala jin baino lehen, oraino bero delarik. Entzuten nuzuia?... Emazu ba errepostua!...

BETIRI: (Deliberatuki) Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata!

KATTALIN: (Hurbilduz, haren aintzineko alderat) Bainan, gizon xoroa! Nori ari zira hola?... Kasu emazu zer galdatzen dautzudan, eta errepostua emadazu! Nausiak erran dautzun?

BETIRI: (Humilki) Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata!...

KATTALIN: (Durduruzatua pixka bat) Bainan, bainan!... Zer duzu zuk?... Edo nitaz trufatzen zira?... Edo, burua galtzen ari zira?...

BETIRI: (Tristeki, intzirin batekin) Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata!

KATTALIN: (Arras asaldatua) Ai, ai, ai!... Bainan zer duzu gizona? Zuk baduzu behar ez den zerbait?... Nun duzu min?

BETIRI: (Erdi nigarrez) Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata!

KATTALIN: (Garrasian) Oi, zerua!... Oi, zerua!... Senarrak burua galdu daut!... Hel, hunarat, hel!... (Leihotik) Laster, laster auzoak, o, auzoak!... Ho, ho, ho! Horren beharra ginuen orai, bertzeen gainerat.

NAUSIA: (Sartuz) Zer da, zer da... Zer duzu holako oihutan?

KATTALIN: Ho, nagusia!... Hor zirea?... Xahu gira... fini, fini gira! Senarrak galdu daut burua!... Galde-ozu otoi zerbait, ean zuri baderen errepostu xuxen emanen dautzun!

NAUSIA: Jes, Jes!... Oxtian oraino ontsa zen... (Betiriri) Betiri, ean emazteari errepusta emanen duzun!...

BETIRI: Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata!

NAUSIA: Ale, mintza zaite!... Errazu bertze zerbait!

BETIRI: Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata!

KATTALIN: Ho, ho! Ez da fitsik egitekorik!... Arrunt joa da!... Otoi, nausia zoazi auzoraino... Errozu Estefanari jin dadien, laster jin dadien!...

NAUSIA: Zer nahi duzu egin dezon honi, atso sorgin horrek?...

KATTALIN: Ba, horrek zer nahi badaki!... Otoi!... Otoi!...

NAUSIA: Nahi duzunaz geroz!... (Jalitzen da)

KATTALIN: (Boza goxatuz) Errazu, Betiri!... Betiri gaixoa!... Zer duzu?... Erradazu eni ixil ixila!... Ale, erradazu ba beharrirat!... Zerbait pena handi duzuia he?...

BETIRI: (Hasperenarekin) Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata!

KATTALIN: Zer?... Zerriaren joaiteak dautzuia burua nahasi!... Erosiko dugu bertze bat!... Frango merke ere dire mementoan!... Ez zaitela kexa nondik bilduko dugun dirua! Badut piska bat ixilik bazterrerat ezarria!... Ale, erradazu ba zerbait!

BETIRI: Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata!...

KATTALIN: (Populuari huruz) Hau ez den ba bihotz lazgarri!... Hoinbertze maite nuen senarra, hontaratua!... Erasia frango ibiltzen ginuen, kuskako batzu ere batzuetan elgarri emaiten, bainan ez naukan saltzeko... Ez bait... Ez baitut bertze bat hatzemanen hau ordainduko duenik! (Nigar larri bat egiten du) Gaizo Betiri!... Ene espos laguna!

BETIRI: (Intzirin batzu egiten ditu)

KATTALIN: Ala, zer dautzu?... Nausi zikin horrek, zerbait gaistakeria edo mehatxu egin?... Arranda ez diogulakotz segidan pagatzen bederen?... Mintza zaite ba, Betiri!... Nausiak zerbait erran dautzuia, eni gordatzen duzunik?... Zer erran dautzu?...

BETIRI: Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata!...

