Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Geltokietako bideoklipak

 

1999-01-22

 

      Memoria eta ahanztura gogoaren puntu berean egoten dira. Halako zerbait dio Bruno Ganz aktoreak Alain Tanner-en Hiri zurian filmaren bukaeran, Lisboatik urrun eramanen duen trena hartzean, eta irudiak berrikustean metropoli foraleko geltokiaz eta bertan hasitako bidaiez oroitu naiz. Geltokiak, handiak edo txikiak, munduko hiriburuetakoak nahiz zelai bukaezinen erdian abandonatutako etxola txikiak, memoria eta ahanztura elkartzen diren toki estrategikoak dira, gure gogoaren zirrikituetan ezkutatutako puntu hura bezala. Zenbat istorio hasi eta bukatu diren geltokietan, zenbat aurpegi maitatu galdu ditugun betiko tren baten atearen atzean eta zenbat aurpegi ezezagun maitatzen hasi garen konpartimentu txikietan. Askotan, hirietako kaleak, eraikinak, jendea, tabernak eta inguruak ezabatzen dira gure oroimenean, baina geltokiak ez dira aise desagertzen memoriatik. Trenean aurkitutako emakume eder batek hiri batean ibilitakoa, egindako guztia ahantzerazi ahal digu, eta azkenean bere begiak eta leihatilatik ikusitako errotuloak baino ez ditugu gogoratuko. Adiskide batek kontatu zidan trenez egindako bost eguneko bidaia bat izan zela bere bizitzako momenturik zoriontsuena. Liburu batzuk eta walkman bat besterik ez zeraman, ekipajerik gabe joan zen orduan aurkitzen zen labirintoaren irteerarik ikusten ez zuen egun batean. Bapatean erabaki zuen trenera igotzea, nora zihoan jakin gabe, denok inoiz egin nahi izan duguna eta ausartu ez garena egia bihurtuz. Bost egunez paisajeak eta geltokiak baino ez zituen ikusi, walkmanen kaskoak belarrietan jarrita, bideoklip pertsonal bitxia osatu zuen, sekula ahaztuko ez zaiona. Bere buruarekin berradiskidetu egin zela esan zidan, urtetan falta izan zitzaion pakea aurkitu zuen Trieste, Liubliana, Sarajevo, Belgrado, Budapest eta beste geltoki askotako nasetan alde batetik bestera presaka zihoazen bidaiariei eta saltzaileei begira (leku batzuetan ezin zuten susmatu handik hilabete batzuetara gizon armatuek ametsak eta proiektuak deuseztatuko zituztela). “Ez dut ulertzen zergatik egiten duten batzuek beren buruaz beste, walkman batekin eta liburu batzuekin tren batera igotzea horren erraza izanda”, bota zidan bere bidaia magikotik bueltatu zenean. Aspaldian gertatu zen hori guztia, ideologiak eta hormak lurrera erortzen ziren garaian. Egun hauetan e-mail ugari bidali dizkiot, baina ez dit erantzun. Beharbada geltokiz geltoki dabil berriro ere bere gogoan beste bideoklip bat egiten (bluesa izanen da nagusi, seguro aski) edo, kasurik txarrenean, jendeak tren batera igo beharrean bere buruaz beste egiteko dituen arrazoiak aurkitu ditu eta hildako baten ordenagailura bidaltzen ari naiz nire mezu elektronikoak, inork inoiz irakurriko ez dituenak.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak