www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuin eta ixtorio
Piarres Larzabal
1930-1964

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (V), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1996.

 

 

  hurrengoa

LARRUNGO BETIZOAK

 

        Ez du aspaldi oraino, Larrungo mendian, Espainiako eta Frantziako mugan, bizi zirela behi basa batzu edo, jendeek deitzen zituzten bezala: betizoak.

        Oro berdinak, gorrixtak, adar mehe, punta zorrotz, lurrerainoko buztanekin ziren. Behi etxetakoak baino ttipiago, hauek begien bixtan ez zezazketen ereman. Behin, batez ere, betizoek, buztarrian ziren bi idi, adarka hil zituzten. Gau eta egun, beti kanpoan, lo egiteko, zonbait mendi bizkarretarat nahiago zuten atera. Larrean umatzen ziren. Aratxeak ixtanteko pizkortuak, ikus zitazken beren amen errapetan haunditu eta ere.

        Betizo multzo baten artean izaiten ziren hiru, lau zezenetaraino. Hanbat gaixtoago arropa gorria zuenarentzat, edo aratxe hetarat sobera hurbiltzen zenarentzat. Lehenbizian gizonari behatzen zioten, azpi so, trebeska aire batekin. Gero heldu ziren, burua behera, adarrak zut, lepoko larrua zimur eta jendeari jazartzen, ez bazen handik laster urruntzen.

        Bainan, galdaturen dautazue, ez zirena hartzen edo hiltzen ahal? Ihardetsiren dautzuet hekien atzemaitea ez zela errex, ezin bilduak zirelakotz, Atzemanikan ere, batzuetan gertatzen zen bezala, ez zitazkela bertze behiak bezala hez eta erabil, eskupeko izaitea ez baitzezaketen jasan. Jauzika eta uztarka, bazter guziak xahutzen zituzten eta azkenekotz beren burua, Hiltzea errexago zen, bainan ihiztariei ez zioten hanbat gogo emaiten, non behi horiek ez ziren zaharrak.

        Egun batez Pantzua ote pikatzen ari zen, noiz eta ere ikusten baitu betizo bat hari buruz heldu. Zer egin? Ez zen luzaz gogoeta egon. Ondo hartan baitzen borda bat, sartzen da. Bainan betizoa gibeletik zuen hunkitzeko heinean. Orduan gure gizona ateratzen da ardientzat borda sahetsean egina zen zilo ttipi batetik eta berritz gibelerat etorririk, hesten du atea: betizoa preso zen. Etxerat gan, zizparekin etor, lau tiroz behi-basa hil, ez zen luze joan. Betizo hartan bertze norbaitek baino zuzen gehiago ez baitzuen, holakotan ohi zen bezala, haragiaz auzoekilako bat egin zuen.

        Orai arras betizo guti ikusten da Larrunen. Burdin-bide horrek denak ohiltzen ditu. Damurik! Ezen betizoek gure Eskual Herriko mendietan biziki eder emaiten zuten.

 

(Gure Herria, 1930, 83-84)

 

  hurrengoa