KATTALIN: (Nigar egiten du apur batez. Sartzen dira Estefana eta Nausia)

NAUSIA: Horra zer hein hitsetan diren!... Oxtian, enekin, kaskoa berekin zuen... Solas deskantsuan egin dugu... Eta orai horra gizona, mutu... Edo, makurrago!... Eihera bezala, beti beretik ari!

ESTEFANA: (Kara eta boz mixteriozko batzuekin) Horren begi barnea... Beha begiari!...

KATTALIN: (Nígarrez) Ba, preseski... Egun hautan, gorri zituen... Bainan ez nion kasurik emaiten, bere odolaren itzulia zuela!...

ESTEFANA: (Ikara batek hartua, hi eri handiak gurutzaturik, musu emaiten dio) Sorgina puies, sorgina puies! Urrun, urrun toki hautarik!... Ez da bertzerik... Dena hori da!... Izigarria!... Izigarria!...

KATTALIN: (Izitua) Zer da?... Zer erran nahi duzu, Estefana?...

ESTEFANA: Beldur, beldur izan!... Sorginak behatu, begiak gorritu... Sorgina kurri, kasu begi gorri!... Zortetzarra, zortea bota diote!...

KATTALIN: Zorte tzarra?... Nork?

ESTEFANA: Kasu gauazko oilarrari... Oilarrak kukuruku! Sorginak dabiltza inguru... Orduan, bota, bota gatza suari... Sorgina erre bedi, urrun bedi!...

KATTALIN: Zer egin behar dugu horren sendatzeko!...

ESTEFANA: (Tortxa bat jalitzen du eta pizten) Hona sendagailua!... Hau, eta ez bertzerik!... Hau pitz. Eta bederatzi egunez, aldi bakotx, hiru ezko xorta ixuriz horren kopeta gainerat, San Kitolisen otoitza erranez... (Tortxa itzulika ibili ondoan, Betiriren gainean, mixteriozki dio) San Kitolis, Mitolis, kakola dakola, beltz dena xuri izan dadiela, galtza gorri, gorri, erre bedi! (Hirugarrena)

BETIRI: (Xorta bakotxean, Betirik orro bat egiten du)

KATTALIN: Hea orai?... Hobeki zirea?...

BETIRI: (Orroaz) Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata!...

KATTALIN: Ho!... Ez da eta sendatu!...

ESTEFANA: (Mixteriozki) Bederatzi urruna... Bederatzi urruna!...

KATTALIN: Ez dugu fini ori, bederatzi egunez, hola behar badugu bizi! Zerk hatzeman gaituen haatik!... Otoi, Estefana, errozu mirikuari jin dadien!...

ESTEFANA: Hortan ez!... Hortan medikuak, fits ez du balio!...

KATTALIN: Zoazi otoi, halere!... Hil behar badu, denak entseaturik hil bedi, ez dezadan ondoko urrikirik izan!

ESTEFANA: Bon... bon... Bakarrik, bakar-bakarrik zuri plazer egiteko, dut medikua abisatuko! (Simagre batzu eginik Betiriri, jalitzen da)

NAUSIA: Atso hortan nik ez nuke sobera konfientziarik. Sendatu baino, hil ba lasterrago ninteke, holako bat banu artatzaile... To, marexela hor heldu da... Samur niz horrekin... Ez dut batere horren ikusteko gutiziarik... Sartzen niz ene salara...

MAREXALA: Heup!...

KATTALIN: Hor zirea, Jaun Marexala!... Zuk ere baitakizu, lagunduko ahal gaituzu!... Arras gaizki da...

MAREXALA: Uste nuen hila zela!...

KATTALIN: Ba... Naski abantxu! Odola bururat joan zaio.

MAREXALA: Sangratu duzuia bederen?

KATTALIN: Sangratu behar dea?... Ez... Nik dakita zer egin behar den?

MAREXALA: Bistan da... Beharria behar zaio lehenbailehen pikatu, burua arintzeko!

KATTALIN: Beharria pikatu?

MAREXALA: Beharria, ba! Hartzen dut segidan ganibeta!... Prepara-azu izpiritu xorta bat, zauriaren garbitzeko! (Gaitzeko orrotan lotzen da)

MAREXALA: Jes!... Zer duzu gizona holako orrotan?...

KATTALIN: (Nigar larri batzuekin) Nik senar beharri motza behar dutala, hoinbertze urteren buruan!... O, ho!...

MAREXALA: Zer derasazu?... Senarra beharri motza behar duzula? Ala, zer daukazu... Zerria senartzat?...

KATTALIN: Zerria, ba, zerria!... Hura hila da... Badut orai bertze griñarik!

MAREXALA: Bainan... Ez duguia hura aipu!... Sangratu behar dugula!

KATTALIN: Ez zerria, Jaun Marexala!

MAREXALA: Nor ba?

KATTALIN: Senarra! Senarraz niz mintzo... Senarra dut eri!

MAREXALA: (Irriz) A, debrua!... Ez ginen beretik ari... Ai, ai ai! Aise ez ginuen elgar konprenitzen! Zer du zure senarrak?

KATTALIN: Galde-ozu berari!

MAREXALA: Zer da Betiri! Zer da? Ez girea ontsa!

BETIRI: Xirrixti-Mirrixti gerrena plata!

MAREXALA: Jes!... Hauxe errepostua!... Nondik duzu sofritzen?

BETIRI: Xirrixti-Mirrixti gerrena plata!

MAREXALA: Ez duia bertze erreposturik emaiteko?

KATTALIN: Ez, Jauna!... Beti gauza bera ihardesten du, gure galde guzieri... Otoi! Zerbait egiten ahal baduzu horrentzat, egin-ozu!

MAREXALA: (Urrunskotik, eskuin eta ezker, behatzen dio... Makil muturrarekin tripa kuskatzen dio, bizpahiru aldiz)

MAREXALA: Honen eritasuna, ez da arradoa!... Ageri da segurki zer duen!

KATTALIN: Zer du ba, Jauna?

MAREXALA: Horrek duen eritasuna... Gain-beherako sukarra!

KATTALIN: Gain-beherako sukarra?

MAREXALA: Ba... Hona nola gertatzen den hori... Gizon honi, burutik beheiti... jautsi zaio hotza... Hotz horrek, lepoan aurkitu du beroa... Eta lepo hortan, hotz beroak gudukan lotu dira... Eta, mintzatzeko mekanika lepoan baitugu, mekanika hori, guduka horrek pixka bat nahasi dio. Hortako, ez du gizon honek mintzoa xuxen!

KATTALIN: Zer egin behar da mekanika horren xuxentzeko?

MAREXALA: Ez da lan bat gaitza!... Gain behera sartu den hotzari, behar zaio bidea ideki, jali dadien kanporat.

KATTALIN: Bidea ideki nola?

MAREXALA: Emozu segidan edaterat gatz purga on bat, eta harek idekiko dio bidea!... Baduzuia, purgatzeko gatza?

KATTALIN: Ba, badut!

MAREXALA: Bon, ezar-azu ahurtara bat gatz, tazako botoila batean... Eta hura tzur-tzur edan-araziko diogu.

BETIRI: (Sekulako orrotan lotzen da... Kattalinek botoila preparatzen du)

MAREXALA: Badut uste ez diogun aise edan-araziko!

KATTALIN: Zendako ez?

MAREXALA: Ahoa ez baitu ideki nahiko... Hea... Betiri, idek-azu aho hori!

BETIRI: Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata!...

MAREXALA: Beharko du ideki, debruak ez badu! (Esku batez sudurra tapatuz, bertzeak ahoa idekitzen dio... Betirik ausiki egiten dio) Ai!... Ausiki egin daitak... Debruen urdia!... Agian ez da errabiatua! Hago ixtant bat... Seguretik jokatuko nuk!... Kattalin baduzu kordarik?...

KATTALIN: Kordarik?... Zendako?... Ba, horra hor bi, zerriaren estekatzeko ekarriak...

MAREXALA: Bon, estekatuko dugu beraz... (Briu-brau, Betiri estekatzen du bere kadirari, zenbait zalapartengatik) Ikusiko dugu orai ez duen edanen purga hori!... Baduzuia aratze edan-arazteko tutuna larri hetarik?

KATTALIN: Ez, ez dut... zendako?

MAREXALA: Hartarik purga edan-arazteko!...

BETIRI: (Orroaz ari da)

MAREXALA: Bon, berdin du... Edanen du hola botoila muturretik... Ekazu purga hori... Ale, idek ahoa! (Zalapartaka ari dela, hortaz edaterat emaiten dio)

KATTALIN: (Nigarrez) Gaizo, gaizo Betiri!... Nola tratatzen duten!

MAREXALA: To... Bazkal-zak!... Ase hadi hor!

KATTALIN: Errazu Jaun Marexala! Ez da gero kabala bat hori... Ene senarra da gero!

MAREXALA: Ez kexa Kattalin!... Bere onetan ari naiz!... Sendatzekotz behar du sofritu.

BETIRI: (Edan-eta, «puf» eta «puf» ari da)

MAREXALA: Ikusiko dugu, nola, bere eritasuna, debruetarat igorriko dion purga horrek!

BETIRI: (Intzirika ari)

MIRIKU-XAHARRA: (Sartuz agur eta agur)

KATTALIN: Hemen zirea, Jaun Mirikua!

MIRIKU-XAHARRA: Ba... Estefanak erran daut jiteko!... Zer du eri honek?

MAREXALA: Galde-ozu berari!

MIRIKU-XAHARRA: Bainan, bainan!... Zendako estekatu duzue?

MAREXALA: Zalapartaka, ezin atxikia baitzen!

MIRIKU-XAHARRA: Zer du? Ero bulta batek hartu? Zer duzu, Betiri?... Non duzu min?

BETIRI: Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata.

MAREXALA: Horra, Jaun Mirikua... Ez du bertze hitzik jalitzen... solas eiheran, zerbait traba bide duke!

MIRIKU-XAHARRA: Laster ikusiko dugu zer duen. (Bi beharri barnetarat so egiten dio, aho barnerat ere, eta foltsua hartzen) Beharri barneak gizen... Mihia lodi... Foltsua motel... Ez da dudarik... Hunen eritasuna argi eta garbi da.

KATTALIN: Zer du ba?

MIRIKU-XAHARRA: Honek duen guzia: Petik gorako sukarra.

KATTALIN: Nola da hori?

MIRIKU-XAHARRA: Konpreni errexa da... Gizon hau, noizpait, zangotik hoztu da. Hotza petik gora sartu zaio. Hotz harek, lepoan aurkitu du beroa eta biak borroka lotu dira... Eta, horra zergatik duen honek lepoa eri... Honen lepoa, hotz beroen gerla-toki delakotz, dabila honen solastatzeko mekanika arrunt nahasirik.

KATTALIN: Zer egin behar zaio beraz?

MIRIKU-XAHARRA: Ez da lan bat gaitza honen tratatzea... Behar zaizko aho ziloa eta sudur ziloa ontsa idekiak atxiki, petik gora heldu den hotza, zilo betarik jali dadien.

KATTALIN: Beraz, oixtian, ez gira batere ontsa ari izan.

MIRIKU-XAHARRA: Zer egin diozue?

KATTALIN: Gain-beherako hotza zuela-eta, peko borta ideki behar zitzaiola, handik hotzaren kasatzeko, gatz purga emana diogu!

MIRIKU-XAHARRA: (Gaitzeko kexuan) Nongo kriminel basak kontseilaturik, eman diozu erremedio zikin, pozoin hori?

MAREXALA: Nik kontseilaturik Jauna! Eta, ez dut urrikirik... Zeren-eta, zure erranengatik, segur bainaiz gizon honek ez duela petik gora hotza sartua, bainan gain-behera!

