www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Donostia
Augustin Anabitarte
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

  hurrengoa

I
Donostia!

 

        Azkeneko gerratea bukatu zan. Txomin donostiarra Ernani-ko aldapan gora zaldi-gañean zetorren. An, atzean, gelditu zan Ernani ta Ernani-ko kartzela, Txomin ain luzaroan egondakoa. Pakearekin askatasuna eman zioten eta Txomin eta zaldia alkarrekin ixilik zetozen. Zaldiak eup egin zuan; nekez ba-zan ere, aldapa gaitza menderatu zuan. Zaldunak eta zaldiak atseden artu.

        Gaña azpiratu zutenean goizeko amarrak-aldea izango zan. Eguzkia goi-xamar zegoan. Goizeko intza ezereztu zan; baño gerizpeak oraindik busti-antzekoak zeuden. Eguzkia itzalari ondotik zijoakion, orpoz-orpo, eta arrapatzen zion puska beltza zuria biurtu. Bideko usai gozoak lilluratuta zeukan gaztea. Aspaldian ez zuan orrelakorik aitu! «Nagoan, nagoan», zion. Kartzelako itzalean oituta eguzkia biziegia zitzaion. Txomin-ek Gipuzko-ko zati eder ura ondo ikusi nai, ginballa kendu, zapi zuriarekin kopeta legortu ta... exeri zaldi gañean. Zaldiak, bide ertzean, kosk egiten zion belarrari. Zaldiek lepoa luzatzen dutenean, lengoa alako bi dutela ba'dirudite.

        Amairu illabete egin zituan Ernani-ko kartzelan eta, etxera zetorrela, etxekoek ez jakiñagatik, ez zuan nai azkartu ibil-neurria. Bide artatik beretik ekarri zuten aita karlista zualako beste aitzakirik gabe. Txomin Hasparren-en zan gerratean. Etxeratu naiean Sokoan Santander-eraño zijoan ontzian sartu ta Donosti-ratu zan. Doi-doi aita gazteluan giltzapetuta zegoala jakiteko beste betarik ez zuan izan: aita gaztelura, semea Ernani-ra.

        A zein ikuste ederra goi artatik! Bularra ta biotza zabaldu zitzaizkion. Mendi galantak dantza ikarragarria zebilkiten: zerua jo ta makurtu, alkarrekin topo ta altxatzen ziran: batzuk zuzen, besteak okerka, urrenak atzekoz aurrera. Atzenean ikusmena tinkotu ta bat-batean gelditu ziran guztiak: erpiñena Mendizorrotz zan, lasaiena Arratzain, bakarrena Buruntza...

        Zaldiaren atze-aurrerakak loarazi lizaioketen. Orain ikusten zituan mendi-betik goraño alkarren atzetik arbolak laisterka; beste tokietan, alkarren ondoan geldik, batzarra artuta zeuden. Ikusmena geiago garbitu zitzaionean, arbol batzuk mendian gora bide erdian gelditu zitzaizkion, oker-oker eginda, ta beste batzuk, bakarka, bidea galduta bezela, atzean. Orduan ederki oartzen zituan belar ta lurgorriak, sasi ta oteak, baita ere salto batean eguzkitatik itzalera abiatzen zan beko erreka jostalaria, bide-ondotik atzera zijoazkion lili zuri, gorri, kolore askotakoak. Tarteka-tarteka, arnasa sendo artuta, Txomin-ek osasungarrizko aizez bete-bete egiten zuan bularra... Daka-daka, Txomin etxe-aldera...

        Bide zabal artan eguzkiak gero ta geiago jotzen zuan. Zaldiagana zetozen euliak arpegi-ondotik zebilzkion Txomin-eri. Oriamendi eskubide-aldean ikusita gure Erri gaxoaren istorio tristia gogoratu zitzaion. Euskalerriak kemenak oparo eman izan ditu, bearrezkoak izan eta gañezkakoak ba-litzaizkio bezela. Mendi onetan bertan euskaldun-karlistak ebain-ebain egin zituzten ingeles eta portuges soldaru zarrak. Mendian beera segika, soldaru-talderik ar zezakean juliparik gogorrena, mingarriena, artu zuten. Orduan ez ziran izan euskaldunenak metak eginda pillaka erre zituzten larru zuriak.

        Azkeneko gerratea bukatu-berria zan. Oraindik ere sutauts-usaia nabari ez ote zan. «Benta Zikin»-dik eta Mendizorrotz-tik danbagiñen kea ikusten zala esan zitekean. Soldaruen oñatzak oraindik ezeztugabeak; sasietako adarrak orduantxen banaka zuzentzen ari ez ote ziran. Txomin gogoeta illun auekin zegoala, zaldia belarrez aldatzeagatik, jabearen gogoa egiteagatik baño, ba'zebillen tarteka ta bestetan belarra jan.

        Geroxeago «Muntto» baserri-ondotik zijoazen, Ayete-n barrena. «Pintore»an azaldu zan, 1813garren urtean ainbat izkillu-su egiña, arriak agiñak kendu ba-lizaizkio bezela.

        Amabiak ez ziran urruti. Baserritar merkatariak ba'zetozen Donostia-ko merketzatik etxe-aldera. Aien oju ta berriketa biziak zerbaitxo ernaitu zuten Txomin, Donostia aldean zegoala jakiteak ere bai. Pillaka zetozen merkatari karraxizaleak, asto-gañean ala bestela aldamenean. Zortzina ta amarnako asto-taldeetan pasatzen ziran, asto-zaiak beste ainbeste. Txomin-eri arritu-itxuran begiratzen zioten. Ura ondotik pasata burua biurtzen zaldunari. Esan bear deguna da merkatariak amaiketakoa eginda etortzen zirala; beraz, pozik eta auzoko kontuak esateko gaituak. Ordea, astoek, Txomin-en zaldiaren gisara, lokatzak utzi ta bide-baxtarretik poliki asko zetozen anka-azpian artzen zutena ondaturik.

        Baño

 

                Ariin, ariin, allaatu nintzen Donostin.

 

        Ernani-tik Donosti-rañoko bidea lenbizi igo egiten da Ernani-tik gora, gero mendi-gañetik joan eta, Donostia aldean daukanean, Aldapeta-n beera jetxi.

        Txomin donostiarra Aldapeta-n beera asi zan. Zaldia zankoak aurrera ta burua atzera zijoan. "Lazkano"-baserriaren ondotik ba'zijoazen. Ta andik pixka batera Txomin-ek zutitzea egin zion gerriari ta erria aurrean ikusi: Donostia!

        Txomin-en biotza pil-pil asi zan. Gorputzari ikara eman zion eta eskua burura zeramala zaldia berez gelditu zan. Txomin egiazko donostiarra izan eta jaioterria ikustean barren guztia muñetaraño alaitu zitzaion, biotza lasaitu ta zoriona gañezka etorri. Norbait ezkutatu edo galdutakoan jakin izan degu zenbat maite genuan.

        Aboa biotz-arazoen aterabidea da. Tankera artan, buru-utsik, Txomin erriari iñon diran xamurkeriak esaten asi zitzaion: «Kantauri-ko pitxia, Hirurzun zaarra, Easo ederra, Irutxulo maitagarria, Urumea-ko erregiña, ene biotzeko kutuna, sorgin-marama, ezti-tantoa, lili txuria, izar dizdizaria, amets-iturri gozoa, urrezko pinpilinpauxa, poxpolin jostalaria...» Txomin gizajoak begiak busti-busti zeuzkan.

        Irakurleak ere ikusi beza Txomin-ek ikusi zuana. Asibidez, Donostia kanpotik ikus dezagun, gero barrenen arituko gatzaio-ta: irakurgai onen bukaeraño ori izango degu geren bizitokia.

        Donostia-n iru tontor dira: Txubillo-mendia, Santa Klara-ugartea (orduan doi-doi ugartea) ta Gaztelu-mendia; iruron artean itsasbarrena dago, urrezko ondarra ertzean. Donostia, Gaztelumendiaren atzean.

        Egun artan udazkena aldean zegoan. Txubillo-ko argi-etxe zarrak Donostia-ondoko tontor erpiñenatzat erakusten zuan bere burua. Ondarreko kaxeta zuriak diz-diz egiten zuten eguzkitan. Itsasoa beera ta gora, kaxetak, atzetik eta aurretik jostatzen ari ziran poxpoliñak ziruditen, ala mutillak oñetakoak bustitzen. Donosti-ureta, diru-meta.

        Gaztelumendiaren atzean, esan degunez, herria. Baño erri-kaskoa urruti xamar bukatzen zan. Andik Aldapeta-rako zelai zabala zegoan eta Aldapeta-ren oñean San Martin-etxadia. Beraz, erria an eta San Martin emen. Orra, zakur bat burua ta isatsa ezik lurpean sartuta bezela, burua erria litzake ta isatsa, San Martin-etxadia.

        Erriak guda gogorrak izandako itxura zeukan. Geztelumendia moallaz inguratua, gañean gaztelu zar aundia. Donostia-n ingeles, prantzes ta portuges gudariak askotxo ibilli da guda gogorretan. Ta oso gutxi zala karlistak Mendizorrotz-tik bidalitako aleak itsasbarren-gañetik aizea txistuka urratu ta tarteka lertzen ziran. Atzokoa zan kanpaiak jo ta donostiarren kaleetan baztarreratzea. Erri-inguruko moalla aundia, orduan urte gutxi zala txirtxildu zuten; erriak kopetan min-izan eta bein sendatuta lotallua bota izan balu bezela, edo-ta, bazkari on baten ondoren erriak gerria lasaitu balu bezela.

        Beraz, Donostia-k ongi elkartutako etxe ederren aurrea erakusten zuan. Donostiarrak atera zitezkean noiz-nai erritik kanpora, ez len bezela, moallako atea itxi ta San Martin-era etorri bear izaten zuten lotara. Naiz guztia Donostia izan, erria bat eta San Martin bestea. Sanmartindarrak jende alaia zan eta erritarrak baño borrokalari obeak. Ekaitz-egunetan ontzi bat baño geiago apurtzen zala bide, bildutako egurrarekin zenbait etxe egin eta bertako Zezen-Plazak bear zuan egur guztia izan zuten. San Martin-go etxeak lasaiak ziran, bea ta bizitza bakarrekikoak geienak; etxe-arteak ere zabalak. Ezin ba'gibela estua izan sanmartindarrek. Batez ere arrera onekoak ziran eta kaletarrak bezin atsegiñak. Plaza polita ere ba'zuten; makiñabat jai ta aurreskuak egiten zituzten. San Martin-go Sebastopol-en ibiltzen ziran Ixkiña, Etxekalte, Brokolo ta zenbait zurrut-zale ospetsuak...

        Txomin San Martin-go ildegiaren ondotik zijoan, San Martin-goia ezkerrera ta San Martin-bea eskubira. Bereala zelaian zan eta Erregesoro-tik barrena errian sartu zan Plaza Zarretik. Eskotilla-kaleko ukullu batean zaldia utzi ta etxera abiatu tan Plaza Berrian bazkaritarako garaian...

 

  hurrengoa