www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zotzean bizia
Nemesio Etxaniz
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal antzerkiak. Kontu-kontari, Etxaniz'tar Nemesi. Kuliska Sorta, 1958.

 

 

   

ZOTZEAN BIZIA

 

Ekitaldi bakarreko antzerkia

 

 

ANTZEZ-NOTIÑAK:

        ANTON: Ameriketan galdua dabillen gizakumea.

        ANDRES: Etxejauna.

        BEGOÑA: Etxekoandrea.

        SEME-ALABAK: Itzik ez dute egin bear.

        Antzez-zapia jasotzerakoan, etxe-kantoi bat azalduko da. Gaba, da, ta goi-samar argi-mutil bat piztuta dago kantoian. Beratxeago, leio bat du etxeak. Ormari itsatsita, arrizko jarleku bat degu.

 

 

Lenengo Agerkaldia

 

ANTON

 

(Farol-azpian puro bat piztu nairik dabil.
Bere artean izketan:)

 

        Orra, Anton; eldu gaituk azkenera. Etzegok geiago aldaparik... Joan ituan kezkak... Etzan, begiak itxi, belarriak gortu, aragia usteldu ta ezurrak austu... Nun da Anton?... Auskalo!... Aspaldi eztiagu aren berririk... Illa izango dek.

 

(Puroa pizten asi da.
Ke-bolara batzuek zabaldu bitza.)

 

        Ondo illa, ala ere!... Ordurako arrak beren lana egiña izango diate nerekin... Lur-zulo bat aski izango diat nere gorputz gozakaitz au sartzeko... Arnas-toki bapua, alajainkia!... neguko gau luzetan, euri otzak aidean ostatu dezanean, nere gañeko lurrak ardo izoztu ura otzikaraz edango dik... Elurra izango dik gero estalpe... ta jela gañeko azal gogortua... Bost ajola neri!... Ordurako, nun ote-dituk nere ezur-aragiok?... Lurpean aspaldi ustelduak, noski.

        Bapo, Patxi, nere txikitako lagun zarra... Zer esango ote-uke, emen ikusiko banindukek puro bati kea ateratzen?...

 

(Ondo piztu ote dan begiratzen dio.)

 

        I ere, nunbait izango aiz, bada... Kaliforniako zelaietan artzaintza gozoa ez uan izango... Ni, Arjentinako zabalune auetan, ez nauk askoz gozoago ibilli... Ordu ontan alkarrekin bagiña, nolako izketaldi-giro izango genduken!... I, agian, oraindik amesetan ariko aiz... Nik, baztarra jo diat... Laster, emen geldituko nauk ankaz gora, ao-zabal, aundi ta txikien bildurgarri... Agon lekuan agola, agur, Patxi, lagun zar nekatua... Nerekin bainduket, a zer nolako estutua emango nikekan il baño len... Bai, il baño lenago!... Ori erabakia zegok. Ire lagun zarra bazijoak, ta laister aztuko diate Anton, ire lagun zarra, ezagutu zutenak...

 

(Puroari begira:)

 

        Piztu dek nere tabako-zotza. Berdin dan kasuan, exeri nadin patxaran puroa erretzeko...

 

(Ke-aldi batzuek bota bitza.)

 

        Ederki zegok!... Apatx ementxe...

 

(Etxe-orma-ondoko jarlekuan exeri bedi.)

 

        Zertan giñan?... A, bai!... Nere buruarekin izketan... Bakarrik eta izketan?... Señale txarra orixe...

 

(Burua beatzez erakutsiaz:)

 

        Ganbaratik koloka ote nago?... Zerbait esango nuke... Munduan dabiltzan ero-taldeak nere asmo-berri balute, ala esango liakete... Bai, gizona!... Nork esan bear zidan neri egunen baten, puro au nere bizia neurtzera etorri zitekenik?... Nere bizian erre dedan ederrena... ta gaurko lan onek merezi zuan, nere biziari agur egiteko artu baitet... Bai, jaunak... Ta ez asarratu emakumeok andrerik aitatu ez dedalako... Bai, andreak ere... Erabakia artu det, eta ez nau ezerk atzeratuko... Puro au erretzen dedan bezin laister, nere biziak jai du... Nere burua bertan ilko dedala, alegia... Ta ez jarri arpegi ori... Eztago izutu bearrik... Ez naiz aurrena izango, ezta azkena ere... Orren arpegi itxusia jarri al det?... Puro bat patxaran erretzen ari dan gizonak, zer du bildurgarririk?... Lekuak izutzen al zaituzte?... Badira txarragoak... Orduak?... Illunak?...

