Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Iraganaz barre eginez

 

1999-03-19

 

      Dirk Bogarde Jane Birkinekin hizketan ari da Bertrand Tavernierren Daddy Nostalgie filman, eta kontatu dio egun batean galdetu ziola gaixorik eta elbarriturik zegoen lagun zahar bati ea nola pasatzen zuen bizitza, geratzen zitzaion denbora tarte eskasa. “Iraganean pentsatzen dut eta barrez lehertzen naiz”, erantzun zion agureak. Nik ere antzeko zerbait egiten dut depresioaren atzaparrak gainean ditudanean, eta azkenean ondorio berberera iristen naiz. “Patua, patu anker eta orojale hori, kabroi bat haiz, baina sinpatikoa, har ezak zerbeza bat nire kontura”, oihukatzen diot horrelakoetan. Ondoren, neronen eta adiskideen bizimoduen errepasoa egiten dut eta dena duela urte batzuk uste eta amets egiten genuenaren alderantziz atera dela egiaztatzen dut hamaikagarren aldiz. Ez dira ia inoren desioak bete, aspaldian egindako promesa guztiak bidean gelditu dira, hil arte maite behar genituenez ez gara gogoratu ere egiten, egin nahi genuenak ez du antzik ere egungo lanbidearekin eta inoiz hurbil ikusi genituen utopiak beste galaxia batzuetakoak zirela ohartu gara. Barrez lehertzeko modukoa. Mundua aldatzera zihoazen ezagunak administrazio kontseiluetan esertzen dira gaur egun; dirua baino nahi ez zutenak, berriz, hamabi ordu sartu behar dituzte kez beteriko taberna batean soldata miserable baten truke. Betidanik egonkortasuna bilatu zutenak noraezean dabiltza zeri eutsi aurkitu gabe; bitartean, bizitza abentura eder bat zela ziotenak egunerokotasunik arruntenean murgilduta daude aspalditik eta gehienez ere Joseph Conraden libururen bat irakurtzen dute urtean behin.

      Agian adineko jendeak bakarrik egin dezake barre iraganaren aurrean. Ray Loriga bezalako gazte batzuk, ordea, oroitzapenak suntsitu beharra aldarrikatzen ari dira. Enki Bilal-en komiki batean, Emakume tranpa izenekoan hain zuzen, protagonistak koloretako pilulak hartzen zituen gauzak ahazteko, baina bere azken lanean jaio zen momentutik dena gogoratzeko gai den bosniar bat aurkezten digu komikilariak.

      Ideologiak ez omen gaitu gehiago bereiztuko, batzuek diotenaren arabera behintzat; hemendik aurrera bi gizaki mota baino ez dira egonen: beharbada gainontzeko guztia galdu dutelako iraganari begiratuz umorea eta barregurea berreskuratzen dituztenak, alde batetik, eta, mingarria delakoan, memoria suntsitu nahiko luketenak, etorkizunak zerbait hobea ekarriko diela uste dutenak, bestetik. Memoriaren aldekoak eta kontrakoak. Bizitzeko erak, gogoratzeko eta ahazteko moduak, balizko zoriontasuna erdiesteko diseinatutako estrategiak.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak