www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

  hurrengoa

Hilak surat

 

        Berriz ere mintza baginte aphur bat Parisez eta Pariseko gauzez? Egia da azken aldian ere heietaz mintzatu garela. Bainan jakin behar duzue orduan nere solasa erditan trenkatu nuela, luzeegi joan beldurrez. Lan handiak dituzue orai: bero ari ere da; eta holakoetan irakurtze luzeak lokhargarri dira.

        Bizkitartean errana da aiphatzeko denik zerbeit gogara duen gizona nekez dagola ixilik. Emazteak orobat omen dira; edozer dakitenean, nekez egonki mintzatu gabe. Gizonak eta emazteak alde ditudanaz geroz, ni ere mintza niteke, abiatu solasaren burura heltzeko.

        Beraz, erran dugun bezala, Pariseko jendearen hiruetarik bat edo ez da batheitua, edo lehen komunionea egin gabe dago; elizatik kanpo ezkontzen da, eta neholako othoitzik edo erlisioneko seinalerik gabe ehorzten ohi da. Hitz batez, xahu pagano bizi da eta pagano hiltzen.

        Egia horri eratxiki dezogun argi berri bat, nahiz jadanik erakutsi ditugun gauzen ondotik, ezin ukhatua den.

        Ez da deus giristinoen artean hala ezaguturik, nola baita beren hilez hartzen duten artha berezia. Eta eskualdunek ez deiegu, buru hortarik, nehori ere zorrik. Herioak hartzen deraukun ahaide eta adiskideen gorphutzak arthatzen ohi ditugu oraino bizi balira bezala, edo hobeki. Ehorzteko aphaintzen ditugu ahalik ederkiena: hil-herrietan heien azken egon lekhua garbi deraukagu eta ahalaz eder; ardura bagoatzi heien hobiaren gainean othoitz egitera. Badakigu ez dela han galdu ditugunen arima, bainan badakigu ere han dagon gorphutza berriz arimarekin bat egin beharra dela. Eta horra zertako ditugun hanbat artharekin begiratzen, eta zertako ez dugun nihun hain gogotik ez eta hoin ongi othoitz egiten arima maite heientzat, nola heien gorphutza daukan hobiaren aldean.

        Parisen orobat hilez artha handia dutela diote. Sinhets errexa da gauza hori. Bizkitartean beldur izaiteko da alde hortarik ere Parise beheiti eta makhur ari dela.

        Baditu urtheak, gizon batzuek galdatu zutela lege bat ekharria izan zadin, nola handik goiti Parisen eta hiri handietan, ehortziak izaiteko orde erreak izanen zirela hilak. Estakurutzat emaiten zuten bizien osasunak hala zuela galdatzen.

        Legea ez da ekharria izan, bainan haizu zaio bat bederari bere hilen edo ehorztea edo erre araztea, hautura. Lehenbizian moda berri eta higuingarri horrek bere aldeko guti ukhan du. Bainan emeki, emeki, urthetik urthera, emendatuz joan dira, guziz Parisen. Ezen alde batetik hiriko kontseilua anhitz ekharria da gauza hortarat, eta badira gizonak ahal guziak egiten dituztenak, jende beharrari diru emanez, hil-erretze horren onhets arazteko. Orai Pariseko hil-herrietan badira hil-erre arazteko labeak. Nahi duenak han, lau liberetan edo petik, erre araz ditzazke bere hilak, eta ez du ehorzteko lanik. Gehiago dena, Pariseko kontseiluaren baimenarekin, hiri hartako ospitale edo eritegietan hiltzen diren guzien gorphutzak, ehorzteko orde erre arazten dituzte, baldin nor bederak ez badu aitzinetik galdatu nola ehortzirik nahi duen izan. Orai milaka dira hola erre arazten dituzten hilak, guziz jaberik ez duten jendeen artean. Eta hori zertako? Ez jendea bere baitharik ekharria delakotz gauza hortarat; bainan zeren aiphatu ditugun gizonak ari baitira ahal oroz, bai mehatxuz, bai balakuz, bai diru emanez, hatzeman ditzazketen hil oroz jabetzera; eta azkenekotz zeren Pariseko kontseilua beren alde baitute lan galgarri hortan.

        Nundik heldu othe da, bai Pariseko kontseilua, bai jaun horiek hola ekharriak baitira hil-erretze hortarat? Galde horri ihardesteko aski da bilhatzea zer sinhestetako diren batzuk eta bertzeak. Uste izaiteko da beren sinhesteak derabiltzala; bertzenaz ez litezke gizonak ere. Oro gure erlisionearen etsaiak dira; beren aithorra da hori; eta ez behin egin aithorra, bainan egun orozkoa. Hetarik gutiz gehienek ez dute ez Jainkoan, ez ariman, ez eta geroko bizitzean sinhesterik. Nahi lituzkete bertzeak beren iduriko egin: heien indar guziak hortara doatzi. Emaiten dituzten bertze estakuru guziak ez dira zinezko xede horren estaltzeko baizik.

        Eta nola ikhusten baitute hilen orhoitzapenak, heietaz hartzen dugun arthak, phitz arazten dituztela gu baithan sinheste horiek guziak, uste dute hilen gorphutza suaz suntsituz, suntsituko dituztela ere sinheste salbagarri horiek.

        Agian ez dira burutzietan joanen, nahiz sobera jende baizik ez duten jadanik bereturik! Ezin ukhatua hau da: Parisetik heldu zauzkun gauzen eta irakaspenetan badela zer har eta zer utz: eta oraikoetan hartzeko baino gehiago bai uzteko.

 

Eskualduna, 1892-06-10

 

  hurrengoa