        Egia, badira aukera obeak, baña bakoitzak bere bidea du, ta eztago aukeratzerik... Datorren bezela artu bear ordua ta lekua... Ta neri onelaxe etorri zait... Gaur gabean eta ordu onetantxe... Baña oraindik badet puxkaterako purua... Azken-une auek milixka ditzagun ondo...

 

(Puroari kea atereaz:)

 

        Tira! Pronto nazue berriro pillosopietarako... Zergatik noan nere bura iltzera?... Gogoa eman didalako?... E?... baimenik ez dedala orretarako?... Ta jaiotzeko, zeñek eman zidan, bada?... Iñork eskatu al zidan aurretik nere iritzia?... Ba al zekian iñork bizitzerik nai nuan ala ez?... Arrazoi eskasa!... Ta mallarik-malla ontara ekarri nauten ezbearrak bialtzeko, nork eskatu dit neri baimenik?... Zer, bada?... Nere burua lorpean itotzeko bakarrik al det eskubidea?

        Ori, bai; iltzen ere jakin egin bear da... Zenbait bezela, batu ta batu dirua, beti beartsu bizitzeko?... Norbere buruari ezer opa ez, eta millaka duro bestentzat utzita iltzeko?... Gezurrak irten dio!... Eztu orrelako erokeririk egingo onoko onek... Bestentzat diru-gose larriegiak!... Orrenbeste izerdi, testamentu eder bat egiteko?... Gutxiagok on egingo dio nere ondorengoari!

        Nere nekeak neretzat izango dira... Nik irabazitakoaz, eztu iñork parrerik egingo... Nik batutakoak, neronek jango ditut; ta gero, sartu nazatela zuloan... Aste ederra eraman det azkenengo au... Nituan apurrak nere gustora eralgi ditut... nere azkenengo txanponak puro au erosten urtu, ta orain patxaran beste aldera joango naiz... Ederki asmatua!

        Amaika kaiku bada munduan!... Norbere burua il bear, eta egundoko tratu txarra artzen ibilli?... Ero arraioak!... Aitzetan bera beren burua botatzeko estu-aldia pasa, gero saietx-ezurrak ausita erdi-illik miñez gelditzeko?... Edo-ta bizia galtzeko, trena noiz pasa-zai aspertuta egon?... Ta uretan galtzen diranen azken negargarria?... Edanaz il bear, eta urez mozkortuta il?... Alde ederrekoa zan nik gaur edan dedan pattarra!... Nik ere noiz-edo-noiz aberatsen bizimodua probatu bear nuan, eta aste ontan ederki eman diot nere buruari... Orain bapo nago biziari agur egiteko... Nere azkena gozoa izango det; ez bizia izan dedan bezelako latz eta gorrotagarria.

        Bizia!... bizia!... A, zer nolako ollaskoa ortzak zuritzeko!... Jaio-orduko negarrez gatoz... segi gero negarrez (gaitza dala, senide ta lagunen eriotza dala, norbaitek utzi edo salatu gaituala), ta negarrez eman azken-arnasa... Orretarako onenbeste lan gure azal au gordetzen?

        Nolako ero-etxea degun lur au!... Ikusi itzazu gizonen nekeak goizetik gaberaño... diru pixka bat iristearren, artzen dituzten jorraldiak... batak besteari egiten dizkieten txakurkeriak... auzokoak auzokoari, lagunak lagunari, anaiak anaiari... Nolako izerdi ta buru-austeak egunero!... Nolako gorrotoak erri ta etxetan!... Ta gora-naiak dakarzkian ito-bear eta arnas estuak?... Batak besteari aurrea artu nai au... Ni nagusi ta i morroe... Nolanai irabazi, nolanai agintzen jarri... Bizi! naiz ta besteak zapaldu... Bizi! naiz ta besteak il... Au al da gure bizi-maña?... Au onenbeste arretaz gorde bearreko kutxa?... Dijoala dana txakurraren salara!...

        Ez nazue geiago lokarri oni lotua eukiko... Beti etorkizunari begira... Gaur neke ta biar neketerdi... Bizpairu, dirutan igari; ta beste guziok eziñaren atzaparretan estu... Atzo goibel, eta gaur kazkabarra... goiza txakur, eta arratsaldea basakatu... Gaur etengo ditut kate oiek. Banoa kezka gabeko gabera... gose-egarririk ez dan lurretara...

        Beti arpegi berdiñak ikusten... kale berdiñak zearkatzen... Aspertu naiz oraintxe. Banoa, esan det; eta banoa, izango da.

        Erruki al nazue?... Nik geiago zaituztet zuek... Ni, neronek aukeratutako orduan ilko naiz... zuek, al dakizue nola ilko zeraten?... Bide-baztarren batean? oean? gerran?... Al dakit nik!... Ta azkenean, milla nekeren buruan, il bear izateko... gutxien nai izango dezuen orduan iltzeko...

 

(Zutitu ta puroa erakutsiaz:)

 

        Bildur al zerate?... Ikusten al dezue puro au?... Iltzera dijoa, ta eztu batere bildurrik... Ni au baño olloago izango al naiz?...

 

(Keari begira:)

 

        Ba oa erretzen.... Kea! kea!... Zer dituk besterik gizonen amesak?... Zer gizonen usteak... gizonen sinisteak... pozak... negarrak... ondasunak... galerak?...

        Nere bizia ere, ke-utsa izan det... Amesa guzia; baña ontan dago aldea: batzuek ames ederra egiten dutela; nik, geienak bezela, ames txar baten igaro det nere azken-aldi au... Noiztikakoa det, gero, nere gainbera au?... Oraintxe ogei bat urte ezkerokoa. Nere zoriak Ameriketara irauli niñuan ezkero, ez det pauso on bat eman al izan... Bat-batean Panpetako zabalera onetan ur-tanta bat itxas-erdian baño galduago nintzan.

        Giza-burruka ontan sartu ninduten... Etorkizuna illun jarri zan neretzat... Goizetik gabera, jai ta aste, nere indarrak lan gogorrean urtzen... ta bururik jaso ezin... Inguruan ezagunik ez... Nere illunpe larri au argitzeko, iñoren esku lagunik ez da luzatu... Ta gizonak neurri bat du, ta nere neurria bete da.

 

(Kea botatzen:)

 

        Ba-oa erretzen... geroago ta aituago... geroago ta motzago,... eorren eriotzara urbiltzen, ni bezelaxe... Nere urteak zer izan dira, nere bizia erretze bat baizik? Egunik-egun, ordurik-ordu, nere bizia erretzen etorri naiz; nere indarrak aitzen, osasuna zatika botatzen... Ibili naizen baztar bakoitzean, an gelditu dira nere alegiñen auts eta txingarrak.

        Ba-oa erretzen!... Joan etengabean... Egunak gaba ta goizak arratsaldea zekarrek gurpil eroan, eta gurdia gelditzerik etzegok... Gure bizitza-mataza gutxitzen goaz, eta eriotz-mulloa ariltzen une bakoitzean... Aldapan bera dijoazkigu etorkizun-zaldiak, eta ba-dator ondatuko gaituan pendiz illuna... Ibai azkarrak garamazki guziok. Noizean bein, ur-loa... baña ura beti aurrera dijoa. Uste gutxiena degunean, an dator ur-jauzi bat, eta an goaz leizean bera galtzera.

        Ba-oa erretzen!... Ta suak arama; barruko garrak jaten au, gu geronen griñak jaten gaituztenez... Aundi-naiak... gora-naiak, aginte-egarriak, alkar zapaltzera ekartzen gaituzte... Goza-naiak oñaze-itxasoan sartzen du gizona... Ardo-billa joan, eta ozpin eta beazuna edan bear... Irabazi-goseak, diru-amorro orrek, zenbat galera dakarkigun!... Irabazi erruki gabe... neurri gabe... besteen lepotik... besteak itoaz... ta erruki atzean gelditzen dana!

        Ba-oa erretzen!... Su gorrixka... ire sudur-pinporta gorria itzaltzera zijoak.... Gorri bizia dek izerdia ateratzen digun eguzkia.... Gorri illa gabetako kezkak egosten dizkiguten illargi ta izarrak... Gorria barruan irakiten daramagun odola ere... Gorriak asarre-lotsak jartzen dizkiguten arpegiak... Gorriak zenbait lore ere... Laister zimelduko aiz, nere eskuko su-lore gorrixka ori.

        Su gorri!... Gorri etortzen gera mundura. Gorri, esku-utsik, emendik aldegin bear... Poliki-poliki erazten goaz gure egunak, indarrak, almenak... eta azkenean, lur gorria gure oe solla.

        Gero... lo!... Amesik gabeko loa; gose-egarri gabeko loa; esnaera gabeko loa... lo betea!

        Gero... utsa!... Ez ikusi, ez entzun, ez somatu... Utsa!... utsa!... Ondorik gabeko zulo aundi bat... Illun sakona... Gau-zelai zabala, ta baztarrik ez iñun... Gabe-leizea!

        Gero... pakea!... Bizi-neke au, bizi larri au bukatu... Nik dedan atseden-gogoa ase... Ai, atsekabe-lur oni agur egiteko dedan gogoa!

 

(Puroari begiratu bat emanaz:)

 

        Nere tabako-zotza, ez aiz geiago gauza... Ire egitekoa bete dek,... nere bizia neurtu didak, eta orain ez aut ezertarako...

 

(Puroa lurrera jaurti beza, esanaz:)

 

        Oa lurrera ta gal adi autsetan... Aurki biok berdiñak izango gaituk... Ta orain, ator neri eriotza gozoa ekarriko didaken izkillu errukitsu ori.

 

(Sakeletik pistola bat atera beza.)

 

        Ik ekarriko didak gizonak eman ez didaten pakea.... Tresna maitagarria... giza-gogo minduei beren kezka guziak kentzen laguntzen diekan burni beltxerana... Une batean gozatuko dituk gaitz guztiak...

        Puroak egin du bere lana... Orain egin beza berea pistola onek... Eriotza barruan dakar... eriotz azkarra ta gozoa... Eskuz muñetaraño jaso... beatzez sakatu pixka bat, eta billa nazatela biziak.

        Bizi nai duten eroak! Ni il-ondorengo, lantxo bat utziko diet gizajoei... Or asiko dira bereala: Zein ote da?... Zeñek il ote du?... Badute pixkaterako lana... ez didate papelik billatuko aldean... guziak aurretik erre baititut.

        Etxe ontakoak artu bear duten ikara, nere tiroa aditzen dutenean!... Ilda gero, pozik egongo nintzeke txulo batetik begira, guztien kontura parre egiteko... E!... Norbait leioa idikitzera datorrela, dirudi... Exeri nadin berriro, ikus ez nazaten.

 

(Leioa zabaldu bedi ta
bertan emakume bat agertuko da.)

 

BEGOÑA: Au gabaren ederra! Izarrak illargi-inguruan jai dutela, dirudi.

ANTON: (Berekiko) Euskeraz ari dek. Nun eta Panpa-aldetako etxe-baztar onetan!

BEGOÑA: (Barrura bijoa leioa zabalik utziaz, eta deadar egiñaz etxekoei:) Maira guziok! Gabon-gabeko aparia gertu da-ta. Ia, Edurne; exeri emen... eta zu, or... Geldik, Iñaki... Ba al gera?... Jarri zaite or, Andres... Gizon auek!

ANTON: Aditu al diok?... Gabon-gabeko aparia egitera zijoazek... An Euskalerrian bezela... Auek lengo legetan bizi dituk... ni berriz, lengotik etenda natxebillek potzua igaro nuenetik... Leku onera etorri nauk nere bizia bukatzera... Nere odolekoak jasoko diate azkenean nere gorputz illa. Bai, onuzkero etzegok atzera egiterik... Esku onetan uzten diat ni lurperatzeko lana.

 

(Barruan, Andres-aitaren abotsa entzungo da:)

 

ANDRES: Orain, aparia asi baño len, Gabon-kanta bat bota dezagun.

ETXEKOAK: (Abesten:)

                Abenduko illaren

                ogei ta laubean,

                Jesus, gure Jabea,

                Jaio da gaubean;

                gu ipintzeagatik

                izate obean,

                biotza zuzenduta

                zerura bidean.

ANTON: (Exerita dagon lekutik jaiki ta arri-alkira igotzen da leio-parean. Ezkututik barrura begira dago kanta bukatu artean.)

ETXEKOAK: (Abesten:)

                Estalpe zartxo baten

                Belendik ondoan,

                Aurtxo jaio-berria

                ara nun dagoan;

                Jainkoa izan arren,

                beartsu dago an;

                ikasi dezagun zer

                erakusten duan.

ANTON: (Berriro arri-alkitik jetxi ta batera ta bestera ibiltzen asi bedi. Barruko egon-eziña nabaitzen zaio.)

        Jauna! Nun nago?... Nere etxean nengola, iruditzen zitzaidan... Euskalerri txiki bat da etxe au... Guraso ta seme-alabak mai-inguruan Gabon-kanta zarrak kantatzen... eta Nazimentu bat ere, badute sukalde-txokoan...

        Gaur Gabon eta biar Eguerri!... Emen berotan eta gure errian elurra baztarrak zuritzen, agian... Zenbat urte eliza batean sartu enaizala!... Nere bizi garratz onek gora begiratzeko betarik ez dit eman... ta onuzkero berandu izango da nere erabakia atzeratzeko.

        Zer egiten ote du nere ama xarrak?... An izango zan gaur ere gabeko errosarioan bere mantaliña burutik zuala... ta elizkizun-ondorenean, beste andratxo batzuekin eliz-atadian itzen bat trukatuko zuen.