MIRIKU-XAHARRA: (Oihuz) Zuk behar dautazu orai ene ofizioa erakutsi!... Zu okupa zaite zure alimalez, eta gizonen tratatzea utz-azu ene gain! Zer kopeta!...

MAREXALA: Mota hontako eritasuna, berdin da gizon edo alimaletan.

MIRIKU-XAHARRA: Horra zertan tronpatzen ziren errotik, eta zendako egin duzun huts izigarria... Jakin-azu betikotz... Alimalek, muturraz lurra hunkitzen baitute, muturretik zaiote hotza sartzen... Hotz hura, heieri ba, gain behera, joaiten zaiote. Bainan gizonak, zangotik dira hozten, eta hotza petik gora zaiote sartzen... Hortako hotzaren kasatzeko barnetik, alimaleri apaleko borta behar zaiote ideki, gizoneri aldiz gaineko borta... Eta zuk, ziren bezalako tristea, petik gorako sukarra, kanporat igortzeko orde gizon hontarik, honen barnean barreiatu duzu, ideki behar zirenak hetsiz eta hetsi behar zirenak idekiz.

MAREXALA: Ez ahal da, nik egin makurra, ezin erreparatua!

MIRIKU-XAHARRA: Ezin erreparatua, ezin erreparatua!... Deus ez zen izanen hunen sendatzea, ez bazinio duen desmasia egin!... Orai aldiz, ez da hor haratik ez honatik!... Sendatzekotz, beharko zaio pozoina barnetik jali!... Jali lehen-bai-lehen... Beheiti ixuri diozuna, berritz goiti ekar-arazi!

MAREXALA: Aise da erraitea!... Beldurtzeko da purga horrek engoitik bideak harasko eginik dituela!

MIRIKU-XAHARRA: Purga hori, gizon hontan, untzi batean bezala da. Untzi hori behar liteke hustu, edo kanpotik erabiliz edo barnerat sartuz!

MAREXALA: Honen barnerat ez gira aise sartuko! Gehienik ere, behar ginuke untzia uzkaili, huts dadien!... Nahi duzuia gizona zangotarik zintzilik esteka dezadan?

BETIRI: (Sekulako orrotan lotzen da)

KATTALIN: (Nigarrez) Ene senar gaixoa, ez zazuela hil!... Ez dut gero batto baizik!... Gaixo Betiri!...

MIRIKU-XAHARRA: Ez zozula kasurik egin gizon basa honi!... Zer uste duzu?... Aratzeak bezala tratatzen direla gizonak? Bada gero, gizonen barneen husteko, zuek, alimaleentzat, ezagutzen ez duzuen molderik!...

MAREXALA: Ori!... Mementoa da, molde hetaz baliatzeko!

MIRIKU-XAHARRA: Errazu, Kattalin, zure gizon hau kilika dea?

KATTALIN: Kilika?... Ez dut aspaldian biziki kilikatu! Lehenago hola zen segurik, eta bereziki kokots eta beso azpietan!...

MIRIKU-XAHARRA: Bon, ontsa da!... Ekazu hunarat plata bat!

KATTALIN: Plata bat!... Hona bat hemen berean... Zer egin behar duzu horrekin?

MIRIKU-XAHARRA: Eman zaitezte marexala eta biak, gizon honen bi eskualdetarik. Ale, bazireztea?

KATTALIN: Horra, horra!

MIRIKU-XAHARRA: Nik, «brau» erraitean, gizon horri lotuko zirezte eta kilikatuko duzue, ahal bezen bortizki... Ale, kasu!... (Kili-kili erranez, gaitzeko kilika-aldia emaiten diote Betiriri... Han, irriz zalapartaka Miriku Xaharrak plata aho azpian atxikitzen dio) Ez zaio pitsik jalitzen!... Betiri, senditzen duzuia deus heldu azpitik gora, barne hortan, edo hein berean dagoia purga?

BETIRI: Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata!

MIRIKU-XAHARRA: Bon... Egin dezagun bigarren entsegu bat!... Ale... Lot berriz... (Berriz, gisa berean, bainan beti debaldetan, kilikatzen dute) Bon, aski!... Ikusten dut ez dugula hola deus bururatuko!... Purga beheregi jautsia duke... Beharko dugu bertze zerbait entseatu! Jakin nahi nukena da, noraino jautsia ote duen erremedioa!... Errazu, Betiri senditzen duzuia nontsu duzun purga tripan?...

BETIRI: Xirrixti-Mirrixti, gerrena plata!

MIRIKU-XAHARRA: (Kexu) Ba... Demuntren kaka!... Bon, hurbil zaitezte eriarenganat... Hiruen beharriek batenek baino hobeki entzuten baitute, ontsa kasu emanen duzue, nik honen tripa, makil muturraz joitean, noiz adituko duzuen «glu-glu», purgaren koka tokiko arrabotsa!... (Hiruek beharria luzatzen dutela, makil muturrarekin han hemenka joiten du Betiriren tripa... Hunek gaitzeko jauzia egiten du, kolpe bakotxean)

MAREXALA: Te!... Hortxet bide du bere purga!

MIRIKU-XAHARRA: Ba, ez da dudarik... Berriz kasu eman dezagun! (Joiten du) Glu-glu! Ba, ba... Hementxet du pozoina... Hemen, xilkotik beheraxago!... Noraino jautsia haatik!... Behar diogu hori hortik lehen-bai-lehen jali.

MAREXALA: Purga jali?... Nola?... Tripa zilatuz?

MIRIKU-XAHARRA: Ba, hola egin beharko diogu!... Kanibetarekin xilo tipi bat egin-eta!

BETIRI: (Orroaz)

KATTALIN: Lokartu gabe?

MIRIKU-XAHARRA: Bixtan da!... Ez dut lokararazteko erremediorik, ez eta astirik!... Ha, ene zirringa handia ekarri banu bederen! Orratza sartuz, pozoina ponpatzeko... Ez dut ordean zirringa txar bat bertzerik... Kanibetarekin beharko dut zilatu... Bon apaila gaiten!

KATTALIN: (Marruma larri batekin) Ene Betiri gaixoa!

BETIRI: (Orroaz)

MAREXALA: Errazu, Jaun Mirikua, nik hor dut aratzen zilatzeko zirringa handia! Beharbada pozoina horrekin ponpa ginezake!

MIRIKU-XAHARRA: Ba, gogotik, hor balin baduzu... Ekazu segidan!

KATTALIN: Zer egin behar diozu gizon gaixo honi. (Marrumaz)

MIRIKU-XAHARRA: Zer nahi duzu?... Nahi baduzu berriz mintza dadien, behar dugu zerbaitetarat entseatu!

KATTALIN: Ez duzuia uste ez dela mintzatuko, holako operazione izigarririk gabe?

MIRIKU-XAHARRA: (Kexu) Mintza dadiela beraz! Ez diogu plazerrez egiten, ez, holako operazionea... Bon, hor duzuia orratza?

MAREXALA: Ba, hona!

MIRIKU-XAHARRA: Frango koskorra ere duzu orratz hau!

MAREXALA: Aratzena alabainan!

MIRIKU-XAHARRA: Hanbat gaixto... Ez dezakegu bertzerik egin... Dena den, joan beharko du... Ale, gizon horri beheiti-azkotzue galtzak.

BETIRI: (Orroaz) Ai, ai, ai!... Utz eni galtzak soinean!... Ez ni buluz! Ez dut, ez dut mintzoa galdua... Hemen daukat... Fuera hortik zuen orratz zikinarekin! Libra nezazue!... Libra nezazue!...

KATTALIN: (Lorietan) A! Berriz mintzo da!... (Kordetarik libratuz) Azkenean mintzoa berriz jin zaizu!... Beharrik! Ederretik espakatzen zira!... Tripa zilatu behar zautzutela! Aise erabiltzen dutela hauk gizona!...

MAREXALA: Jin zaioa bederen ontsa elea?...