        —Egualdi onekin nola etorri zera, Joxepa? —esango zion lagunen batek. Eta beste batek: —Antonen berririk ba al dezute? Ta gure ama xarrak, gezurren bat asmatuko zuen, bere semearen esker txarra estaltzearren: —Badakizu, Klara, Ameriketa-alde artan beta gutxi dute alperrik galtzeko. Lan da lan, gizajoa. Baña Jaunak osasuna ematen dio, ta badabil mutilla.

        Ta gero, bere gezurraren miña biotzean ezkutatuaz, pausoa doi-doi, etxe-aldera egingo zuen.

        Etxean, nere anaiaren aurrak pozteko, Nazimentu bat antolatuko zuten. Esnedunari odolgia ekar-arazi, Ollokiñetik zerrauts pixka bat inguratu, ta an egongo dira aurrak estalpeko Aurtxoari begira. Lentxeago, erriko aurrak etxerik-etxe ibilliko ziran Gabon-eskean... Eta Gabon zarretan Olentzero begi-gorri...

        Gure sukalde beroan, maia bedeinkatzerakoan, amak Aita gure bat geiago errezatuko zuen: —Purgatorioko Animei, gure Anton bide ta arrixkuetan gorde dezaten!

        Ta ni... iru urte auetan etxera karta bat egin gabe!... Esker txarreko seme au!

        Apal-ondoan, guziak pake gozoan oeratuko dira, ta nere ama xarrak bere otoitza oe-aurrean egiten duenean, ni emen lurrean, odol-jario bat burutik dedala, geldituko naiz, jaso nazaten artean.

        Ta nere amak noizbait nere azken onen berri jakingo balu?... Beti izaten da norbait berri txarrak emateko prest: —Aizu, Joxepa, ez nizuke naigaberik eman nai, bada... Agian, gezurra izango da, baña...

        Ta nere amak larri galdetuko dio: —Esan zazu, Mikela, esateko ori.

        Ta besteak orduan: —Ara bada... zuen Antonek bere burua il ote duan-edo, diote.

        Ta ezpata orrek eramango du lurpera nere ama gaxoa!...

        Ez, ez; ezin diteke!... Zer daukat nik eskuan?...

 

(Pistola lurrera botatzen du arrika, esanaz:)

 

        Alde, alde nigandik tresna galgarri au!

 

(Pistolak lurra jotzerakoan
tiro bizi bat bota beza.
Etxe-barrukoak garraxika leiora datoz:)

 

ANDRES: Zein da or? (Aitaren atzetik, seme-alaben arpegi izutuak ageriko dira.)

ANTON: Bidetan galdutako euskaldun bat. Ez da ezer. Lurrera bota det nere pistola, ta su egin du ustegabean.

ANDRES: Ala ere... Ta zer egiten dezu gau onetan etxera batu gabe?

ANTON: Etxerik ez det. Nere etxea, an Euskalerrian gelditu zan. Nere biziaz aspertuta nenbillen, eta gaur zer egun zanik ere gogoratu gabe, nere burua iltzeko asmotan nintzan... Baña zuen Gabon-kanta entzun dedanean, nere barruak Euskalerriko ta nere ama xarraren oroitza ekarri dit burura, ta arrika bota det eskuan gertu nuen pistola madarikatu ori.

ANDRES: Ederki egiña!... Ta nungoa zaitugu, atrebentziz.

ANTON: Ni, Zarauzkoa.

ANDRES: A, babua! Ta zure bizia galdu naiean zabiltz?

ANTON: Zu ere angoa al zera?

ANDRES: Erretzen, erretzen! Ni, Zumaikoa, aixkide.

ANTON: Orduan, «olarrua ta patatak!».

ANDRES: Maian daude. Sartu zaite gurera, pakean bukatzeko Gabon-gaba.

ANTON: Arraiepola! Ezta gaizki esana. Ta bai! Orixe egingo det. Baña aurretik neri tokatzen zaidan kanta jo bear dizuet. Noren itxura dedala, uste dezue, arlote onek?

ANDRES: Olentzerotarako aukerakoa zaude, konpañeo.

ANTON: Asmatu dezu! Orra! bada, nere eskea atean:

                Orra! orra! gure Olentzero

                Pipa ortzian duela

                exerita dago.

                Kapoiak ere baitu

                arrautzatxoakin,

                biar berendatzeko

                botilla-ardoakin.

 

(Ikusleengana biurtuaz:)

 

        Eta biar, ama xarrari karta bat bialduko diot, esanaz: Ama, bart zure semea bigarren aldiz jaio da.

 

AZKENA