KATTALIN: (Kexu) Bixtan da jin zaiola... Ez duzuia entzun?

MAREXALA: Pena da!...

BETIRI: (Errabian) Pena zautzuia, pena, ni sendatzea?...

MAREXALA: Erran nahi dut, pena dela hontaratu-eta, operazione hori ez bururatzea!...

BETIRI: Bakea emazu zuen tetelekeria eta tresna zikinekin... Debruen basak! Beharrik dut osagarri azkarra!... Eri izan banintz, aspaldi hila behar nuen, zuen tratamendutik!...

MIRIKU-XAHARRA: Errazu, gure beharretan izan zintezke oraino!... Orroit zaite purga oraino hor duzula barnean!...

BETIRI: Bego ene purga enekin!... Eta zuek, fuera hemendik!...

ESTEFANA: (Agertzen da, tortxa piztua eskuan, mixteriozki mintzo) Sorgina puies... Sorgina puies!...

BETIRI: (Beti errabian) Hara bertze San Kitolis!... Fuera zu ere hemendik!... Sorgin-miriku, alimale eta gizon miriku, zoazte denak debruetan harat!... Sendo dena eri-arazteko bertzerik ez zirezte on!...

MAREXALA: Errazu, errazu!... Joan aintzin, hartzekoak ere baditugu hemen!...

BETIRI: Hartzekoak?... Ederrak ba hartuko dituzue, ez bazirezte hemendik laster aldaratzen... Zer?... Lan tzarrarentzat saria? Nork ikusi du holakorik?

KATTALIN: Otoi, zoazte!... Ene senarra gehiago kexarazi gabe!... Heldu den merkatuan jinen niz zuen pagamenekin eta oilasko bana ekarriko dautzuet.

MAREXALA: Bon... ontsa da... ontsa da... Bagoatzi. (Jalitzen dira)

BETIRI: Zer?... Oilasko bana?... Ez baitugu aski hola galdu enuxenta zu?

KATTALIN: (Fierki) Ez zira beti lur ziloan!

BETIRI: Ez! Beharrik gure moltsarentzat!... Ontsasko tturindurik baitzaukuten, lur ziloraino, ene tratamendua segitu izan balute.

NAUSIA: (Agertuz, eztiki) Zer tenore den badakizu, dudarik gibe, Betiri?... Oren baten buruko karrika egin duzula ere?...

BETIRI: Ba, segurki eta halere!... Irabazi onik egin baitut oren baten... San Martin saria galdu, Marexala eta mediku saria ere. Eta beheitiko on bat bildu... Ene barneko kurrunkek baitiote bertzerik.

KATTALIN: Eta gainerat, zerria hila!

BETIRI: Bai-ta ere!

KATTALIN: (Mokor) Horiek guziak zure falta dira!!

BETIRI: Ene falta?... Nola?...

KATTALIN: Ba!... Zure Xirrixti-Mirrixti teteletan, ez bazine hasi, ez ginen hontaratuko!...

BETIRI: Ha, zerua, zerua! Nik zer egin dautzut, holako lagun baten jabe bilakatzeko!

KATTALIN: Utz-azu zerua bere gisa, xoroa, eta zato enekin zerriteirat! Behar dugu zerri hila handik jali, eta lurrean sartu!

BETIRI: Ba... Zure eta ene indarrez jalitzekoa da ori, pisu hortako alimalea.

KATTALIN: Eta, eskorgak, zertako dira? Korda horiek har-zkitzu! (Jalitzera abiatzen da)

BETIRI: Eta zendako dituzu kordak? Eskorgak aski ahal dira!

KATTALIN: Ez zu estekatzeko, ez!... Zer zira beldur? Bertze zerri bat badut manatua eta ekartzen dautet segidan... Haren estekatzeko... Horra zertako behar ditudan kordak!...

BETIRI: Bertze zerri bat?... Tu!... (Jalitzen da)

NAUSIA: (Irriz) Halere jende maiteak, ez horien artean sar!...

 

OIHALA